Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 31ko 64/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 martxoa 31

Energia eta ingurumena

Gaia: Ruidos y molestias producidos por obra realizadaen los bajos de su domicilio por alumnos de la escuela taller del Ayto de Pamplona

Exp: 10/114/M

: 64

Ingurumena

AURREKARIAK

  1. 2010eko otsailaren 11n, [?] jaunak aurkeztutako kexa-idazki bat sartu zen gure erakundean, Iruñeko Mendigorria kaleko tailer-eskolan egiten ari diren obrek sortutako eragozpenak direla eta.

    Azaltzen du bere ama bizi den etxeko etxabeetan, Mendigorria kaleko 12. zenbakian, udalaren jabetzakoa den tailer-eskola bat badagoela. Azaltzen du hiru urte baino gehiago daramatzala eskola horretan egiten ari diren obrek eragindako era guztietako zaratak jasaten, eta bere ama osasunean nozitzen ari dela hori, eta, gainera, etxebizitzan kalte materialak agertzen hasiak zirela.

    2006an eta 2007an esan zieten obra horiek urte eta erdi iraunen zutela. Obra horiek oraindik ere bukatu gabe zeudenez, orain dela hilabete inguru idazki bat aurkeztu zioten udalari. Hartan azaltzen zuten ikuskatzaile bat beren etxebizitzaraino joan zela, eta adierazi ziela ez zela beharrezkoa ez sonometriak egitea ez inongo isolamendua jartzea, zeren eta kostu ekonomiko handia baitzuten horiek.

    Bere idazkian gehitzen zuen udalaren erantzunik jaso ez zuenez, otsailaren 11n eskolako zuzendariarekin hitz egin zutela, eta hark esan ziela ez zeukatela aurkeztutako idazkiari erantzuteko betebeharrik.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkadan zehazteko, Iruñeko Udalari idazki bat igorri nion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

  3. 2010eko martxoaren 10ean, Iruñeko Udalak txosten bat igorri zion erakunde honi. Hartan, izan ere, honakoa jakinarazten digu, besteak beste:

[..]

“Iruñeko Udalaren Eraikuntzako Tailer-eskola Iruñeko Txantrea auzoko Mendigorria kaleko 12. zenbakiko beheko solairuko lokala egokitzeko lanak egiten ari dela. Lokal hori, gero, Haur eta Familien Arretarako Programarako erabiliko da.

Obra faseka egiten ari da. 2007ko apirilean hasi zen, igeltserotzako tailerren bi talde-erdirekin (monitore bat eta 7/8 ikasle), aurreko tailer-eskolako jarduera 2008ko apirilean amaitu zen arte. 2008ko maiatzetik 2009ko maiatzera (urtebete) obra gerarazi egin zen, bi arrazoirengatik: lehenengoa da 6 hilabetez tailer-eskola ez zela berriz lanean hasi (beraz, ez zuen ikaslerik izan); bigarena da tailer-eskolei eta lanbide-etxeei buruzko programako estatuko arauen arabera, tailer-eskolako lehenengo 6 hilabeteetan ikasleak, lan-kontraturik ez dutenez, ezin direla aritu obretan, eta besterik gabe praktikak egiten jardun behar dutela tailer-eskolako egoitzan.

2009ko maiatzetik aurrera, lanak egiten hasi da berriz. Ordutik igeltserotzako talde oso bat dago (2 monitore eta 15 ikasle). Ikasle horiek astebete ematen dute obran eta beste astebete egoitzako tailerretan; hau da, aste batean Mendigorria kaleko obran daude eta hurrengo astean ez.

Obrako arreta ordutegia 8:00etatik 15:00etara da. Ohiko arau gisa, bizilagunek hasieratik kexak agertu dituztenez, obra antolatzen da halako moduan non aparteko zarata suposatzen duten lanak (pikatzea, ormigoi-makina, daratulu-lanak...) 10:30etatik aurrera egiten baitira.

Eraikuntzako tailer-eskolak igeltsero lanak eta zurgintza lanak egiten ditu; gainerako lanak –klimatizaziorako instalazioak, elektrizitatea, zurgintza metalikoa, egitura metalikoak, eskailera-igogailuak– gremio edo enpresa espezializatuekin azpikontratatzen dira. Iturgintza lanak, Basogintza, Soldadura, Iturgintza eta Eguzki-instalazio Termikoen Tailer-eskolako iturgintzako moduluko ikasleek egiten dituzte, eta pintura-lanez, berriz, Gizarte Enplegu Babestuko programa arduratzen da: biak ere Iruñeko Udalarenak dira.

Aurreikusita dagoenaren arabera, obrak ekainaren bukaerarako bukatuko dira; igeltsero-lanak eta obraren gainerakoa, berriz, 2010eko urrirako bukatuko dira.

2010eko urtarrilaren 25ean, [?] bizilagunak eskatuta, bisita bat egin zen haren etxebizitzan, “in situ” erreparatu ahal izateko aipatzen zituen eragozpenei. Bisitan honakoak egon ziren: [?] hirigintzako ikuskatzaile gisa; [?] Enplegurako Prestakuntzaren arduradun gisa; [?] igeltserotzako monitore gisa eta une hartan obra exekutatzen ari zen taldearen arduradun gisa, eta [?] Eraikuntzako Tailer-eskolako zuzendari gisa. Bisita horretan atzeman ahal izan genuen ezen, obratik heldu ziren zarata txikiez gainera, beste batzuk entzuten zirela, obra gerarazita ere nondik zetozen asmatzerik izan ez genituenak. Bizilagunak aipatzen dituen kalte materialak, arrakalak, pitzadura batzuk ziren. Ikusi genuenaren arabera (nire ustez, etxeak izandako mugimenduaren beraren hasierako pitzadura tipikoak dira), gu obra egiten jardun genuen denbora baino zaharragoak ziren (pitzadurak belztuta zeuden, eta horrek denbora iragan dela adierazi ohi du).

Txostenean planteatzen diren gaiei dagokienez, honakoak esan behar ditugu:

  1. Ea jarduerarako behar den jarduteko lizentzia ote dagoen: lokalean egun egiten ari den jarduera erreforma edo egokitze lanak exekutatzea da. Obretarako lizentzia kontrol-egintza bat da, Administrazioak partikularren jarduerak kontrolatzeko erabili ohi duena. Aztergai duguna udal obra bat denez, ez du lizentziarik behar.

    Obrak ez dira tailer-eskolan egiten ari. Izan ere, Iruñeko Mendigorria kaleko 12. zenbakian ez dago tailer-eskolarik: tailer-eskola Landabengo poligonoan dago eta bertatik ikasleak Iruñeko Udalak eskatzen dizkion obrak egitera abiatzen dira.

  2. Isolamendu akustikoa egin beharreko jardueraren arabera egokitzea: Egungo jarduera denez obra bat eguneko ordutegian egitea, 8etatik 15etara, esan behar dugu obretako zarata-mailei dagokienez, honako ordenantza hauen arabera jokatzen dugula:

    GIZALEGEZKO JOKAEREN SUSTAPENARI ETA ESPAZIO PUBLIKOEN BABESARI BURUZKO UDAL ORDENANTZA:

    20. artikulua. Zaratak.

    Obrak eguneko ordutegian egiten dira, salbu eta, justifikatutako arrazoiengatik, udalak ordutegi berezia baimentzen duenean.

    OSASUNRI BURUZKO 10. ORDENANTZA:

    3. artikulua.- Oinarrizko arau orokor gisa, ezartzen da zaratak edo soinuak sortzen dituzten era guztietako elementuak, egokitu egin behar direla, halako moduan non gehien ukitutako etxebizitzan ez diren honako mailak gaindituko: 36 d B A 8etatik 22etara eta 30 d B A –22etatik 8etara.

    7. artikulua. 23. Eraikinak egiteko, aldatzeko, konpontzeko edo eraisteko obretan edo lanetan, bai eta bide publikoan egiten direnetan ere, behar diren neurriak hartuko dira saihesteko zaratek 90 d Bako maila gainditzea.

    8. artikulua. 23. Debekatuta dago lanak gauez egitea, 22etatik aurrera, etxebizitzen eraikietan kokatutako establezimenduetan, haietara transmititutako soinu-maila 30 d Bakoa baino handiagoa denean.

    Ordutegietako eta zaraten arloko mugak betetzen ditugu. Beraz, ez dugu beharrezkotzat jotzen isolamendu akustikoko bestelako inongo neurririk hartzea, obrak egiteko garairako. Lokal hori aurrerago Haur eta Familien Arretarako Programarako zentro gisa erabiliko denez, ez dugu uste inongo eragozpenik sortuko duenik eta, gainera, haren erabilera, ustez, egunekoa izanen da.

  3. Jarduera egiten deneko lursailak duen hirigintza-kalifikazioa eta hari atxikitako erabilera. Kalifikazioa hiri lurzoru finkatuarena da, egoitza erabilera kolektiboarekin eta erabilera dotazionalarekin. Iruñeko Udaleko Hirigintzako Gerentziak igorritako hirigintzako fitxa erantsi dugu.
  4. Kasua bada, deskribatutako egitateak direla eta aurreikusi diren neurriak: Neurriak orain hartzen ari garenak dira: goizeko lehen orduko zaratak saihestea, bizilagunen osasun arazo puntualen aurrean –eta egun hori programatzeko aldez aurretik abisua emanda– saihestea zarata handiak eragin ditzaketen lanak egin daitezen; ikasleak motibatzea lanak ahal bezain laster buka daitezen; obra horri, gure programazioan, lehentasuna ematea eta gremioak koordinatzea, obra entregatzeko aurreikusi diren epeak betetze aldera.

AZTERKETA

  1. Konstituzio Auzitegiko jurisprudentziak mugaturik utzi du zein diren pertsonen bizitzaren garapena nahasten duen faktore horrek (zarata edo kutsadura akustikoa) ukitzen dituen konstituzio-eskubideak. Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 46. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).

    Eredugarria da Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 23ko 16/2004 epaia, zeinak eskubide horiek erasan direla aitortzen baitu. Bertan honakoa ezartzen da: “Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2004 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean.
    Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa erakusten dutenean.

  2. Udalari funtsezko zeregina dagokio herritarrak kutsadura akustikoaren aurka babesteko eginkizunean. Horixe ondorioztatzen da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 25.2.f) artikuluan esleitutako eskumenetatik. Lege hori, apirilaren 21eko 11/1999 Legearen bitartez aldatu zen.

    Nafarroako Foru Komunitateko araudiari dagokionez, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeko 34.1.b) artikuluak osasun publikoaren arloko eskumenak esleitzen dizkie udalei, horien artean zarataren nahiz bibrazioen osasun-kontrola.

  3. Zaratei buruzko estatu mailako arauak, zehazki Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legeko 18. artikuluak, administrazio publikoei agintzen die neurri egokiak har ditzaten kutsadura akustikoaren prebentziorako, bereziki eskura dauden teknika onenen artean eragin akustiko txikiena duten teknologiak aplikatuz.
  4. Hemen aztergai dugun kasuan, espedienteari erantsi zaion dokumentazioa ikusita, udalak berak burutzen duen eraikuntza-jarduera baten aurrean gaude, udalak berak –tailer-eskolako ikasleek– gauzatzen duena, eta gutxi gorabehera bi urtez egin dena.

    Igorritako txostenean adierazitakoaren arabera, obrako arreta-ordutegia 8:00etatik 15:00etara doa, eta aparteko zarata suposatzen duten jarduerak 10:30etatik aurrera egiten dira. Bestalde, Iruñeko Udalak dio obra horrek Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantzan eta Osasunari buruzko 10. ordenantzan ezarritako soinu-mailak betetzen dituela.

    Hala eta guztiz ere, obrak luze iraun duten arren eta bizilagunak kexatu diren arren, ez da ondorioztatzen gaur egun arte arauak betetzen direla egiaztatzen duen inongo sonometriarik egin denik.

    Hori dela eta, erakunde honek uste du Iruñeko Udalaren betebeharra dela, bere eskumenez baliatuz eta bere betebeharrak betez, ukitutako jabetzako soinu-mailak betetzea, ekainaren 8ko 135/1989 Errege Dekretuan ezarri bezala. Eta emaitzek Osasunari buruzko 10. ordenantzan ezarritako balioak gainditzen badituzte, udalak behar diren neurri zuzentzaileak ezarri beharko ditu egiaztatutako soinu-maila gutxitzeko edo deuseztatzeko.

Aurreko guztia dela eta

RESUELVO:

  1. Iruñeko Udalari gogoraraztea legedi indardunak entzunezko kutsaduraren arloan esleitzen dizkion eskumenak eta ardurak betetzeko legezko betebeharra duela.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua.

  3. Interesdun [?] jaunari eta Iruñeko Udaleko alkateari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia