Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Disconformidad con las modificaciones funcionales realizadas en una plaza de orientador
Exp: 090/894/F
Nº: 57
Funtzio publikoa
2009ko abenduaren 31n, [?] jaunak aurkeztutako kexa-idazkia sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du Pedro de Ursúa Institutuko hezkuntza orientazioko irakasle lanpostua dela eta.
Azaltzen du gaur egun Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Kalitate Ataleko buruaren lanpostua betetzen ari dela.
Ekainean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Orientazio Ataleko buruak jakinarazi zizkion 2009/2010 ikasturterako Pedro de Ursúa Institutuko orientatzaile lanpostuan aurreikusita zeuden aldaketak, kexa-egilea lanpostu horretako titularra baita. Aldaketa horiekin ados ez zegoenez, uztailaren 3an, “administrazio-errekurtso” bat aurkeztu zuen.
Abuztuaren 31n, Araubide Juridikoaren Ataleko buruaren komunikazio bat jaso zuen. Hartan, izan ere, jakitera ematen zion ez zela bidezkoa aurkeztutakoa errekurtsotzat hartzea, sakoneko gaiari buruz erabakiko zuen ekintza administratibo espresik –errekurtso-egilearen ondare juridikoaren gainean zuzeneko nahiz zeharkako kalte bat eraginen zuenik– ez baitzegoen.
Erantzun horren aurrean, irailaren 10ean, berriz ere jo zuen aipatu departamentura, eta beste idazki bat aurkeztu zuen. Gaurkoz ez du inolako erantzunik jaso. Hori dela eta serioski kalteturik ikusten bere burua.
2010eko otsailaren 18an, Hezkuntza kontseilariak txosten bat igorri zion erakunde honi. Hartan, izan ere, honakoa jakinarazten digu.
“Nafarroako Arartekoaren idazki bat jaso dugu. Hartan, izan ere, txosten bat eskatzen zaio Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari. Azken horrek, berriz, jakitera ematen du ikastetxe publikoetan hezkuntza orientazioko giza baliabideak hornitzeko plangintza prozesuan, aipatutako institutuan, ikasleek aurrez izena emateko prozesutik ondorioztatzen diren datuek determinatzen dute ezen hezkuntza orientazioari dagokionez, aipatutako institutuan 2009/10 ikasturtean, D ereduan, 15 unitate egonen direla eta G eta A ereduetan, berriz, 27 unitate egonen direla.
Ikasturte guztietan plantillak planifikatzeko prestatzen diren irizpideei jarraituz, institutuetako orientatzaileei dagokienez, orientatzaile lanpostu bakoitzari 25 unitate esleitzen zaizkio, baina goitik nahiz behetik bost unitateko tartea egon daiteke. Bada, irizpide hori aplikatuz, “Pedro de Ursua” Institutuari orientatzaile bat ematen zaio G eta A eredurako eta orientatzaile lanpostu baten 5etik 3 D eredurako.
Hezkuntza orientazioko giza baliabideen beharrari buruzko plangintzarekin jarraituz, Zubiriko eta Erroko ikastetxe publikoetan, arreta eman beharreko unitateen kopurua ikusita, orientatzaile lanpostu baten 5etik 2 behar da D eredurako. Hori dela eta, departamentuak, ikasturte hau zuzen antolatu eta planifikatzeko, beharrezkotzat jo zuen institutuko D ereduko orientatzailearen lanpostua osatzea aipatutako ikastetxe publikoetan hezkuntza zerbitzu hori eman behar izatearekin, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko zazpigarren xedapen gehigarriko 1. idazatian eta irakaskuntza kidegoetako espezialitateak ezartzen dituen azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Hezkuntza Administrazioak baliabide materialen eta giza baliabideen premiak analizatu, aztertu eta zehazteko prozesu horren helburua da hezkuntzaren zerbitzu publikoa bere plangintzaren bitartez ematea (Administrazioak jarduteko printzipio orokorra, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 3.2 artikuluko c) letran jasotakoa), eta hura praktikan jartzea ez da hartu behar ikasturte bakoitzaren hasieran erabil daiteken ahalmen soil baten gisara; izan ere administrazio publikoek zerbitzu publikoa emateko baliatu behar dituzten ahalmenetan sartzen da, eta haren lehentasunezko helburua da hezkuntzarako eskubidea modu egokienean eman dadila eskolatutako ikasleei arreta emateko.
Ahalmen hori (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 4. artikuluko a) letran jasotakoa) Administrazioak bere burua antolatzeko duen ahalmen orokorrean sartzen da. Ahalmen hori antolamendu juridikoak berariaz ematen du, zerbitzu publikoak emateko antolamendurik egokiena lortze aldera.
Horrela, ahalmen horren bitartez, irakaskuntzaren premiak zehaztu dira, eta plangintzako erabakiak hartu dira haiek betetzeko, ikasleei hezkuntza zerbitzu publikoa emateko betebeharra hertsiki betez.
Nahitaez baliatu beharreko ahalmen horren aurka, ezin da jarri kexa-egileari edo, kasua bada, haren ordez zerbitzua emateko kontratatuta dagoen pertsonari edo unean-unean lanpostu horrekin lotutako eginkizunak betetzen dituen pertsonari komeni zaiena; gainera, esan beharra dago eginkizun horiek ez direla beti berdin-berdinak izaten eta izatez, hezkuntza sisteman ohikoa den bezala, sekula ere ez dira berdinak izaten edo sekula ez dira destino berean ematen, eginkizun horiek betetzen direneko ikastetxeetako ikasleengan gertatzen diren aldaketen ondorioz. Ohartarazi beharra dago ez egun kontratuarekin zerbitzua ematen ari den pertsonarentzat, ez kexa-egilearentzat departamentuak ez dituela aldatu eta ez dituela aldatu nahi izan bete beharreko eginkizunen izaera.
2009ko irailaren 11ko idazkiari dagokionez, berriz, hura aztertu da eta izapidetzeko agindua eman da. Ahal den bezain azkar ebazteko proposamena egin da, azaldutakoaren bidetik”.
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute behar den moduan eta epean prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat. Izan ere, hain da nabarmena hori, non Administrazio eta Prozedura Legeak ez baitu administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.
Kexaren xedea den kasuan, departamentuak ez dio erantzun interesdunak 2009ko irailaren 10ean aurkeztutako idazkaria, eta, horrekin, arestian transkribatu dugun araua urratu du.
Sakoneko gaiari dagokionez, berriz, behin Hezkuntza Departamentuak igorritako txostena eta kasuan aplikatzekoa den araua aztertuta, ondorioztatzen dugu hartutako erabakia behar besteko lege-estaldura duela, azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuko 3.4 artikuluan jasotakoan oinarritu baita. Izan ere, errege dekretu horrek derrigorrezko bigarren hezkuntzan, batxilergoan, lanbide heziketan eta araubide bereziko irakaskuntzetan irakasle jarduteko prestakuntza baldintzak zehazten dira eta bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoen espezialitateak ezartzen dira, eta, haren arabera, aukera dago orientazio-eginkizunak haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako etapetara ere zabaltzeko.
Bestalde, igorritako txostenean adierazi bezala, Hezkuntza Departamentuari dagokio zerbitzu publikoa egoki eman dadila bermatzeko giza baliabideak antolatzea, eta Arartekoaren erakundea, zeina herritarren konstituzio-eskubideak bermatzeko baitago, ezin da sartu antolamendu-esparru horretan, konstituzio-eskubide horien balizko urraketarik atzematen ez duen bitartean.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela herritarren eskabideei eta eskariei espresuki erantzutera, eta beti bete behar duela Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikuluan ezarritakoa.
Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari gogorarazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia