Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Queja por la falta de resolución de recurso de alzada
Exp: 09/127/D
Nº: 47
Eskubideen sustapena
2009ko otsailaren 13an, [?] jaunak idazki bat aurkeztu zuen. Haren bitartez, kexa bat agertzen zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aurka, gora jotzeko errekurtso bat ez ebazteagatik.
Interesdunak azaltzen du 2006ko maiatzaren 12an, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuela Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiaren martxoaren 21eko 56/2006 Ebazpenaren aurka; izan ere, ebazpen horren bidez ezezkoa ematen zitzaion bere doktoretza-tesia egiteko epea zabaltzeko egina zuen eskariari, eta eskatzen zitzaion kobratutako aurrerakinak itzultzeko.
2007ko ekainaren 25ean, premiamendu probidentziak eginbideak eman ziren, 19.442,02 euro egiten zutenak, laguntzak itzultzeari zegokionez, eta 2.336,96 euro, berriz, sorturiko interesengatik. Zenbateko horiek berehala itzuli zitzaizkion Nafarroako Ogasunari.
2007ko abuztuaren 27an, kexa-egileak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen, hain zuzen ere premiamendu probidentziak deusezta daitezen eskatzeko. Errekurtsoa baietsi egin zen, eta horrekin premiamendu prozedura deuseztatu, zeren eta martxoaren 21eko 56/2006 Ebazpenaren aurka interesdunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebatzi gabe baitzegoen.
Amaitzeko, eskatzen du aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebatz dadin eta bidegabetzat jo dadin aipatutako zenbatekoak itzultzea, bide administratiboa amaitu gabe egoteagatik.
Beste batzuetan informatu dugun bezala, azken urte hauetan aurkeztutako errekurtsoen kopurua esponentzialki gora egin duenez –batez ere, irakasle lanpostuen hautapen eta betetze prozeduren arloan–, horiek guztiak ebaztea ezin lor daiteken helburua bilakatu da. Egoera horren aurrean, Hezkuntza Departamentuko zerbitzu juridikoek jarduera-protokolo bat ezarri zuten, interesdunei eragin dakizkiekeen kalteak ahal den guztian arintzeko. Protokolo horretan ondoren zehaztuko ditudan jarduerak ezartzen dira:
Kontuan hartzen badugu, gainera, ikasturte bakoitzean irakasle lanpostuetarako izangaiak hautatzeko eta lanpostu horiek betetzeko sistemen arabera deialdi desberdinak egiten direla (Maisu-maistren kidegoa –estatuko eta erkidegoko deialdia, ondoz ondoko urteetan–; bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoa –estatuko eta erkidegoko deialdia, ondoz ondoko urteetan–; irakasleen kidego bakoitzeko lanpostuak betetzeko deialdiak –estatuko eta erkidegoko deialdiak, ondoz ondoko urteetan–), gero eta txikiagoa da aurkeztutako errekurtso guztiak –horien barnean, ustez ezestekoak direnak– behar den epean izapidetzeko eta ebazteko aukera.
Aurreko guztia dela eta, gauden egoeran, birtualki ezinezkoa da aurkeztutako errekurtso guztiak –ez soilik ustez ekintzaren emaitzan aldaketak eragin ditzaketenak, baizik eta guzti-guztiak– izapidetzea eta ebaztea.
Kontuan hartu beharra dago, errekurtsoak ebazteko izapideak eta prozedura konplexuak direla, eta hartan, gehienetan, Nafarroako Gobernuko departamentu desberdinetako unitate administratibo ugarik esku hartu behar dutela, esleituta dauzkaten eskumenen arabera (halaxe gertatzen da funtzio publikoan eragina duten guztietan, eta gehien-gehienak dira horiek), eta horrek guztiak zailago egiten duela errekurtsoak ebazteko prozesua azkarra eta arina izatea.
Aztergai dugun kasu zehatzean, [?] jaunak espedienteari erantsitako dokumentaziotik argi eta garbi ondorioztatzen zen ez zela bidezkoa haren errekurtsoan jasotako alegazioak eta oinarriak baiestea; hori dela eta, jo genuen ez zela lehentasunezkoa gora jotzeko errekurtsoa ebaztea, eta hura, horrenbestez, izapidetzeko denbora izan arte geroratzea erabaki genuen (errekurtsoa ezesteari buruzko foru aginduaren zirriborroa erantsi dugu).
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betebehar horretarako gehieneko epe bat dago, eta epe hori, gora jotzeko helegiteen kasuetan, hiru hilekoa da (42.2 artikulua, 30/1992 Legeko 115.2 artikuluarekin lotuta dagoena).
Ezarritako epean berariaz ebazteko eta jakinarazteko betebehar hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean berretsi zen. Izan ere, 7. artikuluan aitortzen da herritarrek administrazio egokia izateko eskubidea, horren barne dela administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea.
Gauza nabarmena da orain planteaturiko kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ez duela bere legezko betebeharra bete, eta, horrenbestez, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 7. artikuluan interesdunari aitorturiko eskubidea kaltetu duela.
Hezkuntza Departamentuaren erantzunak, aurkezten diren errekurtsoak ebazteko bitartekorik ez duela alegatuz, ez du justifikatzen herritarrek beren eskariak eta errekurtsoak behar den epean ebazteko –hau da, administrazio zuzena izateko– eskubidea urratzea. Hezkuntza Departamentuaren betebeharra da, edo kasua bada, Nafarroako Gobernuarena, behar diren bitartekoak jartzea bizitza administratiboan zehar gertatzen diren egiturazko gabeziei nahiz behin-behineko gabeziei konponbidea jartzeko, kontuan izanda herritarrari zerbitzatzea dela administrazioaren eginkizun nagusia.
Adierazi dugun bezala, argi dago interesdunaren kexak oinarria baduela. Horrenbestez, helegitearen ebazpenaren edukia zein den alde batera utzita eta kontuan izan gabe ondorio prozesal hutsetarako administrazioak uler dezakeela helegitea ezetsita dagoela, prozedura ahal den bezain azkar ebazteko legezko betebeharra gogorarazi beharra dago.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea legez ezarritako gehieneko epean ebazpena ematera eta jakinaraztera behartuta dagoela, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko Legeko 42. artikuluaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz, eta, zehazki, interesdunak aurkeztutako gora jotzeko helegitea ahal bezain azkar ebatzi behar duela.
Hezkuntza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia