Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Inactividad municipal tras desobediencia del Decreto de paralización de obra
Exp: 10/32/U
Nº: 63
Hirigintza
2010eko urtarrilaren 18an, [?] andreak Larragako Udalaren aurka aurkeztutako kexa baten idazkia sartu zen gure erakundean. Kexaren arrazoia da udalak ezer ez duela egin etxebizitzak egiten diharduen promotore baten jarreraren aurrean, hain zuzen ere obra batzuk gerarazteko udaleko organo eskudunek emandako dekretu batzuen bidez eginiko errekerimenduei kasurik egin ez dielako.
Azaltzen du 2006ko urtarrilaren 11ko dekretuaren eta 2008ko abuztuaren 22ko dekretuaren bitartez, Larragako alkateak eta zinegotzi delegatuak, hurrenez hurren, [?] jaunari agindu ziotela berehala geraraz zitzan etxebizitzak egiteko eraikuntza lan batzuk, 1. poligonoko 1099. lursailean, 5. jarduera-unitatean, [?] kaleko [?] zenbakian –hain zuzen ere, zenbaki hori kexa-egilearen etxearekin mugakidea da–.
Adierazten du aipatutako obran asteburuetan lan egiten jarraitzen dutela, eta udalak ez duela horren aurrean ezer ere egin –ez obra gerarazi, ez eraitsi, ez zehapenik ezarri–, nahiz eta hori hirigintzaren arloko jarduketa irregular bat izan.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz, Larragako Udaleko alkateari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
Alkate andreak, joan den martxoaren 17an, idazki bat igorri zuen. Hartan, aditzera ematen zuen gutunarekin batera [?] jaunak sustatutako etxebizitzaren eraikuntzari buruzko espedientea eransten zuela.
Udalak emandako dokumentaziotik honakoak bereiz daitezke:
Alde batetik, 2009a baino lehen gertaturiko udal jarduerak. Denborazko inguruabar horiek direla eta, ezin gara sartu toki entitate horren egitate zehatzen sakoneko aldean, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 21.1 artikuluan ezarritako aginduari jarraituz; izan ere, artikulu horretan, urtebeteko epea ezartzen da, kexaren xedea diren egitateak ezagutu direnetik, Nafarroako Arartekoak kasuko administrazioa ikuskatzeko eskumena izateko muga gisa.
Jarduketa horietatik, ondokoak nabarmendu daiteke, informazioaren eta argibideen ondorio hutsetarako:
2004ko uztailaren 20an, [?] jaunari obretarako lizentzia bat eman zitzaion, [?] Larragako [?] kaleko [?] zenbakian familia bakarreko etxebizitza bat egiteko.
Alkatetzaren 2006ko urtarrilaren 11ko dekretuaren bidez, [?] jaunari agindu zitzaion exekuzio-lanak berehala gerarazteko, obra horiek ez baitzetozen bat lizentziaren bidez baimendutako proiektu teknikoarekin.
Alkatetzaren 2008ko abuztuaren 22ko dekretuaren bitartez, obrak gerarazteko dekretuak bete ez zituenez, [?] jaunari agindu zitzaion obrak berehala geratzeko, eta eskatu zitzaion egindako aldaketak indarreko planeamenduarekin bat zetozela egiaztatzeko, hamabost eguneko epean proiektu teknikoaren eranskin bat aurkeztuz.
Bestalde, udalen jarduera edo, kasua bada, jarduerarik eza, erakunde honek ikuskatu dezakeen gaia da. Atal honetan, honakoak bildu ditugu:
Oro har, hirigintzaren arloko legezkotasuna babesteko eta aztergai dugun kasuan hautsitako ordena berrezartzeko udalak eginiko jarduera aplikatzekoa den araudiaren araberakoa da, berandu jardun badu ere; hori dela eta, ez da atzematen kexa-egilearen eskubideak urratu direnik.
Halaber, erakunde honek atzeman du gaur egunean udala nolabaiteko jarduera ezean ari dela, zeren eta arkitektoaren txostena jaso zuenetik bost hilabete baino gehiago iragan direnean (2009ko urriaren 2tik 2010eko martxoaren 25era), udalak ez baitu hartu hirigintza araudi indardunek legezkotasuna babesteko eta hautsitako ordena berrezartzeko hartu beharreko neurrietatik bakarra ere.
Halaber, atzematen da, kontzesioaren prozesu osoan zehar udalak izandako jarduera, txostenak eta obrak gerarazteko errekerimenduak ikusita, udalaren borondatea dela exijitzea [?] kaleko [?] zenbakiko familia bakarreko etxebizitzaren obra udal planeamenduan ezarritakoaren arabera egin dadila.
Txosten teknikoak egiaztatu duenez, egindako lanetatik zati bat eta hirigintza antolamendua bateraezinak dira, eta horregatik Larragako Udalak agindu beharra dauka behar diren eragiketak egin daitezen terrenoak edo eraikinak arau-haustearen aurreko egoerara itzularazteko; eta lan horiek egiteko, izan ere, hasierarako eta amaierarako epe batzuk ezarri behar ditu, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 204.2 artikuluan ezarri bezala.
Horrenbestez, bidezkoa da alkate andreak ahal den bezain laster ebazpen bat eman dezan, [?] jaunak, familia bakarreko etxebizitza baten eraikuntzako obretarako lizentziaren titularra denak, obraren zati bat eraits dezan, hain zuzen ere udal planeamenduarekin bateragarria ez delako. Eraispen-lan horietarako alkate andreak ezartzen duen epea betetzen ez bada, udalak behar diren bitartekoak jarri beharko ditu aldarazitako errealitate fisikoa subsidiarioki lehengoratzeko, arau-hauslearen kargura (arestian aipatutako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeko 204.3 artikulua).
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Larragako Udalari gogoraraztea legez hirigintzaren arloko legezkotasuna babesteko eta hautsitako ordena berrezartzeko aurrera daraman jarduera Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 204. artikuluan ezarritakoa betez gauzatu behar duela, eta artikulu horretan adierazitako epea ezarri behar duela.
Larragako Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko lehenengo puntuan jasotako legezko betebeharren gogorarazpena onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia