Partekatu edukia
Kirola
Gaia: Disconformidad con una sanción impuesta en el ámbito de una competición de fútbol sala organizada por el Ayuntamiento de Tudela
Exp: 10/50/C
Nº: 62
Gazteria eta Kirola
2010eko urtarrilaren 26an, [?] jaunak aurkeztutako kexa bat jaso genuen gure erakundean. Tuterako Udalak antolatutako areto-futboleko lehiaketa batean ezarritako zehapen bati buruzkoa zen kexa.
Kexa-egileak azaltzen du bere taldeko jokalari batek arbitroari fisikoki eraso egin ziola, eta egitate horiek direla eta, Tuterako Udaleko Lehiaketa Batzordeak torneotik kanpo utzi duela ez soilik erasotzailea, baizik eta talde osoa, eta taldeko kideei jokatzea eragotzi diela datorren denboraldira arte (jokalariek ezin dute izena eman ezta beste talde batekin ere).
Berari dagokionez, uste du zehapena zuzengabea dela, zeren eta ez baitzuen inongo parte-hartzerik izan egitateetan (Tuteratik kanpo lanean aritu zen aste osoan, eta, horrenbestez, ez zuen inongo zerikusik izan erasoarekin).
Aipatzen du arloan eskudun diren organoekin jarri dela harremanetan, baina ez diotela inongo azalpenik eman.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Tuterako Udalari.
Eskatutako txostena jaso ondoren, honakoa ageri dela atzeman dugu:
“[?] jauna areto-futboleko [?] taldeko jokalaria da. Talde hori Tuterako Udalak 2009/2010 denboraldian antolatutako areto-futboleko txapelketan ari zen parte hartzen. Talde horretako jokalari batek eraso larria egin zion arbitroari partida bat jokatzen ari zirenean, eta talde osoa lehiaketatik kanpo utzi da denboralditik gelditzen den tarterako.
Tuterako Udalak, toki administrazio gisa dituen eskumenen barruan, kirola sustatzen du, eta dauzkan helburuen artean dago joko garbia eta kiroltasuna bultzatzea.
Areto-futboleko lehiaketak berariazko arau bat dauka, Tuterako Udalak onetsia; hartan, izan ere, arau-hausteen eta zehapenen araubide bat jasotzen da. Zehapenen arloan, 5. artikuluak honakoa jasotzen du berariaz: “edozein taldetako jokalari edo ordezkari batek arbitro bati, jokalari bati edo antolatzaile bati eraso egiten badio, jokalari hori txapelketa honetatik eta haren etorkizuneko edizioetatik kanporatuko da; zehapena, halaber, talde osoarentzat izan daiteke, eta torneotik kanpo geratzea ekar dezake”.
Zehapena lehiaketa batzordeak erabaki du; batzorde horretan, izan ere, kirol zinegotzigoa, arbitroen ordezkari bat eta torneoan parte hartzen duten taldeetako bi ordezkari daude. Batzorde hori izan zen jokalariarentzako eta talde osoarentzako zehapena erabaki zuena, egitateen larritasuna aintzat hartuta; izan ere, erasoa jasan zuen arbitroak sendagilearen laguntza ere behar izan zuen.
[?] jaunak idatziz eta ahoz jo du areto-futboleko txapelketako lehiaketa-batzordera, eta batzorde horrek idatziz erantzun die egindako eskaerei. Dauden arauak aplikatuz txapelketatik kanporatua izan den talde bateko kidea da interesduna. Arau horiek, izan ere, txapelketan parte hartzen duten taldeek berek onetsi zituzten. [?] jaunak datorren urtean izanen du parte hartzeko aukera, betiere beste talde batekin.
Txosten hau izenpetzen duen [?] zinegotziak berak ere [?] jauna hartu izan du, eta pertsonalki azaldu dio egoera zein den eta zehapenaren arrazoiak zein diren”.
Kexa Tuterako Udalak antolatutako kirol-txapelketa batean ezarritako zehapenaren aurkakoa da. Kexa-egilearen taldeko jokalari batek arbitroari eraso egin ondoren, Tuterako Udalak (zehazki, lehiaketa-batzordeak, arlo horretan diziplina-eginkizuna esleitua duen organo kolegiatua baita) talde osoa lehiaketatik kanporatzea erabaki zuen, eta jokariei eragotzi zien denboraldi honetan txapelketan parte hartzen jarrai zezaten. Erabaki hori lehiaketa horretako araudia aplikatuz hartu zen; izan ere, gai horri dagokionez, honakoa ezartzen du: “edozein taldetako jokalari edo ordezkari batek arbitro bati, jokalari bati edo antolatzaile bati eraso egiten badio, jokalari hori txapelketa honetatik eta haren etorkizuneko edizioetatik kanporatuko da; zehapena, halaber, talde osoarentzat izan daiteke, eta torneotik kanpo geratzea ekar lezake”.
[?] jaunak kexa agertu du hartutako erabaki horren aurrean, zeren eta berak ez baitzuen inongo zerikusirik izan gertatutako egitateetan (baieztatu du erasoa gertatu zen egunean Tuteran ere ez zegoela), eta jotzen du zuzengabea dela lehiaketan ezin parte hartzen jarraitzea, ezta beste talde batean izena emanda ere.
Beste hitz batzuekin, salatzen ari dena da erabakiak ez duela errespetatu erantzukizunaren printzipioa –edo erruduntasunarena–, zeinak Administrazioaren edozein zehapen-jardueraren buru egon behar baitu. Printzipio hori jurisprudentzia eta doktrina osoan onartu izan da, eta indarreko legedian ere finkatu da (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 130. artikulua). Esate baterako, Auzitegi Gorenaren 2007ko urriaren 31ko epaiak honakoa adierazi zuen: “erruduntasunaren printzipioak berekin dakar arau-hauste administratiboa diren egitate batzuengatik zehapena jarri ahal izatea soilik haren arduradunei, ez-betetze hutsa izan den kasuetan ere. Ezin da ez-betetze huts hori ulertu erantzukizun objektiboa zehapenaren arloko zuzenbide administratiboan onartzea balitz bezala, zeren eta gure Auzitegi Gorenaren eta Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzia gehienek nabarmentzen baitute erruduntasunaren printzipioa, Konstituzioan berariaz jasota egon gabe ere, legezkotasunaren printzipiotik eta gehiegikeria debekatzearen printzipiotik heldu dela (Espainiako Konstituzioko 25.1 artikulua) edota Zuzenbideko Estatu batek berezko dituen betebeharretatik, eta doloa nahiz errua egotea exijitzen dutela”.
Erantzukizunaren printzipio hori lotuta dago, halaber, aipatutako epaian ageri den bezala, proportzionaltasunaren printzipioarekin; azken hori, izan ere, indarreko legeetan jasota dago, eta exijitzen du zehazki gertatutako egitateak eta erabakitako zehapen-neurriak egoki lotuta egotea.
Aipatutako printzipio horiek, orokorrak baitira, zehapen jarduketa guztien buru ageri behar dute, berariaz aplikatzen diren arauak eta kasuko zehapenak edo diziplina-neurriak ezartzeko erabiltzen diren prozedurak zein diren alde batera utzita.
Hemen aztertu dugun kasuan, egia da aplikatu den araudiak aurreikusten duela gertatutakoa bezalako egitate baten aurrean (egiazki egitate oso larria), erasotzailea ez ezik, taldea bera ere kanporatzea erabaki daitekeela.
Gure iritziz arestian aipatutako erantzukizun eta proportzionaltasun printzipioak direla eta, zehapen-neurria soili erasotzaileari aplikatu beharko litzaioke, zeren eta, bestela, gertatutakoarekin inolako loturarik ez duten pertsona batzuk erruduntzat jotzen ari baikara. Baldin eta, itxura guztien arabera, erasoa jokalari bati egozteko modukoa bada, bidezko iruditzen zaigu jokalariari egitate larri bati dagokion gogortasunaz zehatzea, baina ez dugu uste taldeari zehapena ezartzea eta taldekideak txapelketan parte hartzeko aukeratik kanpo uztea –beste talde batekin ere ezin dute parte hartu, zehapenaren ondorioz– proportzionatua denik eta arestian aipatutako printzipioekin bat datorrenik.
Hori dela eta, Tuterako Udalari iradokitzen diogu ezen, behar den organoaren bitartez, bere jarrera berrazter dezan eta, azken batean, zehapenaren eragina soilik arau-haustea egin zuen pertsonari aplika diezaion, eta ez diezaion zehapenaren eragina aplika kexa-egileari eta errudunaz gainerako taldekideei.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Tuterako Udalari iradokitzea zehapenaren eragina soilik erasotzaileari aplika diezaion, arau-haustearen erantzulea baita, eta aukera eman diezaien haren taldekideei aipatutako lehiaketan parte hartzeko.
Tuterako Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartu duen eta adierazitako zentzuan neurriak hartu dituen, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea ebazpena onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia