Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Maiatzaren 7ko 83/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa. 2010eko maiatzaren 20a

2010 maiatza 20

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: No cubren con el siguiente aspirante aprobado la vacante producida tras la falta de toma de posesión del inicialmente nombrado

Exp: 10/291/F

: 83

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2010eko martxoaren 30ean, [?] andreak aurkeztutako kexa-idazkia sartu zen gure erakundean. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurkakoa da kexa, lanpostu huts bat deialdiko oinarrien arabera ez betetzeagatik.

    Azaltzen du zaintzaile gerontologikoa izateko 44 lanpostu betetzeko oposizioa gainditu zuela. Oposizio horren deialdia, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 14ko 1583/2007 Ebazpenaren bitartez egin zen.

    Azaltzen du izendapen proposamenean agertzen ziren izangaiek lanpostuen jabetza hartu ondoren –2009ko azaroaren 4ko 136. NAOn argitaratu zen hori– bost lanpostu bete gabe geratu zirela. Horietatik bi izangaiak borondatezko eszedentzian egoteagatik.

    Kexaren arrazoia da borondatezko eszedentzian dagoen izangaietako bati dagokion lanpostua hutsik geratu dela; hau da, ez zaio oposizioa gainditutakoen zerrendako hurrengoari (kexa-egilea) deitu hura betetzeko, deialdiak horixe ezartzen duen arren.

    Bukatzeko, eskatzen du deialdiko oinarriak eta funtzio publikoan sartzeari buruzko gainerako arauak aplika daitezen.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera zeuden zehazteko, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari idazki bat igorri nion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

    2010eko apirilaren 29an, kontseilari jaunaren txostena jaso nuen. Bertan, honakoa dio, hitzez hitz:

  1. “Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 14ko 1583/2007 Ebazpenaren bitartez –2007ko ekainaren 4ko 69. NAOn argitatu zen–, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zaintzaile gerontologikoa izateko 44 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia egin zen. Lanpostu horietatik 10 lanaldi partzialeko lan kontratupekoak dira.

    Hautapen-probak amaiturik, epaimahai kalifikatzaileak puntuazio handiena lortu eta betetzeko lanpostuen kopuruari zegozkion izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena aurkeztu zuen. Proposamen hori 2009ko azaroaren 4ko 136. NPAOn argitaratu zen.

  2. Izendatua edo kontratatua izateko deialdian exijitzen zen dokumentazioa aurkezteko ezarritako epean, izendapen proposamenean sartutako bi izangaik ez zuten dokumentazio hori aurkeztu.

    Horrenbestez, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 25eko 151/2010 Ebazpenaren bitartez, 34 izangai izendatu ziren, eta zehaztu zen bidezkoa zela beste 8 kontratatzea.

  3. Izendatutako izangaietako bat zaintzaile gerontologiko lanpostuan borondatezko eszedentzian deklaratu zen, jabetza hartu eta biharamunetik aurrerako eraginekin, egun horretan beste administrazio publiko batean lanean ari baitzen. Deialdiko 9.6 oinarrian ezarritakoaren arabera egin zen hori.

    Beste izangaietako batek lan kontratua izenpetzeko ezarritako epea iragaten utzi zuen, eta ez zuen hura izenpetu.

    Azkenik, beste izangai bat zaintzaile gerontologikoko lanpostuan borondatezko eszedentzian zegoela deklaratu zen, jabetza hartzeko egunetik aurrerako eraginekin, administrazio publiko berean beste lanpostu bat baitzeukan. Horrela egin zen hori Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko 26.1.a) artikuluko bigarren lerrokadan ezarritakoaren arabera, betiere 2010. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 16/2009 Foru Legeko hogeita bigarren xedapen gehigarrian ezarri zen testuaren arabera.

  4. Deialdiko 9.6 oinarriak ezartzen du ezen funtzionario izaera hartu eta lanpostuan egiazki jarduten ez duten izangaien kasuan, funtzionario horiek, beraiek eskatuta, borondatezko eszedentzian daudela deklaratuko dela, jabetza hartzeko egunetik aurrerako eraginekin, beste administrazio publiko batean lanean aritzeagatik, eta ondoren, hutsik geratutako lanpostua 7.4 oinarrian ezarritakoaren arabera beteko dela, hain zuzen ere izangai gaindituen zerrendan ondoren datorren izangaiarekin. Aurreikuspen hori Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua ezartzen duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuko 35. artikuluan ezarritakoari dagokio.

    Kasu horretarako aurreikusitakoaz gainera, ez da ez deialdiko oinarrietan, ez indarreko arauetan, ezer ere jasotzen izangai berriak izendatzeari buruz aipatu berri dugun 26.1.a) artikuluko bigarren lerrokadan –eman berri zaion testu indardunaren arabera– jasotako borondatezko eszedentzia kasuetan; hori dela eta, ezin da beste izendapenik egin haren ondorioz hutsik geratzen den lanposturako.

  5. Azaldutako egitate eta gogoetak ikusita, izendapen edo kontratazio proposamen osagarri bat egin zen zaintzaile gerontologikoko lanposturako, eta hartan izangai gaindituen zerrendako hurrengo 4 izangaiak sartu ziren, zeren eta bi izangaik dokumentaziorik ez baitzuten aurkeztu ezarritako epean, beste batek ez zuen zegokion kontratua sinatu eta beste bat borondatezko eszedentzian deklaratu zen beste administrazio publiko batean lanean ari zelako jabetza hartzeko unean. Izan ere, bai arau indardunek, bai deialdiko oinarriek horretarako aukera ematen zuten kasu bakarrak ziren lau horiek.

AZTERKETA

  1. Departamentuaren txostenetik ondorioztatzen denez, bost izan dira Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 25eko 151/2010 Ebazpenaren bitartez izendatuta egon eta zaintzaile gerontologikoko lanean, esleitutako lanpostuan edo postuan, hasi ez direnak. Horren ondorioz, izendapen proposamen osagarri baterako proposamena egin zen (2010eko martxoaren 31ko 40. NAO), eta hartan txanda librean gainditutakoen zerrendako hurrengo lau izangaiak jaso ziren.
  2. Kexa-egileak, zeina lanposturik gabe gainditutakoen zerrendan hurrengoa baita, honakoa galdetu du: zergatik ez dira izendapen proposamen osagarrian bost izangai jaso, kontuan izanda bost izan zirela izendatuta egon eta esleitutako lanpostuan hasi ez ziren izangaiak?

    Galdera horren erantzuna oposizioko deialdian jasota dago, eta bat dator administrazio publikoetan sartzeari buruz Nafarroan indarra duten arauekin.

    Kexaren xede diren egitateak dira, hain zuzen ere, esleitutako lanpostuaren jabetza hartzerakoan, izendatutako berrogeita lau izangaietatik bati borondatezko eszedentzia eman zitzaiola zegokion zaintzaile gerontologikoko lanpostuan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 26.1.a) artikulua aplikatuz; izan ere, artikulu horrek honakoa ezartzen du: “Halaber, Administrazio Publiko beraren baitan, maila bereko edo desberdineko beste lanpostu bat eskuratzen duen funtzionarioak bietako bat aukeratu beharko du, eta beste lanpostuan borondatezko eszedentzian deklaratzea eskatu dezake”. Alabaina, ez zen hutsik geratutako lanpostua bete izangai gaindituen zerrendako hurrengoari deituz.

    Eta ez zen bete zeren eta Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeari buruzko Erregelamenduak, ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak, izangai gaindituek hutsik geratutako lanpostuak betetzera derrigortzen baitu, betiere deitutako lanpostu kopuruari dagokion neurrian, izangai gaindituen zerendako hurrengo izangaiekin, puntuazioaren hurrenkeraren arabera (31. eta 32. artikuluak). Alabaina, zerrendako hurrengo izangaiei dei egite hori ez da beste kasu guzti-guztietan gertatzen, soilik bete ez diren lanpostuetara mugatzen baita, edo izangaiek haien jabetza hartu ez dutelako, edo izangaiari borondatezko eszedentzia eman zaiolako jabetza hartzeko unean, beste administrazio publiko batean zerbitzu ematen ari delako (35. artikulua).

    Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan lanean ari delako borondatezko eszedentzia eman zaion izangaiak hutsik utzi duen lanpostua ezin da beste izendapen proposamen bat eginez, zeren eta bai azaldutako arauek, bai deialdiko 9.6 oinarriak ez baitute ahalmenik ematen izendapen proposamen osagarri baterako, eszedentzia administrazio publiko berean beste lanpostu bat betetzeagatik gertatzen denean.

    Horrenbestez, kexaren xedea den kasu zehatzean, ez da bidezkoa Foru Komunitateko Administrazioari inongo gomendio egitea, zeren eta legezko arauen eta aplikatzekoak diren erregelamenduen arabera eta deialdiko oinarrien arabera jokatu baitu.

  3. Aurrekoa ezertan ere kendu gabe, aipatutako araudia poliki aztertu ondoren, erakunde honek ez du inongo arrazoirik aurkitzen kasu berarako arau-erantzun desberdinak ematea justifikatzen duenik. Deialdiaren xede diren lanpostuetako bat adjudikatu zaion oposizio-egile bat borondatezko eszedentzian dagoela deklaratzeak arau-tratamendu desberdina dauka pertsona hori deialdia egin duen administrazio beraren funtzionarioa denean edo beste administrazio bateko funtzionarioa denean. Baldin eta administrazio beraren funtzionarioa bada, lanpostua ez zaio izangai gaindituen hurrengo izangaiari eskaintzen, eta bete gabe uzten da; hori dela eta, funtzionario hori komeni zaionean sar daiteke adjudikatu zaion lanpostuan. Aukera hori, ordea, ukatu egiten zaie beste administrazioetako funtzionarioei. Horrenbestez, horren guztiaren azpitik bazterkeriazko tratu bat ageri da, beste administrazioetako funtzionarioak kaltetzen dituena, zeren eta borondatezko eszedentzian daudela deklaratzen denean haien lanpostua berehala jabetzan eskaintzen baitzaie izangai gaindituen zerrendako hurrengo izangaiei; hori dela eta, ezin izanen dira sekula itzuli hasiera batean adjudikatutako lanpostura. Eta beste administrazio publiko batekoak izateak ez du berez justifikatzen tratu desberdina ematea.

    Bazterkeria hori suposaturik, komeniko litzateke hura deuseztatzea funtzionario guztiei arauen ikuspuntutik tratu bera emanez, edozein dela ere jatorriz dagokien administrazioa, eta hori bi modutara egin daiteke: edo kasu guztietan izangai gaindituen hurrengo izangaiari lanpostua eskainiz, edo kasu guztietan lanpostua hutsik utziz. Azken batez, hasiera batean lanpostu bat adjudikatu zaien oposizio-egile guztien aukeren berdintasuna errespetatzea da kontua, hasieran adjudikatu zitzaien lanpostura itzuli ahal izateko edo ezin itzultzeko, alde batera utzita, nolanahi ere, eszedentzia eskatu duena zein administraziotatik datorren.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea balora dezan ea komeni den kasuko erregelamendua aldatzea, lanpostu bat hartzeko unean oposizio-egile bati ematen zaion borondatezko eszedentziaren egoeraren aurreko prozedurazko erantzuna beti bera izan dadin, alde batera utzita oposizio-egilea zein administraziotako langilea den.

     

  2. Bi hilabeteko epea ematea departamentu horri iradokizun hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

     

  3. Kexa-egileari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia