Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 23ko 58/2008 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak aurkeztutako kexari buruzkoa

2009 martxoa 23

Euskara

Gaia: No exigencia del requisito de euskera en puestos de encargado de biblioteca en la zona vascófona

Exp: 09/61/C

: 58

Elebitasuna

AURREKARIAK

  1. Aurtengo urtarrilaren 28an, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak kexa bat aurkeztu zuen erakunde honetan, liburutegiko arduraduna izateko berriki egin den 18 lanposturen deialdia dela eta.

    Azaltzen zuen deialdi horretan ez zela euskaraz jakitea eskatu, nahiz eta lanpostuetako batzuk eremu euskalduneko herrietan kokatuta egon. Gehitzen zuen oposizio bat izanda, lehiaketa-faserik gabea, euskaraz jakitea merezimendu gisa ere ez zela baloratzen.

  2. Gure erakundea arautzen duen foru legean xedatuari jarraituz, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura jo genuen, planteaturiko gaiari buruzko informazioa eman ziezaguten.

    Otsailaren 23an, aipatu departamentuaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Honakoa dio, hitzez hitz:

    "1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 22ko 69/2008 Ebazpenaren bidez, oposizio bidezko deialdi bat onetsi zen, izapidetzen ari diren lehiaketen ondoren betetzeko geratzen diren liburutegiko arduradun lanpostuak betetzeko. Behin prozedura horiek bukaturik, honako lanpostuak geratu ziren bete gabe, besteak beste:

    - 36084 zenbakiko lanpostu betegabea, Lesakan.

    - 36085 zenbakiko lanpostu betegabea, Etxarri-Aranatzen.

    Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1996 Foru Legeko 5. artikuluak Nafarroako herriak legez ezarritako eremu batzuetan kokatzen ditu, euskararen trataerari dagokionez. Hura aplikatuz, deitutako artxibo-arduraduneko aipatu lanpostuak eremu euskaldunean daude.

  3. Deialdian erabiltzen den hautapen sistema oposizioarena da, Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua ezarri zuen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuko 18. artikuluan xedatuaren barrenean. Izan ere, hartan, oposizio askearena ezartzen du sistema orokor gisa. Horrenbestez, oposizio-lehiaketaren bidezko sistemaren aukera hautatzeko, behar adinako motibazioa egon behar du, eta justifikatuta egon behar du “bete beharreko eginkizunen izaerarengatik, egokiagoa denean oposizio-lehiaketaren sistema erabiltzea”.

    Zehaztasun hori ematen dugu euskararen ezagupenak eskatzen duen trataerarengatik, hautapenerako zein sistema erabiltzen den.

    Oposizioa datza proba bat edo gehiago egitean (proba baztergarriak izan daitezke, nahi bada), izangaiak egokiak diren zehazteko eta haien artean lehentasunen araberako hurrenkera bat ezartzeko. Legeak, hautapen sistema horretan, ez du inongo merezimendurik barematzeko biderik ematen.

    Hori dela eta, hautapenerako prozedura gisa oposizio-lehiaketa erabiltzea justifikatzen duen arrazoirik aurkitu ez dugunez, esan dezakegu zuzena dela oposizioaren sistema erabiltzea.

    Bestalde, eta euskararen tratamendua erregulatzen duten arauak aplikatuta, aipatu bi lanpostuetan ezin da baldintza gisa ezarri euskaraz jakitea, plantilla organikoan ez baitago jasota lanpostu horietan euskaraz jakin beharra dagonenik”.

AZTERKETA

  1. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 15. artikuluak, eremu euskaldunari dagokionez, honakoa ezarri zuen, bigarren idatz-zatian: “Administrazio bakoitzak, beraiei dagozkien eskumenen esparruan, zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta gainerakoentzat, kontutan hartzeko merezimendutzat hartuko da besteren artean”.

    Ildo beretik, aipatu legea garatzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuak arautzen ditu lanpostuetan sartzeko eta lanpostuak betetzeko euskaraz aurretik jakitea eta hura nola baloratu behar den. Honakoa dio, hain zuzen: Nafarroako administrazio publikoek, ebazpen arrazoituaren bidez, beren plantilla organikoetan adieraziko dute euskaraz jakitea zer lanpostu eskuratzeko izanen den nahitaezkoa, zereginen, Foru Dekretu honetako zehaztapenen eta eskariaren arabera; lanpostu horien zereginei dagokien jakite maila adierazi beharko da. Gero, hizkuntza eskakizun hori kasuan kasuko lan eskaintza publikoetan eta lanpostuen deialdietan adieraziko da”.

    Horrenbestez, Administrazioak nahitaez adierazi behar ditu bere plantilla organikoan, ebazpen arrazoitua eginez, eremu euskalduneko zein lanpostutan den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta zeinetan baloratuko den merezimendu gisa.

  2. Kexaren arrazoia da lekualdatze lehiaketen bidez hutsik geratzen diren liburutegiko arduradun lanpostuetarako deialdia, oposizio bidezkoa. Behin lekualdatze lehiaketa bukaturik, bi lanpostu huts geratu dira, bata Lesakan eta bestea Etxarri-Aranatzen.

    Eztabaidaezina da liburutegiko arduradunek Lesaka eta Etxarri-Aranatz bezalako eremu euskalduneko herrietan herritarrekiko harremanetan euskara erabili behar izatea. Hori dela eta, erakunde honen ustez, beharrezkoa da euskaraz jakitea lanpostu horietan lan egin ahal izateko, edo, subsidiarioki, hori merezimendu kualifikatu gisa baloratu beharko litzateke.

    Aipaturiko arauak deialdiko lanpostuetan aplikatuz gero, argi geratzen da euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa baloratu beharko litzatekeela. Hori plantilla organikoan lanpostu horietarako euskaraz jakitea nahitaezkoa dela ezartzen ez den bitartean.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 15. artikulua bete behar duela.

  2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea aztergai dugun kasuan deialdia alda dezan eta euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa har dezan.

  3. Halaber, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea, oro har, plantilla organikoan sar dezan, nahitaezko baldintza gisa, euskaraz jakitea eremu euskalduneko liburutegiko arduraduneko lanpostuetan, herritarrei zerbitzu hobea emateko eta Euskarari buruzko abenduaren 15eko Foru Legean herritarrei aitorturiko hizkuntza eskubideak bermatzeko.

  4. Bi hilabeteko epea ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hau eta gomendio hauek onartu dituela eta horiek direla-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dugula kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  5. Interesdunari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia