Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 16ko 51/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 martxoa 16

Gizarte ongizatea

Gaia: Discrepancia en relación con la negativa de dar a una minusválida una ayuda económica para la adquisición de un cojín ortopédico

Exp: 08/530/B

: 51

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2008ko urriaren 28an, [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak ezezkoa eman ziolako bere gurpil-aulkirako kuxin ortopediko bat erosteko laguntza ekonomikoaren eskariari.

    Azaltzen zuen minusbaliatua dela eta gurpil-aulkia etengabe erabili behar duela, eta horrek ultzerazioak eragin dizkiola bi ipurmasailekoetan, eta hori dela-eta, sendagileak aginduta, airezko kuxin berezi bat, 500 euroko prezioa duena, erosi behar duela bere gurpil-aulkian jartzeko.

    Esaten zigun Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentura jo zuela, eta ekainaren 28ko 168/1990 Foru Dekretuan eta martxoaren 8ko 911/2007 Ebazpenean araututako minusbaliatuentzako laguntza bereziak eskatu zituela, baina ezezkoa eman ziotela, kontzeptu hori ez zegoelako aurreikusita.

  2. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari txostena eskatu ondoren, 2009ko otsailaren 9an txostena igorri zigun, eta hartan adierazten digute gurpil-aulkirako zarakarren aurkako kuxina ez dagoela aurreikusita apirilaren 8ko 1060/2008 Ebazpenaren bitartez diruz laguntzekoak diren kontzeptuen artean, eta hori horrela dela zeren eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren prestazio propioen barruan sartzen den baliabide bat baita, eta egiazki interesdunari diru-laguntza eman zaiola erosketa hori egiteko, haren espedientean jasota ageri den bezala, hain zuzen ere kanpo-protesiei, gurpil-aulkiei, ortesiei eta protesi bereziei dagokien prestazio ortoprotesikoa arautzen duen urtarrilaren 26ko 17/1998 Foru Dekretuan ezarritako baldintzen arabera.

    Kexa-egileari kontsulta egin ondoren, adierazi du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren 90 euro inguruko laguntza bat jaso zuela, baina kuxinak 500 euro balio duela, eta horregatik jo zuela Gizarte Gaietako Departamentura, gainerakoaren diru-laguntza jasotzeko.

  3. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz, Osasun Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiei buruz informazioa eman zezan.

    2009ko martxoaren 12an, departamentu horren txosten bat jaso genuen, non, laburbilduz, esaten baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren prestazio ortoprotesikoak arautzen dituen urtarrilaren 26ko 17/1998 Foru Dekretuari jarraituz, prestazio horiei erantzuna ematen zaiela eta laguntza ekonomikoa ematen dela katalogoan ezarritako kasuetan eta jasotako baremoen arabera; halaber, txostenak dio baremo horrek, zarakarren aurkako silikonazko kuxinen kasuan, 96,16 euroko gehieneko finantzaketa aurreikusten duela, eta erabiltzaileak gutxienez ere 30,05 euroko ekarpena egin behar duela.

AZTERKETA

  1. Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa arautzen duen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuak, VI. eranskinean, prestazio ortoprotesikoen zorroa ezartzen du, eta xedatzen du prestazio horrek inplante kirurgikoak, kanpo-protesiak, gurpil-aulkiak, ortesiak eta ortoprotesi bereziak biltzen dituela.

    Prestazio ortoprotesikoan jasotako inplante kirurgikoen, kanpo-protesien, gurpil-aulkien, ortesien eta ortoprotesi berezien taldeak eta azpi-taldeak aipatutako VI. eranskineko 6., 7., 8., 9. eta 10. ataletan ageri dira. Atal horietan, izan ere, haien izenak, haiek identifikatzeko kodeak eta, kasua bada, preskripzioa justifikatzen duen ezgaitasun-mota edo indikazio klinikoa jasotzen dira.

    Ortesi eta ortoprotesi berezien kasuan, halaber, laguntza ekonomiko batzuk jasotzen dira. Laguntza horien zenbatekoa izanen da osasun administrazio eskudun bakoitzaren katalogoetan ageri diren artikuluen tarifen eta erabiltzailearen ekarpenen arteko aldea –erabiltzaileen ekarpenak eranskineko 9. eta 10. ataletan jasota daude–.

    Irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuko 11. artikuluak ezartzen du autonomia erkidegoek, beren eskumenen esparruan, beren zerbitzuen zorroak onetsi ahalko dituztela, eta zorro horietan, gutxienez ere, Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa jasoko dutela, zorro hori, izan ere, sistemako erabiltzaile guztientzat bermatu behar baita. Jarraian, artikulu horrek eransten du autonomia erkidegoek beren zorroetan Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroan jaso gabeko prestazio zehatzak jaso ahalko dituztela, eta horretarako behar diren baliabide gehigarriak jarri beharko dituela.

    Halaber, ezartzen du prestazio ortoprotesikoaren kudeaketan eskuduna den osasun administrazio bakoitzaren esparruan, prestazio horren edukia ezarriko dutela eranskineko 6., 7., 8., 9. eta 10. ataletan ezarritakoa garatzeko egiten diren katalogoetan berariaz jasotako artikuluek.

  2. Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren prestazio ortoprotesikoa urtarrilaren 26ko 17/1998 Foru Dekretuan araututa dago.

    Foru dekretu horren I. eranskinean prestazio ortoprotesikoaren edukia ezartzen da, eta finantzatu ahalko diren produktuak deskribatzen dira, beren gehieneko prezioekin, berritzeko baldintzekin eta berme-epearekin. Izan ere, katalogo horrek, zarakarren aurkako silikonazko kuxinetarako, 96,16 euroko gehieneko finantzaketa jasotzen du, eta erabiltzaileak gutxienez ere 30,05 euroko ekarpena egin beharko du.

  3. Jurisprudentziak behin eta berriz azpimarratu du osasun laguntzarako eskubidea ez dela iristen katalogoan eta zerbitzuen zorroan jasotakoez kanpo geratzen diren osasun prestazioetara. Hala ezarri zen, argi eta garbi, Konstituzio Auzitegiko urriaren 28ko 166/1996 epaian. Gauza bera baieztatu da, besteak beste, Auzitegi Gorenaren 1995eko abenduaren 21eko epaian –RJ 3183– eta Nafarroako Auzitegi Nagusiaren 2004ko ekainaren 28ko epaian –JUR 197421–. Jurisprudentzia horren arabera, norberaren erabakiz teknika aurreratuenen araberako laguntza bat jasotzea ezin da sartu, arrazoizkoa den bezala, baliabide mugatuak dituen eta bokazio unibertsaleko estaldura bati begira proiektatuta dagoen sistema baten babes-ekintzaren edukian.

    Horrenbestez, ez da arrazoizkoa edozein osasun prestaziotarako eskubidea eduki nahi izatea prestazio hori merkatuan egotearen arrazoi hutsarengatik, zeren eta osasun sistema publiko, unibertsal eta doako batek –gurea halakoa da– ezin duelako ikuspuntu finantzariotik horrelakorik jasan. Hori dela eta, argi dago beti prestazioetarako muga batzuk jaso beharko dituela, ekonomikoki bideragarria izanen bada.

  4. Aurrekoa gorabehera, kontuan izanda Nafarroan indarra duen prestazio ortoprotesikoei buruzko katalogoak 12 urte dituela eta arlo horretan etengabe teknologia berriak eta material berriak agertzen direla, eta, gainera, produktu ortoprotesikoen salneurriak nabarmen aldatzen direla, guztiz gomendagarria dirudi prestazio ortoprotesikoen katalogoa eguneratzea, gaur indarra duena 1998ko foru dekretu batean jasota baitago. Egungo errealitatearen eta 1998ko erregulazioaren azpian zegoen errealitatearen arteko desfasea izan daiteke prestazio araubide zaharkituak eta erabiltzaileentzako kaltegarriak eragin dituena, bai prestazio jakin batzuk eskuratzeari dagokionez, bai finantzaketan dagoen parte-hartzeari dagokionez ere.

    Hori dela eta, arrazoizkoa dirudi Osasun Departamentuak katalogo horri buruzko azterlan bat bultzatzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren prestazio ortoprotesikoa eguneratzeko, berrantolatzeko eta arrazionalizatzeko, eta, horrekin, egungo teknologiari, erabiltzaileen autonomia pertsonaleko premiei eta haien maila eta baldintza ekonomikoei egokitzeko, halako moduan non inoiz ez den zama ekonomiko handi bat izanen gaixoentzat.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Kexa eragin duen egitateak ez duela [?] andreak osasun prestazio publikoen arloan daukan inongo eskubiderik urratu.

  2. Hala eta guztiz ere, Osasun Departamentuari iradokitzen diogu azter dezan komenigarria den Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren prestazio ortoprotesikoa eguneratzea, berrantolatzea eta arrazionalizatzea, egungo teknologiari, erabiltzaileen autonomia pertsonaleko premiei eta haien maila eta baldintza ekonomikoei egokitzeko, halako moduan non inoiz ez den zama ekonomiko handi bat izanen gaixoentzat.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari iradokizun honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.

  4. [?] andreari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia