Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 18ko 54/2009 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 martxoa 18

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Discrepancia con denegación de beca por superar el límite de renta per cápita

Exp: 09/120/E

: 54

Hezkuntza

AURREKARIAK

  1. 2009ko otsailaren 11n, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen bere semearentzako garraio-laguntzako beka-eskari bati ezezkoa ematen ziotelako eta ezezko hori berrikusteko eskariari erantzun ez ziotelako.

    Interesdunak azaltzen zuen Arbizun bizi dela eta bere semea batxiler artistikoa ikasten ari dela. Modalitate hori ez dago Altsasuko Institutuan; izan ere, institutu horretara doan joaten dira Arbizuko ikasleak. Bere semeak, ordea, hautatu duen batxiler modalitatea ikasteko, Iruñeraino joan behar izaten du egunero.

    Hori dela eta, beka bat eskatu zuen Hezkuntza Departamentuko Ikasketetarako Laguntzen Atalean, baina 2008ko martxoaren 17an ezezkoa eman zioten, familiako per capita errentaren muga ekonomikoa gainditzeagatik (0701313 zenbakiko espedientea).

    Kexa-egileak alegatzen zuen garraio-beka emateko familiako per capita errentaren irizpidea erabiltzea ez litzatekeela aplikatu beharko kasu hauetan, zeren eta bere semeak derrigor joan behar izaten baitu Iruñeraino, Hezkuntza Departamentuak ez diolako eskaintzen batxiler artistikoa Altsasun ikasteko aukera; izan ere, beste batxiler mota bat hautatu izan balu Altsasuko Institutura joateko garraioa doan izanen luke.

    Interesdunak azaltzen du bekari ezezkoa eman ziotenean, espedientea berrikusteko eskaria agin zuela, Hezkuntza Departamentuan 2008ko apirilaren 9an aurkeztutako eskabidearen bitartez. Eskabide horren erantzunik, ordea, ez du jaso gaur-gaurkoz.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, idazki bat igorri nion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari, 2009ko otsailaren 18an, kexan azaldutako gaiari buruzko informazioa eman ziezadan.

2009ko martxoaren 12an, Hezkuntza kontseilariak sinaturiko txostena sartu zen gure erakundean. Honakoa dio, hitzez hitz:

“Nafarroako Arartekoak idazki bat igorri zigun 2009ko otsailaren 18an [?] andreak aurkeztutako kexa dela eta (09/120/E espedientea). Honako argibideak eman behar dizkizut horri buruz:

2007/2008 ikasturtean garraio-beka bat eskatu zen Iruñeko “Iturrama” BHIan Batxilergoko 1. maila ikasten ari zen [?]-rentzat, bai Hezkuntza Ministerioaren unibertsitatez besteko derrigorrezkoaren ondoko ikasmailetarako deialdian, bai Nafarroako Gobernuko irakaskuntza ertainetarako eta goi ikasketetarako beken deialdian ere.

Bi deialdietan ezezkoa eman zitzaion eskariari, “familiako per capita errentaren maila ekonomikoa gainditzeagatik”.

Bekari ezezkoa ematea berrikusteko eskariari dagokionez, [?] andreak 2008ko apirilaren 9an Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan aurkeztutako idazkia erantsi dugu.

Idazkiak “errekurtsoa aurkezten dut” esaten badu ere, ez zen ulertu bekari ezezkoa ematearen aurkako erreklamazio bat zenik, zeren eta ezer ere ez baita argudiatzen ezezkoa emateko arrazoiari buruz, eta, gainera, ez da inongo dokumentaziorik gehitzen justifikatzeko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako datu ekonomikoetan akatsen bat zegoela. Horrenbestez, ez zegoen berrikusi beharreko daturik. Aipatutako idazkian beste gai batzuk aipatzen dira, ez beken deialdiarekin, ez eskariari ezezkoa emateko arrazoiarekin zerikusirik ez dutenak.

Familiako per capita errentaren irizpideak aztergai dugunaren antzeko kasuetan irizpide bakarra ez lukeela izan beharko argudiatzen du interesdunak. Bada, horri buruz, ukatu beharreko lehenbiziko gauza da ikasleak “derrigor” Iruñeraino joan behar duenik, zeren eta, alde batetik, derrigorrezkoak ez diren ikasketetan ari baita, eta bestetik, Iruñerainoko garraioa behar izatearen arrazoia ikasleak hautatu dituen ikasketengatik heldu baita; gainera, kontuan hartu behar da derrigorrezkoen ondorengo ikasketak egiteko ikasleentzako Altsasurainoko garraioa ez duela ez antolatzen ez ordaintzen Hezkuntza Departamentuak, egoera oso jakin batzuetan izan ezik, aurrerago azalduko dugun bezala.

Por otro lado, no es el único criterio que se tiene en cuenta, puesto que, por establecerlo así el artículo 83.1 de la LOE, también se tiene en cuenta el rendimiento escolar. Irudi du gertatzen dela bekari ezezkoa emateko arrazoia beka emateko irizpide bakar gisa hartu duela interesdunak. Nolanahi ere, bekei eta laguntzei buruzko erregulazioak helburu du, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren beraren arabera, hezkuntzaren arloan desberdintasunak konpentsatzea; horrenbestez, bekak eta laguntzak emateko irizpide gisa errenta hartzea komenigarria ez ezik, derrigorrezkoa ere bada, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak horixe agintzen baitu.

Arartekoaren idazkian, 2008ko apirilean [?] andreak aurkeztutako idazkian gertatzen den bezala, ez beken deialdiarekin, ez aipatutako eskariari ezezkoa emateko arrazoiarekin zerikusirik ez duten gaiak aipatzen dira.

Hezkuntza Departamentuak eskola-garraioa antolatzen du derrigorrezko ikasketetan ari diren ikasleentzat (2007/2008 ikasturtean eskola-garraioaren zerbitzuaren antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 605/2007 Ebazpena). Aztergai dugun kasuan, ordea, derrigorrezkoak ez diren ikasketei buruz ari gara; hori dela eta, Administrazioak ez du antolatzen, ez finantzatzen halako ikasketetan ari diren ikasleen garraioa.

Hala eta guztiz ere, aipatu ebazpenak 7. idatz-zatian aurreikusten du garraiobidean hutsik geratzen diren eserlekuak garraioak xede dituen ikasleez beste ikasle batzuek betetzeko aukera, betiere baldintza batzuk betetzen baditu. Aukera hori Ebazpenaren 6. idatz-zatian ezarritakoarekin (garraioaren planifikazio komuna) lotu ondoren, lankidetza hitzarmen bat dago sinatuta Altsasuko “San Miguel” BHIko gurasoen elkartearekin. Akordio horren arabera, gurasoen elkarteak autobusetako eserleku hutsak erabil ahalko ditu eta gurasoen elkarteak berak autobus gehiago kontratatuko ditu, beharrezkoak badira, derrigorrezkoen ondorengo ikasketetan ari diren ikasle guztiak garraiatzeko. Zerbitzuaren kostua, berriz, erabiltzaile guztien artean banatzen da, eserleku hutsak erabili nahiz ez erabili, eta horrekin familientzako kostua txikiagoa da. Eserleku hutsak erabiltzea eskatzen duten derrigorrezkoen ondorengo irakaskuntzetako ikasle guztiak derrigorrezko irakaskuntzako ikasleentzako garraiorako antolatutako autobusetan sartzen badira, orduan bai izan daiteke doakoa garraioa, baina egoera zirkunstantzial bat da, betiere derrigorrezko irakaskuntzetako ikasleen garraio-beharren menpe dagoena eta bete gabeko eserlekuaren erabiltzailearen aldeko inongo eskubiderik sortzen ez duena.

2008/2009 ikasturtean eskola-garraioaren zerbitzuaren antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiaren ekainaren 11ko 190/2008 Ebazpenak ez du aldaketarik ekarri, arestian aipatutako 605/2007 Ebazpenarekin alderatuta.

AZTERKETA

  1. Bi dira kexa-egileak planteaturiko gaiak. Lehenbizikoa, sakonekoa, garraio-bekari ezezkoa emateri dagokio. Bigarrena, formazkoa, Hezkuntza Departamentuak espedientea berrikusteko erreklamazioari ez erantzuteari dagokio.

  2. Sakoneko gaiari dagokionez, Hezkuntza Departamentuaren txostenean erantzun baliozko eta nahikoa ematen da. Izan ere, kexa-egileak familiako per capita errentaren muga ekonomikoa gainditzen du, eta, bestalde, derrigorrezkoak ez diren irakaskuntzen kasu bat da. Gainera, Administrazioak justifikatzen du Hezkuntza Departamentuak ez duela ez antolatzen, ez finantzatzen derrigorrezkoaren ondorengo irakaskuntzarako Altsasurainoko garraioa, inguruabar berezietan izan ezik, idazkian azaltzen duen bezala.

  3. Interesdunak azaldutako bigarren gaia da –hari buruz ere kexa agertzen du– Hezkuntza Departamentuak ez diola erantzunik eman 2008ko apirilaren 9an espedientea berrikusteko aurkeztu zuen eskariari.

    Interesdunak aurkeztutako eskariari ez erantzuteari dagokionez, ezinbestez jo behar dugu Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legera, eta bereziki, haren 42. artikulura, zeinak honakoa ezartzen baitu:

"1. Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere.

"/…

3. Prozedurei buruzko arauek ez badute gehieneko eperik ezartzen, epe hori hiru hilabetekoa izanen da.”

Administrazio prozeduraren funtsezko arau bat badago: herritarren eskariak berariaz ebazteko betebeharra, eta, horrenbestez, herritarrek beren eskarien erantzun espresa jasotzeko eskubidea.

Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko zioen azalpenak berak honakoa dio:

“Administrazioaren jardunik ezaren izaera positiboa berme bat da, zeina ezartzen baita legearen egiazko helburua (hots, herritarrek erantzun espresu, esanbidezkoa lortzea administrazioarengandik eta, batez ere, ezarritako epean lor dezatela) betetzen ez denerako.”

Kexaren kasu zehatzean, Hezkuntza Departamentuak ez dio erantzun interesdunak egindako eskariari. Departamentu horren txostenean honakoa alegatzen da:

Idazkiak “errekurtsoa aurkezten dut” esaten badu ere, ez zen ulertu bekari ezezkoa ematearen aurkako erreklamazio bat zenik, zeren eta ezer ere ez baita argudiatzen ezezkoa emateko arrazoiari buruz, eta, gainera, ez da inongo dokumentaziorik gehitzen justifikatzeko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako datu ekonomikoetan akatsen bat zegoela. Horrenbestez, ez zegoen berrikusi beharreko daturik.

Azalpen horrek ez du inolaz ere justifikatzen eskariari erantzunik eman ez izana. Lehenbizi, argi dago kexa-egilearen asmoa dela beka-eskariari emandako ezezkoaren aurkako errekurtsoa jartzea, eta horixe adierazten du bere eskabidean. Ondoren, interesdunak egokitzat jotzen dituen argudioak aipatzen ditu.

Erreklamazioa egiteko asmoa argi egon nahiz ez egon, organo administratiboek, salbuespenik gabe, administratuek planteaturiko eskariak ebatzi behar dituzte, haiek onesteko nahiz ezesteko. Hori dela eta, Hezkuntza Departamentuak interesdunaren eskaria ebazteko betebeharra zuen.

Azken batean, uler daiteke, erakunde honen irizpidearen arabera, ikuskaturiko administrazio-jarduerak ez duela errespetatu [?] andreak Administrazioaren erantzun arrazoiduna jasotzeko duen eskubidea.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea legez beti bete behar duela abenduaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua.

  2. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ea neurri egokirik hartu duen azaldutakoaren ildotik, eta interesdunari emandako erantzunaren kopia eransteko, edo, bestela, hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko. Departamentu horri ohartarazten diogu hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharreko urteko txostenean jasoko dugula kasua, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia