Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Denegación de información sobre la legalidad de piscina privada
Exp: 09/893/U
Nº: 47
Hirigintza
2009ko abenduaren 29an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du Aranguren Ibarreko Udalaren aurka.
Interesduna [?]-ko [?] kalean bizi da, eta, dioenez, behin eta berriro jasan behar ditu uholdeak bere jabetzan, bizilagunaren igerilekua gaizki egokituta egoteagatik.
Hori ikusita, Udalera jo zuen, igerileku hori legeztatuta dagoen ala ez jakiteko informazioa eman ziezaioten.
Hark dioenez, Udalak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoa argudiatuta, ukatu egin dio informazio hori.
Interesdunaren ustez, informazioa ukatzeko argudiatzen den arrazoia bidegabea da, eta lortu nahi duen informazioa jasotzeko eskubidea du.
Eskatutako txostena jaso ondoren, eta bertan ondokoa ageri da jasota:
“Udalean jaso den salaketa ikusita, aurrena udaltzainak joan dira hara, eta hurrena udal arkitektoa eta udaltzainak, salatutakoa egiaztatzera.
Bi bisita horietan adierazi zitzaion bi lurzati pribaturen arteko arazoa zela eta Udalak ezin zuela esku hartu, eta gomendatu zitzaion lurzati mugakidearekin konponbide bat bila zezan edo, bestela, Justizian salaketa jar zezan.
Bisita horien ondotik, 2009ko azaroaren 17an, eskabide bat aurkeztu zuen Udalean; hartan eskatzen zuen”igerileku hori baimentzeko obren lizentzia dagoelako egiaztapena, eta halakorik ez baldin badago, arkitektoaren txosten idatzia, lizentziarik ez dagoela berresteko”.
Azaroaren 27an ondoko erantzuna eman zitzaion: “zure kontsultaren xede den etxebizitzaren titularra ez zarenez gero, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legearen eta hura garatzen duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuaren arabera –1999/12/14ko 298. BOEa eta 2008/01/19ko 17.BOEa, hurrenez hurren–, ez dago informazio hori modu partikularrean ematerik”. Txosten hori bulegoetan irakurri zuen, eta uko egin zion jaso izanaren agiria sinatzeari.
Lehentasuna eman zitzaion Datuak Babesteari buruzko Legeari, ezen ez Herri Administrazioen Araubide Juridikoari buruzko 30/1992 Legeari”.
Lehenengo eta behin adierazi behar dugu espediente honen helburua ez dela kexa-egileak, antza denez, Aranguren Ibarreko Udalera jotzeko izan zuen arazoa (lurzati mugakide batetik urak isurtzea).. Gatazka horren izaera juridiko pribatua gorabehera eta arlo horretan egoki jotzen diren ekintzak gorabehera, guk aztertu behar duguna da –hori dela-eta aurkeztu baitzuen kexa– Aranguren Ibarreko Udalak [?] andreari 2009ko azaroaren 17an aurkeztu zuen eskabidea dela-eta emandako erantzuna.
Eskabide hartan, kexa-egileak Udala premiatzen zuen informazioa eman ziezaion bere bizilagunaren igerilekuaren hirigintza alorreko legezkotasunari buruz, hau da, ea izan beharreko obra lizentzia zuen ala ez.
Eskabide horren aurrean, Aranguren Ibarreko Udalak uste du ez diola inolako informaziorik eman behar, bera ez delako lurzatiaren titularra; izan ere, emanez gero, urratu eginen litzateke izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko legedian xedatutakoa (abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta hura garatzen duen erregelamendua).
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoak ezartzen du izaera horretako datuak, oro har, interesdunaren adostasunarekin soilik emanen direla (11.1 artikulua). Halere, adostasuna eskatzearen arau horrek baditu zenbait salbuespen, besteak beste legeak lagapena baimentzen duenekoa (11.2 artikulua).
Horri buruz kontuan hartu beharra dago Lurzoruari buruzko Legearen Testu Bateginak –ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretua– ondokoa ezartzen duela 4.c) artikuluan: herritar guztiek eskubidea dute administrazio publikoek lurralde antolamenduaz, hirigintza antolamenduaz eta haien ingurumen ebaluazioaz duten informaziora irispidea izateko, bai eta onetsitako xedapenen edo administrazio-egintzen kopia edo ziurtagiria eskuratzeko ere, legeria arautzaileak ezarri bezala. Eta 4.f) artikuluan, berriz, akzio publikoa baliatzeko, lurralde eta hirigintza antolamenduaren zehaztapenak gordearazte aldera.
Eskubide horiek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak ere aitortzen ditu. 8.1 artikuluak ezartzen duenez, berriz, pertsona guztiek dute eskubidea, lurraldeari eta hirigintzari buruz administrazio publiko eskudunen esku dagoen informazioa jasotzeko, interes jakin bat dutela egiaztatu beharrik izan gabe. Eta 9.1 artikuluak ezartzen duenez, publikoa izanen da lurraldeari eta hirigintzari buruzko jarduera arautzen duten legeria eta planeamendua bete dadin eskatzeko, administrazio organoetan eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioan egiten den akzioa.
Doktrinak adierazi duenez gero, hirigintzaren alorrean zabaltasun handienarekin arautu izan da beti hirigintza informazioaren gaineko eskubidea. Ez bakarrik garrantzi handia duelako trafiko juridikoaren segurtasunari begira, ezpada, planeamendua eta hirigintza arloko legedia bete daitezen exijitzeko ekintza publikoa denez gero, prozesuko legitimazioaren zabaltasunak nekez bete dezakeelako helburu hori ez baldin bazaio informazio hori ematen bere asmoa oinarritze aldera eskubide hori baliatu behar duenari.
Finean, Udalak igorritako txostenean adierazitako irizpidearen aurka azaldu beharra dugu –horren arabera, espedientearen titularrak bakarrik eskura dezake informazioa, Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoaren arabera–; izan ere, gure ustez begi-bistakoa da ez direla bateragarriak interpretazio hori eta hirigintza informazioa jasotzeko eskubidearen lege-taxuera (“interes jakin bat kreditatzeko beharrik gabe” aitortzen da eskubidea) eta arlo horretan legezkotasuna bete dadin exijitzeko ekintza (“publikoa” dela ezartzen da).
Datuak Babesteari buruzko Espainiako Agentziaren txostenetan ere gisako arrazoibideak aurki daitezke. Halatan, 239/2008 txostenean esaten denez, “hori dela-eta, Udalari kontsulta egiten dion entitateak eskatutako informazioaren komunikazioak babesa du 15/1999 Lege Organikoko 11.2.a) artikuluan; izan ere, Lurzoruari buruzko Legeak ezartzen du herritarrek eskubidea dutela hirigintza antolamenduari buruzko informazioa jasotzera, bai eta administrazioaren ekintzen edo xedapenen kopia edo ziurtagiria jasotzera ere...”.
Besterik da hirigintza informazioa jasotzeko eskubidea (eskubide gehientsuak bezala) ez dela eskubide absolutu bat, eta, horrenbestez, zenbait kasutan galdu egiten dela, babestu beharreko beste eskubide eta interes batzuk ere daudenean. Eta errealitate hori ere jasotzen du Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeak, informazioa ukatzeko aukera ematen baitu baldin eta informazio hori jabetza intelektualaren sekretuak babestutako datuei buruzkoa edo datu nahiz espediente pertsonalen konfidentzialtasunari eragiten dioten datuei buruzkoa bada (8.2.c artikulua).
Halere, informazioa osorik edo hein batean ukatzeko, arrazoitu egin beharko litzateke ukoa, aldez aurretik ponderatuta kasuan kasuko inguruabarrak eta gatazkan dauden eskubideak eta interesak; horrek, jakina, kasuaren azterketa egitea exijitzen du. Ondorio hori udal txostenean adierazitakoaren guztiz bestelakoa da, aukera hori ukatzen diolako espedientearen titularra ez den orori.
Eta egiaz, kexa-egileak eginiko eskaera zehatzari dagokionez (ea udal lizentziarik dagoen ala ez, horixe besterik ez), ez dugu inolako arrazoirik ikusten eskatutako hirigintza informazioa ukatzea justifikatzeko; izan ere, ez da beharrezkoa haren eskabidean jadanik emandako izaera pertsonaleko datuez aparte bestelako daturik hari ematea, eta aski da Udalak adieraztea ea obrak izan beharreko baimena duen eta, lizentziarik baldin badago, haren kopia bat ematea.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Araguren Ibarreko Udalari gomendatzea kexa-egileari onar diezaion hirigintza informazioa jasotzeko eskubidea, eta adieraz diezaion ea instalazio horrek izan beharreko obra lizentzia duen ala ez.
Bi hilabeteko epea ematea Aranguren Ibarreko Udalari gomendio hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia