Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 23ko 57/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 martxoa 23

Osasuna

Gaia: Disconformidad con la exclusión del encuadramiento en el nivel correspondiente de la Carrera Profesional

Exp: 09/78/S

: 57

Osasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko urtarrilaren 30ean, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurka, lanbide-karreraren arabera zegokion mailatik kanpo uzteagatik.

    Azaltzen zuen 29 urte baino gehiago daramatzala lanean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, erizaintzako diplomadun moduan. Gaur egun, 2008ko otsailaren 1etik, jarduneko zerbitzuko egoera berezian dago, A mailako eginkizunak betez.

    Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 1eko 2905/2008 Ebazpenaren bitartez, hasiera batez OLT/EDU kategorian sartu zuten, lanbide karrerako IV. mailan, maiatzaren 03eko 8/2008 Foru Legean aipatutakoari jarraituz. Kontzeptu horrengatik, 2008ko urtarriletik azarora bitarteko hilabeteei zegokion diru-kopurua jaso zuen.

    Ondoren, dagokion langileriaren buruak, ahoz, adierazi zion zerbitzu juridikoen tesiaren arabera, lanbide karrera kasuko lanpostuan aritzearekin lotuta dagoela, eta, horrenbestez, ezin zaiola lanbide karrera aplikatu eta ezin dela haren inongo mailatan ezarri; gainera, lanbide karreraren kontzeptuan azaroko nominan jasotakoa (urtarriletik azarora bitarteko sortzapena) itzuli behar zuela.

    Kexa-egileak, maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeko hirugarren xedapen gehigarria aipatzen du. Izan ere, hartan, liberazio sindikaleko kasuak eta izendapen libreko postuetarako izendapenen kasuak jasotzen dira, eta kasu horietan, izan ere, salbuetsi egiten da lanpostuan aritzearen eta lanbide karreraren kasuan kasuko mailan egotearen arteko lotura.

    Uste du esleitu zaion mailari dagozkion kopuruak ordaindu behar dizkiotela, eta, halaber, antzinatasuna, gradua eta familiako laguntza ere mantendu behar dizkiotela, eta horretarako aipatutako foru legeko hirugarren xedapen gehigarriaren interpretazio zabala egin behar dela, zeren eta bere egoera ez baitago jasota maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legean.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

  3. Joan den martxoaren 12an, Osasun Departamentuaren txostena jaso genuen. Bertan, honakoa azaltzen da:
    1. “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 1eko 2905/2008 Ebazpenaren bitartez, [?] andrea, funtzionarioa, Osasun Publikoaren Institutuari atxikitako OLT/EDU kategoria duena, lanbide karreraren IV. mailan ezarri zen, hasiera batez, 2008ko urtarrilaren 1etik aurrerako eragin ekonomiko eta administratiboekin.

    2. OLT/EDU interesdunak, zeina lanpostu baten jabea baita Osasun Publikoaren Institutuko Epidemiologiako eta Eritasun Ez-kutsakorren Atalean, Zuzenbideko lizentziadun titulua dauka.

      Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Publikoaren Institutuko zuzendariaren urtarrilaren 31ko 26/2008 Ebazpenaren bitartez, jarduneko egoera berezian zegoela deklaratu zen, aldi baterako barne-sustapeneko txandaren bidez, goi mailako tituludunaren lanpostu ez-sanitario batean aritzeko, Osasun Publikoaren Institutuko Administrazio eta Langileria Atalean, 2008ko otsailaren 1etik aurrerako eraginekin –lanbide karrerako IV. mailan ezarri ondorengo data da hori–. Egun horretatik aurrera [?] andreak. egoera horretan ematen duen denborarako, diharduen lanpostuari (goi mailako tituluduna) dagokion lansaria jasotzen du, gradu, antzinatasun eta familiako laguntzako kontzeptuak izan ezik; izan ere, horiek ez dira aldatzen mailaz edo taldeaz aldatzeagatik. (azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuko 25.2 artikulua).

      Goi mailako tituludunaren lanpostua urriaren 20ko 11/1992 Legeko honako atalean dago sailkatuta: estamentu ez sanitarioa/administrazio publikoko teknikariak eta goi mailako tituludun espezialitatea.

    3. Maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeko 2. artikuluan aurreikusitakotik, apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legean langile fakultatiboentzat ezarritakoaren antzeko terminoetan, ondorioztatzen da lanbide karreraren sistema aplikatzekoa zaiela soilik osasun langile diplomadunei, hain zuzen ere 11/1992 Foru Legeko estamentu eta espezialitateei buruzko eranskinean sailkapen horretan sartzen diren lanpostuetako batean egiazki lanean ari direnei.

Horrenbestez, aldi baterako barne txandaren prozeduraren indarrez aipatu osasun diplomaturaz besteko titulazio bat exijitzen zaien lanpostu batean lanean ari diren osasun langile diplomadunei, ezin zaie aplikatu lanbide karreraren sistema osasun langile diplomadunen moduan. Nekez justifika daiteke osasun langile diplomadunen lanbide garapena sustatzea helburu duen sistema batek, kasu honetan, balio izatea hain zuzen ere osasun diplomadunaz beste lanpostu batean ari denari ordaintzeko. Baina, gainera, kasu honetan gertatzen da interesduna une honetan osasun arlokoa ez den lanpostu batean ari dela aldi baterako, sustapen txandari esker, eta gisa horretako lanpostuetarako oraindik ere ez da lanbide-karreraren sistemarik ezarri.

Hartara, aldi baterako barne sustapena amaituta, interesduna jabe den osasun diplomadun lanpostura itzuliko da, eta une horretatik aurrera bere lanbide karrerarekin jarraituko du; halere, lanbide karreraren eraginetarako, ez zaio kontatuko egoera horretan eman duen aldia”.

AZTERKETA

  1. Maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langile diplomadunen lanbide karrera arautu zuen. Haren aplikazio esparruan (2.1 artikulua) honakoak sartzen dira: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostu bat jabetzan duten langileak, betiere urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskinean aipatzen den osasun arloko diplomadunen estamentuan sartutako espezialitateetarako izendatuak badira.

    Aurrekoa gorabehera, erakunde honen iritziz, departamentuaren txostenean ere ageri denarekin bat, foru legearen interpretazioak exijitzen du 2.1 artikuluan ezarritako aplikazio esparrua murriztea eta lanpostuan egiazki aritzearen baldintza sartzea.

    Interpretazio horren oinarria da, halaber, legearen aitzinsolasaren edukia bera, azaltzen baitu arauak lanbide jarduera ebaluatzeko, aitortzeko eta saritzeko sistema arautuak definitzen dituela (seigarren lerrokada). Lanbide-karreraren helburu orokorra da osasun laguntza hobetzea, besteak beste, motibazio eta pizgarriak sortzeko mekanismoak jarriz, aukera eman dezaten ahaleginak modu egokian bideratzeko (bosgarren lerrokada).

  2. Maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeak, hirugarren xedapen gehigarrian, bi egoera berezi arautzen ditu: Zuzendaritza edo burutza lanpostuak betetzea, Osasun Departamentuaren esparruan, eta langileen ordezkaritzako lanpostuetan aritzea, legearen aplikazio esparruetan sarturiko osasun lanpostuen ordez. Eginkizun horietan aritzea, halako jardunak osasun diplomadunaren lanpostua egiazki garatzea ez diren arren, aipatutako foru legeak araututako lanbide karreraren sisteman sartzen da.

    Aplikazio esparrua dela-eta ezarritako salbuespen horiek arrazoizkoak dira, kontuan hartzen bada, lehenbiziko egoeran, Administrazioak bere burua antolatzeko duen ahalmena lehenesten duela eta, aldi berean, beren lana aitortzen eta baloratzen diela zuzendaritza lanpostuetan ari direnei eta eragozten duela jardun horiek kaltegarriak izatea beren lanbide karrerarako; eta bigarren egoeran, langileen ordezkariek daukaten eskubidea jasotzen da, hain zuzen ere orainaldiko eta etorkizuneko lan baldintzetan kalteturik ez ateratzekoa eginkizun sindikaletan aritzearen ondorioz.

  3. Ildo beretik, hirugarren egoera bat ere badago, hain zuzen ere kexan azaldutakoa. Interesdunak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuetan sartzea eta lanpostuen betetzea arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuko 25. artikuluak emandako atribuzioez baliatuta, eskatu zuen “jarduneko egoera berezian” egotea eta horixe deklaratu zuen organo eskudunak, jatorrizko lanpostua gordez eta diharduen lanpostuari dagokion ordainsaria jasoz, salbu eta gradu, antzinatasun eta familiako laguntza kontzeptuei dagokienez, horiek ez baitira aldatzen mailaz edo taldez aldatzeagatik.

    Kexa-egilea baliatu da arau indardunek emandako aldi baterako barne sustapenerako eskubideaz (347/1993 Foru Dekretuko 24. artikulua eta hurrengoak). Eskubide hori, izan ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak sustatzen du, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berezia ezarri zuen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko 34.b) artikuluan ezarritako agindua betez.

    Ez du ematen kongruentea denik aldi baterako sustapen txanda bultzatzen eta arautzen duenak aldi berean sustapen hori ez motibatzea, lanbide karreraren osagarriak dakartzan lansariak ez aitortuz (IV. maila: urteko 7.200 euro).

  4. Azken batez, erakunde honek uste du aldi baterako barne sustapena lan arloko aurrerapen bat dela, arauetan jasotakoa, eta, horrenbestez, osasun diplomadunen eskubide bat dela, eta eskubide hori ez dela zeharka oztopatu edo zaildu behar, arrazoi ekonomikoengatik, hartaz baliatzeko motibazioa kentzen duen beste arau batekin.

    Hori dela eta, osasun administrazioari iradokitzen diogu berariaz jaso dezan aldi baterako barneko sustapena (jarduneko egoera berezia) egoera berezi gisa eta, horrenbestez, lege-aldaketa egokia susta dezan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun diplomadunen lanbide karrera arautzen duen maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeko hirugarren xedapen gehigarrian hirugarren idatz-zatia gehitzeko, hain zuzen ere foru legean araututako lanbide karreraren sistema bere aplikazio esparruan sartutako langileei aplika dakien aldi baterako barne sustapenaren bidez lortutako lanpostu batean ari diren bitartean.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Osasun Departamentuari iradokitzea aldi baterako barne sustapena egoera berezi gisa jaso dezan, eta behar den lege-aldaketa bultza dezan egoera hori gehitu dadin Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun diplomadunen lanbide karrera arautzen duen maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeko hirugarren xedapen gehigarrian.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari iradokizun hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ez dela zilegi honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia