Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 15eko 52/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 martxoa 15

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: No le entregan la documentación de expedientes solicitada mediante instancia

Exp: 10/133/D

: 52

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko otsailaren 19an, [?] jaunak aurkeztutako kexa-idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa agertzen zuen Izarbeibarko Mankomunitatearen aurka, eskatutako dokumentazioa ez emateagatik.

    Azaltzen du 2010eko urtarrilaren 15ean Mankomunitatearen Erregistroan idazki bat aurkeztu zuela, hurrengo espedienteei buruzko dokumentazioa eskatzeko:

    “GESTERLAR, S.. XXI” merkataritza konpainia publikoaren eraketa eta funtzionamendua.

    “Kaleetako eskobatze mekanizaturako zerbitzuaren” kontratazioa.

    Hilabete baino gehiago iragan direnean, ez zaio bere eskaera dela-eta ezer ere jakinarazi.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Izarbeibarko Mankomunitateko lehendakariari.

    2010eko martxoaren 8an, mankomunitateko lehendakariak txosten bat igorri digu. Honakoa dio bertan, hitzez hitz:

    1. “2010eko otsailaren 25ean, Izarbeibarko Mankomunitatean, Arartekoaren eskaera bat jaso genuen [?] jaunari informazioa ukatzeari buruzko argibideak eskatzeko.

    2. Jakitera eman beharra dago mankomunitateko idazkariak berriki bere postua utzi duela eta behin-behineko idazkaria lanean hasi berria dela, horrek espedienteen izapidetzean dakartzan atzerapen eta gora-beherekin.

    3. Mankomunitateak adierazten du indarreko arauak betetzeko asmoa duela, interesdunari eskatutako informazioa emanen diola eta Arartekoaren errekerimenduari erantzunen diola.

    4. Dokumentazioa eskatzen deneko espedienteak tamaina handi samarrekoak dira eta konplexuak dira. Haietan administrazio desberdinen dokumentu ugari eta izapidetze ugari ageri dira.

    5. “GESTERLAR, S.XXI” merkataritza konpainia publikoaren eratzeari eta funtzionamenduari buruzko espedientea ez da amaitu, eta ez da, ezta ere, gauzatu. Hori dela eta, ez dago Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 37.1 artikuluan aurreikusitako sarbide publikoaren barrenean –artikulu horrek 1978ko Espainiako Konstituzioko 105.b) artikulua garatzen du–, eskaera egin zen egunean prozedura amaitu gabe baitago.

    6. Merkataritza konpainiari buruzko espedientean jendaurreko informazioko zenbait izapide izan dira denboran zehar, eta haietan interesdunak dokumentuak libreki eskuratzeko aukera izan zuen. Horri buruz, ondorioztatu beharra dago espedientea aztertzeko epeak amaitu direla eta ez daudela zabalik interesdunarentzat.

    7. Halaber, “Kaleen eskobatze mekanizaturako zerbitzuaren” kontratazioari buruzko espedientea osatzeko dago, mankomunitatearen esparruan sartzen diren udal batzuen kontrataziorako gomendioari dagokionez. Hori dela eta, prozedura ez da amaitu.

    8. Nolanahi ere, mankomunitateak ez du eragotzi edo mugatu nahi interesdunek eskatzen dituzten agiriak eskuratzeko duten eskubidea. Espedienteak osaturik dauden unean, informazioa emanen zaio errekurtso-egileari.

    9. Aurreko guztia dela eta, horri buruzko informazioa ematen zaio Arartekoari, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.1 artikuluan ezarritako hamabost egun balioduneko epean, eta eskatzen da kexa artxiba dadin eskatutako dokumentazioa interesdunari eskuratzen zaion unean”.

AZTERKETA

  1. Erakunde honek mankomunitatearen txostenean azaldutako argudioa ulertzen du eta harekin bat dator; izan ere, idazkaria aldatzeak eragin garrantzitsua dauka bulegoaren eta, horrenbestez, entitatearen beraren funtzionamenduan.

    Izarbeibarko Mankomunitateak bulegoko langile gutxi dituen ente administratiboa da. Beraz, haren arduradun nagusia ez egoteak nahitaez baldintzatu behar du ente horren funtzionamendu normala. Bulegoa eta idazkaritza normalizatzeko zentzuzko epe bat beharko da, arduradun berria, behin-behineko idazkaria, espedienteez jabetzeko eta haiek sakonago ezagutzeko.

    Aurrekoa gorabehera, jo beharra dago ezen, Espainiako Konstituzioko 105.b artikuluan jasotako konstituzio-agindua betez, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak (35.h eta 27. artikulua), Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeak (18.1.e), 69.1 et 70.3 artikuluak) eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak (92. eta 95. artikuluak) herritar guztiei aitortzen dizkietela espediente bat osatzen duten erregistroak eta dokumentuak kontsultatzeko eskubidea, bai eta emandako ebazpenen eta hartutako erabakien kopiak eta ziurtagiriak eskuratzeko eskubidea ere. Eskubide hori lehentasunezkoa da, beste inguruabar batzuen aldean. Hori dela eta, Administrazioak behar diren bitarteko guztiak jarri beharko ditu hura gauzatzeko.

  2. Izarbeibarko Mankomunitateak kexa-egileari dokumentazioa ukatu dio, eta horretarako erabili duen argudioa izan da “GESTERLAR S.L.” merkataritza konpainia publikoari buruzko espedientea eta “Kaleen eskobatze mekanizaturako zerbitzuaren” kontratazioari buruzko espedientea amaitu gabe dauden prozedurei dagozkiela.

    Egiazki, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 37.1 artikuluak aitortzen du herritarrek eskubidea duela espediente bat osatzen duten dokumentuak eskuratzeko, betiere amaitutako prozedurei baldin badagozkie. Hau da, kexa-egileak, interes legitimoarekin ez diharduen bitartean, ez du eskubiderik oraindik ere amaitu ez diren prozeduretako espedienteen kopiak lortzeko.

    Alabaina, kexa-egileak aurkeztutako dokumentaziotik ondorioztatzen da Izarbeibarko Mankomunitateak “GESTERLAR S.L.” espedientea eta “Kaleen eskobatze mekanizaturako zerbitzua” espedientea izenak erabiltzen dituela espedienteen multzo bat izendatzeko, eta espediente horietako batzuk itxita daudela eta beste batzuk ez. Egiazki, zenbait espediente izapidetu dira, ulerturik espedienteak Administrazioaren ebazpenen edo ebazpen horiek exekutatzera bideraturiko dilijentzien aurrekari edo oinarri gisa balio izan duten dokumentuen eta jarduketen multzo ordenatuak direla (Antolamenduari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamenduko 164. artikulua), betiere haien prozedura administratiboak gaur egun itxita baldin badaude; esate baterako, “Mankomunitatearen eta Larragako Udalaren Gesterlar S.L. izeneko sozietate publikoa eratzeko espediente administratiboaren behin betiko onespena” (2008ko apirilaren 11ko 46. NAO); Gesterlar. S. XXI. S:L. sozietatearen estatutuen testu bateginaren behin betiko testuaren onespena (2009ko abenduaren 21eko 156. NAO), eta beste batzuk; esate baterako, Gesterlar S.L. enpresaren jarduerarako lizentzia edo merkataritza-konpainia bereko ingurumen baimen integratua.

    Halaber, “Kaleen eskobatze mekanizaturako zerbitzuko” espedienteei dagokienez, amaitutzat egon behar dute, batzuen eta besteen mendetasun kontsekutiboarengatik beragatik, udalek mankomunitatearen alde emandako kudeaketarako gomendioari buruzko hitzarmenari buruzkoak eta baldintza ekonomiko-administratibo eta teknikoen orriei buruzkoak, zeren eta kaleen eskobatze mekanizatuaren zerbitzu publikoari dagokion iragarkia 2009ko ekainean Nafarroako Foru Komunitateko Kontratazioen Atarian argitaratu baitzen.

    Erakunde honen iritziz, amaitutako espedienteen aurreko aipamenak ez ditu guzti-guztiak biltzen, zeren eta iragarkiak NAOn argitaratu diren datei erreparatuta, nahikoa arrazoiz uste baitugu itxitako beste prozedura batzuk badaudela.

    Azken batean, Izarbeibarko Mankomunitateak kexa-egileari espedienteetarako sarbidea –eta kasua bazen itxita zeuden prozeduretako espedienteen kopiak egitea– ukatzearekin, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 37.1 artikuluan eta Nafarroako Toki Ogasunari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 95.1 artikuluan ezarritakoak urratu ditu.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Izarbeibarko Mankomunitateari gogoraraztea legez bermatu beharra duela herritar orok prozedura itxita daukan espediente bat osatzen duten erregistro eta dokumentuak eskuratzeko daukan eskubidea, Espainiako Konstituzioko 105.b) artikulua garatzeko arauek aitortzen duten bezala.

  2. Izarbeibarko Mankomunitateari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen eta azaldutako zentzuan neurri egokiak hartzen dituen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. Ebazpen hau jakinaraztea [?] jaunari eta Izarbeibarko Mankomunitateari.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia