Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Falta de atención en euskera en centro de salud
Exp: 08/609/C
Nº: 46
Elebitasuna
2008ko abenduaren 4an, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren aurka, herritar bati ez zitzaiolako euskara erabiltzeko eskubidea bermatu Nafarroako administrazio publikoei zuzentzerako.
Idazkian azaltzen zuen joan den azaroaren 13an, eguerdiko ordu-bata hamar gutxi zirenean edo, herritar batek Iturramako osasun etxera deitu zuela, eta euskaraz artatzeko eskatu bazuen ere, hura ez zela posiblea izan.
2009ko urtarrilaren 8an, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak 2008ko abenduaren 29an eginiko txostena sartu zen erakunde honetan. Hartan, honakoa azaltzen du, hitzez hitz:
“Iturramako Osasun Etxea, Iruñean dagoena, eremu mistokoa da. Izan ere, eremu horretan euskaraz jakitea ez da nahitaezkoa, baina bai baloratzen da baldintza gisa osasun etxe batean lan egiten duten estamentu desberdinetako enplegu eskaintza publikoetan.
Berriki, Lehendakaritzaren Zuzendaritza Nagusiak zenbait ekintza abiarazi ditu Gobernuaren jarduna hobetzeko herritarren parte-hartzearen eta haiei ematen zaien arretaren arloetan. Horri dagokionez, Iruñean eta eremu mistoko gainerako tokietan dauden Gobernuaren bulegoetan jasotzen diren deietan, dei-egileak euskaraz hitz egiten badu, herritarrari arreta hobea emateko, dei-egileari euskaraz erantzuteko modurik ez badago kasuan kasuko unitateetan dauden baliabideekin, barneko prozedura-protokolo bat badago, zeinak bidea ematen baitu dei-egileari euskaraz erantzuteko komunikazioa eten gabe.”
Aurrerago, Osasun Departamentura jo genuen berriz ere, barne-prozedurari buruzko protokoloaren kopia bat eskatzeko. Martxoaren 2an, departamentuaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Honakoa dio, hitzez hitz:
“Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Lehendakaritzaren Zuzendaritza Nagusiak herritarrei arreta hobea eskaintzearen arloari dagokionez aipatu zituen “Iruñean eta eremu mistoko gainerako tokietan dauden Gobernuaren bulegoetan jasotzen diren deiak, dei-egileak euskaraz hitz egiten badu. Halakoetan, dei-egileari euskaraz erantzuteko modurik ez badago kasuan kasuko unitateetan dauden baliabideekin, bidezkoa da, komunikazioa eten gabe, deia Erregistro Orokorreko eta Argibideetarako Bulegora birbideratzea, hain zuzen 848427100 telefonora, non herritarrari behar den arreta emanen baitzaio.”
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko II. tituluak, zeinak ezartzen baititu herritarrek Administrazioarekiko harremanetan dauzkaten eskubideak, arreta egokirako eskubidea arautzen du, eta 6.2 artikuluan honakoa dio: “era berean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanetan herritar guztiek gaztelania edo euskara erabiltzeko eskubidea dute, euskararen erabilera arautzen duen Nafarroako foru legerian ezarritakoari jarraikiz”.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak honako helburu hauek eransten ditu “funtsezko” gisa (1. artikulua), eta, horrenbestez, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek ziurtatu beharreko helburu gisa: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskara biziberritu eta gara dadin zaintzea, euskararen erabilera sustatzeko zer neurri hartu behar diren adierazita.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 17. artikuluak aitortzen du eremu mistoko herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko. Horrenbestez, herritar guztiek, legez, eskubidea dute ahoz nahiz idatziz euskara erabiltzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren eremu mistoko bulego zentraletan, eta administrazioak eskubide hori nahitaez ezagutu behar du.
Arreta ematen duen funtzionarioak edo enplegatuak hizkuntza horretan ez baldin badaki, Administrazioak ezinbestez itzultzaile bat eduki beharko du ahozko harreman horretan laguntzeko. Ezin baitio herritarrari eskubide duena ukatu, euskaraz hitz egitea erabaki badu, zeren eta horrekin abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 1., 2. eta 3. artikuluetan xedatua urratuko bailuke, eta kontuan izan behar da lege hori, hierarkia normatiboaren ikuspuntutik, otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuan ezarritakoaren gainetik dagoela.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Osasun Departamentuari gogoraraztea legez eremu mistoko bulego, zerbitzu eta zentroetan, herritar guztiek euskaraz hitz egiteko duten eskubidea eraginkor bihurtu behar duela.
Bi hilabeteko epea ematea aipatu departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia