Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Dificultades de acceso a oficinas
Exp: 10/37/D
Nº: 61
Eskubideen sustapena
2010eko urtarrilaren 20an, [?] jaunak idazki bat aurkeztu zuen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Narbarteko Kontzejuaren funtzionamenduari buruz.
Kexa-idazkian salaketa orokor bat egiten du Narbarteko Kontzejuak azken urteetan izandako funtzionamendua dela eta. Kexu da, esate baterako, kontzejuak herrilurrak gaizki kudeatzen dituelako.
Salaketa orokor horretatik, honakoa zehatz daiteke: azken bi urte hauetan, behin baino gehiagotan jo duela kontzejura zenbait idazki aurkeztera, baina ezin izan dituela aurkeztu bulegoak beti itxita aurkitu dituelako, eta kontzejua bilduta egon arte itxaron behar izan duela idazkiak aurkeztu ahal izateko. Idazkiak pertsonalki aurkezteko zailtasunak zirela eta, posta ziurtatuaren bitartez bidali zituen idazkiak, baina posta zerbitzuak gutun-azala, 2009ko azaroaren 30ean ziurtatutakoa, itzuli dio, kontzejuak ez duelako hartu; halaber, azaltzen du joan den legegintzaldian bulegoak gutxienez ere astean bi orduz irekitzen zituztela.
Esan behar dizut azken aldi horretan kontzejua bilduta zegoela, eta jakinarazi geniola eskabide eredu bat bagenuela, eta haren eskura zegoela edozein eskaera aurkeztu nahi bazuen ere.
Esan behar dizut, halaber, aurkeztutako idazkietan, behin baino gehiagotan, zinegotziengana errespetu falta adierazi duela, eta zalantzan jarri dituela, baita ere, familiako sendagileak egindako lana eta hartutako erabakiak, zeren eta aurreko batean zinegotzi bat bajan zegoela-eta, kexa-egileak esan baitzuen zinegotzi horrek “baja hartu behar izan zuela bere etxabeko obrak kontrolatu ahal izateko”.
Espediente batzuei buruzko informazioa eskatu du, baina espediente horiek une horretan izapidetzen ari ziren, eta hori dela-eta dokumentazio hori ukatu egin behar izan zaio.
Hirugarren pertsonen dokumentazioa aurkeztu du, antzinako katastroetatik ateratakoa. Esan beharra daukagu aurreko batzuetan zinegotzia izateak ez diola eskubiderik ematen bere etxean bere senideak edo auzokideak ez diren beste batzuen dokumentazioa edukitzeko.
Esan behar dizut jaun horrek aukera izan zuela zinegotzia izateko, zeren eta 6 hilabete baino gehiago egon baikinen postuak utzi behar zituztenak jardunean zeudela, inork ez zuelako bere burua aurkeztu nahi. Herriko 15 pertsonen bi zerrenda atera ziren, baina inork ez zuen bere gain hartu nahi izan kontzejuko lana. 5 zinegotzi gara, herriarentzat lan eta eginbehar ugari burutzen ditugunak dirurik kobratu gabe. Denbora asko ematen dugu zenbait lanetan: urak, eskola, argiteria kontuak, hilerria, bideak garbitzea eta abar. Denok lan egiten dugu eta gainera familia bat daukagu, eta ez zaigu denborarik geratzen jaun horri propio dedikatzeko, horixe nahi baitu berak. Jaun hori sekula ez dago konforme hemen egiten dugun lanarekin (...).
Herrilurrak ez ditugula ongi defendatzen esan izan du jaun horrek. Bada, esan behar dizut gai hori Nafarroako Gobernuko Herrilurren Atalarekin (Alhondiga 1. 2.a) lantzen ari garela eta hitzarmenean adostu zena betetzen ari garela, eta ados ez badago [?]-rekin hitz egin dezakeela (telefonoa: [?]), bera baita gaiaz arduratzen ari dena”.
Kexa-idazkian egiazki salaketa orokor bat egiten da Narbarteko Kontzejuaren funtzionamendua dela eta. Kexa-idazkiaren sakoneko gaiak ahal den guztian bereiziz, haiei erantzun zehatz bat ematen ahaleginduko gara.
Erakunde honen helburua da Nafarroako Administrazio Publikoen egintzak eta jarduerak gainbegiratzea, hain zuzen ere Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 1.3 artikuluan jasotako moduan. .Hori dela eta, praktikan, erakunde honek jardun ahal izateko, oro har, Administrazioaren jarduketa edo ebazpen zehatz bat edo Administrazioak jardun behar duenean ez jardutea gertatu behar dira, eta hain zuzen ere kexa-egileak jo behar du hori legez kanpokoa dela edo gehiegizkoa dela, edo kexa-egilea titularra deneko eskubideren bat urratzen duela.
Horrenbestez, kexak ez duenean aipatzen inongo egitate edo jarduketa zehatzik –Administrazio bati egotz dakiokeena eta gehiegizkotzat edo irregulartzat jo daitekeena–, baizik eta kritika orokor bat denean (esate baterako, administrazio batek azken urteetan funtzionatzeko izan duen modua), ezinezkoa da erakunde honek ikuskapen-jarduerarik abiatzea.
Bestalde, erakunde honek jarduteko dauzkan aukerak Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean daude mugatuta; izan ere, lege horren 21.1 artikuluak eragozten du ikerketa bat abiatzea egitateak gertatu eta ezagutu direnetik urtebete baino gehiago iragan direnean.
Kexa-idazkitik ondorioztatzen da aipatzen diren gai edo egitateetatik asko orain dela urtebete baino gehiago gertatutakoak direla. Hori dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legea aplikatuz, ezin dugu, ezta ere, ikerketa bat abiatu aipatu zaizkigun egitateei buruz.
Kexaren xede diren gaietako bat, alabaina, azken urtekoa dela esan daiteke. Kexa-egileak dio behin baino gehiagotan jo duela kontzejura idazkiak aurkezteko, baina ezin izan duela halakorik egin bulegoak beti itxita topatu dituelako, eta itxaron egin behar izan duela kontzejua berriz bilduta egon arte idazkiak aurkezteko. Horrenbestez, dio, idazkiak pertsonalki aurkezteko zailtasunak zirela eta, posta ziurtatuaren bitartez bidali zituela, baina posta zerbitzuak gutun-azala, 2009ko azaroaren 30ean ziurtatutakoa, itzuli diola, kontzejuak ez duelako hartu; halaber, azaltzen du joan den legegintzaldian bulegoak gutxienez ere astean bi orduz irekitzen zituztela.
Kontzejuburuak erantzun du aipatuz kexa-egileak aurkeztu dituen idazkiak, oro har, kontzejuak hartu izan dituela bilduta zegoen uneetan, eta beste batzuetan kontzejuburuak berak pertsonalki hartu dituela.
Zalantzarik gabe, herritar orok eskubidea du edozein administrazio publikotan eskabideak eta dokumentuak aurkezteko eta haiek onartuak eta erregistratuak izateko; horrek berekin dakar Administrazioak haiek hartzeko eta erregistratzeko duen betebehar korrelatiboa. Horixe xedatu zuen Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 3071992/1992 Legearen 38 artikuluak.
Erakunde honek ederki ulertzen ditu kontzeju gehienek egunero, gutxienez ere ordu batzuetan, bulegoak jendearentzako zabalik edukitzeko dauzkaten zailtasunak. Ezin da ahaztu, bestalde, aipatutako 38. artikuluak eskubidea aitortzen diela herritarrei administrazio publikoei idazkiak aurkezteko beste formula edo bitarteko batzuen bidez; horrek, izan ere, neurri handi batean, konponbidea ematen die kasu jakin batean idazkiak administrazio eskudunari –kasu honetan, kontzejuari– zuzenean eskuratzeko egon daitezkeen zailtasunei.
Hala eta guztiz ere, ezinezkoa baldin bada kontzejuko bulegoak egunero ordutegi jakin batez zabalik eduki herritarrekiko harremanak errazteko eta herritarrek idazkiak aurkeztu ahal izateko eta idazki horiek erregistratu ahal izateko, komenigarria izanen litzateke, balio handiko aukera bat delako, kontzejuak baloratzea erregistro elektroniko bat edukitzeko aukera, eskaerak, idazkiak eta gainerako agiriak jaso eta bidaltzeko, edo toki bat eta ordu jakin batzuk finkatzea exijitzekoak diren berme juridiko guztiekin bizilagunen agiriak hartu ahal izateko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Narbarteko Kontzejuari iradokitzea aintzat har dezan bere bulegoak jendearentzako zabalik edukitzeko aukera asteko egun guztietan, edo gutxienez ere egun batzuetan, ordutegi jakin batean, edo, kasua bada, azter dezan erregistro elektroniko bat sortzeko aukera, eskaerak, idazkiak eta gainerako agiriak jaso eta bidaltzeko, edo, bestela, toki bat eta ordu jakin batzuk jar ditzan herritarrek agiriak aurkeztu ahal izateko legeak exijitzen dituen berme juridiko guztiekin.
Narbarteko Kontzejuari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko iradokizun hau onartzen duen eta azaldutako zentzuan neurri egokiak hartzen dituen, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia