Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Apropiación indebida por parte del Ayuntamiento de terreno particular y posterior transferencia del terreno a otro entre público
Exp: 09/849/D
Nº: 48
Eskubideen sustapena
2009ko abenduaren 9an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Lizarrako Udalaren aurka, bere jabetzapeko lursail bat modu zuzengabean eskuratzeagatik.
Azaltzen zuen Lizarrako Udalak, 1986ko maiatzaren 2an egindako bilkuran, erabaki zuela kexa-egilearen aita [?] jaunari saltzea Oncineda parajeko 12.161 metro koadro. Salerosketaren eskritura Lizarrako notario [?] andrearen aurrean egin zen, 1986ko urriaren 29an, 1312 zenbakiko protokoloaren bitartez. Eskritura hori Lizarrako Jabetzaren Erregistroan erregistratu zen: 2.444. liburukia, 164. liburua, 125. orria, 10.444 zenbakiko finka.
Salerosketako eskrituran, erosle [?] jaunak konpromisoa hartu zuen 1.058 metroko lur zerrenda bat, el Mesón eta [?] jaunaren jabetzaren mugara bitartekoa, hamabi urteko epean erabiltzeko baimena emateko Batxilergoko Institutuko ikasleei, kirol jarduerak egin ahal izateko.
Hamabi urte baino gehiago iraganda, [?] jaunak lursaila erabili ahal izatea eskatu zuen. Eskaera hori dela eta, alkatetzak dekretua eman zuen 1999ko ekainaren 24an; haren bidez, “baiezkoa ematen zaio eskatutakoari, eta interesdunak eskatuta adierazten da eskriturako bosgarren estipulazioan aipatzen den lur zerrenda erabiltzeko baimen aldia bukatu dela, eta jabeak hura erabili ahalko duela”.
Gaur egun, mugaketa espediente bat zabaldu ondoren –Lizarrako Udalaren 2009ko martxoaren 5eko Osoko Bilkuraren erabakiz artxibatu zen–, [?] familiak jakin du bere jabetzapeko lur zerrenda, 1.058 metro koadrokoa, arestian aipatutakoa, Udalak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatu diola eta haren izenean inskribatu dela Lizarrako Jabetzaren Erregistroan, 2007ko apirilaren 3an.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Lizarrako Udalari.
2010eko otsailaren 15ean, Lizarrako alkateak txosten bat igorri digu. Honakoa dio bertan, hitzez hitz:
“Zure erakundeak 2010eko otsailaren 4an idazkia igorri zigun, eskatuz entitate honek informazioa eman diezaion [?] andreak eginiko kexari buruz (09/849/D espedientea). Kexa, izan ere, Lizarrako Oncineda parajean bere jabetzapeko lursail bat ustez modu zuzengabean eskuratzeari buruzkoa da. Bada, horri dagokionez, jakitera ematen dizut udal katastroko 4. poligonoko 186. eta 175. lursailen mugaketa, Lizarrako Udaleko Osoko Bilkurak 2008ko urriaren 2an hartutako erabakiaren bidez gauzatua, interesduna jakinaren gainean zela, heldu dela entitate honek lursail horien mugak eta egoera juridikoa argitzeko zeukan borondatetik, hain zuzen ere haien mugak direla-eta dauden zalantzak konpontze aldera; horren guztiaren justifikazioa idazki honen eranskin gisa dator.
Behin mugaketa-prozeduraren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren –2008ko azaroaren 21eko 142. zenbakian argitaratu zen– Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak entitate honi jakinarazi zion 186. lursailaren jabetza Nafarroako Foru Komunitatearena dela; Jabetzaren Erregistroko inskripzioari buruzko oharra erantsi zuen (8064 finka, 2556 liburukia, 276 liburua, 201 orria); inguruabar hori dela eta, Osoko Bilkurak 2009ko martxoaren 5eko Osoko Bilkuran hartutako erabakiaren bitartez, amaiera eman zitzaion mugaketa prozedurari, eta hura artxibatu egin zen, identifikatutako lursaila Lizarrako Udalarena ez izateagatik.
Udalak Nafarroako Foru Komunitateari egindako kexan aipatzen den azalera ustez eskualdatu izateari dagokionez –erregistroko inskripzioa 2007ko apirilaren 3an egin zela kontuan izanda–, jakinarazten dizut udal honek, 1977ko otsailaren 27an eginiko aparteko bilkuran hartutako erabakiaren bitartez, printzipioz 186. lursailari dagozkion lursailak Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari dohaintzan eman zizkiola, hirian batxilergoko ikastetxe bat egin zezan; uste dugu administrazio horrek, gero, lursail horiek Foru Komunitateko Administrazioari eskualdatu zizkiola.
Horri dagokionez, adierazitako udal erabakia gertatu zen 186. lursailaren –interesdunaren lursailarekin mugakidea den lursailaren– katastroko titular gisa Lizarrako udala ageri zelako; hori guztia inolaz ere jakin gabe katastroko titularitate horretan inongo akatsik zegoenik.
Horri dagokionez, adierazitako udal erabakia gertatu zen 186. lursailaren –interesdunaren lursailarekin mugakidea den lursailaren– katastroko titular gisa Lizarrako udala ageri zelako; hori guztia inolaz ere jakin gabe katastroko titularitate horretan inongo akatsik zegoenik”.
Planteatutako gaia hobeki ezagutzeko, ondoren espedientea osatzen duten dokumentu batzuen –hain zuzen ere hartutako erabakiaren ardatz zentrala edo funtsa direnen– zenbait atal transkribatu ditugu.
Lehenengoa.- 1986ko urriaren 29an, notarioaren aurrean eginiko eskritura publikoaren bitartez, Lizarrako alkateak, udalaren izenean eta hura ordezkatuz, [?] jaunari –kexa-egilearen aitari– 12.161 metro koadroko finka bat saldu zion Oncineda dermioan. Eskriturako bosgarren estipulazioan, eroslea zen [?] jaunak “konpromisoa hartu zuen lur zerrenda bat, el Mesón eta [?] jaunaren jabetzaren mugara bitartekoa, hamabi urteko epean erabiltzeko baimena emateko Batxilergoko Institutuko ikasleei, kirol jarduerak egin ahal izateko”.
Bigarrena.- 1999ko apirilaren 23an, behin baimeneko konpromisoan aipatzen diren hamabi urteak iragan ondoren, [?] jaunak eskatu zuen aldi baterako lagatako lursaila itzultzeko, guztiz eta modu librean haren jabe berriz izateko. Lursail hori 1.058 metro koadrokoa zen, eta haiei erositako finkak lagapenaren ondorioz zeuzkan 11.103 metro koadroak gehituta, 12.161 metro koadro ateratzen dira, hain zuzen era udalak besterendutako finkaren azalera osoa.
Lizarrako Udalak, alkatetzaren 1999ko ekainaren 24ko alkatetzaren dekretuaz, erabaki zuen “eskatutakoa baiestea eta, interesdunak eskatuta, amaitutzat ematea eskriturako bosgarren estipulazioan aipatutako lursail-zerrenda (El Mesón deitutako tokitik hasi eta [?] jaunaren mugara bitartekoa, kirol jardueretarako lagatakoa) erabiltzeko baimenaren aldia, jabeak hartaz baliatu ahal izan zedin”.
Hirugarrena.- Lizarrako Udalak, 2004ko ekainaren 28ko alkatetzaren dekretuaz, ezezkoa eman zion El Mesón deitutako tokitik hasi eta [?] jaunaren jabetzara bitarteko lursail zerrenda ixteko lizentzia eskaerari, fisikoki 4. poligonoko 186. katastroko lursailean kokatuta baitzegoen, hain zuzen ere Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzako lursailean.
Dekretu horren aurka aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoa 2006ko uztailaren 5eko alkatetzaren dekretuaz ezetsi zen.
Laugarrena.- Lizarrako Udaleko Osoko Bilkurak, 2008ko urriaren 2an eginiko bilkuran, erabaki zuen 4. poligonoko 175. lursaila eta 186. lursaila “mugatzeko espedientea hastea” –lursail hori [?] jaunaren oinordekoena da–. 2009ko martxoaren 5ean, Udaleko Osoko Bilkurak erabaki zuen mugaketa-espedientea artxibatzea, zeren eta katastroan 4. poligonoko 186. lursaileko titular gisa, Nafarroako Foru Komunitatea agertzen baita, eta ez Lizarrako Udala.
Bosgarrena.- 4. poligonoko 175. eta 186. lursailetako egituraketa eta numerazioa –haien titularrak, hurrenez hurren, [?] jaunaren oinordekoak eta Nafarroako Foru Komunitatea dira– bat datoz berritik egindako eta indarrean dauden Katastroarekin eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroarekin –katastroa eta erregistroa [?] jaunak lursaila erosi ondotik ezarri ziren–.
Seigarrena.- 4. poligonoko 186. lursaila hartzen duen terrenoa (kirol jardueretarako erabiltzen den lursail-zerrenda kenduta, kasua bada), Lizarrako Udalak Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari dohaintzan eman zion 1977an. Gero, abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuaz, Estatuko Administrazioak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatu zion. Hamar urte beranduago, 2000ko abenduaren 13an, katastroko titularitatea zuzendu zen, eta Hezkuntza eta Kultura Ministerioarena izatetik Nafarroako Foru Komunitatearena izatera pasatu zen.
Argi dago Lizarrako Udalak [?] jaunari saldu ziola El Mesón deitutako tokitik hasi eta [?] jaunaren jabetzara bitarteko lursail-zerrenda, kirol jardueretarako erabiltzen dena. Horixe adierazi zen salerosketa eskrituran eta gauza bera berretsi zen 1999ko ekainaren 24ko alkatetzaren dekretuaz. Haren bidez, izan ere, interesdunak eskatuta, amaitutzat eman zen El Mesóndik [?] jaunaren jabetzara bitarte doan lursail-zerrenda kirol pista gisa erabiltzeko baimenaren aldia.
Halaber, zalantzagabea da Lizarrako Udalak 1987ko irailaren 1ean onetsi zuela Hiriko Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren eta Katastroaren ezarpena, eta hartan El Mesóndik [?] jaunaren jabetzara bitarte doan lursail-zerrenda, kirol jardueretarako erabiltzen zena, 4. poligonoko 186. lursailaren zati gisa jaso zuen. Haren titularitatea, berriz, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio.
Inguruabar hori, zeina kontraesan faktiko bat baita, gertatu da edo udalak higiezin bera, kirol pista gisa erabiltzen den lur zerrenda, bi erosle desberdini eskualdatu diolako, edo, bestela, hura katastroa ezartzerakoan akats bat egin duelako, kirol pista 4. poligonoko 186. lursailaren barruan sartuz, 175. lursailean sartu beharrean.
Azken batean, akats horiek funtsean Lizarrako Udalari egoztekoak dira, eta udal horrek, erakunde honen iritziz, ezin du ezikusiarena egin; aitzitik, behar diren jarduerak egin beharko ditu, hau da, ekimena hartu beharko du, akordio batera iristeko kexa-egilearen familiarekin, zehazte aldera zeinena den egiaz aipatutako lur-zerrendaren titularitatea, eta, kasua bada, bere egintzengatiko ondare-erantzukizuna hartu beharko du bere gain.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Lizarrako Udalari gogoraraztea legez konfiantza legitimoaren eta fede onaren printzipioen arabera jokatu behar duela, eta herritarrek administrazio zuzenerako duten eskubidea eraginkor bihurtu behar duela.
Lizarrako Udalari gomendatzea behar diren jarduketak egin ditzan aipatutako lur-zerrendaren egiazko titularitatea zeinena den zehazteko.
Lizarrako Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen eta azaldutako zentzuan neurri egokiak hartzen dituen, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko; eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, kasua Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia