Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Maiatzaren 7ko 82/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak eta beste batzuek aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 maiatza 20

Función Pública

Gaia: Deficiencias en la normativa de representación sindical

Exp: 09/826/F

: 82

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. Abenduaren 2an, honako sindikatuetako ordezkariek izenpetutako kexa-idazki bat sartu zen gure erakundean: Foruzaingoaren Sindikatua, Erizaintzako Sindikatua, ANPE, Nafarroako Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Elkartea, Nafarroako Medikuen Sindikatua, Administrazioko Langileen Sindikatua eta Erizaintzako Laguntzaileen Sindikatua. Kexa-idazki horren bidez, izan ere, kexa agertzen zuten Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileentzako neurriei buruzko abenduaren 29ko 27/1994 Foru Legean eta Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan ageri diren legegintzako akatsengatik.

    Azaltzen dute aipatutako arauek sindikatuen ordezkaritzarako eskubidea eta berdintasunaren printzipioa urratzen dutela, zeren eta balio handiagoa ematen baitiete boto batzuei beste batzuei baino, sindikatuetako ordezkarien kopurua ez baitago langileen botoen proportzio berean. Hori dela eta, azken hauteskunde sindikaletan, Hezkuntzan ordezkari sindikal bat lortzeko 101 boto behar izan ziren; Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan 90 boto; Ogasunean 1,5 boto eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuan, azkenik, 7 boto.

    Gehitzen dute hauteskunde horietan sindikatu profesionalek 4.000 boto inguru lortu zituztela, eta boto horiek 55 ordezkari lortzeko eskubidea eman ziela. Paradoxa bat bada ere, sindikatu orokorrek, berriz, 174 ordezkari lortu zituzten 7.700 botorekin.

    Bestalde, adierazten dute arau horien arabera Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean egoteko, gobernuko eta udaletako ordezkari sindikal guztien botoen % 10 lortu behar direla. Horrek berarekin dakar sindikatu profesionalek, zeinek beren esparruetan baizik ezin baitute botorik lortu, ezin direla Mahai Orokorrean egon. Aitzitik, sindikatu ez-profesionalek, Administrazioaren esparru sektorialetan ordezkaritzarik lortzen ez duten arren, automatikoki daude administrazioetako mahai sektorialetan, Mahai Orokorreko kideak izate hutsarengatik. Horren ondorioz, esate baterako, Hezkuntza Departamentuan sindikatu bat badago azken hauteskundeetan esparru horretan ordezkaririk lortu ez zuena.

    Azkenik, adierazten dute araudi sindikal indardunaren aplikazioan, Mahai Orokorra dela mahai sektorialetan aztertzen diren gaiak erabakitzen dituena. Horren ondorioz, mahai horiek edukirik gabe uzten dituzte, eta egitekoak eta negoziatzeko gaitasuna kentzen dizkiete. Horren guztiaren ondorioz, Mahai Orokorra da mahai sektorialetan azter daitezkeen gaiak erabakitzen dituena.

    Horrenbestez, jotzen dute negoziazio kolektiboa langileek berek emaniko botoen proportzioan egiten ez bada eta sindikatu batzuk baztertzen badira, askatasun sindikalaren beraren aurka jotzen ari dela.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari idazki bat igorri nion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. Departamentuak txostena igorri zion erakunde honi, eta bertan honakoa helarazten digute:

    “2009ko abenduaren 11ko idazkiaren bitartez, Nafarroako Arartekoak txosten bat eskatu zuen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan ordezkaritza duten sindikatu batzuek erakunde horretan aurkeztutako kexari buruz. Izan ere, sindikatu horiek jotzen dute legegintzako akatsak ageri direla bai Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileentzako neurriei buruzko abenduaren 29ko 27/1994 Foru Legean, bai Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan.

    Zehazki, haien kexaren arrazoia da beraien ustez aipatutako arauek sindikatuen ordezkaritzarako eskubidea eta berdintasunaren printzipioa urratzen dutela, zeren eta balio handiagoa ematen baitiete boto batzuei beste batzuei baino, sindikatuetako ordezkarien kopurua ez baitago langileen botoen proportzio berean.

    Kexaren xedea den gaiari dagokionez, honako gogoetak egin behar dira:

    1. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen ordezkaritza organoen eta lan baldintzen gaineko negoziazio kolektiboari buruzko arau indardunak Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileentzako neurriei buruzko abenduaren 29ko 27/1994 Foru Legearen bitartez sartu ziren langileen estatutuko testu bateginean.

      Haren edukia heldu zen sindikatu-ordezkaritzaren gehiengoarekin 1994ko urriaren 18an izenpetutako akordio batetik; izan ere, akordio horren bidez garatu zen 1992-1995 urteetarako lan baldintzei buruzko akordioan jasotako aurreikuspena, ordezkaritza organoei buruzko arauak aldatzeari buruzkoa eta negoziazio kolektiborako eskubideari buruzkoa, “Foru Komunitateko Administrazioaren, haren erakunde autonomoen eta Nafarroako toki entitateen errealitateari hobekien egokitzen zaizkien organo eta prozedurak sortuz”, hitzez hitz jaso zen bezala.

    2. Nafarroako administrazio publikoetako negoziazio mahai desberdinetara sartzeko baldintzen araupetzea bakoitzaren jarduera-esparruan lortutako ordezkaritzan dago oinarrituta; hori, bestalde, bat dator bai administrazio publikoei buruzko arauetan ezarritako irizpideekin (gaur egun, Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legeko 31. artikulua eta hurrengoak), bai lan esparruari buruzko arauetan ezarritakoekin ere (Langileen Estatutuari buruzko Legeko Testu Bategineko 82. artikulua eta hurrengoak).
    3. Mahai Orokorraren eta mahai sektorialen eskumenei dagokienez, Langileen Estatutuko Testu Bategineko 83.3 artikuluak honakoa zehaztu zuen: “mahai sektorialen eskumena kasuan kasuko sektoreko gai berezietara zabalduko da, Mahai Orokorraren aldetik erabakiaren xede izan ez badira”.

      Horri dagokionez, egiaz gertatzen dena da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan dauden mahai sektorialak (7 dira gaur egun), nolabaiteko maiztasunaz biltzen direla, batzuk besteak baino gehiago, kasuan kasuko esparruan aztertu beharreko gai berariazkoen arabera.

    4. Araudi indardunetan, estatukoan nahiz forukoan, ez dago antolamendu sindikalen inongo sailkapenik; hori dela eta, sindikatu “profesionalei” eta “ez-profesionalei” buruzko bereizkuntza horrek ez du zentzurik. Horietan guztietan, ordezkaritza kreditatzeko kontuan hartzen den datu bakarra da ordezkaritza organoetarako hauteskundeetan lortzen diren emaitzak, bai eta Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoak ordezkaritza handiena duten erakunde sindikaletarako finkaturiko bermeen errespetua ere.

       

    5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ordezkaritza sindikalaren errealitatea aztertuta, bi alderdi hartu behar dira kontuan, zuzeneko eragina dutelako erakunde sindikal horiek planteatutako arazoetan. Honakoak dira, hain zuzen ere:
      1. Langile kopuru oso desberdinak dituzten hauteskunde-unitateak egotea. Hori dela eta, ordezkariak lortzeko lortu beharreko botoen kopurua desberdina da batzuetan eta besteetan. Egitate hori ez da Administrazio honek berezkoa duen zerbait, ezta langile publikoen ordezkaritza organoetarako hauteskundeen bereizgarri bat ere; izan ere, azter daitezkeen hauteskunde prozesu guztietan gertatzen den zerbait da, bai arlo sindikaletan, bai arlo politikoan (adibidez, era berean, Kongresuan diputatu bat lortzeko boto-kopuru desberdina behar da Sorian eta Madrilen).
      2. Arrazoi desberdinak direla eta, gaur egun atomizazio sindikal handia dago (gaur egun 19 sindikatu daude Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan ordezkaritza dutenak). Hori dela eta, ezinbestez horietako asko ez dira iristen negoziazio mahaietan parte hartzeko eskubidea izateko behar den gutxieneko ehunekora.
    6. Foru Komunitateko Administrazioak badaki arazo hori badagoela, eta inoiz ere ez da hura eztabaidatzearen eta, kasua bada, arau indardunetan behar diren erreformak egitearen aurka azaldu. Horri dagokionez, Administrazioak Mahai Orokorrean, 2009ko martxoaren 12an, eztabaidatzeko eta akordioan sartzeko aurkeztu zuen idazkian, hitzez hitz honakoa zioen atal bat zeukan:
      1. “A) Gaur egun Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan dauden ordezkaritza sindikaleko esparruak, bai eta negoziazio-mahaietako osaera ere, aztertu eta, kasua bada, aldatzea, modu egokiagoan eta uniformeagoan erantzun diezaioten gaur egun dauden enplegatu publikoen kopuruari eta motari”.

        Ordezkaritzako eta negoziazio kolektiboko organoei buruzko arau indardunen aldaketak berarekin dakar hartatik eratortzen diren ondorioek eragin oso desberdina izan dezaketela (askotan kontrako eragina ere) erakunde sindikal desberdinetan. Hori dela eta, emendiozko zailtasun bat dago hori negoziatu eta gehiengo sindikalarekin akordio bat izenpetzeko. Hala eta guztiz ere, gaur egun, Mahai Orokorrean negoziazio prozesu bat zabalik dago, eta hartan emaitzak izan arte itxaron beharko dugu”.

AZTERKETA

  1. Kexa idazkian planteatzen den gai nagusia da ustez Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileentzako neurriei buruzko abenduaren 29ko 27/1994 Foru Legean eta Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan ageri den legegintzako akatsa. Kexa izenpetzen dutenen arabera, arau horiek sindikatuen ordezkaritzarako eskubidea eta berdintasunaren printzipioa urratzen dituzte.
  2. Egiazki, erakunde honen iritziz, hiru alderdi badaude negoziazio kolektiborako eskubidea urratu gabe ere eragin negatiboa izan dezaketenak langile publiko batzuek, beren ordezkari sindikalen bitartez, negoziazio kolektiborako daukaten eskubidean: negoziazio mahai desberdinetan egoteko behar den boto-portzentaje handia, tamaina desberdinetako hauteskunde-unitateak egotea eta negoziazio mahai sektorialetan soilik aztertu ahal izatea Mahai Orokorrak erabaki ez dituen gaiak.

    Hori dela eta, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak igorritako txostenean adierazitakoaren ildotik, erakunde honek iradokitzen du ezen behar diren jarduketak egiten jarrai dadin Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko funtzionarioen lan baldintzak finkatzeko ordezkaritza-, negoziazio- eta partaidetza-organoei buruzko araudia aldatzeko, negoziazio-mahaien osaerari dagokionez eta gaur egun dauden ordezkaritza sindikaleko esparruei dagokienez.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari iradokitzea ezen behar diren jarduketak egiten jarrai dezan Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko funtzionarioen lan baldintzak finkatzeko ordezkaritza-, negoziazio- eta partaidetza-organoei buruzko araudia aldatzeko, negoziazio-mahaien osaerari dagokionez eta gaur egun dauden ordezkaritza sindikaleko esparruei dagokienez.

     

  2. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari iradokizun hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen adieraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, Nafarroako Arartekoari buruzko Foru Legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian aurreikusitako terminoetan.

     

  3. Kexa-egileari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia