Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 16ko 54/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 martxoa 16

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Disconformidad con resolución de expediente sancionador por incumplimiento de normas procedimentales

Exp: 10/119/D

: 54

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 1. 2010eko otsailaren 12an, [?] jaunak Tuterako Udalaren aurka aurkeztutako kexa-idazkia sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen zuen Tuterako Udalaren aurka, 2/2009 zehapen-espedientea izapidetzerakoan gertaturiko irregulartasunengatik.

    Azaltzen du Alkatetzaren abenduaren 23ko 1260/2009 Ebazpenaren bitartez, zehapen bat ezarri zitzaiela, 600 euroko isun orokorrarekin, [?]-i, [?]-i eta “kuadrilla gela” baten beste hogeita hamar kideri (18,75 euroko isuna kideetako bakoitzari), “kuadrilla gelatako” jarduera egiteagatik erabilerarako behar den udal lizentzia eduki gabe.

    Azaltzen du udalak urratu zuela “kuadrilla gelatako” lokalak arautzen dituen ordenantzaren 8. artikuluan ezarritakoa, zeren eta ez baitzitzaien titularrei eskatu hilabeteko epean akatsa zuzen zezaten (2008ko abuztuaren 8ko 97. NAO).

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Tuterako Udalari.

    2010eko otsailaren 18an, Tuterako Udalako alkateak txosten bat igorri digu. Honakoa dio bertan, hitzez hitz:

    1. “2008ko abuztuaren 25ean, Tuterako Udaleko Osoko Bilkurak, bilkura arruntean, hasierako onespena eman zion Tuterako “Kuadrilla gelatako” lokalak arautzeko ordenantzari. Ordenantza horrek indarra hartu zuen 2008ko abuztuaren 8ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenean.
      Ordenantza horretako xedapen iragankorrak honakoa dio: Ordenantza honek indarra hartu ondotik ezartzen diren urte guztiko zein jaietako kuadrilla gelei aplikatuko zaizkie haren xedapenak. Orobat, lehendik dauden kuadrilla gelei aplikatuko zaizkie; izan ere, sei hilabeteko epea dute ordenantza honek indarra hartzen duenetik aitzina, hari egokitzeko.

      Guztiarekin ere, ordenantzan ezarritako betebeharretara egokitzeko moratoria 2009ko martxoaren 8an amaitu zen.

    2. 2009ko martxoaren 18an, Udaltzaingoak Gazteria Kudeatzeko Zentroari honakoak jakinarazi zizkion, 2/2009 zehapen espedientean jasota ageri den bezala.
      “Inguruko bizilagun baten deia jaso ondoren,[?] kaleko [?] zenbakian dagoen jaietarako gelara joan ginen, bertan jendea baitzegoen.

      Bertaratu ondoren, gela barnean, telebista ikusten, dauden bi gazte identifikatu genituen: [?], Tuterako bizilaguna, [?] kaleko [?] zenbakian bizi dena eta [?] NANa duena, 18 urtekoa, eta [?], Tuterako bizilaguna, [?] etorbideko [?] zenbakian bizi dena, [?]an sortua eta [?] NANa duena.

      Jakinarazi zitzaien lokala egoera irregularrean dagoela, eta zehapen espedienteak zabalduko direla baldin eta bertan jarduerarik badago; gonbitea egiten zaie dauzkaten aparatuak itzali eta lokala itxi dezaten. Gure aurrean horixe egin zuten”.

      Udaltzaingoaren aipatutako komunikazioaren arabera, 2/2009 zehapen espedientea abiatu zen, 2009-04-20an, 07241 eta 07240 irteera-erregistroekin hurrenez hurren, Gazteriaren alorreko zinegotzi delegatu [?] jaunaren xedapen baten bitartez. Xedapena identifikatutako subjektu guztiei jakinarazi zitzaien.

    3. 2009ko ekainaren 2an, 8566 irteera-erregistroarekin, [?] jaunak eta [?] jaunak alegazioen idazki bat aurkeztu zuten, baina alegazio horietan ez da alegatzen aztergai dugun ordenantzako 8. artikulua. Hori egin beharrean, honakoa adierazten dute:
      • “...”kuadrilla gela” gisa irekitzeko eta erabiltzeko paper guztiak behar bezala eginda eduki genituen aurreko Santa Ana jaietarako eta udako gainerako garairako. Uda bukatu bezain laster, udalera jo genuen behar ziren dokumentuak jasotzera gela urteko gainerako garaietan erabili ahal izatea eskatzeko.

        Behar ziren agiriak bete genituen, eta aurkeztera gindoazela funtzionario arduradunak jakinarazi zigun eskaera ezin zela baietsi, lokalaren asegurua falta zelako. Etxabeko jabe [?] jaunari aseguru hori eskatu genion, baina ezezkoa eman zion hura egiteari. Hala eta guztiz ere, zenbait aseguru konpainiari eskatu genion lokalaren asegurua egiteko, baina bakarrak ere ez zuen nahi izan”.

        “Berriz esan beharra daukagu lizentzia ez eskuratzeko arrazoi nagusia izan dela lokaleko jabeak ezezkoa eman diola aipatutako ordenantzaren arabera egitera behartuta dagoen asegurua egiteari... hori dela eta, uste dugu jaun horrek ere zehapen-espedientean erantzun beharra daukala...”

      • “Telebista ikusten geunden... polizia iritsi zenean. Telebistaren bolumena egokia zen, inori eragozpenik sortu gabe entzun ahal izateko modukoa. Poliziak ez zuen aparatuaren bolumena neurtu...

        “Ez du sinesgarria ematen bi adiskide bake-bakean telebista ikusten egotea hiriko guardiari zarata dela-eta deitzeko arrazoia izan daitekeenik. Nolanahi ere, bi adiskide telebista ikusten egotea, ez da, inolaz ere, ez pertsonen kopuruarengatik ez egitateagatik beragatik ere, kuadrilla gela baten berezko jarduera egiten egotea.

      • “Uneoro jarrera egokia izan genuen poliziekiko eta haiek eskatzen ziguten guztiarekiko; beraz telebista itzali eta alde egin genuen.

      • “600 euroko zehapen ekonomikoaren proposamena tokiz kanpokoa iruditzen zaigu: lehenbizi segurua delako sekula ere lehenago Tuteran ez dela etxabe batean telebista ikustea hain garestia suertatu, eta, bigarrenik, ikasleak garelako, eta gure diru-sarrera bakarra asteko sari txiki bat delako”.

      • “Gure ustez lizentziarako paperak falta izatea kuadrilla gela horretako kide garen adiskide guztion erantzukizuna da, eta 32 gara hain zuzen ere... Kuadrilla gelako kide guztien zerrenda erantsi dugu.
    4. Alegazio horien aurrean, honako gogoetak egin genituen:
      Instruktoreak egitateak frogatutzat ematen ditu, eta salatuen ordezkariak, berriz, ez ditu ukatu. Are gehiago, justifikatu ere egiten ditu, eta erantzukizuna lokaleko jabeari egozten dio, izatezko aurrekarien 3. atalean agertzen den bezala. Kontuan hartu beharra dago, lehenbizi, jaietarako gela izateko lizentzia eskuratu izateak indarra galtzen duela hartarako aurreikusitako epea iragaten denean; halaber, egituraren aldetik eta dokumentazioaren aldetik behar diren baldintzak beteko dituen lokal bat aurkitzeko betebeharra gela hori eduki nahi duten pertsonena da.

      Halaber, jasota utzi nahi da egozten zaien arau-haustea ez dela zarata egitea, udaltzaingoaren salaketan argi eta garbi adierazten den bezala, baizik eta lizentziarik ez edukitzea, Kuadrilla gelatako lokalei buruzko Ordenantzako 10.1 artikuluan jasotzen den bezala: Arau-hauste oso larriak.

      Kuadrilla gela erabiltzeko lizentzia eskuratu gabe jardutea.

      Horrela, zehapen espedientea kide guztiei zabaldu zitzaien (32, guztira), hain zuzen ere zehapen espedientea hasi zitzaien subjektuek adierazitakoei; izan ere, une horretara arte horien berri ez zegoen jasota hura gela iraunkor bat zenik, ez baitzegoen jasota behar zen lizentzia eskuratzeko inongo izapiderik.

    5. Udal honetan inoiz ere aurkeztu ez den alegazio berri horri dagokionez –Kuadrilla gelatako lokalei buruzko Ordenantzako 8. artikulua aplikatzeari dagokiona– honako gogoeta egin beharra daukagu:

      Ordenantzaren 8. artikuluak honakoa ezartzen du:

      “8. artikulua. Errekerimendua eta lizentzia kentzea.

      Ordenantza honetako edo gainerako araudi aplikagarriko xedapenen bat betetzen ez dela egiaztaturik, hilabetean akatsa zuzentzeko eskatuko zaie titularrei. Epea errekerimendua bete dutela frogatu gabe iraganik, Administrazioak, aldez aurretik behar diren tramiteak eginik, lizentzia kentzeko espedientea abiaraziko du Alkatetzak ebazpen bat emanda, zuzentzeko epea bukatu ondoko 15 egun baliodunean.

      Kuadrilla gelatako lokalak arautzen dituen Ordenantzako 8. artikuluaren aipamena bazter utzi beharra dago, zeren eta kasu honetan soilik aplikatzekoa baita aurretik lizentzia bat dagoen kasuetan (eta aztertzen ari garen kasuan ez dago halakorik); izan ere, artikuluan bertan aipatzen den bezala, atzemandako gabezia zuzentzen ez bada “Administrazioak, aldez aurretik behar diren tramiteak eginik, lizentzia kentzeko espedientea abiaraziko du”.

      Ikusi dugun guztiarekin badirudi argi dagoela artikulu hori aplikatzekoa dela lizentzia eskuratu ondoren (hemen halakorik ez dago, sekula ere ez delako lizentzia iraunkor bat lortu), eskatutako baldintzetako bat betetzen ez den kasuetarako; esate baterako, datu faltsuak alegatzea edo lokalean egindako aldaketak ez komunikatzea, halakoetan bai eginen litzatekeelako atzemandakoak zuzentzeko errekerimendua.

      Alabaina, aztertzen ari garen kasua ez da hori inolaz ere, zeren eta kuadrilla gela horretan sekula ere ez baitzuten lizentzia iraunkor bat eduki, eta behin Tuterako jaietarako lizentzia iraungita, jarduerarekin jarraitu baitzuten, eta ez zituzten ordenantzan eskatzen zirenak egin moratoria fasean. Hori dela eta, behin betiko indarraldia hasteko garaian, behar zen lizentziarik eduki gabe bere jarduerarekin jarraitzeko arrisku hartzea erabaki zuten.

      Azaldutakoa dela eta, espero dugu espediente honi buruzko zalantza guztiak behar beste argiturik geratzea, eta demostratuta geratzea lizentzia edukitzea jarduera hori egin nahi dutenen betekizuna dela, eta ezin dela jarduera horretan aritu behar den lizentzia eduki gabe. Gainera, nolanahi ere jasota utzi beharra dago 6 hilabeteko moratoria bat eman zela araudi berriaren errekerimenduak betetzeko, eta baldintza horiek bete gabe eta betetzeko ahaleginik ere egin gabe, interesdunek jardueran jarraitu zutela lizentziarik eduki ez arren”.

AZTERKETA

  1. Tuterako “kuadrilla gelak” 2008ko apirilaren 25ean Udalaren Osoko Bilkurak onetsitako ordenantza batez arautu ziren (2008ko abuztuaren 8ko 97. NAO). Kexa-egileen kuadrillak, herriko jaien bezperan, 2008ko uztailean, alokatutako etxabe baterako udal lizentzia lortu zuen “kuadrilla gelatako” erabili ahal izateko. Handik egun gutxitara, horrelako etxabeak alokatzeko ordenantzak hartu zuen indarra; izan ere, ordenantza horrek, aztergai duguna bezalako inguruabarrak aurreikusiz, xedapen iragankorrean ezarri zuen ordenantzan jasotakoak “orobat, lehendik dauden kuadrilla gelei aplikatuko zaizkiela; izan ere, sei hilabeteko epea dute ordenantza honek indarra hartzen duenetik aitzina, hari egokitzeko.”

    Kexa-egileek beren egoera erregularizatu ez zutenez –hau da, ez zutenez beren etxabea egokitu ordenantzan ezarritakoaren arabera– behin moratoriaren aldia iraganda –2009ko martxoaren 8an bukatu zen– kuadrilla gela ordenantzako 10.1.a) artikuluan arau-hauste gisa sailkatutako jarduera bat bihurtu zen: ”Kuadrilla gela erabiltzeko lizentzia eskuratu gabe jardutea”. Horixe ulertu zuen udalak, hilabete geroago zehazpen espedientea abiarazi zuenean, arau-haustea kalifikatuz eta zehapen bat ezarriz “kuadrilla gelatako” lokalak arautzen dituen ordenantzan ezarritakoari jarraituz.

    Kexa-egileak alegatu du ezen, zehapen espedientea abiatu aurretik, udalak ordenantzako 8. artikuluan ezarritakoa aplikatu behar zuela; izan ere, hauxe dio: “Ordenantza honetako edo gainerako araudi aplikagarriko xedapenen bat betetzen ez dela egiaztaturik, hilabetean akatsa zuzentzeko eskatuko zaie titularrei”. Erakunde honen iritziz, ez da bidezkoa artikulu hori aplikatzea zeren eta kexaren xedea sartzen ez den beste inguruabar bati baitagokio; izan ere, errekerimendu hori betetzeak berekin baitakar lizentzia deuseztatzea, eta, horrexegatik, ezin da arau hori aplikatu lizentziarik ez daukanaren kasuan. Tesi hori bat dator udalak argudiatu duenarekin.

  2. Zehapen prozedura “kuadrilla gelako” bi kideren aurka abiatu zen. Hau da, bi pertsona identifikatu ziren balizko erantzule gisa, zehapen ahalmenaz baliatzeko prozedurari buruzko erregelamenduko 13.1.a) artikuluan ezarritakoa betez. Jakinarazpena egiteko ohiko izapidea bete zen, eta interesdunei hamabost eguneko epea eman zitzaien alegazioak aurkezteko.

    Gero, ebazpen proposamena eman zen. Hartan, izan ere, ustezko erantzuleen kopurua handitu zen (bitik hogeita hamabira pasatu zen), eta erabaki zen, amaieran, kuadrilla osatzen zuten hogeita hamabi kideei zehapena ezartzea.

    Kasu honetan, karguen orria kuadrillako hogeita hamabi kideen aurka zuzendu ez denez, zehapen prozeduren baitan norbera defendatzeko oinarrizko eskubidearen funtsezko edukia urratu da, ez baitute aukerarik izan haiei egotzitakoa ezagutzeko eta bidezkoak diren alegazioak aurkeztu ahal izateko. Azkenean zehapena ezarri zitzaien hogeita hamabi pertsonak identifikatzeko betebeharra ez betetzea, ezin zuzen daitekeen akats baten gisara hartu behar da, horixe deklaratu baitzuen Balear Uharteetako Auzitegi Nagusia 1998ko uztailaren 14an, zeren eta soilik espedientea abiatzeko erabakian jasotako egozpenak determinatzen baitu norbera defendatzeko aukera izatea.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Tuterako Udalari gogoraraztea legez zehapen prozedurak aplikatzekoak diren arauak hertsiki betez izapidetu behar dituela, inoiz ere defentsa gabeziarik ez gertatzeko moduan, Espainiako Konstituzioko 24.1 artikuluan ezarri bezala.

  2. Tuterako Udalari gomendatzea beren burua defendatzeko eskubideaz baliatzeko aukerarik izan ez zuten kuadrillako hogeita hamar kideri ezarritako zehapena deusezta dezan.

  3. Tuterako Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartu duen eta adierazitako zentzuan neurriak hartu dituen, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea ebazpena onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  4. Ebazpen hau jakinaraztea [?] jaunari, kexa-egilea den aldetik, eta Tuterako Udalari.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia