Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Ruidos ocasionados por bar
Exp: 10/9/M
Nº: 50
Ingurumena
2010eko urtarrilaren 7an, [...] jaunak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen zuen bere etxebizitzako etxabeetan dagoen [?] tabernaren jarduerak sorturiko enbarazuengatik.
Azaltzen zuen urte asko daramatzatela establezimendu horrek eragindako enbarazuak nozitzen. Hori dela-eta salaketa ugari aurkeztu izan dituzte, eta behar diren sonometriak ere egin omen dira. Bada, sonometria horien arabera emisio akustikoak baimendutako mugak gainditzen ditu.
Emisio horien aurrean, Iruñeko Udalak zenbait zehapen espediente izapidetu ditu, eta jarduerako titularrari kasuko zehapenak ezarri dizkio. Jarduketa horiek gorabehera, arazoak bere horretan dirau. Gau batzuetan, lokala ez dute goizeko 3ak arte ixten, eta, horrenbestez, ixteko ordutegia ez dela betetzen uste dute.
Gehitzen du emaztea oso makal dagoela osasunez; besteak beste, parkinsona dauka, hezurretako haustura larriak izan ditu eta ia ezin da ibili. Egoera horrek are kalte handiagoa eragiten dio, fisikoki eta psikologikoki.
Adierazten du lokalak, behar bezala intsonorizatuta eta egokituta ez dagoenez, traba ugari eragiten dizkiela auzoei, musikaren bolumen handia eta hartzen dituen bezeroen kopuru handia direla eta. Bolumena eta soinuaren dardara, kexa-egilearen arabera, bai kaletik bai bere jabetzako higiezinaren barrutik atzematen dira, eta haien intentsitatea dela eta, enbarazu handia eragiten dute.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, espedientearekin lotutako zenbait gairi buruzko informazioa eskatu zion Iruñeko Udalari.
2010eko otsailaren 3an, Iruñeko Udalak igorritako txosten luze bat sartu zen gure erakundean. Hura aztertuta, honakoa atzeman dugu:
[?] taberna izena duen ostalaritza-establezimenduak taberna-jatetxe gisa jarduteko irekitzeko lizentzia dauka. Haren ixteko ordutegia gaueko ordu-biak dira, larunbat eta jai-egunetan izan ezik, azken horietan ordu-bi eta erdietan itxi baitezakete.
Kasuko zehapen espedienteak izapidetu ondoren, 3 zehapen ezarri zaizkio jarduerako titularrari, eta lokaleko musika-emisioko instalazio guztiak aldi baterako itxi behar izan ditu (aurrenekoan 14 egunez eta azken hiruean 21 egunez), 2008-06-01ean, 2008-09-07an, 2008-12-07an eta 2009-01-25ean eginiko sonometrien ondorioz.
Jarduerako titularrari eskatu zitzaion sonografo-erregistragailu jarraitu bat jartzeko, lokalean sortutako soinu-mailak neurtu eta data eta ordua erregistratuko zuena; halaber, hura instalatzeari buruzko ziurtagiria eskatu zitzaion. Bestalde, musika-ekipoaren instalazioa ikuskatu egin zen.
Errekerimenduak bete direla egiaztatu da, bai eta instalazioak aldi baterako itxi direla ere.
2009-07-17an, lokaleko titular berriari entzunaldi izapiderako deia igorri zitzaion, isolamendu akustikoa egin beharreko jardueraren arabera egoki zezan.
2010eko urtarrilaren 27an, zinegotzi delegatuak ebazpen bat sinatu zuen, alegazioak ezetsiz eta adieraziz musika-ekipoak 82,4 dBtara mugatu arren, neurri hori prebentiboa eta behin-behinekoa dela, zeren eta lokalean gutxienez ere 65 dBko isolamendu akustiko gordina bermatu behar baita, horixe lizentziarako baldintzetako bat baita”. Interesdunari errekerimendua egiten zaio gehienez ere 15 eguneko epean Hirigintza eta Etxebizitza Arloan kasuko lizentziarako eskabidea aurkez dezan, lokala isolatzeko neurri zuzentzaileak ezartzeko, hain zuzen ere egiaztatuta dagoen ez-betetzea saihesteko; halaber, eskatzen zaio behin-behineko neurri bat ezar dezan: hain zuzen ere, limitatzaileari 85 dBko tara ezartzea aipatutako neurriak jartzen ez diren bitartean, eta instalatzailearen ziurtagiria aurkeztea, 15 eguneko epean.
Konstituzio Auzitegiko jurisprudentziak mugaturik utzi du zein diren pertsonen bizitzaren garapena nahasten duen faktore horrek (zarata edo kutsadura akustikoa) ukitzen dituen konstituzio-eskubideak. Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 46. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).
Besteak beste, Konstituzio Auzitegiaren 16/2004 epaiak eskubide horiek erasan direla aitortzen du. Bertan honakoa ezartzen da: “Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2004 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean”.
Jarraitzeko, honakoa gogorarazten du: “Gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi kalitatearen etengabeko asaldu iturria izan daiteke. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, luzaroan zarata maila handiaren eraginpean izateak pertsonen osasunean dituen eraginak azaleratzen dira (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorragoa).”
Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideen interpretazioari eta zaintzari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinara joaz, Konstituzio Auzitegiak honakoa baieztatzen du: “erabaki beharko dugu zarata maila handiak modu jarraituan pairatu behar izateak pertsonen osasuna arriskuan jartzen duenean, egoera horrek osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen (Konstituzio Auzitegiaren 15. artikulua) urratzea inplikatu ahalko duela. Izan ere, egia izanik ere osasunerako arrisku edo kalte guztiek ez dutela beraiekin ekartzen Konstituzio Auzitegiaren 15. artikuluaren urratzea, botere publikoen ekintza edo omisio baten ondorioz pertsona batek jasan beharreko saturazio akustikoko mailak osasuna modu larrian eta berehalakoan arriskuan jartzeko atalasea gainditzen duenean, Espainiako Konstituzioko 15. artikuluan bermatutako eskubidea erasanda geratu ahalko da.”
Auzitegiak honakoa esanez jarraitzen du: “Espainiako Konstituzioko 18. artikuluko eskubideei dagokienez, nabarmendu behar dugu Giza Eskubideen Europako Ituneko 8.1 artikuluak pertsona guztiek beren bizitza pribatua eta familiarra, bere bizilekua eta beren posta errespetatua izateko eskubidea aitortzen duen bitartean, Espainiako Konstituzioko 18. artikuluak berezko entitate berezitua aitortzen diela norberaren eta familiaren intimitaterako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubideei. Eskubide horietako lehenbizikoari dagokionez, nabarmendu behar dugu auzitegi honek zehaztu duela haren xedea pertsonen bizitzaren arlo bati dagokiola, hain zuzen ere besteren ezagutzatik nahiz hirugarrenen esku-sartzeetatik kanpo geratu behar dena, eta arlo horren mugapena nortasunaren garapen librearen arabera gauzatu behar dela. Irizpide horri jarraituz, ondorioztatu behar dugu arlo horietako bat bizilekuarena dela, horixe baita gizabanakoak, gizarteko usadio eta konbentzioetatik aske, bere askatasun intimoena gauzatzeko erabiltzen dutena (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: otsailaren 17ko 22/1984; urriaren 17ko 137/1985, eta maiatzaren 31ko 94/1999). Hori guztia gogoan edukita, honakoa ohartarazi behar dugu, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 119/2001 epaian adierazitakoari jarraituz: Inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaiztzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke.”
Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa, omisiozkoa edo are behar adinako eraginkortasunik gabea ere erakusten dutenean.
Azken batean, administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte (Espainiako Konstituzioko 53.1 artikulua).
Aztergai dugun gaian, toki entitateek funtsezko eginkizun bat betetzen dute herritarren oinarrizko eskubideak babestearen arloan. Halaxe ondorioztatzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak eta Toki Araubideko Oinarrien Legeak esleitutako eskumenetatik.
Hori dela eta, udalak jardueraren funtzionamendu-baldintzak zorrotz betearazteaz arduratu behar dira. Eta baldintza horien ez-betetzea gertatuz gero, erreakzionatu eta legezkotasuna berrezartzeko behar diren neurriak ezarri beharko dituzte, haiek, noski, proportzionaltasunaren eta eraginkortasunaren printzipioei egokituta, betiere arau-haustea egitea arau-hauslearentzat onuragarria izatea saihestuz.
Proportzionaltasunaren printzipioak exijitzen du arau-hausteen larritasunaren araberako neurriak hartzea, betiere intentsitatea edo jokabidea behin eta berriz gertatzea bezalako inguruabarrak kontuan hartuta. Eraginkortasunaren printzipioak arau-hausleari erantzun puntual eta bizkorra ematea exijitzen du, interes orokorra eta ukitutako herritarren eskubideak zaintzeari begira. Horri buruz, Auzitegi Konstituzionalak adierazia du berrezartzeko eskumen batez baliatzean berandu edo pasibotasunez jokatzea printzipio horren arau-hauste larria dela, eta herritarren eskubide eta interes legitimoetan eragina duela (Konstituzio Auzitegiaren irailaren 25eko 136/1995 epaia).
Hemen aztergai dugun kasuan, espedienteari erantsi zaion dokumentazioa ikusita, ikusten dugu jarduera bat badagoela azkeneko bi urte hauetan behin eta berriz gaueko ordutegian baimendutako zarata-mailak gainditu dituena.
Ikusten dugu, halaber, Iruñeko Udalak ez-betetze hori dela-eta erreakzionatu egin duela eta ondoz ondoko zehapen espedienteak izapidetu dituela. Halaber, gisa horretako beste prozedura bat abiaraziko duela iragarri du. Era berean, jardueraren titularrari errekerimendua egin zaio lokala isolatzeko zuzenketa neurriak jar ditzan; eta, behin-behineko neurri gisa, mugatzailearen tara 85 dBtan ezarri beharra dauka.
Ezin dugu, horrenbestez, ondorioztatu, udal horrek bere eginkizunetan utzikeria argiz jokatu duenik; aitzitik, egiaztatu dugu gaia dela-eta jarduten ari dela.
Hala eta guztiz ere, zehapen araubidearen xede nagusia ez da zehapenak ezartzea, baizik eta legezkotasuna eta herritarren eskubideak babestea. Zehapenek arau-hauslea uzkurtzeko eragina eduki behar dute, legez kanpoko jarduera saihestera bultzatzeko. Zehapen espedienteak behin eta berriz izapidetu arren, arau-hausteak gertatzen jarraitzen denean, zilegi da galdetzea ea neurri horiek arestian aipaturiko printzipioen araberakoak diren, hau da, eraginkorrak eta proportzionatuak diren, eta ea benetan saihesten duten arau-hauslearentzat ez-betetzea onuragarria izatea.
Aurrekoa dela eta, bidezkoa da adieraztea bai Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak, bai zaraten maila mugatzeari buruzko arauek zenbait neurri aurreikusten dituztela. Zehazki, gure ustez, azaldutakoak bezalako inguruabarretan, jarduera ixtea guztiz justifikatuta dago, aldi baterako besterik ez bada ere.
Interes publikoaren eta herritarren eskubideen ikuspuntutik, ezinezkoa da irekita jarraitzea bizilagunen eskubideak urratu eta zehapenak ezarrita ere behin eta berriz baimendutako soinu-mailak gainditzen dituen lokal bat. Horixe exijitzen dute aplikatzekoa den legediaren interpretazio egokiak, gainerakoen eskubideekiko errespetuak, zeina gure bizikidetasunaren oinarria baita, eta, azken batean, oinarrizko sen onak berak ere.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Iruñeko Udalari gogoraraztea legez zaindu behar duela jardueraren funtzionamendu baldintzak betetzen ari direla, bereziki zarata-mailak ez gainditzeari dagokienez.
Ikusita ez-betetzea behin eta berriz gertatzen ari dela, udalari gomendatzea behar diren izapideak egin ondoren, eta establezimenduko titularrak berehala erreakzionatzen ez badu, jarduera aldi baterako itxi dezan, bizilagunen konstituzio-eskubideak modu eraginkorrago batez babesteko, eta jardueraren titularrari ohartaraz diezaion arauak hausteko bere jokabidean tematuz gero, litekeena dela behin betiko ixtea erabakitzea.
Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari gomendio hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Adeitasunez,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia