Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (15/33); horren bidez, Hezkuntza Departamentuari gomendatzen zaio, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aitortutako funtzionarioak Hezkuntza Orientazioko lanpostuetan sartzeko orduan, titulazioaz gain, dagokion hautaketa froga gainditzeko eska dadila.

2015 martxoa 05

Función Pública

Gaia: Falta de exigencia de proceso selectivo en determinadas especialidades docentes.

Funtzio publikoa

Hezkuntzako kontseilaria

Kontseilari jauna:

 

  1. 2015eko urtarrilaren 19an […] andreak, […] andreak eta […] andreak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Bertan, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran A talde edo mailako irakaskuntza lanpostuak betetzeko hautagaien zerrenda eratzeko deialdia onartzen zuen Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 27ko 2947/2014 ebazpenaren aurka jarritako kexa azaldu zidaten, hezkuntza orientazio espezialitatean ez baitzen hautaketa probarik eskatu.
  2. Ondoren, Hezkuntza Departamentura jo nuen, aipatutako gaiari buruzko informazioa eskatzeko.

    Aipatu txostenean honakoa adierazi zen:

    […] andrea, […] andrea eta […] andrea Bigarren Hezkuntzako Irakasle Taldeko administrazio langile kontratatuak dira, Hezkuntza Orientazioko espezialitatean, plazarik gabe onartutakoen zerrendako kideak, Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Arte Plastikoen eta Diseinuaren arloko irakasleen taldeetara sartzeko eta lanbide heziketako irakasle teknikoen, hizkuntza eskola ofizialetako irakasleen, musika eta arte eszenikoen irakasleen eta aste plastiko eta diseinuaren tailerreko irakasleen taldeetara sartzeko hautaketa prozesuak onartzen dituen Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 14ko 2470/2009 Ebazpenean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa eremuko plazetan.

    2015eko urtarrilaren 19an, […] andreak, […] andreak eta […] andreak kexa bat aurkeztu zuten Arartekoan (Q15/33 espedientea), hautagaien zerrendetako kideek prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran lanpostu horretara sartzeko orduan A taldeko edo mailako ikasleen lanpostuak betetzean duten lehentasuna diskriminatzailea dela uste baitute. Gainera, idazkian honakoa eskatu dute:

    • Froga bat gainditu eta maila bat egiaztatu izanagatik, lehentasun eskubidea aitor dakiela.

       

    • Promozio txandan sartu ahal izateko, ezagutzak eta maila egiaztatzen dituen froga bat gainditzeko eska dadila.

       

    • Eskainitako plaza kopurua Hezkuntza Orientazioko Espezialitatea hautatzen duten zerbitzu berezietako kide kopuruaren araberakoa izan dadila.

       

    • Oposiziorik deitzen ez den ikasturtean prestakuntzarako zerbitzu berezien zerrendak eratzeko deialdirik egin ez dadila.

       

    • Zerbitzu bereziko araubidean jarduteko urte kopurua murriztu dadila.

       

    • Funtzionario gisa zerbitzuan emandako gutxieneko urte kopurua areagotu dadila, zerbitzu bereziko egoeretan A mailako lanpostuak betetzea aukeratzeko baldintza gisa.

      Bestalde, […] andreak, […] andreak eta […] andreak adierazi dutenez, 2014ko maiatzean idazki bat aurkeztu zuten Hezkuntza Departamentuan, goian adierazitako guztiak azalduta, eta orain arte ez dute inolako erantzunik jaso.

      2014ko maiatzeko idazkiari dagokionez, barkamena eskatu behar diet interesdunei, dirudienez ez baitzitzaien inolako erantzunik eman. Hala ere, orduan eta orain planteatu diren gaien izaera kontuan hartuta, txosten honek idazkiari erantzuten diola uste dugu.

      Interesdunek Arartekoan jarritako kexa idazkiari dagokionez, honako azalpen hauek eman behar ditugu:

    1. Lehena: Hautagaiak deitzeko lehentasunari dagokionez, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuko 24.2 artikulua hein batean garatuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere organismo autonomoen zerbitzuko langileen lanbide prestakuntza eta hobekuntza errazten dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua argia da 2.1 artikuluan, aldi baterako kontratazioaren aurreko baldintza gisa dioenean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek eta haren organismo autonomoek langile finkoei eskainiko dizkietela estali beharreko lanpostuak, betiere horiek gutxienez hiru urte egin badituzte benetan beren lanpostua betetzen.

      Era berean, artikulu horretako 4. atalean arautzen da prestakuntzako hautagaien zerrendaren lehentasuna, aldi baterako kontratazioko zerrendaren gainetik.

    2. Bigarrena. Irakaskuntzaren eremuan zerbitzu berezietara sartzeko modua apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuko 6.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren organismo autonomoen zerbitzuko langileen lanbide prestakuntza eta hobekuntza errazten dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua garatzen duen Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren apirilaren 25eko 161/2001 Foru Aginduan araututa dago, A taldeko edo mailako irakaskuntza lanpostuetan. Foru Agindu horretako 4.1 artikuluaren arabera, beren titulazioarekin bat datozen espezialitateko lanpostuetara sartuko badira, prestakuntzako lanpostu horietan aurretiazko hautaketarik gabe sartuko dira.

      Egoera hori gertatzen da, besteak beste, hezkuntza orientazioko espezialitatean. Hala ikus dezakegu Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 27ko 2497/2014 ebazpenean, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran A talde edo mailako irakaskuntza lanpostuak betetzeko hautagaien zerrenda eratzeko deialdia onartzen duen horretan. Deialdi horren arabera, hain zuzen ere, hezkuntza orientazioko espezialitatean sartu nahi duten hautagaiek ez dute ezagutza frogarik egin beharko, baldin eta Psikologia, Pedagogia edo Psikopedagogiako titulazioa badute. Halakorik ezean, ezagutza froga gainditu beharko dute.

      Horren harira, interesdunei jakinaraz dakieke prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran lanpostuak betetzeko hautagai guztiek eduki beharko dutela eskatutako titulua, edo, bestela, kasuan kasuko ezagutza froga gainditu beharko dutela.

      Bestalde, zerbitzu berezien egoeran dauden langile guztiei beren prestakuntza ebaluatu, jarraitu eta ikuskatuko zaie. Halaxe dio 161/2001 Foru Aginduko 9. artikuluak. Agindu horren arabera, gainera, zerbitzu berezietan dauden langileen ebaluazioa negatiboa bada, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak amaitutzat eman ahalko du prestakuntza aldia, gehieneko epea bete baino lehen. Kasu horretan, langilea dagokion zerrendatik baztertuko da.

    3. Hirugarrena. Eskainitako plaza kopurua zerbitzu berezien egoera beteko duten hautagai kopuruaren arabera mugatzeko eskariari dagokionez, Hezkuntza Orientazioko espezialitatean, azpimarratu beharra dago araudian ez dela muga hori egiteko aukera jasotzen.

      Irakaskuntza lanpostuen prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran lan egiteko hautagaiei eskaintzen zaien plaza kopurua azkenean ikasturte bakoitzean behin-behineko, praktiketako eta unibertsitatez bestelako irakaskuntzako langile funtzionarioen zerbitzuetakoak esleitzeko onartzen diren jarraibideak aplikatuta zehaztuko da.

      Hala, adibide bat jartzearren, 2014-2015 ikasturteko behin-behineko, praktiketako edo zerbitzuetako jomugak esleitzeko jarraibideetako (Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 27ko 497/2014 Ebazpenean onartuak) lehenengo arauan, jomugen aukera ordena hau jasotzen da:

      1. Langile funtzionarioen osasun arrazoien ondoriozko zerbitzu emateak.

         

      2. Ikaskuntza kargaren faltagatik beren zentrotik lekualdatutako irakaskuntzako langileak.

         

      3. Eskolak euskaraz emateko konpromisoa betetzeko beren zentrotik lekualdatutako irakaskuntzako langileak.

         

      4. Behin-behineko jomugadun langile funtzionarioak.

         

      5. Irakaskuntzako langileen zerbitzu emateak, beren seme-alaben zaintzagatik edo aparteko egoerengatik.

         

      6. Praktiketako langile funtzionarioak.

         

      7. Irakaskuntzako lanpostuen prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran lan egiteko hautagaiak."

        Ikus daitekeenez, ordena horren barruan, irakaskuntzako lanpostuen prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran lan egiteko hautagaiak dira agertzen diren azkenak.

        Ondorioz, hautagai horiei egingo zaien eskaintza, ezarritako ordenaren arabera hautaketa egin behar duten unean hutsik dauden plazena izango da. Hortik abiatuta, hutsik geratzen diren plazak izango dira behin-behineko kontrataziorako hautagaiei eskainiko zaizkienak.

    4. Laugarrena. Oposizioak deitzen ez diren ikasturteetan prestakuntzarako zerbitzu berezien zerrendak eratzeko deialdiak ez egiteari dagokionez, aipatzekoa da administrazioaren hautazko eskumena dela ikasturtez ikasturte egingo diren deialdien kudeaketa hautatzea.

       

    5. Bosgarrena. Irakaskuntzako langileen zerbitzu berezien araubidean bi urte egoteari dagokionez, aipatzekoa da Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren 24.2 artikulua hein batean garatzeko Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren organismo autonomoen zerbitzuko langileen lanbide prestakuntza eta hobekuntza errazten dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua aldatzen duen azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuko lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa. Lehen xedapen horrek Hezkuntza Departamentuko irakaskuntzako langileei aplikatu beharreko araubidea arautzen du eta, ildo horretatik, honakoa ezartzen du:
      1. Hezkuntza Departamentuko irakaskuntzako langileen prestakuntzarako zerbitzu berezien egoerak hasieran gehienez ere urtebeteko iraupena izango du eta urtebeteko aldietan luzatu ahalko da, gehienez ere sei urtez, aldi bakar batean edo aldi partzialetan ulertuta.

         

      2. Aurreko atalean adierazi den gehieneko epea amaitutakoan, Hezkuntza Departamentuko irakaskuntzako langileak automatikoki sartuko dira, jarraitutasun irtenbiderik gabe, zerbitzu aktibora, betetzen ari ziren lanpostuan, zerbitzu bereziko plaza aitortuta. Arrazoi horren ondorioz ezingo da izaera hori berriz ere aitortu, bere lanpostuan benetan emandako zerbitzuetan urtebete eman den arte.
      3. Aldi hori amaitutakoan, langilea berriz ere aitortu ahalko da zerbitzu berezien egoeran hasieran gehienez ere urtebetez, beste urtebeteko aldietan luzatu ahalko delarik, gehienez ere lau urtez, aldi bakar edo aldi partzial gisa ulertuta.

        Prestakuntza eta hobekuntza profesionaleko bigarren aldi bat eragiten duen Hezkuntza Departamentuko irakaskuntza langilea hautagaien zerrendan sartzen bada, edonola ere, xedapen honetako 1. atalean adierazitako sei urteko gehieneko epea osatu ez duten hautagaiek lehentasuna dutela errespetatu beharko da.

        Atal honetan aipatutako lau urteko epea amaitutakoan, enplegatua berriz ere zerbitzu berezien egoeran aitortu ahalko da, Foru Dekretu honen babespean.

      4. Hala badagokio, aurreko atalean aipatzen diren aldi partzialetako bakoitza amaitu bada, enplegatua berriz ere sartuko da, automatikoki, zerbitzu aktibora, bere jatorrizko plazan.”

         

    6. Seigarrena. Funtzionario gisa egin beharreko gutxieneko urte kopurua zerbitzu berezien egoeran A mailako lanpostuak betetzeko hautagai izateko baldintza izateari dagokionez, indarreko araudia oso argia da eta, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuko 2.1 artikuluaren arabera, behin-behineko kontratazioari ekin baino lehen, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eta haren organismo autonomoek beren langile finkoei eskainiko dizkiete estali nahi dituzten lanpostuak, betiere horiek gutxienez hiru urte eman badituzte benetan beren lanpostua betetzen.

      Hori guztia dela eta, Hezkuntza Departamentuaren jarduerak une oro eta hertsiki bete eta aplikatu du indarreko araudian ezarritakoa, A talde edo mailako irakaskuntzako lanpostuak betetzeko hautagaien zerrendak eratu eta kudeatzeari dagokienez, prestakuntzako zerbitzu berezien egoeran.

      Nolanahi ere, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, horretarako gaitasuna duen organo gisa, behin eta berriz planteatu die Negoziazio Mahai Orokorrean dauden sindikatu erakundeei Administrazioak egun indarrean dagoen araudia aldatuko duen erabaki bat hartzeko asmoa duela, langile talde desberdinen artean dauden araubide desberdintasunak eguneratu eta bateratzeko, prestakuntzarako zerbitzu berezien ondoreetarako”.

  3. Ikusi ahal izan denez, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran A talde edo mailako irakaskuntza lanpostuak betetzeko hautagaien zerrenda eratzeko deialdia onartzen zuen Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 27ko 2947/2014 ebazpenaren aurka jarritako kexa azaldu zidaten, ez baitzen hezkuntza orientazio espezialitatean hautaketa probarik eskatu.

    Kexaren egileak, hirurak ere hezkuntza orientazioko lanpostuarekin kontratatuak eta dagokion plazarik gabe onartutakoak, kexu dira aipatu espezialitatean ikasturte bakoitzean sortzen diren ondorengo plaza hutsak estaltzeko orduan lehentasuna dutelako prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran dauden irakaskuntzako funtzionarioek, nahiz eta horiei ez zaien frogarik eskatu lanpostu horretarako.

    Lehen aipatutako ebazpenak kexan salatutako egoera azaltzen du.

  4. Langile funtzionarioen prestakuntzarako zerbitzu berezien egoera Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuko testu bategineko 24.2 artikuluan aurreikusita agertzen da. Agindu horren arabera, herri administrazioek zerbitzu berezien egoeran aitortu ahalko dituzte haren menpeko funtzionario publikoak, prestakuntza, hobekuntza edo ikerketarako jarduerak garatzen dituztenean, arauz zehazten diren kasu eta baldintzetan.

    Lege agindu hori garatuz, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuko 1. artikuluari jarraiki, zerbitzu berezien egoeran aitortuko dira, hurrengo artikuluetan zehazten diren baldintza eta araubideekin, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren organismo autonomoen zerbitzura dauden langile finkoak, lortutako titulazio akademikoen gauzatze profesionalaren bidez prestakuntzarako eta hobekuntzarako jarduerak egin behar dituztenak, azken horiek zerbitzu aktiboan dutenen desberdinak eta goragoko maila edo taldekoak izanik.

    Foru Dekretuko 2.1 artikuluak behin-behineko kontratazioaren aurretiazko baldintza gisa ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren organismo autonomoek beren langile finkoei eskainiko dizkietela estali nahi dituzten lanpostuak, betiere horiek gutxienez hiru urte eman badituzte beren lanpostua benetan betetzen.

    Ondorioz, langile finkoaren promozio mekanismo bat da (maila edo talde altuagora sartzea), behin-behinekoa (Foru Dekretuko 3. artikuluak arautzen du denboraltasun hori) eta behin-behineko kontratazioa lehenesten du kasuan kasuko deien harira (behin-behineko kontratazioa baino lehen), betiere langile finko horiek kasuan kasuko baldintzak egiaztatzen badituzte (antzinatasuna, titulazioa, eta, hala badagokio, hautaketa frogen gaindipena).

  5. Funtzionarioaren edo lan kontratatu finkoaren titulartasunekoak ez diren lanpostuetako sustapen eta sarbide mekanismoei dagokienez, promozioan kontuan hartu behar dira merezimenduaren eta gaitasunaren konstituzio printzipioak, funtzio publikoetara sartzeko orduan zuzendaritza printzipio orokorrak direnak eta Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuko testu bateginean jasota daudenak.

    Printzipio orokor horiek ikus daitezke, interesatzen zaigun horretan, lanpostuari dagokion titulazioa eskatzen denean (gaitasunaren edo kualifikazioaren printzipioa) eta horretarako deitutako hautaketa frogak gainditzean, oposizioa izan, nahiz lehiaketa oposizioa izan (merezimendu printzipioa eskatuta).

    Horren harira, funtzionarioak sartu edo aukeratzeko, eskatzen den titulua eduki behar da eta kasuan kasuko hautaketa frogak gainditu (zehazki, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuko testu bategineko 7 eta 9. artikuluak). Titulua eskatzea eta hautaketa frogak gainditzea bezalako eskakizunak daude, era berean, aipatu lege testuko 15. artikuluan aurreikusten den maila promoziorako. Baita kontratazioaren kasuan ere, administrazio araubidea (89. artikulua) edo lan araubidea (95. artikulua) izanda ere.

    Hau da, azken finean, titulazioa eta hautaketa frogak eskatzea, funtzio publiko edo lanpostu desberdinak eskuratzeko, printzipio antolatzailea da, merezimendu eta gaitasun printzipioen berezko izaera baita.

  6. Kexan aipatutako behin-behineko promozioari dagokionez, 96/1997 Foru Dekretuan berariaz ezartzen da orokorrean titulazioa eta hautaketa frogak eskatuko direla (lehen aipatutako 1.1 artikulua eta 2.3 artikulua, azken horretan aurreikusten delarik hautagaien zerrendak egiteko hautaketa frogak deituko direla).

    Era berean, eskakizun hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuen sarrerari eta hornidurari buruzko azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan ere ageri da, eta, haren 26. artikuluaren arabera, zerbitzu ematea eta egoera berezi aktiboa aitortzeak, langileen behin-behineko barne promoziorako bitarteko gisa, horretarako deitutako hautaketa frogak gainditzea eskatuko du.

  7. Hala ere, aurreko puntuetan deskribatzen den eskakizun orokor hori urratu egin da apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuko 6.1 artikuluan eta Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren apirilaren 25eko 161/2001 Foru Aginduan.

    Bi arauek ahalbidetzen dute B maila edo taldeko irakaskuntzako langileak A talde edo mailako lanpostuetara sar daitezela, hautaketa frogak deitu eta gainditu behar izanik gabe, titulazioaren baldintza betetzen bada (hala gertatzen da kexan aipatzen den espezialitatearen kasuan ere).

    Erakunde honen ustez, goragoko talde edo mailako lanpostuetarako sarbidea arautzen ari denez, eta kontuan hartuta lehen aipatutako printzipio orokorra (titulazioa eta hautaketa frogak), merezimendua eta gaitasuna bezalako printzipioen ondorioz, kexan aipatzen den baldintza betetzeko honakoak beharko lirateke:

    1. Lege mailako arau bat. Izan ere, berdintasun baldintzetan funtzio publikoetara sartzeko konstituzio eskubideari eragiten zaio, merezimendua eta gaitasuna printzipioen babespean (Konstituzioko 53. artikulua, bertako 23.2 eta 103.3 artikuluekin lotuta).

      Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuko testu bategineko 24.2 artikuluak arauz ezartzen diren kasu eta baldintzak aipatzen ditu, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoerari dagokionez. Bada, aipamen hori ezin da interpretatu hautaketa frogak ezartzen dituen xedapen gisa. Izan ere, ikusi dugun bezala, eskakizun horrek antolatzen du Estatu eremuko lanpostuetarako sarbidea.

    2. Xedapen hori babesten duen arrazoi objektiboen justifikazio zehatzaz ari gara, arau orokorra urratzen ari baita. A priori, ez dirudi, interesatzen zaigun ondoreetarako (goragoko mailako lanpostuetan sartzeko hautaketa froga bat eskatzea), B mailako irakasleen egoera administrazio publikoetako beste talde tituludun batzuen bestelakoa izan behar denik.

      Kasu honetan ez direnez halako eskakizunak egiaztatu, erakunde honek aipatu arau aurreikuspenak ez aplikatzeko gomendatzen du, legearen aurkakoak baitira.

  8. Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluak egozten dizkidan eskumenez baliatuz, honakoa proposatu dut:

    Hezkuntza Departamentuari gomendatzea, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aitortutako funtzionarioak Hezkuntza Orientazioko lanpostuetan sartzeko orduan, titulazioaz gain, dagokion hautaketa froga gainditzeko eska dadila.

 

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluaren arabera, Hezkuntza Departamentuak gehienez ere bi hilabeteko epean adierazi beharko du gomendio hau onartzen ote duen eta, hala badagokio, berau betetzeko zein neurri hartu dituen.

Lege testu horretan ezarritakoaren arabera, gomendio hori onartzen ez bada, kasua 2014. urteko txostenean sartu ahalko da, ondoren Nafarroako Parlamentuan azaltzeko, eta berariaz adieraziko da administraziok ez duela aldeko jarrerarik erakutsi, hala jokatzea posible izan arren.

Zure erantzunaren zain, jaso agur bero bat.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia