Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 8ko 51/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 martxoa 08

Energia eta ingurumena

Gaia: Inactividad municipal ante contaminación acústica proveniente de un local de ocio (bar)

Exp: 09/39/M

: 51

Ingurumena

AURREKARIAK

  1. 2009ko urtarrilaren 23an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du Antsoaingo Udalaren aurka, taberna baten jarduera dela-eta pairatzen dituzten zaraten aurrean behar beste ez jarduteagatik.

    Kexari zegokion izapidetzea egin ondoren, udal horrek igorritako txostena ikusita, 2009ko apirilaren 3an kexa artxibatu genuen, jo genuelako haren xedea konponbidean zegoela, udala ezartzen ari zen neurri zuzentzaileak zirela medio. Horixe jakinarazi genion udal horri erakunde honen 2009ko maiatzaren 25eko idazkiaren bitartez.

    Hala eta guztiz ere, kexa-egileak, 2009ko urriaren 29an, berriz ere jo zuen erakunde honengana, baieztatuz lokalak legez baimendutakoaz goitiko zaratak sortzen jarraitzen zuela. Bi neurketa aurkeztu zituen: bata enpresa pribatu batek 2009ko irailaren 29an egina eta bestea Foruzaingoak 2009ko urriaren 24an.

    Neurketa horiek ikusita, erakunde honek erabaki zuen kexa-espedientea berriz zabaltzea. Udalari beste txosten bat eskatuta, 2009ko abenduaren 31n, udala kexaren xedea behin betiko ebazte aldera egiten ari zen azken jarduerak deskribatzeko txostena jaso genuen. Azken jarduera horiek egiaztatuta, ondorio batera iritsi ginen: kexa berriz irekitzea eragin zuen egitateari behin betiko konponbidea ematekotan zegoen udala, eta horrexegatik espedientea berriz artxibatu genuen.

    Hala eta guztiz ere, kexa-egileak, 2010eko urtarrilaren 25eko idazki baten bitartez, erakunde honetara jo du, salatzeko bere arazoa konpondu gabe dagoela, zeren eta, bere iritziz, zehapenak ez baitira eraginkorrak izan eta taberna jarduerarako ezarritako neurri zuzentzaileak ez baitira zuzen aplikatu. Foruzaingoak 2010eko urtarrilaren 23an eginiko beste neurketa bat aurkezten du. Adierazpen horien aurrean, kexa-espedientea berriz ere zabaldu dugu.

  2. Antsoaingo Udalari txostena eskatuta, martxoaren 1ean Antsoaingo Udalak igorritako txostena sartu zen gure erakundean, dokumentazio ugarirekin batera. Txosten hartatik, ondokoa transkribatu behar dugu:

    Antsoainen kokatutako [?] ostalaritza establezimendua dela-eta udalak egindakoak.

    Udalak jaso zuen Foruzaingoak 2010eko otsailaren 3an eginiko salaketa, 2010eko urtarrilaren 23an 22:49an eginiko neurketa baten ondoriozkoa. Salaketa-egile [?] jaunaren etxebizitzako logela batean eginiko neurketaren emaitza 35,3 dBkoa zen guztira; horietatik, 30,3 etxebizitzako logelako zarata-mailari dagozkio (muga 3.0 dBkoa da) eta 5,0 dB, berriz, tonalitatearen gaineko penalizazioari, bandan 125eko tonu purua atzeman baitzen.

    Foruzaingoak eginiko zarataren neurketari buruzko aktan, ondorioztatzen da zarata sorburuko lokaleko motor batetik heldu dela.

EXPESANC/ 2010 /5 ZEHAPEN ESPEDIENTEA

2010eko urtarrilaren 23an eginiko eta Foruzaingoak salatutako sonometria positiboaren ondorioz, 2010/5 zehapen espedientea abiatu zen, Zarata eta bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete behar dituzten baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 15.2 artikuluan larritzat sailkatutako arau-hauste bat egiteagatik.

Zehapen espedientea abiatzeko ebazpena, 2010eko otsailaren 11n eman zen, eta biharamunean jakinarazi zitzaion salatuari, hain zuzen ere 2010eko otsailaren 12an.

Otsailaren 17an, salatuak alegazioen idazki bat aurkeztu zuen, eta haren bidez eskatu zuen zehapen espedientea gehitzeko oraindik ere indarrean zegoen 2099/143 espedienteari, abuztuaren 4ko 1389 Errege Dekretuko 4.6 artikuluan xedatutakoa aplikatzeko.

Otsailaren 19an, instruktoreak zehapen proposamen bat eman zuen, eta hura alkatetzari aurkeztu zitzaion. Haren bidez proposatzen zuen 2010/5 zehapen espedientea indarrean jarraitzen zuen aurrekoari gehitzeko, hain zuzen ere 2009/143 zehapen espedienteari, egitate eta arau-hauste berei buruzkoa baitzen, eta kontuan izanda azken horretan proposatzen den zehapena ezar daitekeen handiena dela –establezimenduaren sukaldaritza jarduera bertan behera uzteko proposatzen da–.

Antsoaingo Udaleko alkate-udalburuari ebazpen proposamena aurkeztuta, otsailaren 22an behin betiko ebazpena eman zuen. Ebazpen hori egun berean jakinarazi zitzaion interesdunari.

EXPESANC/ 2009 /143 ZEHAPEN ESPEDIENTEA

Antsoaingo Udalaren udal erregistroan, 2009ko urriaren 28an, Foruzaingoak eginiko salaketa bat sartu zen. Salaketa hori emaitza positiboa eman zuen sonometria batengatik aurkeztu zen, hain zuzen ere 2009ko urriaren 24an, 23:00etan Foruzaingoak [?] jaunaren etxebizitzako logelan eginiko sonometriaren aktaren ondorioz. Izan ere, sonometria horren emaitza 36,9 dB izan zen; horietatik 31,9 dB etxebizitzako logelan neurtutako zaratari zegozkion (baimenduta dagoen gehienezko zarata maila 30 dBkoa da) eta 5 dB, berriz, tonalitatearengatiko penalizazioari zegozkion, bandan 125 HZko tonu purua atzeman baitzen).

2009ko urriaren 27an, [?] andrearen idazki bat sartu zen, Acústica Arquitectónica enpresak, interesdunak eskatuta, eginiko beste neurketa bat aurkezteko.

Sonometria positibo horren ondorioz, 2009/143 zehapen espedientea abiatu zen, Zarata eta bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete behar dituzten baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 15.2 artikuluan larritzat sailkatutako arau-hauste bat egiteagatik.

Espedientea abiatzeari buruzko ebazpenean –hura eman zen egun berean, 2009ko azaroaren 24an, jakinarazi zitzaion interesdunari–, honako zehapenak proposatzen dira:

1.- 1.000 euroko zehapen ekonomikoa, % 30 beheratuko dena hilabeteko epean ordaintzen bada, ebazpena jakinarazten denetik kontatuta.

11.- Halaber, SUKALDARITZA JARDUERA GUZTIZ BERTAN BEHERA UZTEKO zehapena ezartzen da, egiaztatutako gabeziak zuzentzen ez diren bitartean eta lokaleko sukaldeko motorrek sortutako zarata gutxitzeko edo deuseztatzeko behar diren neurri zuzentzaileak ezartzen ez diren bitartean.

111.- Halaber, erabaki da salatuari ezartzea egokitzat jotzen diren neurri zuzentzaileak aplikatzeko betebeharra, hain zuzen ere lokaleko sukaldean jarritako motorrek sortzen duten zarata-maila gutxitzeko edo/eta deuseztatzeko.

Abenduaren 14an eta 24an, salatuak egindako alegazioen idazkiak sartu ziren udal erregistroan, legez horretarako eman zitzaion epean.

2011ko urtarrilaren 26an, instruktoreak ebazpen proposamena eman zuen, eta hura alkatetzari aurkeztu zitzaion. Horren bidez, kalifikazioa eta aurreko ebazpenean erabakitako zehapenak berretsi ziren, hain zuzen ere arau-hauste administratibo oso larri bati zegozkionak, arau-hauste larriak behin eta berriz egitearen ondoriozkoa.

Zehapen espedienteari buruzko behin betiko ebazpena 2010eko otsailaren 22an eman da, eta haren bidez jotzen da egitateak arau-hauste administratibo oso larri bat direla, 135/1989 Errege Dekretuko 26. artikuluko arau-hauste larriak behin eta berriz egitearen ondoriozkoa. Izan ere, dekretu horren bidez, zarata eta bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete behar dituzten baldintza teknikoak ezari ziren.

AZTERKETA

  1. Konstituzio Auzitegiko jurisprudentziak mugaturik utzi du zein diren pertsonen bizitzaren garapena nahasten duen faktore horrek (zarata edo kutsadura akustikoa) ukitzen dituen konstituzio-eskubideak. Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 46. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).

    Besteak beste, Konstituzio Auzitegiaren 16/2004 epaiak eskubide horiek erasan direla aitortzen du. Bertan honakoa ezartzen da: “Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2004 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean”.

    Jarraitzeko, honakoa gogorarazten du: “Gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi kalitatearen etengabeko asaldu iturria izan daiteke. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, luzaroan zarata maila handiaren eraginpean izateak pertsonen osasunean dituen eraginak azaleratzen dira (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorragoa).”

    Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideen interpretazioari eta zaintzari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinara joaz, Konstituzio Auzitegiak honakoa baieztatzen du: “erabaki beharko dugu zarata maila handiak modu jarraituan pairatu behar izateak pertsonen osasuna arriskuan jartzen duenean, egoera horrek osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen (Konstituzio Auzitegiaren 15. artikulua) urratzea inplikatu ahalko duela. Izan ere, egia izanik ere osasunerako arrisku edo kalte guztiek ez dutela beraiekin ekartzen Konstituzio Auzitegiaren 15. artikuluaren urratzea, botere publikoen ekintza edo omisio baten ondorioz pertsona batek jasan beharreko saturazio akustikoko mailak osasuna modu larrian eta berehalakoan arriskuan jartzeko atalasea gainditzen duenean, Espainiako Konstituzioko 15. artikuluan bermatutako eskubidea erasanda geratu ahalko da.”

    Auzitegiak honakoa esanez jarraitzen du: “Espainiako Konstituzioko 18. artikuluko eskubideei dagokienez, nabarmendu behar dugu Giza Eskubideen Europako Ituneko 8.1 artikuluak pertsona guztiek beren bizitza pribatua eta familiarra, bere bizilekua eta beren posta errespetatua izateko eskubidea aitortzen duen bitartean, Espainiako Konstituzioko 18. artikuluak berezko entitate berezitua aitortzen diela norberaren eta familiaren intimitaterako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubideei.

    Eskubide horietako lehenbizikoari dagokionez, nabarmendu behar dugu auzitegi honek zehaztu duela haren xedea pertsonen bizitzaren arlo bati dagokiola, hain zuzen ere besteren ezagutzatik nahiz hirugarrenen esku-sartzeetatik kanpo geratu behar dena, eta arlo horren mugapena nortasunaren garapen librearen arabera gauzatu behar dela. Irizpide horri jarraituz, ondorioztatu behar dugu arlo horietako bat bizilekuarena dela, horixe baita gizabanakoak, gizarteko usadio eta konbentzioetatik aske, bere askatasun intimoena gauzatzeko erabiltzen dutena (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: otsailaren 17ko 22/1984; urriaren 17ko 137/1985, eta maiatzaren 31ko 94/1999). Hori guztia gogoan edukita, honakoa ohartarazi behar dugu, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 119/2001 epaian adierazitakoari jarraituz: Inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaiztzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke.”

    Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa, omisiozkoa edo are behar adinako eraginkortasunik gabea ere erakusten dutenean.

    Azken batean, administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte (Espainiako Konstituzioko 53.1 artikulua).

  2. Aztergai dugun gaian, toki entitateek funtsezko eginkizun bat betetzen dute herritarren oinarrizko eskubideak babestearen arloan. Halaxe ondorioztatzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak eta Toki Araubideko Oinarrien Legeak esleitutako eskumenetatik.

    Hori dela eta, udalak jardueraren funtzionamendu-baldintzak zorrotz betearazteaz arduratu behar dira. Eta baldintza horien ez-betetzea gertatuz gero, erreakzionatu eta legezkotasuna berrezartzeko behar diren neurriak ezarri beharko dituzte, haiek, noski, proportzionaltasunaren eta eraginkortasunaren printzipioei egokituta, betiere arau-haustea egitea arau-hauslearentzat onuragarria izatea saihestuz.

    Proportzionaltasunaren printzipioak exijitzen du arau-hausteen larritasunaren araberako neurriak hartzea, betiere intentsitatea edo jokabidea behin eta berriz gertatzea bezalako inguruabarrak kontuan hartuta. Eraginkortasunaren printzipioak arau-hausleari erantzun puntual eta bizkorra ematea exijitzen du, interes orokorra eta ukitutako herritarren eskubideak zaintzeari begira. Horri buruz, Auzitegi Konstituzionalak adierazia du berrezartzeko eskumen batez baliatzean berandu edo pasibotasunez jokatzea printzipio horren arau-hauste larria dela, eta herritarren eskubide eta interes legitimoetan eragina duela (Konstituzio Auzitegiaren irailaren 25eko 136/1995 epaia).

  3. Hemen aztergai dugun kasuan, espedienteari erantsi zaion dokumentazioa ikusita, ikusten dugu jarduera bat badagoela azkeneko urte honetan behin eta berriz gaueko ordutegian baimendutako zarata-mailak gainditu dituena.

    Atzeman dugu, halaber, Antsoaingo Udalak ez-betetze horren aurrean erreakzionatu duela, eta kasuko zehapen espedienteak izapidetu dituela. Halaber, jardueraren titularrari errekerimendua egin zaio sukalde-jarduera bertan behera utz dezan guztiz, egiaztaturiko akatsei konponbidea ematen ez dien bitartean eta sukaldeko motorretatik heldu den zarata arintzeko behar diren neurriak ezartzen ez dituen bitartean.

    Ezin dugu, horrenbestez, ondorioztatu, udal horrek bere eginkizunetan utzikeria argiz jokatu duenik; aitzitik, egiaztatu dugu gaia dela-eta prestutasunez jarduten ari dela.

    Hala eta guztiz ere, zehapen araubidearen xede nagusia ez da zehapenak ezartzea, baizik eta legezkotasuna eta herritarren eskubideak babestea. Zehapenek arau-hauslea uzkurtzeko eragina eduki behar dute, legez kanpoko jarduera saihestera bultzatzeko. Zehapen espedienteak behin eta berriz izapidetu arren, arau-hausteak gertatzen jarraitzen denean, zilegi da galdetzea ea neurri horiek arestian aipaturiko printzipioen araberakoak diren, hau da, eraginkorrak eta proportzionatuak diren, eta ea benetan saihesten duten arau-hauslearentzat ez-betetzea onuragarria izatea.

    Aurrekoa dela eta, bidezkoa da adieraztea bai Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak, bai zaraten maila mugatzeari buruzko arauek zenbait neurri aurreikusten dituzte. Zehazki, gure ustez, azaldutakoak bezalako inguruabarretan, jarduera ixtea guztiz justifikatuta dago, aldi baterako besterik ez bada ere.

    Interes publikoaren eta herritarren eskubideen ikuspuntutik, ezinezkoa da irekita jarraitzea bizilagunen eskubideak urratu eta zehapenak ezarrita ere behin eta berriz baimendutako soinu-mailak gainditzen dituen lokal bat. Horixe exijitzen dute aplikatzekoa den legediaren interpretazio egokiak, gainerakoen eskubideekiko errespetuak, zeina gure bizikidetasunaren oinarria baita, eta, azken batean, oinarrizko sen onak berak ere.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Antsoaingo Udalari gogoraraztea legez zaindu behar duela jardueraren funtzionamendu baldintzak betetzen ari direla, bereziki zarata-mailak ez gainditzeari dagokienez.

  2. Ikusita ez-betetzea behin eta berriz gertatzen ari dela, Antsoaingo Udalari gomendatzea behar diren izapideak egin ondoren, eta establezimenduko titularrak berehala erreakzionatzen ez badu, jarduera aldi baterako itxi dezan, bizilagunen konstituzio-eskubideak modu eraginkorrago batez babesteko, eta jardueraren titularrari ohartaraz diezaion arauak hausteko bere jokabidean tematuz gero, litekeena dela behin betiko ixtea erabakitzea.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Antsoaingo Udalari gomendio hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  4. Interesdun [?] jaunari eta Antsoaingo Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia