Partekatu edukia
Osasuna
Gaia: Negligencia en atención médica.
Osasuna
Kontseilari andrea:
Ondoren, Osasun Departamentura jo nuen, aipatutako kontu horri buruzko informazioa emateko eskatzeko.
Jasotako txostenean, ondokoa ageri da:
“[…] jaunak eskaera aurkeztu zuen, Nafarroako Ospitaleguneko Eriaren Arretarako Unitatean, […] jaunaren historia medikoa jasotzeko. 2014ko maiatzaren 22ko data zuen, eta sarrera erregistroa 2014ko ekainaren 4an eman zitzaion.
[…] jaunak berriro eskatu zuen anaiaren historia klinikoa, interesekotzat jotzen zituen dokumentuak zehaztuta. Hain zuzen, 2000. eta 2014. urteen artekoak ziren. Eskaera hori Eriaren Arretarako Unitatean erregistratuta gelditu zen 2014ko ekainaren 12an.
2014ko irailaren 8an, erantzuna eman zitzaion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriaren Arretarako Zuzendaritzatik, eta bai eskatuta zituen dokumentuak ere, posta ziurtatuaren bidez. Hori guztia jaso zutela sinatu zuten irailaren 12an.
Uste dugu Ospitalegunetik […] jaunaren espedientean zegoen dokumentu guztiak eman ditugula. Barkamena eskatu behar dizugu dokumentuak eskatu eta jaso bitartean denbora asko igaro zela uste baduzu. Bai Artxiboaren eta Dokumentazio Klinikoaren Atalak eta bai Eriaren Arretarako Unitateak lan egiten dute behar bezalako informazioa emateko ahalik eta lasterrena.
Benetan sentitzen dugu anaia hil izana”.
Funtsean, kexan planteatzen da […] jaunaren (hilda dago) senitartekoak ez daudela ados hil aurreko hilabeteetan jaso zuen osasun arretarekin.
Igorritako txostenean, Osasun Departamentuak soil-soilik aipatzen du […] jaunak eskaera egin ondotik jarraitutako prozedura (anaiaren historia klinikoari zegozkion dokumentuak eskuratzeko eskaera) eta bai eskaerari erantzuteko, dokumentuak bidaltzeko, egon zen atzerapena ere.
Dokumentuak eskuratzeko eskaeraren erantzuna gorabehera, […] jaunak, bere idatzian, zenbait gertakari eta gogoeta azaltzen ditu, eta haiek eramaten dute anaiak jaso zuen osasun laguntza zalantzan jartzera. Eta erakunde honen iritziz, txostenak ez die ematen gertakari horiei desiragarria litzatekeen azalpena.
Aurkeztutako txostenetatik eta historia klinikotik ondorioztatzen denez, 2013ko urriaren 29an, […] jauna, oinez zebilela mina edo min arina sentitu eta gero, bere orotariko sendagilearengana joan zen. Behin aztertu eta gero, mediku horrek kirurgia baskularreko espezialistarengana bidaltzea erabaki zuen. Edonola ere, kexan arrazoitzen denez, ia bost hilabete atzeratu zen hitzordua (2014ko martxoaren 20rako egin zioten hitzordua).
Alde horretatik, 17/2010 Foru Legeak, azaroaren 8koak, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoak, 13. artikuluan, “Laguntza zerbitzuekin loturiko eskubideak” izenburuaren pean, adierazten du pertsona orok duela eskubidea osasun laguntza behar den denboran jasotzeko, eta eskubidea duela, halaber, uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legean eta hori garatzeko araudian ezarrita dauden erantzuteko gehieneko epeak ziurtatuak izateko.
Azken foru lege horretan, “Erantzuna emateko epeak” izenburuaren pean, hirugarren artikuluan, ageri da gaixoei laguntza espezializatuko kontsultak eman beharko zaizkiela fakultatiboak eskatu eta gehienez ere 30 eguneko epean.
Guri dagokigun kasuan, oso nabarmen gainditu zen epe hori; izan ere, […] jaunari, lehen adierazi den moduan, 2014ko martxoaren 20rako eman baitzitzaion hitzordua, nahiz eta lehen mailako osasun arretako medikuak 2013ko urriaren 29an adierazi eta eskatu zuen.
Beste alde batetik, gertakariak azaltzean, […] jaunaren andreak adierazi zuen, 2014ko martxoaren 24an Larrialdietako Zerbitzura joan zenean senarrarekin, berak esan behar izan zuela lau egun lehenago mediku espezialistarekin egon zela senarra. Kontatzen duenez, une horretan, arreta eman zion fakultatiboaren erantzuna izan zen historia klinikoan ez zela ageri bisita hori.
Historia klinikoen gaian dagoen foru araudiari dagokionez, nabarmendu behar dira, bai 11/2002 Foru Legea, maiatzaren 6koa, gaixoaren zenbait eskubide, hain zuzen ere, biziaren gaineko aurretiazko borondateak egitekoa eta informazioa eta agiri klinikoak eskuratzekoa, bai 17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoa ere. Biek ala biek historia klinikoa jotzen dute gaixo bakoitzaren laguntza prozesuari dagozkion dokumentuen multzotzat. Bertan identifikatzen dira prozesu horretan esku hartu duten medikuak eta gainerako laguntza-profesionalak, eta helburu nagusia du eriari laguntza egokia ematen zaiola bermatzea laguntzea.
Halaber, bi legeek jasotzen dute, 11.2 eta 59.2 artikuluetan, hurrenez hurren, mediku edo osasun laguntzako talde batek baino gehiagok esku hartzen duteneko historia klinikoetan, xehakaturik adieraziko direla profesional bakoitzak eginiko ekintzak, esku-hartzeak eta preskripzioak.
Bere aldetik, aurreko ardura horiekin lotuta, 41/2002 Legeak, azaroaren 14koak, Pazientearen Autonomiari eta Informazio eta Dokumentazio Klinikoaren Arloko Eskubide eta Betebeharrei dagokienak, adierazten du 15. artikuluan, eri orok eskubidea duela jasota gera dadin, idatziz edo euskarri tekniko egokienean, laguntzako prozesu guztietan lortutako informazioa, osasun zerbitzuak egindakoetan, bai lehen mailako osasun arretan bai eta arreta espezializatuan ere.
Aurreko premisaren oinarri hartuta, erreferentzia egin behar zaio egiten diren mediku txostenak osoak egiteko premiari. Izan ere, kasu bakoitzean, eriaren azterketa zehatzagoa lagundu dezaketen datu garrantzitsu guztiak hartu behar ditu. Zehazki, datu horien zerrenda ageri da 11/2002 Foru Legearen 11.1 b) artikuluan eta 17/2010 Foru Legearen 59.ean.
Edozein kasutan, asmoa da bermatzea eriak osasun arreta egokia jasotzea, bere mediku informazio guztia une bakoitzean arreta egin behar dion fakultatiboaren esku jarrita, eta, beraz, azterketa eta diagnostiko zehatzagoa erraztuta, eriaren iraganeko eta oraineko osasun egoeraren azterketa osoaren bidez.
[…] jaunaren kasuan, mediku espezialistak emandako laguntza hori ez zegoen jasota historia klinikoan. Hori ondorioztatzen da, gainera, Kirurgia Baskularreko aipatutako espezialistaren txosten hori egin zen datetan dagoen kontraesanetik. Gutxienez, deigarria da txosten baten data adierazteko historia klinikoan bi egun desberdin jartzea (martxoaren 27a eta apirilaren 2a), biak ala biak […] jauna hil ondokoak (hil baino lau egun lehenago joan zen espezialistaren kontsultara).
Amaitzeko, kexaren egileak eskatutako dokumentuak bidatzean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua atzeratu izanari dagokionez, Osasun Departamentuak horri buruzko iritzia eman badu ere bere txostenean, erakunde honek uste du egokia dela hari gogoraraztea indarrean dagoen legeriak ezarritako epeetan erantzun behar diela erien eskaerei.
Gomendatzea Osasun Departamentuari edo, bere kasuan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoari, iker eta azter dezala, […] jaunaren senitartekoek aurkeztutako dokumentuak eta kontatutako gertakariak aintzat hartuta, gizon horri arreta eman zioten mediku profesionalen taldeak gauzatu zituen jarduketak indarrean dagoen araudiari, protokoloei eta exijitzekoa den laguntza kalitateari egokitu zitzaizkien edo ez.
Gogoraraztea Osasun Departamentuari osasun arretaren zain egoteko gehieneko epeak betetzeko legezko betebeharra (Osasun Laguntza Espezializatuko Itxaronaldien Bermeei buruzko uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legean jasotakoak), eriei arreta jasotzeko alternatibei buruzko informazioa emateko betebeharra, delako osasun zentroan ezin badira bete epe horiek, eta bai ez betetze kasu horretan aurkezten diren erreklamazioei berehala arreta emateko betebeharra ere, helburu horretarako egokiak diren neurri guztiak hartuta.
4/2000 Foru Legearen, uztailaren 3koaren, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoaren, 34.2 artikuluaren arabera, egokia da Osasun Departamentuak jakinaraztea, egokia edo bidezkoa den moduan, gehienez ere bi hilabeteko epean, gomendioa eta legezko betebeharren gogoragarriak onartzen dituen edo ez, eta, hala bada, betetzeko hartutako neurriak zein diren.
Legezko agindu horretan jasota dagoenarekin bat eginez, gomendioa eta legezko betebeharren gogoragarriak ez onartzeak ekarri ahal izango du 2015eko urteko txostenean sartzea kasua. Nafarroako Parlamentuan azalduko da, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrera azaldu ez duen administrazioa, jarrera hori izatea posible zela uste bada.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia