Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Imposibilidad de ser atendido en euskera
Exp: 09/55/C
Nº: 55
Elebitasuna
2008ko irailaren 17an, [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, hizkuntza-eskubideen arloko kexa bat aurkezten zuen.
Azaltzen zuen 2008ko azaroaren 19an, pertsona bat Gayarre Antzokiko ikuskizun baterako sarrerak erosterakoan, leihatilan zegoen pertsonari euskaraz zuzendu zitzaiola, eta erantzun ziola hizkuntza horretan ez zekiela; horrenbestez, txartelak gaztelaniaz erosi behar izan zituen.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak honako helburu hauek eransten ditu “funtsezko” gisa (1. artikulua), eta, horrenbestez, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek ziurtatu beharreko helburu gisa: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskara biziberritu eta gara dadin zaintzea, euskararen erabilera sustatzeko zer neurri hartu behar diren adierazita.
Euskara Nafarroako hizkuntza berekietako bat da. Hala ezarrita dago 18/1986 Foru Legeko 2. artikuluan. Artikulu horretan, halaber, foru legearen beraren ezinbesteko helburutzat jotzen da (1.2.a artikulua) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestu eta eginkor bihurtzea, bai eta eskubide horretaz baliatu ahal izateko tresnak zehaztea ere.
Kexaren arrazoia den egitateari erreparatuz, zehaztu beharra dago honakoa dela aztergai duguna: eremu mistoko herritarrek eskubidea duten ala ez administrazio publikoetako langileei euskaraz hitz egiteko, eta, korrelatiboki, hizkuntza berean ahozko erantzuna jasotzeko eskubidea duten ala ez. Izan ere, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 17. artikuluak aitortzen du eremu mistoko herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko.
Orduan, kasuko administrazioko langileek euskaraz ez badakite, administrazioak ezinbestez itzultzaile bat eduki beharko du ahozko harreman horretan laguntzeko. Ezin baitio herritarrari eskubide duena ukatu, alegia euskaraz hitz egitea eta euskaraz erantzuna jasotzea, zeren eta horrekin abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 1., 2. eta 17. artikuluetan xedatua urratuko bailuke.
Nafarroako Administrazio Publikoari buruz abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak erabiltzen duen kontzeptua zabala da, eta ez dago mugatuta terminoaren zentzu hertsiari. Honakoak hartu behar dira “Nafarroako Administrazio Publikotzat”:
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa.
Aurrekoaren menpeko erakunde autonomoak.
Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko Foru Legean araututako sozietate eta fundazio publikoak.
Nafarroako toki entitateak: udalak, kontzejuak, distrituak, mankomunitateak eta toki entitate tradizionalak.
Administrazioaren parte-hartzea gehiengoa den sozietate eta fundazio publikoak.
Aurrekoekin batera, Nafarroako administrazio publikotzat hartuko dira, halaber, izaera instituzional edo korporatiboa duten gainerako administrazio guztiak, jatorria Nafarroako Foru Komunitatearen lege edo ekintzaren batean dutenak edo Foru Hobetzearen arabera Nafarroako Foru Komunitateak eskumenak dituenak: Partzuergoa; Industria, Merkataritza eta Turismo Ganbera; Nafarroako Nekazaritza Ganbera; lanbide elkargoak; jatorrizko deituren kontseiluak... Izan ere, horiek guztiak, jatorri juridikoarengatik, “administrazio publikoak dira”, eta jatorri geografikoarengatik, berriz, Nafarroakoak dira.
Aurrekoa ezarrita, kontua da ebaztea ea Gayarre Antzokia fundazioa fundazio pribatu bat den ala ez; eta, horrenbestez, Euskarari buruzko Foru Legearen menpean dagoen.
Fundazioaren estatutuetako lehenbiziko artikuluaren arabera, “udal fundazio” bat da, Iruñeko Udalaren erabakiz eta borondatez sortutakoa. Bigarren artikuluaren arabera, bere estatutuak eta Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa izanen ditu arau gisa.
Horrenbestez, fundazioaren izaera eta haren funtzionamendu araubidea bereizi beharrean gaude. Bereizkuntza horri erreparatuta, estatutuetako aipatu artikuluei jarraituz, Gayarre Antzokia Fundazioa fundazio publiko bat da (udal fundazio bat, Iruñeko Udalaren erabakiz eta borondatez sortutakoa; gainera, Patronatuko Batzarra Iruñeko Udalak izendatzen du, bere zinegotzien artean), eta funtzionamenduan zuzenbide pribatuaren menpean dago.
Fundazio publiko bat bada, nahiz eta zuzenbide pribatuaren araberako funtzionamendua eduki, ondorioztatu beharra dago Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean agindutakoen menpean dagoela.
Erakunde honek ongi daki nolako zailtasun praktikoak dituen bermatzea antzokiko leihatilan bezeroei euskaraz arreta eman ahal izatea; baina, hori guztia gora-behera, zailtasun hori ez da arrazoi foru legea ez betetzeko edo betetzetik salbuesteko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Iruñeko Udalari gogoraraztea bere legezko betebeharra eraginkor egin behar duela, eta herritar guztiei euskaraz arreta hartzeko eskubidea bermatu behar diela udalak sorturiko eta udalaren menpeko sozietate eta fundazio publikoetan.
Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia