Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 2ko 44/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 martxoa 05

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Imposibilidad de acceder a la documentación de un expediente de contratación

Exp: 08/599/D

: 44

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2008ko azaroaren 28an, CCOOko ordezkari [?] andreak eta UGTko ordezkari [?] jaunak sinatutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuten kontratazio espediente bateko dokumentazioa eskuratzerik izan ez zutelako.

    Azaltzen dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren menpeko zentroetarako zaintza eta segurtasun zerbitzuak kontratatzeko espedienteko deialdian aurkeztu ziren lizitatzaileen proposamenak zabaltzeko ekitaldi publikora joan zirela. Ekitaldi publiko horretan atzeman zuten azkenean adjudikazio-hartzaile suertatu zen enpresak, C-7 Seguridad S.L. enpresak hain zuzen, soldatetan hiru plus eskaini zituela, “giza baliabideak” ataleko hobekuntza moduan.

    2008ko uztailaren 21ean, kexa aurkeztu duten pertsonek idazki bat zuzendu zioten Barne zuzendari nagusiari (2008/33345 dokumentua), hain zuzen ere enpresa adjudikazio-hartzaileak eskainitako soldata-hobekuntzen kopia bat eskatzeko.

  2. Erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraituz, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, eta galdetu genion kexa-egileek aurkeztutako eskabideari nolako izapidea eman zitzaion, eta zein irizpide izan zuen kontuan Departamentuak interesdunek eskatutako informazioa eskuratzeko aukera izateari dagokionez.
  3. 2009ko otsailaren 10ean, eskatutako txostena jaso genuen erakunde honetan. Hartan, kexaren edukiari berariaz dagokionez, honakoa azaltzen da:

“2008ko uztailaren 21ean, Nafarroako Gobernuarentzat segurtasun pribatuko zerbitzuak ematen dituen [?] enpresa batzordeko kide [?] andreak eta [?] jaunak idazki bat aurkeztu zuten Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean –2008/333345 zenbakiko idazkia–.

Aipatutako idazkian honakoa adierazten dute hitzez hitz:

  • “1.- 2008ko uztailaren 21ean, langileek oraindik ere ez dute udako aparteko lansaria kobratu, eta enpresak alegatu du dirurik ez duela. Lansari horrek 13tik 15era bitarteko egunetan ordaindua behar zuen.
  • 2.- Nafarroako Gobernuak [?] enpresari segurtasun pribatuko zerbitzuak esleitu zizkionean, enpresa horrek zenbait hobekuntza aurkeztu zituen lansarien arloan, hain zuzen ere kontratak haiei adjudikatzeko balio izan zitzaizkionak. Gaur den egunean, ordea, ez ditu haiek guztiz aplikatu.

Arren eskatzen da enpresa horri adjudikatutako kontratuetako lansari-hobekuntzen kopiak bidaltzeko.

  • 3.- Zentro bakoitzeko jarduera protokolo berariazkoak ere eskatzen ditugu, legearen araberakoak.”

Aipatutako idazkiaren edukia dela eta, 2008ko uztailaren 30ean, Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuak idazki hori helarazi dio [?] enpresari.

2008ko abuztuaren 8an, enpresak honakoa dioen erantzuna igorri du:

  • "1. Uztailaren 24an, [?]-k hitzez horren berri eman zion lan ikuskaritzari, behin hura konponduta utzi ondoren (aparteko lansaria berandu ordaindu zen).
  • 2.- [?] adjudikazio-hartzaile izan zen lehiaketetan, lansarietan zenbait hobekuntza eskaintzen genituen zentro batzuetan zerbitzuak ematen zituzten langileentzat. [?]-k uneoro kontratazio-mahaiak baloratu zituen eta puntuazio jakin batean puntu gehiago lortzeko balio izan zuten lansari-hobekuntzak errespetatu eta ezarri ditu. Lansari-hobekuntza horiek txosten teknikoan jasota geratu ziren. Txosten tekniko hori, izan ere, gure langileen nominekin aldera daiteke.
  • 3.- Jarduteko prozedurei dagokienez, lehiaketaren baldintza teknikoen orriek agertzen duten bezala, enpresa adjudikazio-hartzaileak haiek aurkezteko epe jakin bat dauka. Guk zerbitzua ematen dugun Nafarroako Gobernuaren menpeko zentro bakoitzean, eskuliburu horiek badaude, eta Foruzaingoaren Plangintzarako eta Segurtasunerako Taldeak horien kopia badu. Ezarritako eskuliburu guzti-guztiak segurtasun pribatuaren arloan indarra duen legediaren araberakoak dira, bai eta zentro bakoitzeko barneko arauen araberakoak ere.”

2008ko irailean, beren burua [?] enpresako enpresa batzordeko kidetzat aurkeztu zuten bi pertsona –ez zuten beren identitatea egiaztatu– Nafarroako Ospitalera joan ziren eta bertan Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuko zuzendariak hartu zituen. Elkarrizketan zehar jakinarazi zitzaien aurkeztutako kexa enpresari igorri zaiola, baina une horretan ez zeukan eskura hori agerraraz zezakeen idazkia. Ekitaldi berean, mintzakideek aitortzen dute uztaileko aparteko lansaria kobratu dutela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren –zehazki, Barne Zuzendaritza Nagusiaren– bitartekaritza eskatzen dute enpresarekin dauzkaten gatazketan bitarteko lanak egin ditzan. Horren aurrean, ohartarazten zaie Barne Zuzendaritza Nagusiaren kontrol-eginkizunek kontratu-ahalmen administratiboak dakartzatela beraiekin, halako moduan non kontratuaren klausulen ez-betetzeren bat demostratuz gero, kontratu-harremana eten ahalko den. Lansari osagarrien ordainketan izandako ez-betetzeaz zuzenean galdetuta, bertaratutako batek bere nomina erakusten du, alegatuz zenbait “plus” ordaindu egiten dizkiotela, baina kontzeptu “okerrengatik”.

Adjudikazio-hartzailearen eskaintza teknikoa eskuratzeari dagokionez, ohartarazi da hura datuen babesari buruzko arauetan ezarritako baldintzetan egin beharko dela, eta haren alderdi batzuk sekretuak direla. Egoera horren aurrean, galdetu zuten ea posiblea zen dokumentazioa Lan Ikuskatzailetzari, epaitegiei edo beste edozein agintariri eskuratzea.

Egokitzat jo zituzten kontsulta guztiak egin ondoren, jakinarazi zitzaien beren kexak justifikatzeko dokumentazioa Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren bitartez aurkeztu ahal dituztela, eta adierazten zaie beren nominetako identifikazio-datuak kendu ahalko dituztela. Azkenik, agertzera eman zuten asmoa dutela idazki bakarrean biltzeko haien arabera enpresaren eta Nafarroako Gobernuaren artean egindako beste kontratu batzuetan eragina zuten irregulartasunak. Hori zela eta, beste zentro batzuetako langileen ordezkariekin biltzeko asmoa adierazi zuten; zehazki Nafarroako Museoa aipatu zuten.

Gaur den egunean, ez dago jasota Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan, [?] enpresako enpresa-batzordeak horri buruzko idazkirik batera aurkeztu duenik.

Gaiaren sakoneko edukiari buruz (dokumentazioa eskuratzeko eskubidea) zuzendaritza nagusi honek duen irizpideari dagokionez, adierazi beharra daukat helburua dela aplikatzekoa den legedia sektorialean berariaz ebatzita ez dagoen gai bati buruz antolamendu juridikoak emandako erantzunak ahal den neurrian integratzea.

Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 37. artikuluak ezartzen du herritarrek erregistroetara jotzeko eskubidea dutela eta, espedienteren batekoak izanik, administrazioko artxiboen agirietara irispidea izateko eskubidea, betiere espediente horien prozedurak eskabidea egiten den egunean amaituta badaude.

Kasu honetan, ez da eskabidea egiten den egunean amaitutako prozedura bat, baizik eta exekutatzen ari den kontratu bat, bete-betean indarrean dagoena eta garatzen ari dena espedientea eskuratzeko eskabidea egiten den unean. Gainera, eskuratzeko eskabidea bi atal desberdinei buruzkoa da –proposamen teknikoa eta jarduteko protokoloak– eta horiek, segurtasuna dela-eta, datu sentiberak dituzte, ahal den gutxiena zabaldu behar direnak, lan zentrotik bertatik harantzago.

Eskaintza teknikoari buruz ari garela, agertu nahi dugu aipatutako kontratua Nafarroako kontratazio publikoari buruzko berariazko arauetan erregulatuta dagoela, eta interesdunak ez duela parte hartzen kontratu-harremanean; izan ere, hura soilik Administrazioaren eta kontratistaren artekoa da.

Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeko 23.2 artikuluak ezartzen die bai foru lege honen menpeko entitateei, bai haien zerbitzuko langileei konfidentzialtasuna eta isiltasuna gorde behar dituztela kontratuaren xedearekin zerikusia duten datu eta aurrekariei buruz, publikoak edo agerikoak izan ezean (adjudikazioari buruzko ebazpenean ageri diren eskaintzetako bakoitzeko prezioa edo lorturiko puntuazioa halakoak dira, bai eta, adjudikazioari buruzko iragarkia bera ere), eta gauza bera ezartzen du kontratuaren exekuzioa dela-eta jakiten diren datuei buruz; hori dela eta, datu horiek ezin dira publikoki eskuratu, lizitatzaileentzat eta jarduera publikoa kontrolatzen duten organoentzat sarbidea murriztuta dago (horien artean ez dira enpresa-batzordeak sartzen, esate baterako). Gainera, ezin da ekintza edo legitimazio publikorik erabili haiek eskuratzeko (ikus, horri dagokionez, Kontratazio Batzorde Aholku-emaileen txostenetan jasotako doktrina; adibide gisa, Kanariar Uharteetako Autonomia Erkidegoaren 4/2005 irizpenean jasotakoa aipa bedi; izan ere, hartan, konfidentzialtasunaren printzipioa dela eta, honakoa esaten da: “aurrekoa gorabehera, kontuan hartu behar da soilik adjudikazio prozeduran interesa dutenek (baztertutako izangaiak eta onartutako lizitatzaileak) eskatu ahal dutela informazioa kontratuaren adjudikazio-hartzaile gisa hautatzeko determinanteak izan diren eskaintzaren ezaugarriei buruz.”)

AZTERKETA

  1. Beste ezer baino lehen, bidezkoa da nabarmentzea kexa-espediente honen xede bakarra dela erabakitzea ea haren egileek eskubidea duten lan arloko informazio zehatz bat eskuratzeko, zeina kontratazio-espediente batean baitago. Kontratazio espediente horretan, izan ere Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua da eskuduna. Zehaztapen hori egin nahi dugu zeren eta 2008ko uztailaren 21ean Barne Zuzendaritza Nagusian aurkeztu zen eskariak zenbait gai aipatzen baititu, hain zuzen ere elkarrekin lotura izan arren jarduera desberdinak eragin ditzaketen gaiak.

    Adierazi bezala, erakunde honetan aurkeztu zen kexa espedientea eskuratzeko eskubidearen balizko urratze bati buruzkoa da. Hori dela eta, gure erabakia gai zehatz horri buruzkoa dela ulertu beharko da.

  2. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.

    Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betebehar hori gehieneko epe batean bete beharko da (3 hilabete, aurreikuspen zehatzagorik ez dagoen bitartean).

    Ezarritako epean berariaz ebazteko eta jakinarazteko betebehar hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean berretsi zen. Izan ere, 7. artikuluan aitortzen da herritarrek administrazio egokia izateko eskubidea, horren barne dela administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea.

    Orain planteaturiko gaian, kexaren xedeari berariaz dagokionean, 2008ko uztailaren 21ean kexa-egileek Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari informazioa eskatu zioten erreferentziako kontratuaren adjudikazio-hartzaile suertatu zen enpresak lan arloan eskainitako hobekuntzei buruz. Eskatzaileek eskabidea baiesteko eta eskatutako informazioa eman dakien eskubidea duten ala ez duten alde batera utzita, zalantzarik gabekoa da Administrazioak berariaz ebatzi eta jakinarazi behar duela eskatutakoari buruz hartzen duen erabakia, hura onetsiz edo, kasua bada, ezetsiz, betiere arrazoiak emanda. Betebehar hori ez da bete antolamendu juridikoan agindutako moduan; hori dela eta, egokitzat jo beharra dago Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari behar den gogorarazpena egitea.

  3. Aurrekoa gorabehera, bidezkoa da zehaztea ea kexa-egileek, ordezkari sindikalak direnek, eskubidea duten kontratazio bati buruzko espediente administratibo bat eskuratzeko, eta, are gehiago, hartan ageri den lan arloko informazioa eskuratzeko.

    Horri buruz, hasteko esan beharra dago herritarrek espediente administratiboak eskuratzeko duten eskubidea Konstituzioan aitortuta dagoela, eta printzipio demokratikoaren berariazko adierazpen bat dela. Horri buruz, Espainiako Konstituzioko 105. artikuluak eskubide hori aitortzen du. Hala eta guztiz ere, konstituzio-eskubide gehienekin gertatzen den bezala, legegilearen esku geratzen da eskubide horretaz baliatzeko baldintzak ezartzea, kontuan izanda eskubide hori, noski, ez dela mugagabea.

    Konstituzioaren igorpena estatuko legegileak eta foru legegileak gauzatu dute. Zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 37,1. artikuluak ezartzen du “Herritarrek erregistroetara jotzeko eskubidea dute eta, espedienteren batekoak izanik, administrazioko artxiboetan dauden agirietara irispidea izateko eskubidea...”, betiere espediente horien prozedurak eskabidea egiten den egunean amaituta badaude. Eskubide horren izaera mugagabea lege aginduaren hurrengo ataletan islatzen da –izan ere, eskubide horretaz baliatzeko mugak eta baldintzak ezartzen dituzte–, kontuan hartu behar baita eskubideak, batzuetan, hirugarren interesen edo interes orokorraren aurka jo dezakeela. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak ere eskubide hori aitortzen du (11. artikulua, hertsiki lotuta dagoena lege-testu bereko 14. artikuluan aipatzen den informaziorako eskubidearekin).

    Azken batean, oro har, aitortzen da herritarrek eskubidea dutela espediente administratiboak eskuratzeko, baina eskubide laga egin daiteke behar adinako arrazoi juridikoa dagoenean, hau da, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko terminoak erabiliz, interes publikoko arrazoiak nagusitzen direnean, hirugarrenek babesgarriagoak diren interesak dituztelako edo lege batek ezartzen duenean.

    Hori dela eta, ados gaude Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuarekin esaten duenean informazioa eskuratzeko eskubidea erraztu baino lehen, jokoan diren interesak haztatu behar direla. Orain planteatzen den gaia da ea kasu zehatz honetan haztatze hori egokia izan den, edo, bestela esanda, behar adinako arrazoirik ba ote dagoen kexa-egileek egindakoa bezalako eskariak ezesteko, itxura batean Foru Komunitateko Administrazioak uste duen bezala.

  4. Igorritako txostena ikusita, atzematen dugu Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak uste duela ez dela ematen eskuratzeko eskubidearen eraginkortasuna determinatzen duen denbora-baldintza. Horri dagokionez, argudiatzen da ezen, kasu honetan “ez dela eskabide egiten egunean amaitutako prozedura bat, baizik eta exekutatzen ari den kontratu bat, bete-betean indarrean dagoena eta garatzen ari dena espedientea eskuratzeko eskabidea egiten den unean”. Hori dela eta, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 37.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ezin da informazioa eskuratzeko eskubide horretaz baliatu.

    Arrazoibide hori onartzeak berarekin ekarriko luke, gure iritziz, onartzen zailak diren ondorioak ateratzea. Horrela, esate baterako, ondorioztatu beharko litzateke ezen 10/1998 Foru Legearen babesean izenpetutako zerbitzu publikoen kudeaketarako kontratu baten kasuan, gehieneko iraupena 75 urtetik gorakoa baldin bada, herritarrak kontratazio espedientea eskuratzeko eskubidea ezin izanen dela baliatu epe hori iragan ondoren, zeren eta aurretik, kontratuaren exekuzioa osatu gabe baitago eta kontratuak bete-betean indarra baitu. Eta gauza bera argudiatu liteke ekintza administratibo gehienei buruz (bereziki, segidako traktukoak izateagatik ezagutzen direnak), eren eta ekintzaren edo haren exekuzioaren eraginkortasuna eman ziren unetik askoz ere harantzago luzatzen baita.

    Amaitutako prozeduren adierazpenaren interpretazio horrek, askotan, ia hutseraino murriztuko luke Konstituzioak aitortutako eta prozedura legeko 37.1 artikuluan islatutako eskubidea. Egia esan, ulertzen dugu ezin dela ekintza ekarriko duen edo, kasua bada, kontratu baten bukaera ekarriko duen prozedura baten amaiera identifikatu ekintza edo kontratu horrek eraginak izaten bukatzen duen unearekin.

    Eskuratu nahi den informazioa (enpresak eskainitako lan arloko hobekuntzak) enpresa kontratistaren eskaintzaren zati bat da eta lizitazio-prozeduraren zati bat den dokumentu bat bada; prozedura hori, bestalde, kontratuei buruzko legeek ezarri bezala, adjudikazio ekintzarekin bukatzen da, eta adjudikazioa, hain zuzen ere, ebazpenarekin gauzatzen da. Hain zuzen ere une horretatik aurrera bukatu da adjudikazio prozedura eta orduantxe burutu da kontratua. Besterik da kontratuaren eraginkortasunak hura exekutatzen den denboran zehar irautea, baina horrek ez du esan nahi kontratazio prozedura amaitu ez denik eta, horrenbestez, ez direnik ematen denboraren aldetiko baldintzak lizitazio-espedientea eskuratzeko eskubidea izateko.

  5. Behin ezarri ondoren erakunde honen iritziz informazioa eskuratzea ezin dela aurreko arrazoia dela-eta ukatu, alegia, denboraren baldintza jarrita, erabaki behar da ea ukoa oinarritzeko beste arrazoi juridikorik ba ote dagoen. Eta beste arrazoi hori izateko, ezinbestez, atzeman beharko genuke babestea gehiago merezi duten interes batzuk badaudela, hain zuzen ere hemen aztergai dugun kasu zehatzean informazioa eskuratzeko eskubidearen gainetik daudenak. Horretarako, kontuan hartu behar da, noski, kontratuei buruzko legeetan ezarritakoa, hori baita kasuan aplikatu beharreko araudi sektoriala, eta xedea prozedurari buruzko arau komunekin batera interpretatu beharko genuke.

    Horri dagokionez, atzeman dugu kontratuei buruzko legeek ezarritako kautelak, kontratazio prozedura administratibo bat osatzen duten datuen zabalkundeari dagokionez, xede jakin bat dutela: eskubide eta interes industrial eta merkataritzakoekin loturiko eskaintzen alderdi batzuen konfidentzialtasuna babestea. Kautela justifikatzen da bai lizitaziora aurkezten diren enpresen eskubide partikularrak babeste beharrarengatik bai interes orokorreko arrazoiengatik ere, zeren eta horrelako datuak zabaltzeak disuasio eragin bat sor bailezake lehia publikoari dagokionez. Informaziorako murrizketa, bidenabar, 20/1992 Legeak ere aurreikusten du; izan ere, 37.5 artikuluan ezartzen du herritarrek informazioa eskuratzeko eskubidea ezin izanen dela gauzatu merkataritza- edo industria-sekretuak babestutako arloetan.

    Egia da Kontratu Publikoei buruzko Foru Legeak bere aplikazio esparruaren azpiko entitateei eta entitate horien zerbitzuko langileei konfidentzialtasunerako eta isiltasunerako betebeharra ezartzen diela (23.2 artikulua), baina betebehar hori (zeina lotuta baitago Nafarroako administrazio publikoetako funtzionario guztiei oro har ezarritako sekretu profesionalarekin, administrazio horien langileen estatutuko testu bategineko 56. artikuluak ezarritakoarekin) ezin da sekula ere bihurtu nahikoa arrazoi espediente administratiboa eskuratzeko konstituzio-eskubideaz baliatzeari ezezkoa emateko.

    Gainera, nabarmendu beharra dago Kontratuei buruzko Foru Legeko 23. artikuluak berak, aurreko atalean, konfidentzialtasunerako betebeharraren norainokoa mugatzen duela eta honakoa ezartzen baitu, hain zuzen: “Foru lege honen menpeko entitateek ez dituzte zabalduko lizitatzaile eta kontratistek emandako datu teknikoak edo merkataritzakoak, enpresa estrategiaren barneko datuak izan eta lizitatzaile edo kontratistek isilpekotzat izendatu badituzte; bereziki, ez dira zabalduko sekretu tekniko edo komertzialak eta eskaintzen alderdi konfidentzialak”. Arau horrek, a contrario sensu interpretatuta, ondorio gisa ekarri du lizitatzaile edo kontratista batek aurkeztutako eskaintza batean agertzen diren –eta, horrenbestez, espediente administratibo bat osatzen duten– alderdi guztiak ez daudela balizko transmisiotik babesturik. Konfidentzialtasunaren alderdiak izanen dira babestutakoak, eta bereziki merkataritza- eta industria-sekretuak babestutako arloei dagozkienak.

    Horrenbestez, aztergai dugun kasuari dagokionez, non langile batzuek eskatzen baitute enpresa adjudikatzaileak eskainitako lansari-hobekuntzei buruzko informazioa eman dakien, eta ez besterik, ez dugu jotzen behar adinako arrazoi juridikoa dagoenik espedientea eskuratzeko eskubideaz baliatzeari ezezkoa emateko, eta erakunde honek ez ditu atzeman zein diren babestea gehiago merezi duten interesak, hain zuzen ere eskubide hori murrizteraino eraman dezaketenak.

    Hori guztia alde batera utzita erreferentziako kontratu administratiboa ez betetzeari buruzko salaketak oinarria duen ala ez duen, eta alde batera utzita, halaber, langileen lan-eskubideak urratu diren ala ez diren, gai horiek, adierazi dugun bezala, erakunde honek izapidetutako kexa-espedienteaz kanpokoak baitira.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez ezarritako gehieneko epean ebazpena ematera eta jakinaraztera behartuta dagoela, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko Legeko 42. artikuluaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz, eta, zehazki, kexa-egileek espedientea eskuratzeko egindako eskaria ahal bezain laster eta berariaz ebatzi behar duela.*
  2. Departamentu horri gomendatzea kexa-egileen asmoari baiezkoa eman diezaion eta espedientea eskuratzeko eskubidea eman diezaien. Betiere, ulertuko da gomendio hori eskatutako alderdi zehatzari dagokiola, hain zuzen ere lizitazioan eskainitako lan arloko hobekuntzei.

  3. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  4. Kexa-egileei eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia