Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 16ko 56/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 martxoa 16

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Inactividad del Ayuntamiento ante la ruina del edificio colindante a su viveinda

Exp: 10/59/U

: 56

Hirigintza

AURREKARIAK

  1. 2010eko urtarrilaren 28an,[?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen du Andosillako Udalak egin behar zuena egin ez duelako.

    Azaltzen du 2009ko apirilaren 29an, erantsi dugun dokumentua aurkeztu zuela Andosillako Udalean (389. sarrera-zenbakia, 2009-04-29koa). Idazki horretan azaltzen du herri horretan etxe baten jabea dela, bere ohiko etxebizitza gisa erabiltzen duena, [?] kaleko [?] zenbakian (katastroko 3. poligonoko 204. lursaila). Higiezin horrek, eskuineko aldetik, antzinako ahoztegi batekin egiten du muga (katastroko 3. poligonoko 205. lursaila), baina erakin hori gaur egun aurri egoeran dago. Teilatua 1988an erori zitzaion eta hondarrak interesdunaren etxebizitzaren hormari itsatsitako lursailean geratu ziren barreiatuta, zeren eta jabeak ez baitzituen kendu.

    Adierazten du hondakinen pila horren gainetik landareak eta zikinkeria pilatzen joan direla, eta landare eta zikinkeria horiek hezetasuna pilatu eta edukitzen dutela. Hezetasuna, berriz, interesdunaren etxeko paretara transmititzen da, eta interesdunaren etxebizitzara sartzen da. Antzinako ahoztegiaren horma, interesdunaren etxebizitzarekin mehelina dena, agerian geratu da, inolako isolamendurik gabe. Hori dela eta, euri-ura adreiluetako zirrikituetatik eta eroritako habeen zuloetatik, eta narriatzea eta interesdunaren etxebizitzan itoginak egotea eragiten du. Horrek guztiak kalte larriak eragiten dizkio interesdunaren higiezinari eta haren bizi-kalitateari berari ere.

    205. lursaileko jabeekin hartu-eman ugari izan dira, eta hondakinak kentzeko eta mehelina isolatzeko eskaerak egin zaizkie, baina ez da inolako emaitzarik lortu.

    Hori dela eta, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru legeko 87. artikuluko 1.b) eta 1 idazatietan eta 195. artikuluan oinarrituta, udalari eskatu zion antzinako ahoztegiaren jabeei agindu ziezaien 3. poligonoko 205. lursailean behar diren obrak egin ditzaten, aipatu arauan exijitzen diren segurtasuneko, osasungarritasuneko eta apaintasun publikoko baldintzak berreskuratzeko , eta behar diren exekuzio aginduak eman zitzan 87. artikuluan ezarritako betebeharrak betetze aldera, exekutatu beharreko obrak zehaztuz eta horretarako epe bat ezarriz, eta, jabeek agindu horiek bete ezean, are udalak exekuzio subsidiariora joaz ere.

    Azaltzen du Andosillako Udalak kexa aurkezteko egunean, ezer ere egin gabe zegoela, eta egoera neguaren ondorioz lehenago baino okerragoa dela. Udalak, bestalde, idazkiari erantzun ere ez zion egin.

    Hori dela eta, eskatzen zuen Andosillako Udalak bere idazkiari erantzuteko eta herri horretako 3. poligonoko 205. lursaileko jabeak behartzeko Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoa betetzera, zeren eta udalaren jarduera eza zuzenean kaltetzen ari baita bai interesduna bera maila pertsonalean, bai haren bizi kalitatea eta osasuna ere.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Andosillako Udalari.
  3. 2010eko martxoaren 3an, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa azaltzen da:

    “Andosillako bizilagun [?] jaunak kexa aurkeztu du Andosillako Udalak gai jakin batean inolako jarduketarik egin ez duelako. Bada, horri buruz esan behar dizut Alkatetzaren otsailaren 16ko 42/2010 Ebazpenaren bitartez exekuzio aginduari hasiera eman diola, [?] jaunaren eta [?] jaunaren oinordekoek higiezinen erabilerarako kontserbaziorako duten legezko betebeharra bete dezaten.

    Halaber, jakinarazten dizut jakinarazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialera igorri dela, ez baita aurkeztu katastroan ageri diren pertsonek oinordetza onartu izateari buruzko agiria.

    Idazki horrekin batera, Andosillako Udaleko alkate-udalburuaren otsailaren 16ko 42/2010 Ebazpena erantsi da. Haren bidez, hasiera eman zaio higiezinen erabilerarako eta kontserbaziorako legezko betebeharra betetzeari buruzko exekuzio-aginduari, Andosillako [?] kaleko [?] zenbakian dagoen 3. poligonoko 205. lursailari dagokionez.

AZTERKETA

  1. Apirilaren 29an, interesdunak eskabide bat aurkeztu zuen Andosillako Udalean. Haren bidez, udalari bere etxebizitzarekin mugakidea den higiezinaren egoeraren berri eman zion, eta eskatu zion behar ziren obren exekuziorako aginduak eman ziezazkion higiezin horretako jabeari, eta obrak egiteko epe bat ezar zezan. Eta eskatzen zuen hori bete ezean udalak zuzenean gauza zezan obra horien exekuzio subsidiarioa. Gaur egun arte, ez du udalaren inongo erantzunik jaso.
  2. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute behar den moduan eta epean prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere.

    Horri berari buruz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak ezartzen du toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.

    Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteko beharrari dagokionez. Betebehar hori herritarrarekiko gizalegezko tratu bat ez ezik, harentzako egiazko berme bat ere bada. Izan ere, hain da nabarmena hori, non Administrazio eta Prozedura Legeak ez baitu administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.

    Kexaren xedea den kasuan, udalak ez dio inongo erantzunik eman interesdunak 2009ko apirilaren 23an aurkeztutako idazkiari, eta ez dakigu gaur den egunean ere alkatetzaren otsailaren 16ko 42/2010 Ebazpena jakinarazi zaion. Hori dela eta, Andosillako Udalak ez du bete arestian transkribatutako araua.

  3. Sakoneko gaiari dagokionez, kexan aipatzen da interesdunaren etxebizitzarekin mugakidea den 205. lursailean dagoen higiezinaren egoera tamalgarria.

    Andosillako Udalak, igorri digun txostenean, jakitera ematen digu Alkatetzaren otsailaren 16ko 42/2010 Ebazpenaren bitartez exekuzio aginduari hasiera eman diola, [?] jaunaren eta [?] jaunaren oinordekoek higiezinen erabilerarako kontserbaziorako duten legezko betebeharra bete dezaten.

    Pozten gaitu jakiteak udalak erabaki duela gai honetan esku hartzea eta aztergai dugun higiezineko jabeei premiatzea haren kontserbazio egoerari konponbidea eman diezaioten, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 195.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  4. Aurreko puntuan adierazitakoa gorabehera, nabarmendu beharra dago Alkatetzaren otsailaren 16ko 42/2010 Ebazpenean hutsune bat badagoela, hura berehala exekutatzeko modukoa izatea lausotzen duena eta hura exekutatzeko betebeharra duenaren eskuetan uzten duena exekutatzeko epea.

    Hain zuzen ere, egin beharreko obrak zein diren ez zehazteaz gainera, ez da exekuziorako eperik ezarri, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2001 Foru Legeko 195. artikuluan exijitzen den bezala.

    Artikulu horretako bigarren idazatiak honakoa dio: “Exekuzio aginduetan ongi zehaztu beharko dira egin beharreko obrak eta horretarako epeak: epe horretan jabeek alternatiba teknikoak proposatzen ahalko dituzte eta arrazoizko luzapen bat eta zilegi dituzten diru-laguntzak eskatu”.

    Horrenbestez, bidezkoa da alkate jaunak ahal bezain laster ebazpen bat eman dezan, atzemandako hutsuneari edo gabeziari konponbidea emateko, eta epe zehatz bat ezar dezan, data zehatz batekin, 205. lursaileko jabeak ezartzen diren obrak egin ditzan. Eta ezartzen den epea bete ezean, udalak behar diren bitarteko guztiak jarriko ditu betebeharra duenaren kargura behar diren obrak subsidiarioki exekutatzeko daukan betebeharra betetzeko (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeko 195.3 artikulua).

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Andosillako Udalari gogoraraztea legez behartuta dagoela herritarren eskabideei eta eskariei espresuki erantzutera, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

  2. Andosillako Udalari gogoraraztea legez Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 195. artikuluan ezarritakoa hitzez hitz bete behar duela, eta artikulu horretan ezarri bezala obrak eta exekuziorako epea ezarri behar dituela.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Andosillako Udalari gogorarazpen hauek onartu dituela eta haiek dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  4. Kexa-egileari eta Andosillako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia