Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Denegación de solicitud de anticipo de sueldo
Exp: 09/251/F
Nº: 87
Funtzio publikoa
2009ko apirilaren 7an, [?] jaunak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emandako ebazpen baten aurka, ez baitzion onartu lansaria aurreratzeko eskabidea.
Azaldu zuen Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak urtarrilaren 5ean emandako 1/2009 Ebazpenaren bidez onartu egin zitzaiola eskatutako lansari aurrerakina, baina gero, urtarrilaren 12ko 28/2009 Ebazpenaren bidez aldatu egin zutela aurreko ebazpena eta bazter utzi zutela lansari aurrerakina onartu zitzaien langileen zerrendatik. Izan ere, aldizkako lan kontratudun langile finkoa da, eta ikusi zuten ez zuela betetzen zerbitzua emateko eta ordainsariak jasotzeko baldintza lansari aurrerakina eman eta ordaintzeko egunetan, lansari aurrerakinak arautzen dituen maiatzaren 12ko 199/2006 Foru Aginduko 2.1 artikuluak xedatzen duenez.
Uste du arrazoi horregatik bazter uzteko erabakia guztiz dela diskriminatzailea; izan ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile finkoa da.
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari txostena eskatu genion, eta 2009ko maiatzaren 5ean sartu zen txosten hori erakunde honetan. Hona hemen zer dioen, hitzez hitz:
Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lansaria aurreratzeko eskabidea (09/251/F espedientea) ez onartzeko eman zuen ebazpena dela-eta [?] jaunak Nafarroako Arartekoari aurkeztutako kexari dagokionez, bidezkoa da honako ohar hauek egitea:
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoentzako lansarien aurrerakina Lehendakaritza, Justizia eta Barnde kontseilariaren maiatzaren 12ko 199/2006 Foru Aginduak arautzen du (60. zenbakiko NAOn argitaratua, 2006ko maiatzaren 19an).
[?] jaunak Arartekoari aurkeztutako kexaren zioari dagokionez, Foru Aginduko 2.1 artikuluak dio langile finkoek lansari aurreratzea eskatu ahalko dutela, betiere hala eskabidea aurkeztean nola aurrerakina onartzeko eta ordaintzeko egunetan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoetan zerbitzua ematen badute eta lansaria handik jasotzen badute. Beraz, lansaria aurreratzeko eskubidea izateko ez da aski Foru Komunitateko Administrazioko langile finkoa izatea; horrez gain, beharrezkoa da lansaria handik jasotzea ere.
Betekizun horiek arrazoi honek justifikatzen ditu: ondoz ondoko hogeita lau hilabetean ordaindu beharrekoa dela aurreratutako lansaria, eta langilearen nominatik kenduko dela. Alde horretatik, 199/2006 Foru Aginduko 5.3 artikuluak ezartzen du lansaria galtzeak langilea behartu egiten duela itzuli beharreko zenbatekoa oso-osorik likidatzera.
Horri dagokionez, garbi dago [?] jaunak ez zuela betetzen eskakizun hori 2009. urteko lansari aurrerakinak onartzeari dagokionez; izan ere, nahiz eta jadanik zerbitzua ematen ari zen eta lansaria ere jasotzen zuen eskabidea egin zuen unean (2008ko urriaren 2a), ez zen hala gertatu aurrerakina onartu (2009ko urtarrilaren 5a) eta ordaintzeko (2009ko urtarrilaren 14a) egunekin, 2008ko abenduaren 1ean utzi baitzion zerbitzua emateari.
Inguruabar horien ondorioz —interesdunak ez ditu behin ere eztabaidatu (izan ere, ez du helegiterik jarri lansaria aurreratzeko eskabidea ukatu zaiolako)—, Zuzendaritza Nagusi honek urtarrilaren 5ean 2009. urteko lansari aurrerakinen deialdiaren inguruan emandako 1/2009 Ebazpenean egindako akatsa zuzendu zen, eta urtarrilaren 12an aurrerakina ez onartzeko 28/2009 Ebazpena eman zen, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 105.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.
Azkenik, beharrezkoa da kasu honetako bi inguruabarren berri ematea:
Kexa honen xeda da kexaren sustatzailea, Foru Komunitateko Administrazioko aldizkako lan kontratudun langile finkoa bera, bazter utzi dela lansari aurrerakina onartu zaien langileen zerrendatik; izan ere, aldizkako lan kontratudun langile finkoa zenez, ikusi zuten ez zuela betetzen zerbitzua emateko eta ordainsariak jasotzeko baldintza lansarien aurrerakina eman eta ordaintzeko egunetan, lansarien aurrerakinak arautzen dituen maiatzaren 12ko 199/2006 Foru Aginduko 2.1 artikuluak xedatzen duenez.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioek, estatutupeko langileek eta lan kontratudun langile finkoek, bai eta Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako Justizia Administrazioko langileek ere, lansaria aurreratzeko eskatu ahalko dute, Foru Agindu honetan xedatutako onartze eta itzultze prozedurarekin bat:
Eta 2.1 artikuluak honako hau xedatzen du:
Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ez du onartu kexaren sustatzaileak lansaria aurreratzeko aurkeztu duen eskabidea, Foru Aginduko 2.1 artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta; zehazki, uste duelako aurrerakina eman eta onartzeko unean ez zuela Administrazioan zerbitzurik ematen.
Kexaren sustatzaileak uste du ukapen hori diskriminatzailea dela Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko gainerako langile finkoen aldean, bera ere Administrazio horretako langile finkoa baita.
Ondorioz, gure analisian honako honetan jarri behar dugu arreta: Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak maiatzaren 12an emandako 199/2006 Foru Aginduko 2.1 artikulua interpretatu eta aplikatzeak diskrimatu egiten duen edo ez.
Legearen berdintasunaren esparruan, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriz eman duen doktrina da arau desberdintasunak ez-diskriminatzaile jotzeko ezinbestekoa dela justifikazio objektibo eta arrazoizko bat izatea, oro har onartutako irizpide eta balio judizioekin bat, eta horien eskakizuna hartutako neurriaren helburua eta ondorioak kontuan hartuta aplikatu behar dela; horregatik, beharrezkoa da erabilitako bideen eta lortu nahi den helburuaren arteko proportzionaltasun erlazio arrazoizko bat izatea (Konstituzio Auzitegiaren 209/1988 eta 110/1993 epaiak, besteak beste).
Beste alderdiari dagokionez, hau da, legea aplikatzean berdintasuna bermatzeari dagokionez, Konsituzioko doktrina da, halaber, legearen aurreko berdintasunak behartu egiten duela egoera berean dauden guztiei legea egiaz modu berean aplikatzera; beraz, aplikatzaileak ezin egin dezake inolako desberdintasunik pertsonen edo inguruabarren arabera, non eta halakorik ez den, hain zuzen ere, arauan bertan agertzen (Konstituzio Auzitegiaren uztailaren 12ko 144/1988 Epaia eta abenduaren 153ko 240/1998 Epaia, besteak beste).
Azkenik, bereizkeria jakin batzuei dagokienez, lansarien arloan kausa diskriminatzailea zer den zehazte aldera, Konstituzio Auzitegiak hainbat epaitan adierazi du bereizgarri bakarra denborari dagokiona dela (langile finkoa edo aldi baterakoa, lanaldi zatitua edo osoa, jarraitua edo aldizkakoa, eta abar), eta hori ez dela aski arrazoi desberdin tratatzeko (Konstituzio Auzitegiaren uztailaren 22ko 136/1987 Epaia eta maiatzaren 31ko 177/1993 Epaia, besteak beste). Auzitegi Gorenak ere, doktrina konstituzionalari jarraituz, hala ulertzen du (Auzitegi Gorenaren 1991ko maiatzaren 22ko RJ 6826 Epaia, 1994ko urriaren 11ko RJ 7764 Epaia eta 1997ko uztailaren 28ko RJ 6570 Epaia, besteak beste). Auzitegi Gorenak nabarmentzen du lansari abaintaila bat ezarri eta denboraren baldintzagatik langile batzuei bai eta beste batzuei ez onartzea diskriminatzailea dela lansari tratu aldetik; izan ere, langileek enpresarekin dituzten kontratu harremanen iraupenak (mugatua edo mugagabea, jarraitua edo aldizkakoa, eta abar) a priori ez dio inola ere eragiten, ez eta argudiatu nahi izan diren arrazoi objektiboekin ere, egiten duten lanaren kalitateari.
Jurisprudentziako doktrina hizpide dugun kasu honi aplikatuta, ikusi liteke tratu desberdina edo diskriminatzailea eman dela, justifikatu gabea baina ez arrazoizkoa, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak langile aldizkakoen eta aldizkako ez direnen artean egindako bereizketan; eta halako desberdintasunik ez dute egiten maiatzaren 12ko 199/2006 Foru Aginduko 1.2 eta 2.1 artikuluek lansarien aurrerakina emateko.
Hain zuzen ere, garrantzitsua da hau nabarmentzea, Foru Aginduko 1.1 artikuluak onartzen die lan kontratudun langile finkoei lansarien aurrerakina eskatu eta lortzeko eskubidea, langile jarraitu eta aldizkakoen artean bereizketarik egin gabe, eta printzipio juridiko aski jakina da arauak bereizten ez badu aplikatzaileak ere ez duela bereizi behar, areago bereizketa horrek behar beste justifikatu gabeko tratu okerrago bat eta, beraz, juridikoki diskriminatzaile bat badakar.
Hala, bada, erakunde honen iritziz, posible eta arrazoizkoa da 1.1 artikuluaren edukiarekin eta irismenarekin bat datorren interpretazioa egitea 2.1 artikuluan, modu horretan joera diskriminatzaile oro saihesteko. Hau da, uste dugu 2.1 artikulua ez hain modu murriztailean eta hitzez hitzekoan interpretatuz gero, arauaren teleologia inola ere behartu gabe, aldizkako lan kontratudun langile finkoak sar daitezkeela agindu horren esparruan. Ezin ahantz daiteke, funtsean, Furo Komunitateko Administrazioko langile finkoa dela, modu mugagabean ematen duela zerbitzua Administrazioan eta lansaria ere Administraziotik jasotzen duela. Zerbitzua aldizka emateak ez du inola ere galarazten interesdunak aurrerakina hogeita lau hilabetetan ordaintzeko baldintza betetzea, nahiz eta ordainketa horiek ez izan ondoz ondokoak.
Aurrekoak hala, badirudi gehiago datorrela bat bereizkeria bidegaberik gabeko tratamendu berbera izateko oinarrizko eskubidearekin Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak Foru Komunitateko Administrazioko aldizkako lan kontratudun finkoei ere aukera ematea lansarien aurrerakina lortzeko, bai Foru Agindua azaldutako zentzuan interpretatuz, bai Foru Agindua beharrezkoa den horretan aldatuz.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Lehendakaritza, Jusitiza eta Barne Departamentuari gomendatzea eman diezaiela aukera Foru Komunitateko Administrazioko aldizkako lan kontratudun langile finkoei ere lansarien aurrerakina lortzeko, bai Foru Agindua azaldutako zentzuan interpretatuz, bai Foru Agindua beharrezkoa den horretan aldatuz.
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori. Nolanahi ere den, aurkeztutako eskabideei erantzun formala eman beharko die.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia