Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoak, ebazpen (Q19/616) honen bitartez, koloneko minbizia detektatzeko Programaren jakinarazpena, hala eskatzen dutenei, gaztelaniaz eta euskaraz, eskaria egin eta denbora labur barne, bidaltzeko gomendioa egiten dio Osasun Departamentuari.

2019 uztaila 16

Euskara

Gaia: La disconformidad del autor de la queja con la recepción del programa de prevención del cancer de colón en castellano, a pesar de haber solicitado recibirlo en euskera.

Euskara

Osasun kontseilaria

Kontseilari jaun/andrea:

  1. 2019ko ekainaren 19an erakunde honek (….) jaunak aurkeztutako idazkia jaso zuen; bertan Osasun Departamentuaren aurkako kexa adierazten zuen, koloneko minbiziari aurrea hartzeko programaren berri gaztelania hutsez hartu zuelako, euskaraz eskatu bazuen ere.
    1. Orain lau urte direla aurkeztu zuen kexa bat (Q15/354) koloneko minbiziaren prebentziorako programaren berri gaztelania hutsez jaso zuelako.

      Osasun Departamentuak azalpenak eman zituen eta arazoa konpontzeko gogo ona adierazi zuen.

    2. Lau urte iragan ondoren, programa gaztelania hutsez jaso du, berriz ere.

      Azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak, euskararen erabilera arautzen duenak Nafarroako administrazio publikoetan, haien erakunde publikoetan eta haien menpeko zuzenbide publikoko entitateetan, 20.1 eta 20.2 artikuluetan ezartzen duena ez da betetzen.

      Hark eskatzen zuen hurrengo kanpainan informazioa euskaraz bidaltzeko edo bestela, bi hizkuntzetan.

  2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Osasun Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    2019ko uztailaren 2an, eskatutako txostena jaso zuen erakunde honek, eta haren kopia bat helarazi zaio interesdunari.

  3. Hor jasotzen denez, kexa aurkezteko arrazoia izan zen koloneko minbiziaren prebentziorako programaren jakinarazpena gaztelania hutsez bidaltzea, berak euskaraz bidaltzeko eskatu bazuen ere.

    Osasun Departamenduak jakinarazi du orain denbora asko ez dela (2019ko maiatza) onartu zela departamentuaren hizkuntza plana, eta interneten dagoela eskuragai, inork interesa balu ere. Bestalde, Osasun Departamentuak helarazitako txostenean adierazten denez, kexa horretan azaldutakoa bezalako eskaerak gauzatzeko behar diren urratsak ematen ari dira.

  4. Kexa eragin duen auziari dagokionez, berriz, abenduaren 15eko 18/1986 Euskararen Foru Legean ezarritakoa da aplikagarria. Lege horrek, gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla onetsi ondoren, gaztelania Nafarroako Hizkuntza Ofiziala dela ezartzen du, eta euskara harekin batera, Nafarroako Foru Eraentza Berrezartzeko eta Hobetzeko Lege Organikoaren 9. artikuluan eta haren ondoriozko foru-legean (2. artikulua) aurreikusten denaren arabera.

    Lege horren 2. artikuluan aurreikusten diren funtseko helburuak hauek dira: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) euskararen berreskurapena eta garapena babestea Nafarroan, haren erabilera sustatzeko neurriak adieraziz; eta c) euskararen erabilera bermatzea, borondateari begiratuz, mailaka eta errespetuz, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera.

    Foru Legeak, besteak beste, euskararen erabilera arautzen du eremu mistorako (interesduna Iruñean bizi da, beraz, eremu horretako udalerri batean), eta hark xedatzen duenez, eremu horretan bizi diren herritarrek gaztelania eta euskara, biak erabiltzeko eskubidea dute, Nafarroako Administrazio publikoekin dituzten harremanetan (17. artikulua).

  5. Azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak, Nafarroako Administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duenak, 3. artikuluan ezartzen dituen helburuetako bat honako hau da: Eremu mistoan, gauzagarri egitea herritarrek duten eskubidea euskaraz nahiz gaztelaniaz zuzentzeko Nafarroako administrazio publikoengana, haien erakunde publikoengana eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateengana, bai eta beharrezkoak diren tresnak zehaztea ere, ahalbidetzeko euskara eta gaztelania erabil daitezen herritarrei zerbitzua emateko; betiere, eremu horretako udalerrien errealitate soziolinguistikoarekin bat.

    Aipatutako foru-dekretu horren 20.1 artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioetako zerbitzu zentralen eta herritarren arteko harremanei buruzkoak, honako hau ezartzen du: Herritarrei helarazten zaizkien jakinarazpen eta komunikazio orokorrak elebidunak izanen dira.

    Lege horren 21.3 artikuluak, betiere zerbitzu zentralei buruz ari dela, hau ezartzen du: Xedapenak, ohartarazpenak, informazio-orriak, kanpainetako material grafikoa, dibulgaziozko argitalpenak, iragarkiak eta edonolako publizitatea edo bestelako idazkiak, zerbitzu zentralek herritarrentzat oro har egiten dituztenean, elebidunak izanen dira.

  6. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:

    Osasun Departamentuari gomendioa egitea, koloneko minbizia detektatzeko programaren jakinarazpena, hala eskatzen dutenei, gaztelaniaz eta euskaraz, eskaria egin eta denbora labur barne, bidal diezaien.

Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoaren, 34.2 artikuluarekin bat etorriz, egoki da Osasun Sailak gehienez ere bi hilabeteko epean jakinaraztea, aginduzkoa denez, erabaki hau onartu duen, eta hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak Arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2019. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan ematea horren berri, Nafarroako Arartekoaren ustez berez posible izan arren aldeko jarrera hori izan ez duen administrazio publikoa berariaz aipatuz.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia