Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Modificación de normativa sobre actuaciones protegidas en vivienda.
Etxebizitza
Sustapen sailburua
Sailburu jauna:
Joan den 2015eko urtarrilaren 9an, [...] andereak aurkeztutako idazki bat jaso nuen, etxebizitzak birgaitzeko laguntzak eskuratu ahal izateko baldintzei buruz.
[...] andereak honakoa adierazi zuen:
“- Eskatzaileei ematen dieten argibide orrian ageri den banako diru-laguntzaren ehunekoen taulan, letra txikian, 1. oharrean, aurkitu genuen 18 urtez gorako seme-alabak ez direla konputatzen familia-unitatean. Horrek egoera bidegabeak ekar ditzake, esaterako, baldintza ekonomiko edo mota bateko berdinetan, 18 urtez azpiko familia bat hiru kideko familia gisa konputatuko da; adib., 18, 20 eta 22 urte izanda seguruenik ikasten edo langabezian dauden 3 seme-alaba dituen 5 kideko beste familia bat, aldiz, 2 kide gisa baino ez da konputatuko, adin horretan familian gastu handiena egiten dutenean, are gehiago egungo krisian.
- Eta 2. oharrean (etxebizitza mugimen-desgaitasunagatik egokitzea) eskatzen dute ANAren kalifikazio ofiziala eduki behar dutela, baina agentzia horrek ez du kalifikatzen, gutxienez, osasun-auzitegia igarota 6 hilabete igaro arte. Ez da kontuan hartzen ospitaletik gurpil-aulkian irteten denean etxebizitza egokituta eduki behar dela, batez ere komuna, zeinak gehienetan aterik estuena baitauka, eta hala aulkian sartu ahal izateko. Obra egiazko premiagatik hasten edo egiten bada ere, ez duzu aukerarik diru-laguntza eskatzeko desgaitasuneko kalifikazio ofiziala daukazunean, obra hasita dagoelako. Nire ustez, kasu bereziak hartu behar lirateke aintzat, hala nola osasun-txostenak mugikortasun urria betikoa dela eta etxebizitzaren barruan beti beste pertsona baten mende egon gabe gutxieneko autonomia izateko edo beste toki batera bizitzera joan behar ez izateko (eta hori aukera hori dagoen kasuan) etxebizitza egokitu behar dela dioenean.
Nik ezin izan ditut laguntza horiek jaso araudi horren erruz; espero dut, ordea, berraztertu eta hobetu egingo dutela etorkizunean beste pertsona batzuek dagozkien diru-laguntzak jaso ahal izateko aukera izan dezaten, halako egoeretan daudenean”.
Jarraian, Sustapen Sailera jo nuen, sortutako arazoari buruzko argibideak eskatuz.
Jasotako txostenean honakoa adierazi da:
“Sustapen Sailak honakoa jakinarazten dizu, arazo bakoitzari zehazki erantzunez:
Etxebizitzaren arloan jarduketa babesgarrietan familia-unitatearen kontzeptua Nafarroako Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 4.6 artikuluan dago jasota. Haren arabera, familia-unitatearen kontzeptua horri buruz Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren arauketan ezarritakoa izango da, aplikatu beharreko araudian aurreikusitako salbuespenekin.
Lege xedapen hori garatuz, etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautu dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 7.1 artikuluak xedatu duenez, Doru Dekretu horretan aurreikusitako ondorioetarako, familia-unitatearen kontzeptua horri buruz Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren arauketan ezarritakoa izango da, aplikatu beharreko araudian aurreikusitako salbuespenekin. Legez banandutako pertsonen kasuan edo ezkon-loturarik ez bikote egonkorrik ez dagoenean, eskatzailearekin ondorengoak, zeinen gainean guraso-ahala baitauka, partekatua bada ere, bizi direla usteko da.
Ondorio horietarako, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Legearen Testu Bategina onartu duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 71. artikuluak familia-unitatearen kontzeptu hau ezarri du:
Legez banandu gabeko ezkontideek eta, egonez gero, seme-alaba adingabeek, gurasoen baimenez, haiengandik independizatuta bizi direnak izan ezik, eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden judizialki desgaitutako adin nagusiko seme-alabek osatutakoa.
Bikote egonkor batek, berariazko legediaren arabera, eta, egonez gero, seme-alaba adingabeek, gurasoen baimenez, haiengandik independizatuta bizi direnak izan ezik, eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden judizialki desgaitutako adin nagusiko seme-alabek osatutakoa.
Legezko banantzearen kasuetan, edo ezkon-loturarik ez bikote egonkorrik ez dagoen kasuetan, aitak edo amak eta batekin edo bestearekin bizi eta arestiko idatz-zatiek aipatu baldintzak betetzen dituzten seme-alaba guztiek osatutakoa.
Inor ezingo da aldi berean bi familia-unitateko kide izan. (…)”
Ondorioz, legegileak familia-unitatearen kontzeptuari buruz irizpide batasunari eustea erabaki du; izan ere, mugaren bat ezarri behar zen ondorengoen adinean unitate horretako kidetzat hartuak izan ahal izateko. Horregatik, seme-alaba adingabeak eta euren gurasoen mendekotasuneko arrazoi argiengatik guraso-ahalari lotuta eta judizialki desgaituta dauden adin nagusikoak baino ez konputatzea hautatu zen.
Maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 4.6 artikulua idaztean, sail honek bazekien familia-unitatearen kontzeptu zabala zeukaten berariazko beste araudi batzuk bazirela (adibidez, familia ugariei buruzkoa, zeinak 25 urte arteko ondorengoak jaso baititu). Etxebizitzarako erabiltzen den familia-unitatearen kontzeptua batzea erabaki zen, ordea, zenbait zio direla-eta:
Lehenengoa, eta garrantzitsuena, da printzipioz, 18 urtez gorako edozein pertsonak daukala behar beste gaitasuna etxebizitza bat erosi edo birgaitzeko eta, beraz, etxebizitza babestu baten esleipenduna izateko edo birgaitze babestuko espediente bat bultzatzeko. Hala, 18 urtez gorako pertsonak euren gurasoen familia-unitatean sartuko balira, ezingo lukete etxebizitza baten birgaitzea bultzatu, baldintzetako bat eskatzailea edo haren familia-unitateko edozein kide beste etxebizitza baten titularra ez izatea da (61/2013 Foru Dekretuaren 55.1 art.); baldintza hori ez zen beteko egindako proposameneko bezalako kasuetan. Ez da onargarria adin nagusiko ondorengo hori kasu batzuetan bere gurasoen familia-unitateko kide gisa konputatzea eta beste batzuetan familia-unitate independente gisa; hori, gainera, berariaz galarazi du arestian kopiatu den 71.2 artikuluak, berariaz dioenean inor ezingo dela aldi berean bi familia-unitatetan egon.
Irizpide hori hautatzeko beste zio bat praktikoa da; izan ere, etxebizitza arloko eskumena duen sailak datuak trukatzen ditu Nafarroako Zerga Ogasunarekin eta, beraz, erraza da ezagutzea etxebizitza arloan babes daitekeen edozein motatako jarduketaren eskatzaileen familia-unitate bakoitzeko kideak ezagutzea; horrek, gainera, gure prozeduren funtzionamendu azkarra dakar.
Bestalde, adin nagusikoak euren gurasoen familia-unitatean ez sartzea hautatu zen segurtasun juridikoko zioengatik; izan ere, etxebizitza arloan asko dira jarduketa babesgarriak (etxebizitza erosteko, alokatzeko, birgaitzeko, eraberritzeko... diru-laguntza eskuratzea) eta familia-unitatea kontuan hartzen den egoerak direla-eta, gomendagarria da haientzat guztientzat irizpide bera erabiltzea.
Bestalde, ez dira nahastu behar familiaren kontzeptu zibila eta etxebizitza arloan aplikatzen den zergakoa; ildo horretatik, garrantzitsua da Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiaren 2002ko uztailaren 3ko epaia. Han adierazi zenez, zerga-legegileak zerga ondorioetarako darabilen familia, familia-unitatearen kontzeptua, ez dator bat eta ez du zertan bat etorri zehazki familiaren kontzeptu juridiko-zibilarekin, halakorik egon eta baketsua izanez gero, hori beste kontu bat baita. Eta hori, ordenamendu juridikoaren adar bakoitzak babestu nahi dituen interesak desberdinak direlako. Zerga Zuzendariari herritarrek nork bere ahalmen ekonomikoaren arabera gastu publikoei eusten laguntzea interesatzen zaio, ez bizikidetza eta senideen arteko zaintza antolatzea.
Eta horri dagokionez, Balear Uharteetako Auzitegi Nagusiaren abenduaren 4ko 1155/2001 epaian adierazi duenez, araubide juridiko zibilaren eta zerga araubidearen arteko desadostasuna bidezkoa da Konstituzioaren arabera -besteak beste, Auzitegi Konstituzionalaren 146. ( RTC 1994, 146) eta 214/1994 ( RTC 1994, 214) epaiak eta Auzitegi Gorenaren 1994ko otsailaren 8ko ( RJ 1994, 3065) eta 28ko ( RJ 1994, 3066) eta 1998ko urriaren 14ko ( RJ 1998, 8387) eta 17ko ( RJ 1998, 7923) epaiak– .
Bigarrenik, mugimen-desgaitasun larria dagoela frogatzeko moduari dagokionez, maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 21.1 artikulua honela definitu du: mugimen-desgaitasun larritzat jotzen da beheko gorputz-adarrei erasaten diena, handik datorren maila %40 edo handiagoa bada.
Ildo horretatik, analogiaren edo irizpide batasunaren bidezko birgaitzeko jarduketei aplikatzen zaion martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuaren 21. artikuluak xedatu duenez, Nafarroako Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 21. artikuluko 1. idatz-zatian aurreikusitako mugimen-desgaitasun larria Mendekotasunerako Nafar Agentziak egindako ziurtagiriaren bidez frogatuko da.
Nafarroako Gobernuan desgaitasunaren arloan eskumena duen unitatearen ziurtagiria eskatzea ez da apeta hutsa. Logikoa da Nafarroako Gobernuko unitateek eskatzea horretarako eskumena duenak desgaitasun maila frogatzea. Proposamenaren egilearen arabera, arazoa ziurtagiri hori lortzeko gertatzen den atzerapena bada, irtenbidea ezin da izan Mendekotasunerako Nafar Agentziaren ziurtagiria ez eskatzea, ziurtagiri hori modu bizkorrean egiteko behar diren neurriak ezartzea baizik. Neurri horiek hartzea, ordea, arloan eskumena duen sailak erabaki beharko du.
Azkeni, kontuan hartu behar da [...] andereak egindako proposamenetarako maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea eta hura garatu duen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretua aldatu behar liratekeela. Horri dagokionez, Nafarroako Gobernuaren eta haren Presidentearen abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 58. artikuluak, arautzeko ahalmenaren printzipio gisa ezarri du arrazoituta eta administrazio onaren printzipioaren arabera egin dadila, eta memorian edo memorietan justifikatu behar da arauketaren egokitasuna eta proposatutako neurriak bilatzen diren xedeei egokitzen zaizkiela (59.3 art.).
Bestalde, Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legearen 4. artikuluak, administrazio publikoen ekimen arautzaileei aplikatu beharreko arauketa onaren printzipio gisa, honakoak jaso ditu: premia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, eskuragarritasuna, sinpletasuna eta efikazia.
Premiaren printzipioaren arabera, ekimen arautzailea interes orokorreko arrazoi bategatik egon behar da justifikatuta. Halaber, segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzeko, ekimen arautzaileko ahalmenak gainerako ordenamenduarekin koherentziaz erabili behar dira esparru arautzaile egonkor eta aurresangarria sortzeko, ziurtasuneko ingurunea sortuz herritarren eta enpresen jarduketa eta euren erabaki ekonomikoak hartzea errazteko. Sinpletasunaren printzipioaren arabera, ekimen arautzaile orok arau esparru erraz, argi eta gutxi sakabanatua lortzea bilatu behar du, hura ezagutzea eta ulertzea errazten duena.
[...] andereak egindako proposamenean, gure iritziz, ez dira bete zerrendatutako printzipioak. Ildo horretatik, ez da ikusten interes orokorreko arrazoi batean justifikatutako premiarik: hemen aipatutako arauketak ez du eragin kexarik kexaren egilearenetik harago eta, beraz, ez dago familia-unitatearen kontzeptua edo mugimen-desgaitasun larria frogatzeko modua legeetan edo araudietan aldatzea justifikatzen duen interes orokorrik”.
Islatuta geratu denez, [...] andereak zalantzan jarri ditu etxebizitzak birgaitzeko laguntzak eskuratzeko baldintzak, bi alderditan: a) aintzat hartutako familia-unitateari buruzkoan, euren gurasoen bizilekuan bizi diren adin nagusiko gazteak kanpoan uzteagatik; eta b) mugimen-desgaitasun larria frogatzeko moduari buruzkoan (Autonomia Pertsonalerako Nafar Agentziaren ziurtagiria eskatzen da).
Sustapen Sailaren txostenak erabilitako irizpideak azaldu ditu, aplikatu beharreko araudian ezarrita daudenak, eta haien zioak adierazi ditu.
Lehenengo puntuari dagokionez, etxebizitzak birgaitzeko laguntzen arloan indarrean dagoen legediak ondorio horietarako kontuan hartu behar den familia-unitatearen kontzeptua zerga legedian jasotakoarekin bat etorrarazi du, zehazki, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Legeak araututakoarekin.
Beste araudi batzuetako aukerak baztergarriak ez badira ere, hartutakoa aukera legegile bidezkoa eta logikoa da ikuspuntu sistematikotik, zerga legedia eta diru-laguntzena lotuta baitaude, finantza arloan eman baitira.
Horregatik, erakunde honen aburuz ez da egokia horri buruzko gomendiorik edo iradokizunik egitea.
Proposatutako bigarren puntuari dagokionez, erakunde honen aburuz gomendagarria litzateke mugikortasun urria duen pertsonaren egoera frogatzeko beste neurriren bat ezartzea, nahi den ildotik, izatez, egoera subjektibo hori gertatu arren, organo eskudunak (egun, Autonomia Pertsonalerako Nafar Agentzia) oraindik ofizialki onartu ez duen kasuetarako.
Frogatzeko beste moduarekin bilatzen den xedea onarpen ofiziala izapidetzeko denbora tarteak birgaitzeko laguntzak eskuratu ahal izatea baldintzatzea saihestea da, kasuan gertatu zela azaldu denez, arazo horrengatik diru-laguntzak eskuratzeko aukera galduz (ondorioztatzen denez, arazo hori, bereziki, bat-batean gertatutako mugikortasun urriko egoeren kasuetan ager daiteke).
Horrek kasu gutxiri eragiten edo eragin ahal badie ere, administrazio publiko guztiek desgaitasuna duten pertsonei eskubideak erabiltzea errazteko duten betebeharrak aholkatu egiten du mugikortasun urriko egoera frogatzeko beste moduren bat ezar dadila, aztertzen ari garen laguntzak eskuratu ahal izateko.
Hala, esaterako, eta beste aukera batzuk egon badaitezke ere, interesdunari, mugikortasun urria izan arren oraindik ofizialki onartu ez zaion kasu horietarako, arrazoizkoa izan liteke, diru-laguntzak onartu eta izapidetzeko, oraindik eman ez den ziurtagiri ofizialaren ordez, Autonomia pertsonalerako Nafar Agentziari izaera onartzeko egindako eskabidearen kopia bat eskatzea, eskaera hori bermatzen duten osasun txostenekin batera edo, beharrezkotzat jotzen bada, baldintza betetzearen erantzukizun adierazpen bat, izapidetutako prozeduraren emaitzaren arabera ondoren egiaztatu behar bada ere.
Azken batean, diru-laguntza prozedurarako baldintzapeko onarpena litzateke, ondoren mugikortasun urriaren onarpenaren agiri ofiziala aurkezteko eskatuz.
Hala, erakunde honen aburuz, ziurtagiria eskatuz bilatu den helburua lor daiteke (laguntza ofizialki mugikortasun urria duen pertsonari ematea, eta arrazoizkoa da hori), eta, administrazio prozedura batzuen eta besteen dinamikagatik beragatik, arauak babestu nahi dituen pertsonek eskubidea galtzeko arriskua saihets liteke.
Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak eman dizkidan ahalmenak betez, honakoa jo dut egokitzat:
Sustapen Sailari gomendatzea, etxebizitzak birgaitzeko diru-laguntzak emateko prozeduretan onartzeko ondorioetarako, mugikortasun urriko pertsona izatea frogatzeko moduari dagokionez, Autonomia pertsonalerako Nafar Agentziak emandako aitorpen agiri ofizialaz beste neurriren bat ezar dezala, babestutako egoera posible izanik, aitortzeko egintza formala oraindik eman ez den kasuetarako.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluaren arabera, Sustapen Sailak, derrigorrezkoa denez, gehienez bi hileko epean jakinarazi beharko du iradokizun hau onartzen duen eta, hala balitz, hura betetzeko hartu dituen neurriak.
Erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitut,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia