Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Falta de contestación a una instancia presentada ante una entidad local
Exp: 10/6/D
Nº: 60
Eskubideak Sustatzea
2010eko urtarrilaren 5ean, [?] jaunak, [?] ordezkatuz, aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Ollarango Udalaren aurka.
Azaltzen du 2008ko irailaren 16an, eskari bat egin ziotela Ollarango Udalari, hura premiatuz udalerriaren izen ofiziala aldatzeko prozedura abiaraz zezan.
Azaltzen zuen udalak ez ziola eskariari inongo erantzunik eman. Hori dela eta, 2009ko ekainaren 10ean, administrazio-isiltasunari buruzko ziurtagiri bat eskatu zuten, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen Legean ezarritakoaren babesean.
Kexan azaltzen zuen, iragan den denbora iragan ondoren ere, udalak eskaria ebazteko duen legezko betebeharra bete gabe jarraitzen duela, eta administrazio-isiltasunari buruzko ziurtagiria ere ez duela eman.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zitzaion Ollarango Udalari.
Udal horrek igorritako txostenean, honakoa ageri da:
“2010eko martxoaren 1ean Nafarroako Arartekoak igorritako idazki bat sartu da erakunde honetan, 10/6/ D espedienteari dagokiona. Idazkia [?] erakundeak aurkeztutako kexari buruzkoa da. Izan ere, erakunde horrek udalerriaren izen ofiziala aldatzeko eskaria aurkeztu zuen. Bada, jakitera ematen dizugu Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren eskumena dela bere eskumeneko errepideetako bide-seinaleak aldatzea. Hori dela eta, erakunde horrek ([?]) Nafarroako Gobernura jo beharko luke”.
Erakunde honetan aurkeztutako kexak salatzen du Ollarango Udalak ez diola erantzunik eman [?]k eginiko eskari bati. Eskari hori irailaren 16an aurkeztu zen Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako erregistroan, eta udal hori premiatzen zuen behar zen prozedura abiaraz zezan herriaren euskarazko izena ofiziala egiteko.
Eskari hori lotu beharra dago Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 21. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin, izan ere haietan ezartzen baitira udaletako izena aldatzeko jarraitu beharreko arauak.
Gai horri buruzko erabakia udalari dagokion alde batera utzita, argi dago behin horri buruzko eskari bat formulatu ondoren, Administrazioak erantzuna emateko legezko betebeharra duela. Horixe ondorioztatzen da Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikulutik, zeinak honakoa ezartzen baitu: Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Eta gauza bera ondorioztatzen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikulutik, zeinak ezartzen baitu toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituela. Bidezkoa den erantzuna igortzeko betebeharra Eskariak Egiteko Eskubidea arautzen duen azaroaren 12ko 4/2001 Lege Organikoan ere jasota dago.
Azken batean, administrazio publiko batera jo eta eskabide edo eskaera bat aurkezten duen herritar orok erantzun bat jasotzeko eskubidea du, edozein dela ere erantzunaren eduki zehatza.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Ollarango Udalari gogoraraztea herritarrek aurkeztutako eskabide eta eskaerei erantzun espresa eman behar diela; eta, zehazki, kexa-egileak ordezkatzen duen entitateak aurkeztutakoei.
Ollarango Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen ala ez, eta behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko. Halaber, ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia