Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 18ko 56/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 martxoa 18

Euskara

Gaia: Falta de comunicación en euskera del documento de verificación del cáncer de mama campaña del cáncer de mama en Alsasua

Exp: 09/59/C

: 56

Elebitasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko urtarrilaren 28an, [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, hizkuntza-eskubideen arloko kexa bat aurkezten zuen.

    Azaltzen zuen 2008ko azaroaren 28an Altsasun bularreko minbiziari aurrea hartzeko kanpaina egin zela, eta probak egiten zizkietenei egiaztapen-agiria soilik gaztelaniaz eman zizkietela.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. 2009ko martxoaren 12an, Osasun Departamentuaren txostena jaso genuen. Bertan adierazten da kexan aipatzen den egiaztapen-agiria aurrerantzean egin beharrekoei buruzko informazioa dakarren dokumentu bat dela, unitatera doazenean emakumeei ematen zaiena. Txostenak dio dokumentu hori gaztelaniaz eta euskaraz dagoela argitaraturik (eredua erantsi da), eta ez dutela inon jasota aztergai dugun datan bertsio elebidunik ez izatea; horrenbestez, uste dute arrazoirik ez dagoela informazio hori soilik gaztelaniaz eman izateko.

Txostenaren amaieran esaten da jarduteko protokoloak berraztertuko direla, aurrerantzean dokumentazioa elebitan emanen dela bermatzeko.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko II. tituluak, zeinak ezartzen baititu herritarrek Administrazioarekiko harremanetan dauzkaten eskubideak, arreta egokirako eskubidea arautzen du, eta 6.2 artikuluan honakoa dio: “era berean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanetan herritar guztiek gaztelania edo euskara erabiltzeko eskubidea dute, euskararen erabilera arautzen duen Nafarroako foru legerian ezarritakoari jarraikiz”.

  2. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 10. artikuluak aitortzen du eremu euskaldunean herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoekiko harremanetan, eta, korrelatiboki, eskubidea dutela hautatzen duten hizkuntza ofizialean arreta hartzeko. Eskubide horretaz baliatzea bermatzeko, foru legeak behar diren neurriak jartzeko eta behar diren bitartekoak jartzeko agintzen du. Hartara, foru legeak eta hura garatzeko erregelamenduak ezarri zuten inprimakiak, ereduak edo formularioak gaztelaniaz, euskaraz edo ele bitan idatziko direla, interesdunek beren lehentasunen arabera erabil ditzaten.
  3. Kexaren arrazoia den egitateari erreparatuz, zehaztu beharra dago honakoa dela aztergai duguna: eremu euskalduneko herritar batzuei ez zaizkiela bularreko minbiziari aurrea hartzeko kanpainako dokumentuak euskaraz helarazi, nahiz eta horretarako eskubidea zuten, eta argitu ez diren arrazoiengatik dokumentu horiek soilik gaztelaniaz idatzi zirela, euskaraz eskatu zituzten arren.

    Horrenbestez, herritar horiei ez zitzaien aukerarik eman Administrazio Publikoarekiko harremanetan euskara erabiltzeko eskubidea eraginkor egiteko, hain zuzen ere foru legean aitortutako eskubidea.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Osasun Departamentuari gogoraraztea eremu euskaldunean egiten diren osasun kanpainetan herritar guztiei arreta euskaraz hartzeko legezko eskubidea eraginkor bihurtu behar duela.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ez dela zilegi honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia