Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Retraso por parte del TAN en resolver un recurso de alzada sobre procedimiento sancionador de tráfico
Exp: 10/118/D
Nº: 59
Eskubideen sustapena
Otsailaren 12an, [?] jaunak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, Iruñeko Udalari eta Nafarroako Administrazio Auzitegiari aurkeztutako errekurtsoen erantzuna ez zuelako jaso.
Azaltzen du 2008ko maiatzaren 7an, errekurtso bat aurkeztu zuela Udalean, udalak egina zion bahitura batengatik, dirudienez 2006ko maiatzaren 3an egindako trafikoko arau-hauste baten ondorioz (060911803 espedientea).
Bestalde, aipatzen du 2008ko urriaren 23an, gora jotzeko errekurtso bat (08-7324 zk.) aurkeztu zuela Nafarroako Administrazio Auzitegian, aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoari Iruñeko Udalak erantzunik eman ez ziolako.
Kexa aurkezteko egunera arte, aurkeztutako errekurtsoen erantzunik jaso gabe dago.
2010eko martxoaren 3an, eskatutako txostenak sartu dira gure erakundean.
Iruñeko Udalak honakoa dio:
“Toki Ogasunaren Alorreko zuzendariaren SHL 01-JUL-08 (26/HL) Ebazpenaren bitartez, udal honetako Hiritarren Babeserako Alorrak emandako 21. zerrendako berraztertzeko errekurtsoak ezetsi ziren; ebazpen horren barrenean, orain aztertzen ari garen errekurtsoa ageri zen. Ebazpena alor horretako legelariaren 2008ko ekainaren 19ko txostenaren ondoren eman zen.
2008ko uztailaren 24an, aipatutako ebazpena Atarrabiako Miguel Indurain Plaza, 4-1.aB helbidean jakinarazteko ahalegina egin zen, 14:30ean, eta beste ahalegin bat egin zen 2008ko uztailaren 30ean, 11:15ean. Emaitza izan zen jakinarazpena jaso beharrekoa ez zegoela adierazitako helbidean; beraz, ohar bat utzi zitzaion Erriberri kaleko 20. zenbakiko etxabean dauden egoitzetatik pasatzeko hura hartzera, 10 eguneko epean. Alabaina, interesduna ez zen azaldu. Azkenean, jakinarazpena urriaren 29ko 132. NAOn argitaratu zen, eta Atarrabiako Udalaren iragarkien oholean ere jarri zen jendaurrean.
Bere aldetik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak Nafarroako Administrazio Auzitegiko lehendakariaren idazkia igorri du. Honakoa dio, hitzez hitz:
“Kexan aipatzen den 08-7.324 zenbakiko gora jotzeko errekurtsoa [?] jaunak aurkeztu zuen 2008-10-23an, eta 2008ko maiatzaren 7ko berraztertzeko errekurtso bat ezestearen aurkakoa zen. Errekurtsoa Iruñeko Udalaren aurka jarri zen.
Errekurtso hori jasota, hura, 2008-11-11ko probidentziaren bitartez, Iruñeko Udalera igorri zen. Azken horrek, 2008ko abenduaren 15ean igorri zuen kasuko espediente administratiboa.
[?] jaunaren errekurtsoa trafikoaren arlokoa da, eta hain zuzen ere arlo horretan errekurtsoak pilatzen joan dira azken aldi honetan. Egoera horri erreparatu zaio jada, eta esperatzekoa da laster konponbidean jartzea, langile gehiago eta beste baliabide material batzuk jarri direlako. Berehala osatuko da laguntza hori, batez ere administrazio elektronikoaren esparruari dagokionez.
Horrela, aurreikusten da epe laburrean, eta, noski, datozen hiru hilabeteko epean, [?] jaunak aurkeztutako errekurtsoa ebaztea”.
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 59. artikuluak honakoa dio: “Jakinarazpena interesdunaren bizilekuan egin eta interesduna ez badago, bizilekuan dagoen edozeinek har dezake, nor den jasota uzten badu. Bizilekuan jakinarazpenaz arduratzeko inor ez badago, hala jasoko da espedientean, eta, horrez gainera, jakinarazpena emateko saioa zein egunetan eta zein ordutan egin den ere idatziko da. Hurrengo hiru egunetako batean eta aurrekoa ez beste ordu batean, berriz saiatuko dira jakinarazpena ematen, beste behin bakarrik”.
Ondoren, arau berak honakoa dio: “Prozedurako interesdunak ezezagunak badira, jakinarazpena egiteko lekua edo modua, artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatutakoa, jakiteko modurik ez bada eta jakinarazpena egiten saiatu arren ezin izan bada jakinarazi, jakinarazpena kasu horietan eginen da iragarkia jarriz interesdunak azken bizileku ezaguna izan duen udaletxeko iragarki-oholean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean, autonomia-erkidegokoan edo probintziakoan, kontuan hartuta jakinarazi beharreko egintza zein administraziorena den eta egintza eman duen organoa zein lurralde-eremutakoa den”.
Iruñeko Udalaren jarduketa aztertuta, egiaztatu dugu hura arestian transkribatutako arauen araberakoa izan dela; horrenbestez, jakinarazpena egiterik izan ez zenez, interesdunari oharra utzi zitzaion postontzian. Behin epea iragan zenean kexa-egilea eskutitza jasotzera joan gabe, Atarrabiako Udaleko iragarkien oholean argitaratu zen –bertan bizi baita interesduna–, bai eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.
Kexaren xedea da Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez erantzutea 2008ko urrian aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoari. Izan ere, kexa aurkezteko datan –2009ko otsailaren 12an, hau da, sei hilabete beranduago–, errekurtsoa oraindik ere ez da berariaz ebatzi.
Arau klasiko eta funtsezko bat badago administrazio prozedura erkidean: administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar die interesdunek aurkeztutako eskari eta errekurtso guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazio-jarduera baten aurkako errekurtso bat aurkeztu badu, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta errekurtsoaren edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkeztutako errekurtso administratiboei dagokienez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 338. artikuluak sei hilabeteko gehieneko epe bat ezartzen du ebazpena eman eta jakinarazteko.
Aipatu arauak betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskaerak ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat.
Hemen planteatutako kasuan, Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez du bete errekurtsoa ebatzi eta ebazpena jakinarazteko legez bete beharreko epea.
Administrazio Auzitegiak erabilitako argudioak, trafikoaren arloan aurkeztutako errekurtsoen espedienteak metaturik egoteari buruzkoak, ez du justifikatzen aurkeztutako errekurtso administratiboei berariazko ebazpena emateari eta ebazpen hori behar den epean emateari buruz arestian aipatutako eskubideak urratzea. Eskubide horiek eraginkor egiteko, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak behar diren bitarteko guztiak jarri beharko ditu, hain zuzen ere administrazioaren jardueran gertaturiko gabeziak gainditzeko –egiturazko nahiz abaguneko gabeziak izan–, kontuan izanda herritarrari zerbitzua ematea dela Administrazioaren eginkizun nagusia.
Erakunde honek ezagutzen ditu Nafarroako Administrazio Auzitegiak espedienteak izapidetzeko izan ditzakeen zailtasunak, urtero errekurtso ugari ebatzi behar baititu. Hala eta guztiz ere, egiaztatu den atzerapenak –hamabost hilabete baino gehiago– berekin ekarri du aurkeztutako kexak oinarria baduela aitortzea eta jotzea gora jotzeko errekurtsoaren ebazpena arrazoizkoa dena baino gehiago luzatzen ari dela.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren menpekoa den Nafarroako Administrazio Auzitegiari gogoraraztea legez Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 338. artikulua beti bete behar duela.
Bi hilabeteko epea ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari erakunde honi jakinaraz diezaion azaldutakoaren bidetik neurri egokia hartu duen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia