Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 18ko 53/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 martxoa 18

Euskara

Gaia: Falta de realización en euskera de la campaña del cáncer de mama en Alsasua

Exp: 09/58/C

: 53

Elebitasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko urtarrilaren 28an, [?] jaunak idazki bat aurkeztu zuen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren aurka, Altsasuko herritarrei ez bermatzeagatik bularreko minbiziari aurre hartzeari buruzko kanpainaren berri euskaraz jasotzea.

    Interesdunak azaltzen zuen Altsasura azaroaren 28an bularreko minbiziari aurre egiteko kanpaina egitera joan ziren bi pertsonetatik bakarrak ere ez zekiela euskaraz.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

    Joan den martxoaren 12an, Osasun Departamentuaren txostena jaso genuen. Bertan, honakoa azaltzen da:

    “Hain zuzen ere, 2008ko azaroaren 7an eta 2009ko urtarrilaren 13an, aipatu programako unitate mugikorrean, Altsasun, Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko oinarrizko osasun barrutietan bizi diren emakumeen –Irurtzun herrikoena izan ezik– azterketak egin ziren.

    Unitate horretan lanean diharduten langileak (normalean Erradiologiako bi teknikari eta administrari laguntzaile bat, txanda bakoitzean) Iruñeko Unitateari atxikita daude, eta lanpostu horietan ez dago euskaraz jakiteko baldintzarik, nahiz eta noizean behin Nafarroa osoan zehar ibili.

    Edonola ere, egitatea aztertuko da, aurrerago laguntza hori bi hizkuntzetan ematea bermatzeko moduan egoteko”.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko II. tituluak, zeinak ezartzen baititu herritarrek Administrazioarekiko harremanetan dauzkaten eskubideak, arreta egokirako eskubidea arautzen du, eta 6.2 artikuluan honakoa dio: “era berean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanetan herritar guztiek gaztelania edo euskara erabiltzeko eskubidea dute, euskararen erabilera arautzen duen Nafarroako foru legerian ezarritakoari jarraikiz”.

    Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak honako helburu hauek eransten ditu “funtsezko” gisa (1. artikulua), eta, horrenbestez, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek ziurtatu beharreko helburu gisa: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskara biziberritu eta gara dadin zaintzea, euskararen erabilera sustatzeko zer neurri hartu behar diren adierazita.

  2. Euskara Nafarroako hizkuntza berekietako bat da. Hala ezarrita dago 18/1986 Foru Legeko 2. artikuluan. Artikulu horretan, halaber, foru legearen beraren ezinbesteko helburutzat jotzen da (1.2.a artikulua) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestu eta eginkor bihurtzea, bai eta eskubide horretaz baliatu ahal izateko tresnak zehaztea ere.

  3. Kexaren arrazoia den egitateari erreparatuz, zehaztu beharra dago honakoa dela aztergai duguna: eremu euskalduneko herritar batzuek Foru Komunitateko Administrazioko langileei euskaraz hitz egiteko eskubidea daukaten ala ez, kontuan izaki langile horiek aldi baterako daudela eremu euskalduneko herri batean minbiziari aurrea hartzeko kanpaina bat eginez, eta, korrelatiboki, hizkuntza berean ahozko erantzuna jasotzeko eskubidea duten ala ez.
  4. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 10. artikuluak aitortzen du eremu euskaldunean herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko. Horrenbestez, herritar guztiek, legez, eskubidea dute ahoz nahiz idatziz euskara erabiltzeko Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko langileekin, une horretan eremu euskaldunean ari baitira lanean, eta Administrazioak eskubide hori nahitaez ezagutu behar du.

    Horri berari dagokionez, minbiziari aurrea hartzeko kanpaina eremu euskaldunean egiten denean, artikulu horren karietara, departamentuak euskaraz egin behar die arreta hizkuntza hori erabiltzen duten herritarrei, eta Administrazioak herritar horiek hautatzen duten hizkuntza ofizialean erantzun behar diete, euskaraz edo gaztelaniaz. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile sanitarioak euskaraz ez badaki, administrazioak ezinbestez itzultzaile bat eduki beharko du ahozko harreman horretan laguntzeko. Ezin baitio herritarrari eskubide duena ukatu, alegia euskaraz hitz egitea eta euskaraz erantzuna jasotzea, zeren eta horrekin abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 1., 2. eta 3. artikuluetan xedatua urratuko bailuke.

    Aurrekoaz gainera, Nafarroako Administrazio publikoetan euskara erabiltzeari buruzko otsailaren 19ko 29/2003 Foru Dekretuak, 10.3 artikuluan, eremu euskalduneko administratuekiko ahozko komunikazioei dagokienez, irizpide orokor bat ezartzen du, euskara erabiltzekoa, eta honakoa xedatzen du: “Ahozko komunikazioetan, funtzionarioek zerbitzua eman ahalko diete administratuei azken hauek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean”.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Osasun Departamentuari gogoraraztea eremu euskaldunean egiten diren osasun kanpainetan herritar guztiei arreta euskaraz hartzeko legezko eskubidea eraginkor bihurtu behar duela.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ez dela zilegi honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia