Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 17ko 58/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 martxoa 17

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: La Administración le niega el acceso a un expediente abierto contra un tercero tras denuncia de la pomotora de la queja

Exp: 10/16/D

: 58

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko urtarrilaren 12an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Kontsumo Zerbitzuaren aurka, espediente batean dagoen dokumentazioa eskuratzeko biderik ez emateagatik.

    Azaltzen du [?] markako kontzesionarioaren aurka 2009ko urtarrilean aurkeztutako salaketa dela eta, 31R001/41/2009/1 espedientea zabaldu zela.

    Azaltzen du joan den urriaren 8an eta 22an, espedientean zegoen informaziorako sarbidea eskatu zuela, baina ez ziotela eman.

    Gehitzen du 2009ko azaroan, salaketa artxibatu zela, eta horri buruz jakinarazpenetarako ezarritako bermeak betetzen ez dituen komunikatu bat igorri ziotela.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

  3. Kontseilariak, joan den martxoaren 2an, txosten bat igorri zuen. Hartan, ondokoa dio, hitzez hitz:
    1. “Nafarroako Arartekoak Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari aurkeztu dion idazkian, aipatzen da kontsumoaren arloa dela-eta [?] andreak [?] kontzesionarioaren aurka aurkeztutako salaketa.

      Idazki horretan planteatzen diren gaiei erantzun egokia emateko, komenigarri da aztertzea aurkeztutako salaketa dela-eta gertatutako egitateak, bai eta salaketa horrek berarekin ekarri zituen jarduketa administratiboak ere.

    2. [?] andreak 2009ko urtarrilaren 26an aurkeztutako salaketaren ondorioz, Kontsumo Zerbitzuak, martxoaren 27an, ikuskapen bisita bat egin zuen [?] enpresaren establezimenduan, eta 31R001/0321 akta egin zuen. Ikuskapen hori egin behar zela eta, aipatu enpresari salaketaren edukia jakinarazi zitzaion, eta eskatu zitzaion idazki bat aurkezteko, egitateak behin betiko finkatuta uzteko. Idazki hori apirilaren 8an sartu zen Kontsumo Zerbitzuan.

      Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, beste errekerimendu bat egin zitzaion [?] enpresari maiatzaren 15ean, eta maiatzaren 27an eman zion erantzuna.
      Salatzaileak eta salatutako enpresak azaldutako bertsioen artean dauden dibergentziei dagokienez, Kontsumo Zerbitzuak [?]-ri salatutako egitateak argitzeko behar zen informazioa eskatu zion.

      Errekerimendu hori, ekainaren 24an egina, abuztuaren 5ean berretsi zen, erantzunik iritsi ez zelako. Bigarren errekerimendu horretan ohartarazten zen ezen emandako epean erantzun ezean, kasuko zehapen espedientea irekiko zela, Nafarroako Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteari buruzko ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legeko 39.p) artikuluan jasotako arau-hauste bat egiteagatik. Izan ere, arau-hauste horren arrazoia da ez betetzea organo administratiboek eginiko errekerimenduak, zehatzekoak diren egitateak eta erantzukizunak argitzera bideratutakoak.

      2009ko abuztuaren 17an, [?]-k idazki bat aurkeztu zuen, baina hartan ez zion erantzunik eman planteatutako gaietako bakarrari ere. Horrenbestez, abuztuaren 26an, azken errekerimendua egin zen. Erantzunik iritsi ez zenez, 2009ko urriaren 6an, zehapen-prozedura abiatu zen.

    3. 2009ko urriaren 8an, [?] andreak idazki bat aurkeztu zuen Kontsumo Zerbitzuan. Haren bidez, eskatzen du informazioa eman dakion bere salaketaren ondorioz irekitako prozedurari zegokion izapidetzearen egoerari buruz; egindako informazio-eskaerei [?]-k emandako erantzunen kopia emateko, eta eginiko ikerketarako izapideen ardura duten funtzionarioak identifikatzeko.

      Urriaren 14an, eginiko ikerketen ardura duten funtzionarioen nortasuna jakinarazi zitzaion salatzaileari, eta jakinarazi zitzaion [?] enpresari zehapen-espedientea irekia zitzaiola, kontsumoaren arloko arau-hauste batengatik, hain zuzen ere ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legeko 39.p) artikuluan tipifikatutako arau-haustearengatik.

      Urriaren 22an, [?] andreak bilera bat eskatu zuen Familia, Haur eta Kontsumoko zuzendari nagusiarekin.

      Gero, azaroaren 5ean, Kontsumo Zerbitzuan [?]-k zehapen prozedura irekitzeari buruz aurkeztutako alegazioen idazki bat sartu zen; hari, gainera, agiri bat erantsi zion, non erantzuna ematen baitzaie abuztuaren 26an jakinarazitako errekerimenduan planteatutako gaiei.

    4. [?] andreak Familia, Haur eta Kontsumoko zuzendari nagusiarekin eskatutako bilera 2009ko azaroaren 10ean egin zen. Hartara, salatzaileaz gainera, haren senarra joan zen. Bilera horretan, gertatutakoei buruzko azterketa bat egin ondoren, salatzailearen senarrak behin eta berriz eskatu ondoren eta haren asmoak betetze aldera, erabaki zen salaketa aztertuko zuela hura izapidetzeaz hasieran arduratu zen administrazio publikoko teknikariaz beste batek (adar juridikokoa).
    5. Behin salaketaren edukia eta hari buruz espedientean ageri den dokumentazioa aztertu ondoren, jo zen ezinezkoa zela probatzea [?]-k kontsumoaren arloko arau-hauste administratibo bat egina zuela. Hori dela eta, salaketa artxibatu egin zen, eta 2009ko azaroaren 27an jakinarazi zitzaion hori [?] andreari.

      2010eko urtarrilaren 12an, [?] andreak idazki bat aurkeztu zuen Kontsumo Zerbitzuan. Haren bitartez eskatzen du berak aurkeztutako salaketa artxibatzeko erabakia atzera bota dadin. Eskaria oinarritzeko Arartekoari azaldutako argudio edo arrazoi berak eman zituen.

      1. Kasuaren aurrekariak ikusita, bidezkoa da Kontsumo Zerbitzuaren jarduerari buruz honako gogoetak egitea:
      2. [?] andreak aurkeztutako salaketak berekin ekarri zuen behar ziren jarduerak egitea, egitateak eta kasuaren inguruabarrak argitzeko eta erabakitzeko zehapen-prozedura irekitzea komeni zen ala ez. Horixe eskatzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 64. artikuluak, bai eta Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsaren arloko zehapen prozedura arautzen duen irailaren 19ko 172/1994 Foru Dekretuko 5. artikuluak ere.
      3. Salatzaileak aurkeztutako informazio eta dokumentazio eskariari dagokionez, egokitzat jo zena eman zen, arloa arautzen duten arauak betetzeko, kontuan izanda salatzailea ez zela, hertsiki hartuta, interesduna, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 31. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
      4. [?]-ren aurka zabaldutako zehapen prozedurak ez du inongo loturarik [?] andrearekin, zeren eta aurkeztutako salaketa ez baitzen beraren aurkakoa; izan ere, hasitako prozedura eginiko errekerimenduak ez betetzeagatik hasi zen.
      5. Behin ikerketa-jarduerak amaitu ondoren, haiek artxibatu egin ziren, zeren eta haietan ez baitziren biltzen [?]-ren aurka inongo zehapen prozedurarik irekitzea justifikatzen zuen inguruabarrik. Artxibatze hori salatzaileari jakinarazi zitzaion.

        Azken batean, azaldutakoa ikusita, jotzen dugu bai [?] andreak aurkeztutako salaketaren ondoren eginiko ikuskapen eta ikerketa jarduerak, bai andre horri haiek egin diren bitartean eman zaion informazioa, legeetan eta erregelamenduetan jasotakoaren araberakoak izan direla. Kontuan hartu beharra dago, gainera, kontsumoaren arloko balizko arau-hauste administratiboei buruzko jardueretan jasotako datu eta informazioak bereziki sentsibleak direla. Azkenik, berriz esan beharra daukagu [?] andreari eman ahal zitzaion eta ematea bidezko zen dokumentazio guztia eman zitzaiola, eta modu eraginkor eta zuzenean artatu zela. Horixe egiaztatzen du, gainera, Familia, Haur eta Kontsumoko zuzendari nagusia bera pertsonalki harekin biltzeak, hori eskatu zuenean”.

AZTERKETA

  1. Kexaren xedea den auzia da erabakitzea ea [?] andrea interesduntzat jo behar den ala ez Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 31. artikuluan ezarritako terminoetan, arestian aipaturiko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35.1 artikuluan ezarritakoaren arabera herritar gisa izan dezakeen eskubidea aitortzeko; alegia, “Interesdunak badira, edozein unetan jakin dezakete prozeduren izapideak zertan diren, eta prozedura horietako agirien kopiak lor ditzakete”.

    Kexa-egilea interesduna dela (banakako interes legitimoa) adierazi duen prozedurak honakoak dira: lehenbizi, Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Kontsumo Zerbitzuak zabaldutakoa, 31R001/41/2009/1 zenbakia daramana, kexa-egileak “[?]” enpresaren aurka aurkeztutako kexaren ondoriozkoa, berme ofizialeko epean ibilgailuko matxura bat konpontzean gertaturiko axolagabekeriengatik; eta bigarrena, Nafarroako Gobernuko Kontsumo Zerbitzuak berak “[?]” enpresari zabaldutakoa, kexa-egilearen salaketaren xede diren egitateak argitzeko behar zen informazioa aurkezteko errekerimenduei ez erantzuteagatik. Hain zuzen ere, zehapen-espedienteko alegazioen epean, salatutako enpresak dokumentu bat igorri zuen lehenengo espedienteko informazio-eskaeretako errekerimenduetan planteaturiko gaiei erantzuteko. Gero, bai [?] andrearen salaketaren ondoren zabaldutako espedientea, bai zehapen espedientea artxibatu egin ziren.

  2. Kexa-egileari, kontsumitzaile gisa, Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteari buruzko ekainaren 20ko 7/2006 Foru Legeko 5. artikuluan, honako oinarrizko eskubideak aitortzen zaizkio: a) “Haien interes ekonomiko zilegien babesa” eta d) “Kalte edo galeren ordaina edo egiazko konponketa”.

    Argi dago Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Kontsumo Zerbitzuak zabaldutako espedientean, kexa-egileak aurkeztutako salaketaren ondorengoan, kexa-egileak banakako interes legitimo bat badaukala, zeren eta Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salako 7.

    Sekzioaren 2003ko maiatzaren 26ko epaian arrazoitzen denez, “banakako egoera juridiko guztiak jo behar dira halakotzat, batetik pertsona baten esparru juridikoa bereizten baldin badute herritar edo administratu guztiek Administrazio Publikoarekiko harremanetan orokorrean daukaten esparru juridikotik, eta, bestetik, berezko sendotasun eta logika juridiko-administratiboa badaukate, egiazko eskubide subjektiboekin daukaten loturatik edo deribaziotik bereizita”. Gauza bera esan beharra dago [?] enpresaren aurkako zehapen-espedienteari buruz, hain zuzen ere interesdunaren salaketaren ondoren hasiera batean ireki zenaren ondorioa denari buruz.

    Hainbestekoa da bataren eta bestearen arteko lotura, non enpresak zehapen-espedientearen alegazioetarako fasean aurkezten duen dokumentuetako bat baita hasierako espedientean eskatutako informazioa; izan ere, horren ondorioz salaketa artxibatu egin zen.

    Artxibatze hori zehapen-espedientera ere zabaldu zen. Argudio horren euskarria eta oinarria Auzitegi Gorenaren eta Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzia dira; izan ere, horiek honakoa deklaratu izan dute: “interes legitimoak, berez, bere burua aski du, zeren eta aurresuposatzen baitu eman beharreko ebazpen administratibo edo jurisdikzionalak eragina izan duela edo eragina izan dezakeela, zuzenean edo zeharka, baina modu efektibo eta egiaztatuan –hau da, ez soilik modu hipotetiko, potentzial eta etorkizunekoan– pertsonatzen denari dagokion esparru juridikoan”.

    Azken batean, kexa-egileak interes legitimoa badu “[?]”-ren aurka zabaldutako bi espedienteetan, eta, erakunde honen irizpidearen arabera, interesduntzat jo beharra dago interesduna izatearen baldintza betetzen duen bi prozedurak edozein unetan ezagutzearen ondorioetarako, bai eta haietan jasotako dokumentuen kopiak lortzearen ondorioetarako ere (Administrazio eta Prozedura Legeko 35. artikulua), eta, korrelatiboki, Administrazioak herritarraren eskubide hori eraginkor bihurtu beharra dauka.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea izapidetzen ari diren prozedura administratiboetan interesdun direnei legez haietan dauden dokumentuak eskuratzeko bidea emateko betebeharra duela.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari erakunde honi jakinarazi diezaion gogorarazpen hau onartu duen eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal diezazkion. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Kexa-egile [?] andreari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia