Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 31ko 59/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 martxoa 31

Gizarte ongizatea

Gaia: Queja por la emisión de un certificado acreditativo de la condición de víctima de violencia de género cuando el Juzgado ha considerado que no existía indicio alguno de maltrato

Exp: 08/508/B

: 59

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2008ko apirilaren 16an, Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak generoko indarkeriaren biktima izatearen egiaztagiri bat eman zion [?] jaunaren bikotekide ohiari.

  2. El Sr. [?] jauna administrazio-egintza horren aurka egon zen eta aurka dago, uste baitu ez dagoela hura emateko oinarri juridikorik, are gehiago egintza horren aurretik ustezko tratu txarrengatik bide jurisdikzionalean hasitako zigor auzia artxibatu ondoren.

  3. Aipatutako [?] jaunak erakunde honengana jo zuen, eta salatu zuen Foru Komunitateko Administrazioak bere konstituzio-eskubideak kaltetu zituela –bereziki ohorerako eskubidea, prozeduran entzunaldia izateko eskubidea eta espedientea eskuratu ahal izateko eskubidea–, ez zitzaiolako aukerarik eman emandako egiaztagiria oinarritzen duten txostenak eskuratzeko.

  4. Espedientea izapidetu ondoren, atzeman dugu Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak uste duela, egiazki [?] jaunak ez duela inolako eskubiderik prozeduran esku hartzeko, ez eta espedientea eskuratzeko ere, interesduna ez delako. Departamentuak bere erabakia arrazoitu du.

AZTERKETA

  1. Adierazi dugun bezala, [?] jaunaren kexa heldu da bere bikotekide ohiari generoko indarkeriaren biktima izatearen egiaztagiria emateko administrazio-egintza bat izan delako.

    Egintza hori eman zen generoko indarkeriari buruzko legediaren arabera (abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa eta uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legea), Administrazioaren ustez legedi horretan aurreikusitako neurriez onura izateko egoeran dagoen pertsona bati babesa emateko. Izan ere, legedi horrek helburu du ezkontide ohiek edo emakume batekin afektibotasuneko antzeko harremanaren bitartez lotuta egon direnek emakumeen aurka erabiltzen duten indarkeriaren aurka jardutea (Generoko Indarkeriaren kontrako Babes Integraleko Neurriei buruzko Lege Organikoko 1. artikulua).

    Gisa horretako egiaztagiri administratibo bat eman dela jota, zehaztu beharra daukagu ea [?] jaunak, egintzaren onuradunaren bikotekide ohiak, legitimotasunik ote duen haren aurka egoteko, bai eta espedientea eskuratzeko ere, eta, zehazkiago, generoko indarkeria gertatu izana babesten duten txostenak eskuratzeko, hain zuzen ere administrazioaren deklarazioaren oinarrian daudenak.

  2. Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak uste du kexa-egilea ez dela interesduna eta, horrenbestez, ez duela legitimotasunik egiaztagiria ematearen aurka jartzeko, ez eta espedientea eskuratzeko ere. Laburbilduz, Administrazioaren arrazoibidea, interesdunaren kontzeptuari buruz jurisprudentzian dagoen doktrina azaldu ondoren, honako honetan oinarritzen da: egiaztagiri administratiboak prebentzio izaera hutsa dauka eta ez du eraginik [?] jaunaren esparru juridikoan. Izan ere, [?] jaunak ez du kalterik izanen egiaztagiri hori egotegatik, eta onurarik ere ez luke izanen hura ez egon ez balitz.

    Egiazki, ekintza publikoa aitortzen deneko esparru materialak alde batera utzita, antolamendu juridikoak administrazio-prozedura batean esku hartzeko edo gisa horretako egintza bati aurka egiteko baldintza gisa jartzen du administrazio horren jarduerak herritarraren esparru juridikoan izan dezakeen eragin efektiboa edo balizko eragina. Termino negatiboetan adierazita, ez da legitimaziorik onartzen antolamendu juridikoa edo legea betetzea defendatzeko desio hutsarengatik.

    Ideia orokor horrekin lotuta, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 31. artikuluak interesdunaren kontzeptua eratzen du. Izan ere, interesdunak izanen dira soilik beren eskubideetan eragina izan dezaketenak ez ezik, beren interes legitimoetan eragina izan dezaketenak ere (ildo berean dago Konstituzioaren 24.1 artikulua, zeinaren arabera pertsona guztiek eskubidea baitute epaileen eta epaitegien zaintza efektiboa lortzeko beren eskubide eta interes legitimoez baliatzeko.). Azken batean, herritarrarengan legezkotasunaren betetze hutsaz besteko interes bat gertatzea Administrazio Publikoaren jardueraren aurka jartzeko elementu gisa eratzen da. Zentzu horretatik, doktrinaren zati batek interes legitimoaren kontzeptua eta erreakziorako eskubide subjektiboaren kontzeptua identifikatzen ditu.

    Doktrinak adierazitakoaren arabera, interesaren kontzeptua modu zabalagoan ulertu da Konstituzioa onetsi ondoren, izan ere zaintza judizial efektiborako oinarrizko eskubideaz baliatzea errazteko. Horri buruz, Auzitegi Gorenak deklaratu du ezen kontzeptuak biltzen dituela “baliatutako asmoaren estimazioaz onurarik izan dezakeen interes moral edo material mota oro, betiere legezkotasunerako interes soila ez denean (1984ko urriaren 9ko epaia). Auzitegi Gorenaren 1997ko otsailaren 18ko epaiak interes legitimoaren kontzeptu zabal hori gogoratzen du, eta “interes moral edo material oro” hartzen duela dio.

    Lortu nahi den onura edo saihestu nahi den kaltea era askotakoa izan daiteke. Ez da beharrezkoa administratiboa izatea: politikoa edo soziala ere izan daiteke. Onura hori –2000ko martxoaren 11ko epaiaren arabera– “hasiera batean ekonomikoa zen, ekonomikoki ebaluatzeko modukoa, baina legitimazioaren baldintzaren parean, progresio bat izan da, eta gaur egun onartzen da baita onura bat, interes moral bat edo bizilagunen interesa edo lanbide-karrera hutsa defendatzearen bidean ere”.

    Aipatutako doktrina ikusita, eta Foru Komunitateko Administrazioak mantentzen duen jarreraz bestera, guk uste dugu [?] jaunak eskubidea duela erreferentziako administrazio-egintzaren aurka egoteko, zeren eta, gutxienez ere, interes moral baten titularra baita, eta interes horren agerpena da bilatu nahi izatea botere publiko batek ez dezan egiazkotzat jo bere bikotekide ohia generoko indarkeriaren biktima izan dela.

    Ez dugu ukatzen Administrazioak horrelako ziurtagiriak egin ahal izatea, generoko indarkeriari buruzko arauak betearazteko, eta, egiazki, ziurtagiri horiek prebentzio gisako eragin mugatuak izatea, zeinek, agi denez, ezin baitute botere judiziala lotzen. Baina ulertzea onuradunaren bikotekide ohiak (eta, horrenbestez, indarkeria egoeraren ustezko eragileak) eskubiderik ez duela entzuna izateko eta egiaztapeneko administrazio-egintzaren aurka egoteko eta erreakzionatzeko, hau da, interesduna ez dela, gehiegikeria bat da, gure ustez, eta erakutsitakoa interesaren nozioari buruzko kontzeptu guztiz baliogabetu bat da –hain zuzen ere, interesa, esan bezala, morala izan daiteke–.

    Administrazioaren arrazoitzea onartzeak berarekin ekarriko luke horrelako deklarazio administratiboak fiskalizatzen ezinezkotzat-edo jotzea, zeren eta bikotekide ohia bera ere ezin izanen balitzateke jarri generoko indarkeriaren biktimaren izatea egiaztatzearen aurka. Ondorio horrek modu desproportzionatuak murrizten du [?] jaunaren zaintza judizial efektiborako eskubidea; izan ere, jaun horrek, gaiaren sakoneko edukiari buruz arrazoia duen alde batera utzita, bere esparru juridikoan kalteturik senti daiteke, ondarearen ikuspuntuaz ez bada ere, emandakoa bezalako egintza administratiboaren eraginez.

  3. Aurrekoak berarekin ekarriko du, ezinbestez, espedientea eskuratzeari dagokion auziaren erantzuna.

    Konstituzioko 105. artikuluak aitortzen du herritarrek eskubidea dutela artxibo eta erregistro administratiboetarako sarbidea izateko, baina eskubide guztiekin gertatzen den bezala –kontuan izanda mugarik ez dela ezartzen–, legegilearen esku uzten du eskubide horretaz baliatzeko baldintzak ezartzea.

    Agindu horrekin lotuta, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak zenbait aurreikuspen jasotzen ditu, eskatutako informazioa dela-eta eskatzaileak betetzen duen tokiaren arabera (araupetze hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 15/2004 Foru Legean jasotakoaren antzekoa da):

    a) Alde batetik, zabaltasun handiagoz aitortzen da interesdunek espedientea eskuratzeko duten eskubidea [35.a) artikulua].

    b) Bestalde, herritarrek, oro har, artxibo eta erregistro administratiboetarako sarbidea izateko eskubidea aitortzen duen arren (printzipio demokratikoaren eta administrazio-jardunaren gardentasunaren eta publizitatearen printzipioen ondorioz), kautela edo muga latzak ezartzen dira, bai denborari dagozkionak (amaitutako prozedurak izan beharko dute) bai arlo materialari dagozkionak (sarbidea arrazoi desberdinengatik uka daiteke, besteak beste, hirugarrenen intimitatean eragina izateagatik, babestea gehiago merezi duten besteren interesak egoteagatik edo interes orokorrarengatik).

    Orain aztergai dugun kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ukatu egiten dio [?] jaunari espedientea eskuratzeko eskubidea, eta hori ondorio guztiz logikoa da abiapuntua baldin bada jaun horrek ez duela gaia dela-eta interes legitimorik. Egiazki, herritar soilaren gisara, ez dago espedienteak eskuratzeko eskubideaz baliatzerik pertsonen intimitaterako hain sentibera den arlo batean, espediente honetan gertatzen den moduan.

    Adierazia dugu jada, kexa-egileak, gure iritziz, interes legitimo bat baduela eta hura dela-eta egiaztagiria ematearen aurka jar daitekeela. Horri begiratuta, gure ustez sarbidea eman behar zaio bere jokabideari berari buruz egin diren eta espedientean jaso diren balorazioak ikusteko, zeren eta argi baitago generoko indarkeriaren biktima izatearen ziurtagiria ematekotan, balorazio horiek espedientearen zati bat izan beharko dutela. Kexa-egilearen eta bikotekide ohiaren arteko harremanari buruzko balorazioei hertsiki dagokienez, espedientean ageri diren datuek bien intimitatean izanen dute eragina, eta, horrenbestez biei eman behar zaie haiek eskuratzeko bidea.

    Besterik da gorderik edukitzea espedientean ager daitezkeen bestelako datu batzuk, soilik ustezko biktimari dagozkionak; esate baterako, bere osasun egoerari edo egoera psikologikoari buruzko datuak, jaso dituen prestazioei buruzko datuak edo Administrazioak haren bizitza pertsonalari buruz izan ditzakeen beste datu batzuk. Alderdi horiei dagokienez, [?] jaunaren jokabideari buruzko baloraziorik ez baitute jasotzen, [?] jaunak ez du inongo eskubiderik eta Administrazio Publikoak bikotekide ohiaren intimitaterako eta datuak babesteko eskubideak zaintzeko betebeharra dauka, ezinbestez.

    Azken batez, ez dugu uste kexa-egileak eskubidea duenik modu bereizigabean eskuratzeko administrazio-espedientean dagoen informazio guztia, baina bai haren jokabideari buruz dauden eta ziurtagiria ematea determinatu zuten balorazioak; horren aurka, gure iritziz, ezin dira jarri biktimaren eskubideak, are gutxiago haiek egin zituzten agintari edo profesionalenak (ezin dira muga horiek aplikatu osasun legeek historia klinikoarekin lotutako ohar subjektiboak eskuratzeko, zeren eta argi baitago ez gaudela legedi horretan aurreikusitako egitate baten aurrean eta, gainera, analogia baliozkotzat joz gero, oztopo bat izan bailiteke profesional batek eginiko txosten tekniko guztiak eskuratzeko edozein asmotarako; ondorio horrek, ordea, espediente administratiboa eskuratzeko konstituzio-eskubidea kaltetuko luke, eta ez letorke bat Administrazio Publikoen publizitate, gardentasun eta erantzukizun printzipioekin).

  4. Azkenik, eta aurreko guztia ezertan kendu gabe, adierazi beharra daukagu, lehenago ere egin dugun bezala, gisa horretako administrazio-egintza bat ematea, generoko indarkeriari buruzko legeditik heldutakoa, berez ez dela onuradunaren bikotekide ohiaren ohorerako konstituzio-eskubidearen urraketa bat; izan ere, ez dugu atzeman Foru Komunitateko Administrazioak administrazio-egintza hori zabaldu duenik. Inguruabar horrek bai, eskubide hori urratzea ekar zezakeen.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Giza Gaietako Departamentuari gomendatzea aitor dezan kexa-egilea interesduna dela, bere emazte ohiari generoko indarkeriaren biktima izatearen egiaztagiria ematearen aurka egiteko.

  2. Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatzea aitor dezan kexa-egileak espedientea eskuratzeko eskubidea duela, betiere ebazpen honetako azterketaren hirugarren atalean jasotako moduan.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendio hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.

  4. Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroako Gobernuaren Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari eta kexa-egileari, eta adieraztea honen kontra ezin dela errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia