Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Disconformidad con la sanción por no residir en la localidad de destino de su puesto de trabajo
Exp: 09/10/D
Nº: 42
Funtzio publikoa
2009ko urtarrilaren 13an, Fontellasko Udaleko funtzionarioa den [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du udalak ez diolako baimenik ematen destinoa duen herritik kanpo bizitzeko.
Azaltzen du Estatuko legedian baimenduta dagoenaren ildo beretik, behin baino gehiagotan eskatua diola udalari beste udalerri batean bizitzeko baimena. Halako baimenei, jakin duenaren arabera, baiezkoa eman ohi zaie Nafarroako beste udal batzuetan, baina berari ezezkoa eman izan zaio beti, eta zehapena ere ezarri izan zaio beste herri batean bizitzeagatik. Uste du ezezko hori zuzengabea dela eta eskatzen du eskubideei dagokienez Espainiako beste toki administrazio batzuetako funtzionarioek daukaten baldintza beretan egon dadin, haiei kasuko udalaz kanpo bizitzeko baimena ematen baitzaie.
Fontellasko Udalean albiente lanpostu bakarra dago. Lanpostu horretan zegoen pertsonak erretiroa hartu zuenean, deialdi bat egin zen lanpostua betetzeko. Deialdiaren oinarriei buruz eztabaidatu zen Osoko Bilkuran, aho batez erabaki zen bete beharreko lanpostuaren, albiente lanpostuaren, nolakotasuna ikusita eta lanpostu bakarra izaki, komenigarria izanen litzatekeela udal berean bizi zedila eskatzea. Hartara, Fontellasko Udalaren zerbitzuko “albiente” lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdiko 1.6 oinarrian –2001eko maiatzaren 5ko 55. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen–, honakoa jaso zen berariaz: “Izendatuak bere destinoan bertan beharko du bizi, eta horretarako, Fontellasko udal mugapean finkatuko du egoitza”. [?] jaunak berariaz onartu zituen oinarri horiek.
2002ko uztailaren 1ean, [?] jaunak bere lanpostuaz jabetu zen, Fontellasko Udaleko albiente gisa, funtzionario publiko moduan.
Behin izendatua lanpostuaren jabe egin zenean, alkatetza honek ahoz eskatu zion bizitokia zela-eta zeukan betebeharra bete zezan. Interesdunak erantzun zuen denbora pixka bat emateko, inguruabar pertsonal batzuk zirela medio.
Denbora iragan den arren, eta udalak erraztasunak eman dizkion arren, [?] jaunak sekula ez du bere bizitokia egiazki udal dermio honetan jarri. Hori dela eta, 2004ko abenduaren 16an, idatzizko lehendabiziko errekerimendua egin zitzaion, eta aurrerago diziplina-espedientea ireki zitzaion. Espediente horren ondorioz enplegu-soldataren bost eguneko etenaldia ezarri zitzaion, alkatetzaren 2006ko maiatzaren 18ko 33/06 Ebazpenaren bitartez. Ebazpen horren aurka, ordea, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu zen; dena den, 2007ko apirilaren 19ko 97/2007 epaiaren bitartez ezetsi zen. Epai hori 201/2006 zenbakiko prozedura laburtuaren bitartez ezarri zen, eta dagoeneko irmoa da.
Denbora iragan den arren eta aipatutako espedientea gorabehera, aipatutakoak ez du bere bizitokia herri honetan finkatu, nahiz eta 2007ko uztailaren 13an beste errekerimendu bat egin zitzaion, non hilabeteko epea ematen baitzitzaion; epea 2007ko urriaren 31ra arte luzatu zitzaion, urriaren 16ko komunikazio baten bitartez. Hori dela eta, beste diziplina-espediente bat zabaldu zen. Alkatetzaren 2008ko maiatzaren 22ko 28/08 zenbakiko Ebazpenaren bitartez ebatzi zen espediente hori; haren ondorioz, enplegu-soldataren hogei eguneko etenaldiko zehapena ezarri zitzaion. Ebazpen horren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu da. Errekutso hori Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegian izapidetzen ari da, 216/2008 prozedura laburtu gisa, eta, horrenbestez, subiudice dago.
Bestalde, [?] jaunak, 2007ko maiatzaren 24an, baimena eskatu zuen bere bizitokia Arguedasen jartzeko (betidanik hortxe izan du), baina ezezkoa eman zitzaion, Alkatetzaren 2007ko uztailaren 12ko 37/07 zenbakiko Ebazpenaren bidez. Ebazpen horren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuen, eta Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegian epaitu zen, 222/2007 prozedura laburtuaren bitartez. 2008ko ekainaren 17ko epaiaren bitartez errekurtso hori ezetsi egin zen. Epaia irmo bilakatu da.
Horrenbestez, [?] jaunak planteatzen dituen gai guztiak bide jurisdikzionalean aztertu izan dira, eta haietako bi jada ebatzi dira; azkena, berriz, izapidetzen ari da.
Bestalde, komeni da gogora ekartzea deialdia egin zenean [?] jauna bigarren puntuazio handiena lortu zuela emaitzetan. Bada, puntuazio handiena lortu zuen izangaia –horrenbestez, lanpostua bete behar zuena– azkenean ez zen onartua izan, [?] jaunak epaimahaiari adierazi baitzion puntuaziorik handiena zuen izangaiak ez zuela betetzen deialdietako baldintzetako bat, alegia, eskabide aurkezteko unean A2 gidabaimena edukitzea. Egiaztatu zenean egiazki oposizioan puntuazio handiena lortu zuen izangaiak (bide batez, esan dezagun Fontellasen bizi zela) ez zuela aipatutako baldintza betetzen, gidabaimena eskabidea aurkeztu ondoren lortu baitzuen, deialditik baztertu zen eta [?] jaunak hartu zuen haren tokia, eta bera izan da, hain zuzen ere, izendatu zenetik deialdiko oinarriak bete ez dituena, hain zuzen ere oinarri horiek bete behar izatea izan bazen ere hari lanpostua emateko arrazoia. Izan ere, albienteak bizitokia Fontellasen izatea garrantzi handikoa da Fontellasko Udalarentzat.
Lehenbizi, adierazi nahi dugu ebazpen honek ez duela eragin zuzenik [?] jaunaren egoera zehatzean, bizitokia Fontellas herrian edukitzeko betebeharrari dagokionez, hain zuzen ere hori izan arren espediente hau irekiarazi zuen inguruabarra. Izan ere, kexaren xedea Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak 2007ko apirilaren 19ko epaian eta 2008ko ekainaren 17ko epaian ebatzia du. Horrek, izan ere, Nafarroako Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 23.2 artikuluaren arabera, eragozten du erakunde honek kexaren xedea banaka aztertu eta ebaztea.
Hala eta guztiz ere, aipatutako 23.2 artikuluak zehazten du horrek ez duela eragozten kexan aurkezturiko arazo orokorrei buruz ikerketa egitea. Bada, erakunde honek gaitasuna du kasu zehatzaz harantzago joan eta kexaren xedean ageri diren arazo orokorrak aztertzeko.
Bada, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeko 52. artikuluak jasoa du destinoko herrian bizi beharko dutela, salbu eta espresuki beste herri batean bizitzeko baimena ematen zaienean, horrek ez badie eragozten karguaren eginbehar eta eginkizunak betetzea; betiere polizia kidegoetako funtzionarioei dagokienez eta ez udal agenteei dagokienez. Bestalde, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuak (56 h) eta 58) artikuluak) ezartzen du oro har Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioek beren destinoko herrian bizitzeko betebeharra izanen dutela, salbu eta destinoko herriaz beste batean bizitzeko baimena ematen zaienean, betiere horrek eragotzi gabe beren lanpostuei dagozkien eginbehar eta funtzioak betetzea.
Bizitokia destinoko herrian edukitzeko betebehar hori Estatuko funtzionario zibilei buruzko 1964ko otsailaren 7ko Legeko 77.1 artikuluan jasota zegoen, baina berariaz indarrik gabe utzi izen Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen bitartez. Estatuko oinarrizko lege horrek destinoko herrian bizitzeko betebeharra kentzearen arrazoia da betebehar horrek funtzionarioek, herritar gisa, daukaten oinarrizko eskubide bat urratzen duela, hain zuzen ere beren bizitokia hautatzeko eta libreki ezartzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 19. artikulua). Eta testuinguru horretan, 7/2007 Legeko agindu horiek Nafarroan zuzenean eta orokorrean aplikatzekoak ez diren arren, ez da alferrik adieraztea haren xedapen guztiak Espainiako Konstituzioko 148.1.18 artikuluaren babesean eman direla eta funtzionarioen estatutu-araubidearen oinarriak direla.
Dena den, atzeman dugu ezen destinoko herrian bizitzeko betebehar hori funtzio publikoari buruzko foru legeetan mantendu dela, baina ez Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legean. Nolanahi ere, betebehar horretarako salbuespenak ezarri ahal dira, hain zuzen ere jotzen denean bizitokia beste herri batean izateak ez duela eraginik izanen karguaren berezko funtzioak betetzeko. Hori dela eta, Administrazioaren ezarpen hori zilegi dela jo ahal izateko –haren kontrapartida da bizitokia libreki hautatzeko oinarrizko eskubidea mugatzea–, justifikazio objektibo eta arrazoizkoa beharko da.
Destinoko herrian bizitzeko betebeharra Administrazioaren eraginkortasun printzipioarekin lotuta dago, eta haren justifikazioa heldu da soilik karguaren eginbeharrak puntualtasunez betetzeko betebeharretik. Hala eta guztiz ere, komunikabide egokietatik joan-etorriak egiteko eta garraiobide modernoez baliatzeko erraztasunak direla medio, funtzionarioak bere karguaren eginbehar guztiak puntualtasunez betetzeko aukera duenean destinoko herritik hurbil dagoen beste herri batean bizitzeko, nekez atzeman daiteke gaur justifikazio objektibo eta arrazoizkorik dagoenik destinoko herriak bizitzeko betebeharrari muturreraino eusteko.
Funtzio publikoari buruzko gure foru legeetan eutsi zaion –betiere, agintari eskudunak, gure kasuan alkatetzak, salbuespena baimentzeko aukerarekin– betebehar horren norainokoa da kasuko agenteak bere betebeharrak zuzen betetzea eragozten ez dion herri batean bizi behar izatea.
Azken batean, elkarren hurbil dauden herrien arteko komunikazioen erraztasun handiak destinoko herrian bizitzeko betebeharretik libratzen ditu funtzionarioak, halako moduan non gaur egun arauaren salbuespena (beste herri batean bizitzeko baimena) arau orokor bihurtu baita, eta destinoko herrian bizitzeko betebeharra, berriz, salbuespena. Izan ere, foru erkidegoko administrazioan eta Nafarroako toki entitate gehienetan ohikoa da tazituki funtzionarioei eta enplegatuei baimena ematea destinoko herriaz beste batean bizitzeko, betiere ukituak bere funtzioak zuzen betetzeko oztopoa ez denean.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Fontellasko Udaleko alkatetzari iradokitzen diot ezen bere irizpidea aldatu eta baimena eman diezaiela udaleko funtzionario eta enplegatuei destinoko herriaz beste batean bizitzeko, betiere funtzionarioak edo enplegatuak beren funtzio eta betebeharrak zuzen betetzea bermatzen duen bitartean.
Bi hilabeteko epea ematea Fontellasko Udalari iradokizun hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia