Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 16ko 53/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 martxoa 16

Energia eta ingurumena

Gaia: Ruidos provenientes de una bajera en la que se desarrollan actividades de ocio

Exp: 10/116/M

: 53

Ingurumena

AURREKARIAK

  1. 2010eko otsailaren 11n, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen bizi den egoerarengatik, bere etxebizitzaren azpiko etxabe batean sortutako zaratek eragindako eragozpenak direla eta. Etxebizitza hori [?] kalean dago.

    Azaltzen du 2005ean hasi zirela bere etxebizitzaren azpian dagoen etxabearekiko arazoak. Sonometria positibo baten ondorioz, ordea, udalak etxabe hori itxi zuen, jarduteko lizentziarik ez baitzuen. 2007ra arte itxita egon zen, baina berriz ere alokatu zen, eta beste salaketa bat aurkeztu zen. Beste sonometria positibo baten ondorioz, lokala itxi zen. 2008an, egoera bera gertatu zen, baina berriz ere etxabea alokatu zen.

    2009ko martxoaren 19an, beste sonometria positibo bat izan zen. 20an, kexa-egileak eskabide bat aurkeztu zen Hirigintza Alorrean, etxabea berriz ere funtzionatzen zegoela salatzeko; martxoaren 21ean, berriz, lokaleko jabeak interesdunei esan zien nahi bazuten erdibana ordain zitzaketela etxabea egokitzeko lanak. Azkenean, martxoaren 22an, udalak berriz ere lizentzia eman zion lokalari, inolako isolamendurik eskatu gabe. Lokalak, gainera, arauak betetzen ez dituen ate bat badauka. Jabeak ezikusiarena egiten du.

    Kontatzen du egun horretatik aurrera, poliziak hainbat aldiz esku hartu behar izan duela. Adierazten du 2009ko apirilaren 20an eskabide bat aurkeztu duela Ingurumen eta Osasun Alorrean baina ez duela aurkeztutako eskabideen inongo erantzunik jaso.

    Baieztatzen du egoera horren ondorioz berak eta bere familiak hainbat eragozpen pairatzen airi direla eta horiek beren osasunean eragina izan dutela, zaratek egunero eta ordu guztietan eragiten dizkieten antsietate krisien ondorioz.

    Azkenean, eskatzen du aurkeztutako eskabideei erantzuteko, eta azaltzen du konponbide bat nahi duela bere etxebizitzaren azpiko etxabeak eragiten dituen arazoetarako; bere ustez, izan ere, ez ditu isolamendu baldintzak betetzen, eta nahi luke egokitu dezaten erabiltzen jarraitu ahal izateko, baina bizilagunei eragozpenik sortu gabe.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, idazki bat igorri nion Iruñeko Udalari, kexan azaldutako gaiari buruzko informazioa eman ziezadan.
  3. 2010eko martxoaren 11n, Iruñeko Udalaren idazkia sartu zen. Harekin batera, udalak zaraten sorburua izan daitezkeen lokalak legeztatzea dela eta –eskaeraren baldintzak eta erabilerarako lizentziak– eginiko jarduketa ugariren deskribapen-txosten luzea ageri da; hartan, gainera, gehiegizko zaratarengatik zabaldu diren eta zehapenak eragin dituzten zehapen espedienteak ageri dira.

    Txosten horrekin batera, orain arte izapidetu diren eta txostenean aipatzen diren legeztatze- eta zehapen-espedienteen kopia ageri da.

  4. 2010eko martxoaren 17an, Iruñeko Udalak Hiritarren Babesaren Alorreko zuzendariaren txostena igorri zuen. Hartan, izan ere, 2005etik gaur arte eremu horretan eginiko esku-hartzeak azaltzen dira.

AZTERKETA

  1. Konstituzio Auzitegiko jurisprudentziak mugaturik utzi du zein diren pertsonen bizitzaren garapena nahasten duen faktore horrek (zarata edo kutsadura akustikoa) ukitzen dituen konstituzio-eskubideak. Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 46. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).

    Paradigmatikoa da Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 23ko 16/2004 epaia, zeinak eskubide horiek erasan direla aitortzen baitu. Bertan honakoa ezartzen da: “Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2004 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean”.

    Epaiak honakoa gogorarazten du: “Gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi kalitatearen etengabeko asaldu iturria izan daiteke. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, luzaroan zarata maila handiaren eraginpean izateak pertsonen osasunean dituen eraginak azaleratzen dira (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorragoa).

    Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideen interpretazioari eta zaintzari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinara joaz, Konstituzio Auzitegiak honakoa baieztatzen du: “erabaki beharko dugu zarata maila handiak modu jarraituan pairatu behar izateak pertsonen osasuna arriskuan jartzen duenean, egoera horrek osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen (Konstituzio Auzitegiaren 15. artikulua) urratzea inplikatu ahalko duela. Izan ere, egia izanik ere osasunerako arrisku edo kalte guztiek ez dutela beraiekin ekartzen Konstituzio Auzitegiaren 15. artikuluaren urratzea, botere publikoen ekintza edo omisio baten ondorioz pertsona batek jasan beharreko saturazio akustikoko mailak osasuna modu larrian eta berehalakoan arriskuan jartzeko atalasea gainditzen duenean, Espainiako Konstituzioko 15. artikuluan bermatutako eskubidea erasanda geratu ahalko da.”

    Auzitegiak honakoa esanez jarraitzen du: “Espainiako Konstituzioko 18. artikuluko eskubideei dagokienez, nabarmendu behar dugu Giza Eskubideen Europako Ituneko 8.1 artikuluak pertsona guztiek beren bizitza pribatua eta familiarra, bere bizilekua eta beren posta errespetatua izateko eskubidea aitortzen duen bitartean, Espainiako Konstituzioko 18. artikuluak berezko entitate berezitua aitortzen diela norberaren eta familiaren intimitaterako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubideei.

    Eskubide horietako lehenbizikoari dagokionez, nabarmendu behar dugu auzitegi honek zehaztu duela haren xedea pertsonen bizitzaren arlo bati dagokiola, hain zuzen ere besteren ezagutzatik nahiz hirugarrenen esku-sartzeetatik kanpo geratu behar dena, eta arlo horren mugapena nortasunaren garapen librearen arabera gauzatu behar dela. Irizpide horri jarraituz, ondorioztatu behar dugu arlo horietako bat bizilekuarena dela, horixe baita gizabanakoak, gizarteko usadio eta konbentzioetatik aske, bere askatasun intimoena gauzatzeko erabiltzen dutena (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: otsailaren 17ko 22/1984; urriaren 17ko 137/1985, eta maiatzaren 31ko 94/1999). Hori guztia gogoan edukita, honakoa ohartarazi behar dugu, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 119/2001 epaian adierazitakoari jarraituz: Inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaiztzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke.”

    Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa, omisiozkoa edo are behar bezain aktiboa ez dena ere erakusten dutenean.

  2. Administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte (Espainiako Konstituzioko 53.1 artikulua).

    Aztergai dugun gaian, toki entitateek funtsezko eginkizun bat betetzen dute herritarren oinarrizko eskubideak babestearen arloan. Halaxe ondorioztatzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak eta Toki Araubideko Oinarrien Legeak esleitutako eskumenetatik.

    Hori dela eta, hemen aztergai dugunaren antzeko kasuetan, udalak jardueraren funtzionamendu-baldintzak zorrotz betearazteaz arduratu behar dira. Eta baldintza horien ez-betetzea gertatuz gero, erreakzionatu eta legezkotasuna berrezartzeko behar diren neurriak ezarri beharko dituzte, haiek, noski, proportzionaltasunaren eta eraginkortasunaren printzipioei egokituta, betiere arau-haustea egitea arau-hauslearentzat onuragarria izatea saihestuz.

    Proportzionaltasunaren printzipioak exijitzen du arau-hausteen larritasunaren araberako neurriak hartzea, betiere intentsitatea edo jokabidea behin eta berriz gertatzea bezalako inguruabarrak kontuan hartuta. Eraginkortasunaren printzipioak arau-hausleari erantzun puntual eta bizkorra ematea exijitzen du, interes orokorra eta ukitutako herritarren eskubideak zaintzeari begira. Horri buruz, Auzitegi Konstituzionalak adierazia du berrezartzeko eskumen batez baliatzean berandu edo pasibotasunez jokatzea printzipio horren arau-hauste larria dela, eta herritarren eskubide eta interes legitimoetan eragina duela (Konstituzio Auzitegiaren irailaren 25eko 136/1995 epaia).

  3. Aztergai dugun kasuan, bi etxabetan egiten diren eta erabilerarako lizentziak eduki arren azken urteetan gaueko ordutegiko gehieneko zarata-maila gainditu duten jarduera batzuen aurrean gaude. Espedientean hori egiaztatzen duten sonometriak badaude. Hori dela eta, gehiegizko zarata egiteagatik gutxienez ere bi aldiz zehapenak ezarri zaizkie, behin 2007an eta beste behin 2009an.

    Bestalde, atzeman dugu Iruñeko Udalak prestutasunez jokatu duela salatutako jarduerak kontrolatzeko eginkizunetan. Ezin dugu, horrenbestez, ondorioztatu, udal horrek bere eginkizunetan utzikeria argiz jokatu duenik.

    Hala eta guztiz ere, zehapen araubidearen xede nagusia ez da zehapenak ezartzea, baizik eta legezkotasuna eta herritarren eskubideak babestea. Zehapenek arau-hauslea uzkurtzeko eragina eduki behar dute, legez kanpoko jarduera saihestera bultzatzeko. Zehapen espedienteak behin eta berriz izapidetu arren, arau-hausteak gertatzen jarraitzen denean, zilegi da galdetzea ea neurri horiek arestian aipaturiko printzipioen araberakoak diren, hau da, eraginkorrak eta proportzionatuak diren, eta ea benetan saihesten duten arau-hauslearentzat ez-betetzea onuragarria izatea.

    Aurrekoa dela eta, bidezkoa da adieraztea bai Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak, bai zaraten maila mugatzeari buruzko arauek beste neurri batzuk ere aurreikusten dituztela, diru-zehapenez gainera.

    Zehazki, gure ustez, azaldutakoak bezalako inguruabarretan, jarduera ixtea justifikatuta egon daiteke, aldi baterako zein betiko.

  4. Bestalde, azaldu den bezala, kexa-egileak salatu du, halaber, Iruñeko Udalak erantzunik ez ematea aurkeztutako salaketa idazki batzuei.

    Iruñeko Udalak, igorritako txostenean, adierazi du aurkeztutako salaketen erantzunak ezarritako zehapenei buruzko jakinarazpenen bitartez eman direla.

    Horri dagokionez, adierazi beharra dago Administrazio Publikora hari zerbait egin dezan eskatzeko idatziz jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera erantzun hori baiezko edo ezezkoa den. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere; izan ere, lege horrek aurkeztutako eskabide guztiak berariaz ebazteko betebeharra jasotzen du.

    Horri berari buruz, egoki da gogoraraztea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak ezartzen duela toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.

    Azken batez, emandako zeharkako erantzunak –kasu honetan ezarritako zehapenen jakinarazpenen bidezkoak– ez dira nahikoa, eta Iruñeko Udala legez behartuta dago kexa-egileak aurkezten dituen eskabide guzti-guztiei berariaz eta zuzenean erantzuteko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gogoraraztea legez behartua dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei –besteak beste, kexa-egilearen eskabideei– erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan.
  2. Iruñeko Udalari gogoraraztea legez zaindu behar duela kexaren xedea den jardueraren funtzionamendu baldintzak betetzen ari direla, bereziki ordutegiaren betetzeari eta zarata-mailak ez gainditzeari dagokienez.

  3. Udal horri gomendatzea ezen, ez-betetze gehiago atzemanez gero, neurri bizkorragoak har ditzan, eta, kasua bada, lokala aldi baterako edo behin betiko itxi dezan.

  4. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari egindako gogorarazpenak eta gomendioa onartu dituen ala ez eta haiek direla-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  5. Interesdun [?] jaunari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia