Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 13ko 50/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 martxoa 13

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Solicitud de indemnización por error de identificación de la persona responsable de un ilícito penal

Exp: 08/469/V

: 50

Zerbitzu publikoak

AURREKARIAK

  1. 2008ko irailaren 17an, [?] andreak idazki bat aurkeztu zuen. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aurka, mehatxuengatiko eta iraingatiko faltak zirela-eta akusatua izan zen epaian VINSAk izan zuen jokabidearengatik.

    Azaltzen zuen bere posta elektronikoko pasahitza auzokide duen [?] jaunak erabili zuela, 2008ko maiatzaren 14an, VINSAri mehatxuzko mezuak bidaltzeko. Egitate horien ondorioz, VINSAk bera salatu zuen mehatxuengatik eta irainengatik. Salatutakoa faltengatiko epaiketako bistara joan zen, joan den irailaren 9an, eta absolbitu egin zuten, zeren eta epaiketaren ekintzan ez baitzen haren aurkako akusaziorik formulatu, salatzailea (VINSA edo haren abokatua) ez baitziren bertara agertu.

    Adierazten du VINSAk 2008ko ekainaren 17tik badakiela bera ez zela mehatxuak egin zituena. Horixe bera jakinarazi zion Iruñeko Udaltzaingoak salatzaileari, ohartarazi baitzion VINSAk jasotako mezuak ez zirela igorri akusatuaren ekipoari esleitutako IPtik. Hala eta guztiz ere, ez zuen haren aurkako salaketa kendu, nahiz eta maiatzetik jakin faltengatiko epaiketaren bista irailaren 9an eginen zela.

    Amaitzeko eskatzen zuen kalte-ordainak emateko, sorrarazi dizkioten kalte-galerengatik –esate baterako abokatu bat kontratatu eta epaitegietara taxiz joan–, eta VINSAk egiazko errudunaren kontra jotzeko, zeren eta badakite egiaz nor izan den mehatxu eta irainen egilea.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. Joan den martxoaren 9an, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostena jaso genuen. Bertan, honakoa azaltzen da:

    Mehatxu eta irainengatik egindako salaketan Viviendas de Navarrak izan duen jokabideari buruz [?] andreak otsailaren 16ko idazkiaren bitartez aurkeztutako kexari –08/469/V espedientea– erantzuteko, Lurraldearen Antolamendu eta Etxibizitza kontseilariak honakoa adierazten du:

    2008ko maiatzaren 15ean, Viviendas de Navarra S.A. sozietate publikoko zuzendari kudeatzailea Nafarroako Foruzaingoko egoitzara joan zen salaketa bat jartzera; izan ere, VINSAn eduki oso desatsegina zuten eta enpresa horretako langileentzat oso iraingarriak ziren bi mezu elektroniko jaso berriak zituzten.

    Ezin genuen bestela jardun, bidalitako testuen larritasuna eta VINSAko langileen artean eragin zuen larritasuna kontuan izanda.

    Ezin gara ados egon erreferentziako idazkiko hirugarren atalean adierazitakoarekin, bertan esaten baitu “VINSAk bera salatu zuela mehatxu eta irainengatik”.

    Salaketa Foruzaingoan aurkezterakoan, besterik gabe jakinarazi genien mezu batzuk jasoak genituela, eta mezu horiek –itxura batean– posta elektronikoko helbide jakin batetik bidaliak zeudela, zeren eta, salaketaren testua irakurriz gero egiazta daitekeen bezala, inoiz ez baitzen pertsona horren aurkako salaketa formalik aurkeztu; izan ere, jada adierazi dugun bezala, egitate batzuk jakinarazi ziren, poliziak bere lana egin zezan behar zen espedientearen instrukzioarekin, hori bai, oinarri hartuta itxura batean mezuak [?] andrearen posta elektronikotik bidalitakoak zirela.

    Sentitzen ditugu –interesdunari ere jakitera eman genion bezala– VINSAko ordezkaria 2008ko irailaren 9ko faltengatiko epaiketan ez egoteak erakarriko zituen nahastea. Esan beharra dago ez-bertaratzea ustekabeko arrazoi pertsonalengatik gertatu zela.

    Baldin eta, geroan egiaztatu den bezala, mezuen autoretzak jatorri material desberdina izan bazuen, horrek ez du inolaz ere aldarazten ez VINSAren jokabidea ez haren ordezkariarena; azken horrek, izan ere, uneoro helburu bakarrarekin jardun zuen: poliziari jazartzeko modukoak ziren egitate batzuk jakinaraztea.

    Azaldutako guztia dela eta, uste dugu ez dagokiola VINSAri gertaera tamalgarri honek erreklamazio-egileari eragindako inongo gasturik ordaintzea.

    Azkenik, eta gaia txosten honen helburuarekin zuzenean lotuta ez badago ere, adierazi nahi dugu berriki, epailearen agindua betez, eta gertatu ziren egitateen larritasuna ikusita, VIVIENDAS DE NAVARRA S.A.k mezu iraingarrien egilea [?] andrearen etxebizitzatik urrun dagoen beste etxebizitza batean kokatu duela.

Auzia hobeki ulertzeko, honako oinarriak ezarri behar dira:

  • Lehena.- Foruzaingoak 2008ko maiatzaren 15ean salaketaren akta egin zuela, VINSA enpresako ordezkari [?] jaunari entzun ondoren. Honakoa da salatutako egitatea: “Posta elektroniko bidezko mehatxuak”.

  • Bigarrena.- Salaketa 2008ko maiatzaren 16an Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegira igorri zen.

  • Hirugarrena.- 2008ko maiatzaren 23an, epaitegiak salatzailea eta salatua deitu zituen faltengatiko epaiketa egiteko, “baldintzapeko mehatxuarengatik”. Epaiketa 2008ko irailaren 9an egitekoa zen. Ez agertzearen ondoriozko isunei buruzko ohartarazpenak ere egin ziren.

  • Laugarrena.- 2008ko ekainaren 17an, Udaltzaingoak enpresa publikoaren ordezkari [?] jaunari jakinarazi zion VINSAk jasotako mezuak ez zirela igorri salatzaile eta kexa-egile den andrearen ekipoari esleitutako IPtik.

  • Bosgarrena.- Epaiketara salatutakoa agertu zen, bere abokatuarekin, eta “akusatuta zegoen mehatxuen eta irainen” (epaiaren testutik kopiatuta) faltatik absolbitu egin zuten, epaiketan akusaziorik ez zelako formulatu.

AZTERKETA

  1. Ulergarria eta arrazoizkoa da VINSAk salaketa bat jartzea posta elektronikoz jasotako mehatxu larriengatik. Logikoa den bezala, salaketa hasiera batean egitateen egiletzat jo zen pertsonaren aurka aurkeztu zen.
  2. Kexa-egilea, behin salatua izan ondoren, kontradikziorako eskubideaz baliatu zen, eta egiaztatu zuen bera ez zela faltaren egilea. Inguruabar hori ezagututa, ekainean, Udaltzaingoak horixe jakinarazi zion salatzaileari.

    VINSA enpresak, ekainetik irailera bitartean, aukera izan zuen interesdunaren aurkako faltaregatiko zigor-ekintzei uko egiteko. Gainera, falta pribatua zenez, ekintzak amaiarazten zituen, hau da, kasua berehala artxibatuko zen.

    Kexa-egileak, legitimotasun osoz, uste zuen VINSAk faltarengatiko zigor ekintzari uko eginen ziola, eta, are gehiago, mehatxuen egiazko egilearen aurkako salaketa bat aurkeztuko zuela. Ez zen ez bata ez bestea gertatu.

    Kexa-egileak epaiketara joan behar izan zuen, ezinbestez, akusatu gisa. Haren presentzia beharrezkoa ez bazen ere, abokatu baten defendatu zuen.

    [?] andreak ezin uka daitezkeen kalteak pairatu zituen. Falta bat egotzi zioten eta epaitegian agertu behar izan zuen, hain zuzen ere egin ez zuen falta batengatik, eta, gainera, VINSAk hori bazekien edo jakin zezakeen ahozko epaiketako bista izan baino zenbait hilabete lehenago.

  3. Azken batean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren sozietate publikoa den VINSAri exijitu dakioke beren jardueretan administratuek jarria duten konfiantzaren araberako koherentzia bat. Salaketa ulergarria eta koherentea da, baina are ulergarriagoa eta koherenteagoa dira zigor-ekintzari uko egitea salatutakoa errugabea dela jakinez gero.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gomendatzea VINSAren jarduerak zain ditzala, eta bereziki VINSAri gomendatzea herritarrekin erlazioa duten jardueretan konfiantza legitimoaren eta administrazio zuzenaren printzipioak bete ditzan, kexa-egileak egiten dion eskaria aintzat hartuta.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gomendio hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Ebazpen hau jakinaraztea kexa-egileari, Nafarroako Gobernuaren Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eta VINSAri, eta adieraztea honen kontra ezin dela errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia