Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 1eko 44/2010 EBAZPENA, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?]ko zuzendari [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 martxoa 01

Euskara

Gaia: Disconformidad con la valoración del euskera en una convocatoria para la provisión de puestos de trabajo en la Administración

Exp: 09/830/C

: 44

Elebitasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko abenduaren 2an, [?] zuzendari [?] jaunak kexa-idazki bat aurkeztu zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun-Zerbitzuko zeladore lanpostuak oposizio-lehiaketa bide betetzeko berriki egin den deialdian euskarari ematen zaion balorazioa dela eta. Deialdia 2009ko urriaren 21eko 130. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

    Azaldu zuen deialdi horren arabera, eremu mistoko lanpostuetan atzerriko hizkuntzaren (ingelesa, frantsesa eta alemana) ezagutza baloratzen dela, bakoitzari 1,6 puntu emanda; euskarari, berriz, soilik 1,2 puntu ematen zaizkio.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari.

Osasun kontseilariak txosten bat igorri zigun. Honakoa dio hitzez hitz:

“[?]ko zuzendari [?]k kexa aurkeztu dio Nafarroako Arartekoari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun-Zerbitzuko zeladore lanpostuak oposizio-lehiaketa bide betetzeko berriki egin den deialdian euskarari ematen zaion balorazioa dela eta. Deialdia 2009ko urriaren 21eko 130. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Horri dagokionez, honako gogoetak egin behar ditut:

  1. Ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautu zuen.

    Foru dekretu horren 3. artikuluan, eremu mistoan euskaraz jakiteari emanen zaion trataera arautzen da. Lehenengo lerrokadan ezartzen da euskara merezimendu gisa baloratuko dela destinoko herria eremu mistoan dagoen lanpostuetara sartzeko, ezagutza hori plantilla organikoan nahitaezkotzat jo ez den kasuetan, eta balorazio horrek 100eko 3 egin beharko duela merezimenduen baremoaren gainerakoari emandako guztizko puntuazioan.

  2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 8ko 1756/2009 Ebazpenak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zeladore lanpostuak oposizio-lehiaketaz betetzeko deialdia onetsi zuen. Deialdia 2009ko urriaren 21eko 130. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

    Deialdi horretako II. eranskinean, aipatu hautapen prozesuan aplikatzekoa den merezimenduen baremoa jasotzen da. 3. atalean euskara jakiteari emanen zaion balorazioa jasotzen da; hain zuzen ere, ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuko 3. artikuluan ezarritako balorazio bera da.

    Horrenbestez, kontuan izanda merezimenduen baremoko gainerakoari 36,8 puntu ematen zaizkiola, batetik ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretua eta bestetik deialdiko II. eranskineko merezimenduen baremoa aplikatuta, euskaraz jakiteagatik lor daitekeen gehieneko puntuazioa 36,8 punturen % 3 izanen da, alegia, 1,104 puntu”.

AZTERKETA

  1. Kexan planteaturiko gaia da euskarari eta Europako beste hizkuntzei ematen zaien balorazioa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zeladore lanpostuak betetzeko oposizio-lehiaketan.

    Deialdi horretako oinarrien 6.4 idatz-zatian adierazitakoari jarraituz, aplikatzekoa den baremoa deialdiko II. eranskinean jasotakoa da. Eranskin horretan, bi atal ageri dira –bigarrena eta hirugarrena–, frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteari erreferentzia egiten diotenak eta euskararen balorazioa ere jasotzen dutenak. Honakoa diote, zehazki:

    Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki frogaturik, Europar Batasunean erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik. 1,6 puntu hizkuntza bakoitzeko. [..]. Eremu mistoko herrietan aritzeko diren lanpostuetan sartzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa hartzeak % 3ko balorazioa izanen du, kontuan harturik gainerakoan merezimenduen baremazioari esleitutako puntuazio osoa, betiere plantilla organikoan nahitaezkotzat jo ez bada”.

    Deialdian aurreikusitakoa, Osasun kontseilariaren urriaren 3ko 464/2001 Foru Aginduko xedapenak aplikatzearen emaitza da. Izan ere, agindu horren bitartez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan aplikatzekoak diren merezimenduen baremoak onetsi ziren, bai eta ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretua aplikatzearen emaitza ere –izan ere, foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautu zen–.

    Zehazki, urriaren 3ko 464/2001 Foru Aginduko II. eranskinak, hizkuntzen balorazioari dagokionez, ezartzen du frantsesaren, ingelesaren edo alemanaren behar bezala ziurtatutako ezagutzarengatik, Europako Batasuneko erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik, 1,6 puntu emanen direla.

    Bestalde, ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautu zuen. 3. artikuluan eremu mistoan euskaraz jakiteari emanen zaion trataera arautzen da. Lehenengo lerrokadan ezartzen da euskara merezimendu gisa baloratuko dela destinoko herria eremu mistoan dagoen lanpostuetara sartzeko, ezagutza hori plantilla organikoan nahitaezkotzat jo ez den kasuetan, eta balorazio horrek 100eko 3 egin beharko duela merezimenduen baremoaren gainerakoari emandako guztizko puntuazioan.

    Horrenbestez, deialdian arauz ezarritako xedapenak aplikatu besterik ez da egin: euskarari 1,104 puntu eman zaizkio, eta frantsesa, ingelesa edo alemanari, berriz, 1,6 puntu.

  2. Aurrekoa gorabehera, egia da euskara eta Europako hizkuntza batzuk baliokide izateari buruzko gaia jada jurisprudentziak aztertua duela. Izan ere, Auzitegi Gorenaren 2009ko uztailaren 7ko epaiak –RJ 2009/6927– Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuko zenbait artikulu deuseztatzen ditu, eta ondorioztatzen du euskarari antolamendu juridikoan ematen zaion babes bereziko toki hori ezin dela aurkitu konparaziorako erabiltzen diren Europako hizkuntzetako bakarrean ere.

    Zehazki, eta hemen interesatzen zaigunari betira, epai horrek honakoa dio:

    “Aztertu behar dena da ea arau horien edukiak gainditzen ote duen erregelamendu exekutibo bati berez dagokion xedea, euskara Europako hizkuntza batzuekin parekatzeko aukerari buruz ari denean; izan ere, litekeena da horrekin euskarari abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean aitortzen zaion maila eta babesa gainditzea.

    Gai horri buruzko konponbide batera iristeko, aztertu beharra dago zein den euskarak antolamendu juridikoan daukan tokia, bai eta hari ematen zaion izaera ere; azterketa horrek, izan ere, erantzun egokia emanen digu, argitzeko aurkatutako arauetan euskararen eta beste hizkuntzen arteko neurketa edo ponderazioa egokia den ala ez, gure legedian euskarari aitortzen zaion garrantziari dagokionez. Argi dago hizkuntza horrek berezko duela babes-lerrun eta -maila bat, zeina baita eremu euskaldunean hizkuntza ofiziala izatearen eta beste eremu batzuetan ere babestuta egotearen ondorioa, Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legeko 9.2 artikulutik erator daitekeen bezalaLey Orgánica 13/1982, de 10 de agosto (RCL 1986, 2173, 2233). . Izan ere, bertan, helburu batzuk adierazten dira euskara dela eta; honakoak, hain zuzen ere, 1.2 artikuluaren arabera:

    1. “Herritarrek euskaraz jakiteko eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hura gauzatzeko tresnak zehaztea.
    2. Nafarroan euskararen berreskurapena eta garapena babestea, haren erabilera sustatzeko neurriak ezarriz.
    3. Euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea borondatezkotasunean, gradualtasunean eta begirunean oinarriturik, Nafarroako errealitate soziolinguistikoarekin bat”.

      Lege bereko 2. artikuluak ezartzen du bai gaztelania bai euskara “Nafarroako hizkuntza berekiak direla eta, horren ondorioz, herritar guztiek dutela jakin eta erabiltzeko eskubidea”.

      Zita gehiago ere aipa daitezke. Esate baterako, bi hizkuntzak erabiltzeko eskubidea berrets daiteke foru legeko 6. artikuluari jarraituz, hain zuzen; bestetik, printzipio orokor horiek Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea banatuta dagoen eremuetarako zehaztu egiten dira, eragin linguistikoetarako, legeko kasuko xedapenen bitartez. Hala eta guztiz ere, arrazoitutakoa nahikoa da ondorio jakin bat ateratzeko euskarak, Nafarroako hizkuntza berekia den aldetik, betetzen duen tokiari buruz eta hura erabiltzeko eskubideari buruz. Euskarak betetzen duen toki hori ez dugu aurkitzen gure antolamendu juridikoan, baloratzeko merezimenduei dagokienez, dekretuan konparaziorako erabiltzen diren Europako hizkuntzetako bakarrean ere.

      Horri buruz esan beharra dago euskara gainerako hizkuntzen aldean –frantsesa, ingelesa, alemanera edo Europako erkidegoetako gainerako lan hizkuntzak– ponderatzerakoan, praktikan, erregelamenduaren bidez, legeak hizkuntza horri aitortzen dion lerruna deuseztatzen ari dela. Izan ere, merezimendu hori neurtzerakoan Europako hizkuntzak eta euskara identifikatzen ari dira, nahiz eta azken horri balio handiagoa aitortu. Foru dekretuan merezimendua ponderatzea, praktikan, formulazio negatibo bat dakarkio euskarari, eta horrela lausotu egiten da eremu euskaldunean hizkuntza ofizial gisa eta Nafarroa osoan hizkuntza bereki gisa betetzen duen tokia. Izan ere, ezaugarri horiek, babes berezi hori, ez da konparaziorako erabiltzen diren beste hizkuntzetako bakarrean ere, nahiz eta euskarari balorazio handiagoa eman –kuantitatiboki garrantzi txikiarekin–.

      Horrela, balorazioari dagokionez formulazio positiboa bada ere, egiaz araupetze horrekin balorazio negatiboa ematen ari zaio euskarari, konparazioaren metodoaren bitartez euskara baloratzeko aukera murrizten ari baita.

      Hau da, dekretuak egokia ez den balorazio-polo bat aplikatzen du, konparazio-unitate heterogeneoak ekarri eta haztatzen dituelako, legezko kontzepzioaren ikuspuntutik desberdina dena uniformatu nahian.
      Bestalde, administrazio publikoei –denak baitira arauaren hartzaileak– baloraziorako murriztapen bat ezartzen ari zaie, eta, horren ondorioz, ezin izanen diote deialdietan euskararen merezimenduari eman hautapen prozesuaren xede diren edo bete nahi diren lanpostuetatik bakoitzean dagokion garrantzi zehatza. Izan ere, deialdietako oinarriak onesterakoan ezarri behar baita lanpostuen profila dela-eta euskaren ezagutzari dagokionez exijitzekoa den garrantzia. Horrekin ez dugu esan nahi ezin denik araurik eman merezimenduak ponderatzeko gaiari buruz. Hala eta guztiz ere, hori abstraktuan bidezkoa bada ere, halakorik ezin da egin Administrazioak bere araugintza-ahalmenaz baliatuta egin duen moduan.

  3. Horrenbestez, Auzitegi Gorenaren epai horren azpian dagoenarekin bat, erakunde honek gomendatu beharra dauka euskara merezimendu bereki gisa balora dadin, Euskarari buruzko Foru Legean ezarritako moduan, Nafarroako hizkuntza berekia baita, bereziki babestua. Hori dela eta, euskarari merezimendu gisa ematen zaion balorazioa ezin da inolaz ere izan hizkuntza ez-ofizialei ematen zaien balorazioaren berdina edo txikiagoa, salbu eta lanpostu zehatz batzuetan, non, arrazoiz ezagutza hobeagoa behar baita.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari gomendatzea ezen, lanpostuen deialdietan, euskara merezimendu bereki gisa balora dezan, Euskarari buruzko Foru Legean ezarritako moduan, Nafarroako hizkuntza berekia baita, bereziki babestutakoa. Horrenbestez, euskarari merezimendu gisa ematen zaion balorazioa ez da inongo kasu orokorretan izanen hizkuntza ez-ofizialei ematen zaien balorazioaren berdina edo txikiagoa.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari gomendio honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.

  3. Interesdunari, Osasun Departamentuari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta haiei adieraztea ezin dela haren kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia