Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 16ko 55/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 martxoa 16

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: Disconformidad con los criterios de provisión de plazas aplicados a una aspirante a la contratación temporal de un puesto de trabajo docente

Exp: 10/38/E

: 55

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2010eko urtarrilaren 20an, [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen du Hezkuntza Departamentuaren aurka, irakasle lanpostu huts bat (“Ostalaritza eta Turismoa-gaztelania) aldi baterako kontratatu gisa ez esleitzeko erabakia dela eta.

    Adierazitakoaren arabera, interesdunak eskabideak aurkeztu zituen bi lanpostutan kontratatua izateko (adierazitako eta “Sukaldaritza eta Gozogintza-gaztelania”). Horietako lehenbizikoa bereziki interesatzen zitzaionez (hutsik zegoen eta, gainera, kategoria handiagokoa zen), azaltzen du kontsulta egin zuela jakiteko zer gertatuko litzatekeen suertatuz gero bera izatea bi lanpostuetarako merezimendu gehien zituen izangaia. Horren erantzuna izan zen aukera izanen lukeela nahiago zuen lanpostua aukeratzeko. Halaber, aipatzen du lanpostuak esleitzeko hurrenkerari buruzko kontsulta egin zuela, eta adierazi ziotela ohiko moduan jokatuko zela.

    Adierazten duenaren arabera, berarentzat harrigarri gertatu zen modu batez, Hezkuntza Departamentuak “Sukaldaritza eta Gozogintza-gaztelania” esleitu zion eta “Ostalaritza eta Tursmoa-gaztelania” lanpostua berak baino puntu gutxiago zituen beste izangai bati esleitu zion. Azaltzen du erreklamazioa egin eta azalpenak eskatu zituenean, adierazi ziotela “esleipenak Lanbide Heziketako Irakasle Teknikarien Kidegotik hastea erabakia zutela”. Bada, horrela jokatzea ohiko jokabidea aldatzea dakar, eta ez dator bat bere garaian eman zioten informazioarekin.

    Egoera horren aurrean, interesdunak 2009ko irailaren 28an, idazki bat aurkeztu zuen Hezkuntza Departamentuan –gora jotzeko errekurtso gisa kalifikatu zuen–, eta bertan eskatu zuen “Ostalaritza eta Turismoa-gaztelania” lanpostua eslei diezaioten, esleipen-hartzaile suertatu zen izangaiak baino eskubide gehiago baitzuen horretarako.

    Adierazitakoaren arabera, Administrazioak ez du errekurtsoa ebatzi, aurkeztu zuenetik iragan den aldia iraganda ere.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Hezkuntza Departamentuari.

    Jasotako idazkian, izatezko aurrekariak azaldu ondoren, honako gogoetak egiten dira sakoneko gaiari buruz:
    “Irakasle lanpostuak esleitzeko prozedura berezia ezartzen duen irailaren 2ko 1779/2009 Ebazpeneko seigarren oinarrian adierazitakoaren arabera, eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Giza Baliabideen Zerbitzuak eskainitako lanpostuak esleituko ditu, eskatzaileek eskatutako espezialitate eta hizkuntza bakoitzari dagozkien zerrendetan duten lehentasun ordenaren arabera, eta lanpostu baten adjudikazio hartzaile suertatu diren izangaiekin sartuko da harremanetan, lanpostuan has daitezen.

    “Sukaldaritza eta Gozogintza (gaztelania)” eta “Ostalaritza eta Turismoa (gaztelania)” zerrendetan deialdi bereziak egin zireneko egoera berraztertuta, adierazi beharra dago egiazki deialdia egin zen unean errekurtso-egilea lehenengo tokian zegoela bi zerrendetan. Hori dela eta, bietatik edozeinetatik deitu ahal zuten, eta hala egin zen, Giza Baliabideen Zerbitzuak lanpostu bat ala bestea betetzeko premiari eman zion lehentasunaren arabera.

    Aipatutako ebazpenak ez du hurrenkera jakin bat ezartzen espezialitateetarako, eta ez du zehazten, ezta ere, lanpostuak haietako zeinetatik hasi behar diren esleitzen. Giza Baliabideen Zerbitzuak adierazitakoaren arabera, erabili den irizpidea izan da hasieran ordezkapenak esleitzea, zeren eta jotzen baita esleitzen zailagoak direla. Nolanahi ere, destinoko ikastetxeetako inguruabar bereziei erreparatu zaie.

    Ezin zaio, beraz, departamentuari exijitu interesdunarentzat kontratu-aukerarik onena bila dezan interes publikoaren beraren gainetik, zeina, kasu honetan baitzen lehentasunez betetzea “Sukaldaritza eta Gozogintza (gaztelania)” arloko ordezko lanpostu bat, betiere guztiz betez aldi baterako kontrataziorako prozedura berezia.

    Horrenbestez, kontratazio prozedurarik ezin da ondorioztatu prozeduraren oinarrietan jaso ez den zerbait, alegia, kexa-egileari deitu behar izatea lehenbizi “Ostalaritza eta Turismoa (gaztelania)” zerrendatik, eta ez ”Sukaldaritza eta Gozogintza (gaztelania)” zerrendatik; hori guztia, halere, ez da oztopoa ulertzekoa izateko interesdunak nahiago izatea iraupen luzeagoko kontratu bat, baina kontuan izan beharra dago hori ez dela prozedurak bermatu behar duen xedea.

    Azken batean, ez gaude ados errekurtso-egileak aldeztu duen tesiarekin, alegia, aipatutako espezialitateen aldi baterako irakasle lanpostuak prozedura arruntaz esleitzeko ekainaren 30ean eginiko ekitaldi publikoan izangaiei dei egiteko ezarritako hurrenkera bera jarraitu beharra zegoela; izan ere, hartan, Giza Baliabideen Zerbitzuak erabaki zuen 10:30ean “Ostalaritza eta Turismoa” espezialitaterako deitzea, eta 12:15ean “Sukaldaritza eta Gozogintza” espezialitaterako. Hori guztia horrelako ekitaldiak antolatzerakoan dagoen zuhurtziarakotasun tartean sartzen da, eta tarte bera du departamentuak deialdi bereziak antolatzeko irakasle beharrak kudeatzeko lehentasunen arabera.

AZTERKETA

  1. Adierazi den bezala, kexa irakaskuntzaren arloko aldi baterako kontratazio prozedura berezi baten emaitzarengatik aurkeztu zen; hain zuzen ere Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 2ko 1179/2009 Ebazpenaren ondotik jarraitutako prozedurari buruz ari gara.

    Kexa-egileak prozedura horretan hartu zuen parte, eta bi lanpostutara aurkeztu zen: “Sukaldaritza eta gozogintza” espezialitateko ordezkapen bat eta “Ostalaritza eta Turismoa” espezialitateko lanpostu huts bat. Bada, emaitza izan zen lehenengoa esleitu ziotela eta ez ziotela deitu bigarrena betetzeko.

    Administrazioak emandako txostenean azaltzen den bezala, “deialdia egiteko unean egiazki errekurtso-egilea bi zerrendetan lehenengo tokian zegoen”, baina txosten horretan azaldutako arrazoiak –arestian transkribatutakoak– direla eta, lehenengorako deitu zuten, eta ez bigarrenerako, eta bigarren hori beste izangai bati esleitu zioen.

  2. Jasotako txostenean azaldutakoa ikusita, adierazi beharra daukagu egiazki administrazio-prozedurak izapidetzerakoan, bere jarduketa guzti-guztietan bezalaxe, Administrazioak interes publikoa zaindu beharra daukala. Baina egia da, era berean, interes hori ekintza administratiboek ukitutakoek dauzkaten eskubideekin uztartu beharra dagoela.

    Ikuspuntu horretatik, espedientean planteatzen den auzia da zehaztea ea Hezkuntza Departamentuaren jokabidea kexa-egileak funtzio publikoan sartzeko duen eskubidearekin (aldi baterako kontratu batez, kasu honetan) uztartu den, hain zuzen ere merezimendu eta gaitasun printzipioei erreparatuta. Eskubide hori eta aipatutako printzipioak, Konstituzioan aitortzen dira eta funtzio publikoari buruzko lege indardunetan garatuta daude, eta arlo horretan garatzen diren prozedura eta jarduketa guztien buru-buruan agertu behar dute.

    Eta gure iritziz, azaldutakotik ondorioztatzen den bezala, interesduna baitzen, deialdia egin zen unean, bi lanpostuak betetzeko merezimendu handiena zuena, exijitzekoa da, aipatutako eskubidearen birtualtasunaren arabera, bera izatea bete beharreko lanpostua aukeratuko zuena. Adierazitakoa bezalako prozedura bat suposaturik –garai oso zehatz batean egiten da, ikasturtearen hasieran–, izangaiak lanpostu bat baino gehiagorako aukera zuenez eta aipatutako bi zerrendetan lehenengo tokian zegoenez, ezin da onartu lanpostuaren esleipen jakin hori guztiz egotea Administrazioaren borondatearen pean, eta hura gauzatzea ulergarriak izan daitezkeen baina arestian aipaturiko interesdunarekin eskubidearekin bat ez datozen arrazoien arabera.

    Eragin horietarako guztiz garrantzirik gabekoa iruditzen zaigu erreferentziako prozedura berezia zabaldu zuen ebazpenean ezarritako oinarrietan ez jasotzea inongo aurreikuspenik espezialitateetako deialdiak egiteko jarraitu beharreko hurrenkerari buruz. Are gehiago, onartzen dugu zilegi dela Administrazioa, bere zuhurtziarakotasun tarteaz baliatuta, deialdiak egokien jotzen duen moduan antolatzea, baita oraingoaren aurretik izan zen prozedura arrunterako ekitaldian jarraitutako hurrenkeraz beste bat aukeratuta ere. Baina zuhurtziarakotasun hori eta interes publikoaren aipamena ez dira nahikoak, gure iritziz, interesdunari kentzeko deialdiaren unean lehenengo tokian zegoen zerrenda bateko lanpostu batera sartzeko aukera.

    Azken batean, hemen baieztatzen duguna da hemen aztertutakoa bezalako kasu batean, interesdunari –lehenengoa izangaien bi zerrendetan– aukera eman behar zitzaiola bete nahi zuen lanpostua erabakitzeko, zeren eta horixe eskatzen baitu funtzio publikoan berdintasun baldintzetan eta merezimendu eta gaitasun printzipioen arabera sartzeko daukan eskubideak.

  3. Azkenik, aurkeztutako errekurtsoa izapidetzeko iragarritako geroratzeari dagokionez, kexak oinarria baduela jo behar dugu.

    Atzeman dugunaren arabera, berraztertzeko prozedura abiarazi zuen idazkia 2009ko irailaren 28an aurkeztu zen Hezkuntza Departamentuan, baina espedientea ez zaio igorri Lehendakaritza Justizia eta Barne Departamentuari –errekurtsoa ebazteko eskumena daukan organoa– zenbait hilabete iragan arte (otsailaren 9an, igorri zaigun txostena egin eta gero, hain zuzen). Argi dago jokabide horrek urratzen duela interesdunak administrazio egokirako duen eskubidea, hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 7. artikuluan aitortutakoa; izan ere, eskubide horren barrenean sartzen da legez ezarritako epean (hiru hilabete, kasu honetan) ebazpen espresa lortzea.

    Hori dela eta, Hezkuntza Departamentuari ezinbestez gogorarazi behar diogu legez langileen arloko errekurtsoak behar den azkartasunez izapidetu behar dituela, aipatutako foru legetik eta Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ondorioztatzen den bezala.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gomendatzea hemen planteatutakoa bezalako kasuetan, non aldi baterako kontratu baterako izangai batek, deialdia egiteko unean, baloraziorik onena baitu lanpostu desberdinetarako kontratazio-zerrendetan, aukera eman dadin interesduna bera izateko bete behar duen lanpostu zehatza hautatuko duena.

     

  2. Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea langileen arloko errekurtsoak behar den azkartasunez izapidetu behar dituela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeak eta Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeak eskatzen duten bezala.

     

  3. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

     

  4. Kexa-egileari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia