Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Martxoaren 12ko 49/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 martxoa 12

Euskara

Gaia: Falta de edición en euskera la carta de pago y la solicitud de participación en una convocatoria pública

Exp: 09/103/C

: 49

Elebitasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko otsailaren 6an, [?] jaunak idazki bat aurkeztu zuen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurka, deialdi publiko bateko ordainketa-gutuna eta parte hartzeko eskaria euskaraz ez argitaratzegatik.

    Interesdunak azaltzen zuen Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emandako abenduaren 19ko 233/2008 Ebazpenaren bidez hamar telefonista lanpostu betetzeko deialdia egin zela –2009ko urtarrilaren 12ko 5. NAOn argitaratu zen–, eta deialdi horretako ordainketa-gutuna eta eskaria soilik gaztelaniaz argitaratu zirela.

    Eskariari bukaera emateko, eskatzen zuen hizkuntza eskubideak bermatzeko behar diren bitartekoak jartzeko.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. Joan den martxoaren 6an, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren txostena jaso genuen. Bertan, honakoa azaltzen da:

    1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 19ko 233/2008 Ebazpenaren bitartez –2009ko urtarrilaren 12ko 5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen–, deialdi bat onetsi zen Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko 10 telefonista lanpostu betetzeko. Ebazpenaren 1. eranskinean, eskabide eredu bat jarri zen, probetan parte hartzeko erabiltzekoa. Izan ere, izangaiek hura internetetik deskargatu behar zuten osatu eta aurkezteko.

      Nafarroako Gobernuaren web orri berean, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren euskarazko bertsio bat argitaratzen da, gaztelaniazko eduki bera duena eta deialdian parte hartzeko eskabide orri bera duena. Horrenbestez, izangaiek eskabide hori euskaraz deskarga dezakete hura osatu eta Erregistroan aurkeztu ahal izateko, hain zuzen ere kasuko deialdian parte hartzeko. Beraz, ez da egia [?] jaunak dioena, alegia, parte hartzeko eskabidea ez dela euskaraz argitaratu.

    2. Telefonisten deialdian parte hartzeko ordainketa-gutuna euskaraz ez argitaratzeari dagokionez, esan behar dugu Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua onetsi zuen uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren arabera, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokiola departamentu horretako formularioak onestea. Hori dela eta, erantzun hau aipatu departamentuari igorriko diot.
  4. Izan ere, egiaztatu dugu 2009ko urtarrilaren 12ko 5. NAOren euskarazko bertsioan, eskabide-eredua euskaraz argitaratuta ageri dela.

Hala eta guztiz ere, Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (Enplegu Publikoaren Eskaintza) deialdiaren berri ematen da (Telefonista-Oposizioa). Aipatu web orritik parte hartzeko eskabide-eredura (I. eranskina) jo daiteke. Eredu hori soilik gaztelaniaz agertzen da. Halaber, soilik gaztelaniaz agertzen dira azterketa-eskubideen ordainketa-gutunaren hiru aleak (interesdunarentzat, Nafarroako Gobernuarentzat eta eskabidean erantsi beharrekoa).

AZTERKETA

  1. Abenduaren 15ko 19/1986 Foru Legeak, zeinak euskararen erabilera arautzen baitu, Nafarroako herritar guztiei aitortzen die hizkuntza hori erabiliz Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko eskubidea. Halaxe ezarrita dago 10. artikuluan (eremu euskalduna), 17. artikuluan (eremu mistoa) eta 18. artikuluan (eremu ez euskalduna).

    Gainera, aipatu legeko 1. artikuluak legearen ezinbesteko helburu gisa ezartzen ditu herritarrek euskara erabiltzeko eskubidea babestea eta euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea.

    Bestalde, Herri Administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 70.4 artikuluak ezartzen du administrazio publikoek eskabide-eredu eta -sistema normalizatuak ezarriko dituztela, prozeduren izaeraren arabera hala behar denean. Betebehar hori, bistan denez, herritarrek administrazio publikoei zuzentzeko duten eskubidea errazteko dago pentsatuta.

    Testuinguru horretan, gure ustez 19/1986 Foru Legearen interpretazio egoki eta sistematikoa eta antolamendua eginez herritarrek beren eskubideez baliatzea erraztearen aldeko interpretazio-printzipioaren arabera –Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak behin eta berriz agertzen den printzipioa, ondoriozta dezakegu aztergai duguna bezalako kasu batean legezko betebehar bat badagoela, alegia, interesdunen esku parte hartzeko behar diren eskabide eta formularioak euskaraz ere jartzekoa.

    Kontuan hartu behar dira, aipatu dugun bezala, foru legeak bai aitortzen duela Nafarroako herritar guztiek administrazioari euskaraz zuzentzeko daukaten eskubidea. Horrenbestez, eskabidea egiteko ereduak edo formularioak prestatzea erabakitzen bada, ez dirudi koherentea denik, legegileak bilatzen zituen helburuei erreparatuta, eredu edo formulario horiek soilik gaztelaniaz idaztea.

  2. Departamentuaren txostenak dio ordainketa-gutunaren edizioa Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokiola. Hala eta guzti zere, deialdia osatzen duten dokumentuen multzoaren zati bat en aldetik, deialdia egiten duen organoak bere gain hartu behar du haren erantzukizuna. Horrenbestez, deialdiak (ordainketa-gutunak) ez du erraztasunik ematen herritarrak administrazioarengana euskaraz jotzeko eskubidea, zeren eta ordainketa-gutunaren eredua gaztelaniaz jarri baita herritarren eskura, Nafarroako herritarrek administrazioarengana euskaraz jotzeko duten eskubidearen aitorpena ahaztuta.

  3. Horrenbestez, Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez herritarrei ez parte hartzeko eskabidea, ez ordainketa-gutuna ez zaizkie euskaraz eskuratu, eta horrekin Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen agindua urratu da; izan ere, hauxe ezartzen baitu lege horrek 42.3 artikuluan: “Nafarroako Gobernuaren web zerbitzuen ataria gaztelaniaz eta euskaraz egonen da.”

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea herritarren eskura jar ditzan hautapen prozesuetan parte hartzeko behar diren inprimaki guztiak, euskaraz zein gaztelaniaz.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendio hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Ebazpen hau jakinaraztea kexa aurkeztu duenari eta Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, eta adieraztea honen kontra ezin dela errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia