Partekatu edukia
Beste ikasgai batzuk
Gaia: Disconformidad con el desalojo de los vecinos asistentes a la sesión del pleno
Exp: 09/29/V
Nº: 52
Bestelakoak
2009ko urtarrilaren 21ean, [?] andreak eta beste hiru pertsonek –guztiak Arlegikoak– aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten dute herriko kontzejuburuaren jokabidea dela eta.
Azaltzen dute kontzejuak 2008ko abenduaren 29an eginiko bilkura berezian, [?] kontzejukidea aretotik kanporatu zutela, Foruzaingoak esku hartuta. Une hartan, Carmen Oslé mahaikideak agenteei eskatu zien bilkuran bertaraturiko auzo-lagunak kanporatzeko, nahiz eta, kexa izenpetzen dutenen arabera, kanporatuak izateko inongo arrazoirik ez zegoen, inongo desordenarik eragin ez zutelako.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Arlegiko Kontzejuko buruari.
Otsailaren 27an, Arlegiko Kontzejuko buruaren txostena sartu zen gure erakundean. Hartan, jakitera ematen du [?] andrea kanporatu ondoren bertaraturiko entzuleek esku hartu zutela eta atsekabe-adierazpenak egin zituztela kontzejuburuaren jokabidea zela-eta, eta bilkuraren garapen arrunta ere eten zutela, eta jarrera horri eutsi ziotela harik eta foruzainak bertaratu ziren arte. [?] andrearen eta entzuleen zati baten jokaera guztiz desegokia izan zen, eta hori dela-eta kontzujuburuak bere burua behartuta ikusi zuen haiek aretotik kanporarazteko, bilkurarekin jarraitu ahal izateko. Txostenarekin batera, bilkurako aktaren kopia konpultsatua aurkezten dute. Bertan, izan ere, hemen interesatzen zaigunari begira, honakoa ageri da jasota: “bertaratutako entzuleek esku hartzen dute, eta bilkuraren ordena ere eteten dute”.
Toki Araubideko Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko Foru Legeak herritarren informaziorako eta tokiko bizitzan parte hartzeko eskubidea jasotzen dute, eta honako alderdiotan zehazten dute: toki entitateetako organoek egiten dituzten bilera publikoetara joateko eskubidea; toki korporazioek hartutako ebazpenen eta erabakien kopiak eta ziurtagiriak jasotzeko eskubidea; herri-ekimenaz baliatzeko eskubidea, eta abar.
Zehazki, herritarrek organo kolegiatuetako bilkura publikoetara joateko eskubidea berariaz jasota dago Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 93. artikuluan. Arau bereko 80. artikuluak, Osoko Bilkuraren saioei buruzkoak, honakoa ezartzen du: “Osoko Bilkuraren saioak publikoak dira. [..]. Ikus-entzuleek ezin izanen dute eztabaidetan parte hartu, ez eta bilkuretan hitz egin ere. Hala eta guztiz ere, osoko bilkura amaitu ondoren, lehendakariak erabaki ahalko du bertaraturiko jendeak eskari eta galderak egin ahal izateko txanda bat egon dadila, udal-esparruko interesekoak diren gai zehatzei buruzkoa. Alkateari dagokio txanda hori antolatu eta ixtea”. Bestalde, Toki entitateen araubide juridikoaren antolamendurako eta funtzionamendurako erregelamendua onesten duen 2568/1986 Errege Dekretuko 88.3 artikuluak honakoa ezartzen du: “bilkuretan bertaratzen diren entzuleek ezin izanen dute bilkura horietan parte hartu, eta ez dira onartuko, ezta ere, atseginaren edo desatseginaren adierazpenak; lehendakariak, muturreko kasuetan, bilkuraren garapen arrunta edozein arrazoirengatik eragozten duten pertsonak kanporatu ahal izanen ditu. Hori ez da eragozpen izanen, halere, bilkura amaitu ondoren, udalbatzak kontsultak egiteko txanda bat irekitzeko, bertaratutakoek udal intereseko gai zehatzei buruz hitz egin ahal dezaten”.
Esparru horretan ebatzi behar da planteaturiko gatazka, hain zuzen ere kexa-egileek bilkura publikoetara joateko daukaten eskubidea Arlegiko Kontzejuko buruak ustez urratu izateari buruzkoa, bilkura berezi hartatik kanporatuak izan baitziren.
Aurreko arauetan adierazten da osoko bilkuretako saioak publikoak direla, eta edozein auzo-lagun joan daitekeela haietara, betiere saioaren garapen arrunta eragotzi gabe eta aztertzen ari diren gaiei buruzko atseginaren edo desatseginaren adierazpenik ere egin gabe. Muturreko kasuetan, lehendakariak auzo-lagunak kanporatzea erabaki ahalko du.
Kontuan eduki behar da, dena den, zailtasunak badaudela, ezintasuna ez bada, egiaztatzeko nola gertatu zen zehazki salatutako egitatea eta zein inguruabarretan gertatu zen. Horrenbestez, erakunde honek ezin du egiaztatutzat jo interesdunen eskubidea urratu zenik, bertsioak kontraesankorrak direlako. Bestalde, interesdunek adierazi dute ez zela inongo desordena publikorik gertatu eta; bestaldetik, kontzejuburuak dio bertaratutakoek esku hartu zutela eta atsekabe-adierazpenak egin zituztela, bilkuraren garapen arrunta ere eteteraino.
Hala eta guztiz ere, herritarren eskubideak eraginkortasun handiagoz babesteko, bidezkotzat jotzen dugu kontzejuburuari gomendatzea aurrerantzean ahal den guztian herritarrak batzarraren bilkuretara joateko aukera bidera dezan, eta haiek kanporatzeko erabakia muturreko kasuetan baizik ez dezan har.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Arlegiko Kontzejuko buruari gomendatzea ahal den guztian susta dezan herritarrek Kontzejuaren bilkuretara joateko eskubidea gauzatu ahal izatea; hori, halere ez da eragozpen izanen, arrazoi objektibo eta justifikatuengatik, eskubide hori muturreko kasuetan murrizteko.
Bi hilabeteko epea ematea Arlegiko Kontzejuko buruari gomendio hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia