Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 4ko 49/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 martxoa 04

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de contestación a un escrito presentado en el Servicio Navarro de Salud-Osasunbidea

Exp: 10/89/D

: 49

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko otsailaren 1ean, [?] jaunak aurkeztutako kexa bat sartu zen erakunde honetan. Aurkeztutako idazki bati ez erantzuteari buruzkoa zen kexa.

    Azaltzen zuen 2009ko ekainaren 2an, idazki bat aurkeztu zuela Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoko erregistroan –haren kopia erantsi du–, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari zuzendua, baina denbora-tarte luzea iragan den arren, ez duela inolako erantzunik jaso.

  2. Kexa aztertuta, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zitzaion Osasun Departamentuari.

2010eko martxoaren 1ean, Osasun Departamentuaren txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan, honakoa azaltzen da:

[?] jauna Dermatologia espezialitateko “kupoko” espezialista da.

2000ko irailaren 1ean, abuztuaren 3ko 241/1998 Foru Dekretuaren bidez araututako “hautapen libreko” sisteman sartu zen.

Foru dekretu horretako 2. xedapen gehigarrian –zehazkiago haren 2. idazatian– ezarritakoaren arabera, “Aurreko idazatian azaldutako aukeraz baliatuz gero, kupoko espezialistek orain duten araubide juridikoa mantenduko dute eta Ordainsariak Zehazteko Sistemaren (OZS) arabera dagozkien lansariak jasoko dituzte, hain zuzen kasuan kasuko espezialitateari dagokion gehienezko kartila kopuruari dagokiona gehi % 20, beti ere kupoko langileentzako arautegi berariazkoan ezarrita dagoen ordutegia egiten badute”.

Foru dekretu horretako hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, “Lehen osasun laguntzako medikuek espezialista aukeratzeko sisteman sartzea erabakitzen duten dermatologiako kupoko mediku espezialistek oftalmologia espezialitateari dagokion koefiziente kirurgikoaren adinako lansariak jasoko dituzte”.

Erreklamazio-egileak jasotako lansariak aztertuta, ondorioztatzen da aurreko bi puntuetan ezarritakoaren araberakoak direla, eta, horrenbestez, haren ordainsariak zuzenbidearen araberakoak direla.

Ordainsarien balizko igoera etorriko litzateke, edozein kasutan ere, Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzaren (“kupoko kartilen” kudeatzailea) eta erreklamazio-egilearen arteko berariazko hitzarmen baten bidez, eta nahitaez ekarri beharko luke lanean jarduteko baldintzak aldatzea.

AZTERKETA

  1. Adierazi den bezala, kexa-egileak salatu du Osasun Departamentuak ez diola erantzun 2009ko maiatzaren 28an eginiko idazkiari –ordainsariei eta lansarien berdintzeari buruzkoa zen–.

    Osasun Departamentuak igorritako txostenean, sakoneko gaiari erantzuten dio, hau da, kexa-egileari aplikatzekoa zaion ordainsarien sistemari, baina ezer ere ez da esaten 2009ko maiatzaren 28an aurkeztutako idazkari berariazko erantzuna ez emateari buruz.

  2. Horri dagokionez, adierazi beharra dago Administrazio Publikora hari zerbait egin dezan eskatzeko idatziz jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera erantzun hori baiezko edo ezezkoa den. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere; izan ere, lege horrek aurkeztutako eskabide guztiak berariaz ebazteko betebeharra jasotzen du.

    Izan ere, aipatutako oinarrizko legeko 42. artikuluak, honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute behar den moduan eta epean prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betebehar hori beti bete beharko da, eta Administrazioa ezin izanen dio ebazteari ezezkoa eman, aitzakiatzat hartuta kasuari aplikatzekoak zaizkion legezko arauen isiltasuna, iluntasuna edo behar adinakoak ez izatea.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Osasun Departamentuari gogoraraztea legez behartua dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei –besteak beste, kexa-egilearen eskabideari– erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari ebazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Kexa-egileari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia