Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Maiatzaren 6ko 86/2009 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, Deierriko [...] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 maiatza 06

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Falta de resolución de una petición de modificación catastral

Exp: 09/134/U

: 86

Hirigintza

AURREKARIAK

  1. 2009ko otsailaren 17an, Deierriko [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren aurka.

    Azaltzen zuen 2007ko azaroaren 21ean Deierriko Udalak eskabide bat bidali ziola Lurralde Aberastasuneko Zerbitzuari Done Jakue Bideko autobiaren inguruan katastro aldaketa bat egiteko, eta, hala, hiri kontribuzioa kobratu ahal izateko, Toki Ogasunen Foru Legean xedatutakoarekin bat.

    Adierazi zuen nahiz eta denbora asko igaro den eta beharrezko agiri guztiak izan ez dela esanbidezko ebazpenik eman katastroa aldatzeko eskabidearen inguruan, eta horrek kalte egiten diela Udalaren interes ekonomikoei.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari.

    2009ko apirilaren 29an, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, honako hau adierazten zen:

    “2007ko azaroaren 21eko idazkiaren bidez —urte bereko abenduaren 5ean sartu zen Lurralde Aberastasuneko Zerbitzuan—, Deierriko [?] jaunak adierazi zuen idazki horrekin batera katastroa aldatzeko eskabidea (7-1-08 zenbakikoa) bidali zuela, Lurralde Aberastasuneko Erregistroan kargatzeko eta sartzeko, Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legeko 13.2 e) artikuluan xedatutakoarekin bat. Haren arabera, ondasun higiezin gisa jo zen. Gaineratu zuen Foru Lege horretako 16.2 c) artikuluan xedatutakoaren arabera ondasun berezi gisa balioetsi behar zela.

    Lurralde Aberastasuneko Zerbitzuaren 2007ko abenduaren 5eko dokumentuaren bidez, Udalari jakinarazi zitzaion artean araudia onartzeko zegoela, eta han zehaztuko zela nola egin behar zen planteatutako katastro aldaketa. Hala, eskabidea itzuli zitzaion, eta eskatu zitzaion araudia argitaratzean berriro bidal zezala eskabidea. Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legeko 16. eta 40. artikuluek zehazten dute zein den ondasunak berezitzat kalifikatzeko eta balioesteko prozedura. Artikulu horiek irailaren 22ko 100/2008 Foru Dekretu bidez onartutako Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko araudiko 19. eta 20. artikuluek eta 45-47. artikuluek garatu dituzte.

    Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuaren idazki horren inguruan, Udalak hainbat alegazio aurkeztu zituen 2008ko urtarrilaren 7ko komunikazioaren bidez, eta, funtsean, berriro eskatu zuen aurretik eskatua zuena, alegia, izapidetu zedila 7-01-08 zenbakiko katastro aldaketa, Done Jakue Bideko autobiari buruzkoa, horren subjektu pasibotzat jotzen direnei zerga ordainarazteko. 2008ko urtarrilaren 22ko dokumentuarekin batera, higiezina Deierriko udal barrutian inskribatzeko agiriak (katastroa aldatzeko eskabide orria, 7-01-08 zenbakikoa) eta fitxa teknikoak bidali zituzten; orri horretako “Oharrak” atalean hauxe dio: “Ondasun berezia da (balioa erantsi). Erregistroko datuen arabera (2002-09-19ko eratze eskritura), emakidaren enpresa titularra altaren fitxetan zehaztutakoa da”).

    Bada, azalpen faktiko hori ikusita, atsegin handiz adierazten dizut Udalaren eskabide hori jaso ondoren, Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legeko 19. artikuluarekin bat, toki erakundearen eskariz abiarazitako prozedura eskabidean aurkeztutako datuak egiaztatzeko fasean dagoela, higiezina behar bezala ezaugarritzeko eta Lurralde Aberastasunaren Erregisotran zehazki inskribatzeko”.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.

    Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek, garaiz eta forman, esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betekizun hori kasu guztietan bete behar da, eta Administrazioak ezin egin diezaioke uko ebazpena emateri, isiltasuna, iluntasuna eta kasuari aplikatzekoak zaizkion lege arauak behar bestekoak ez direla aitzakiatzat hartuta (aipaturiko legeko 89. artikulua).

  2. Hemen planteatutako kasuan, Deierriko Udaleko idazkariak eskabide bat aurkeztu zuen 2007ko abenduaren, eta, beraz, ebatzi beharreko administrazio prozedura bat sortu zen. Nahiz eta denbora asko igaro den eta hainbat idazki bidali zaizkion Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atzerapena salatzeko, espedientearen gaineko ebazpenik ez da eman oraindik, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak berak bidalitako txostenetik ondorioztatzen denez.

    Horregatik, gabi dago interesdunaren kexak baduela funtsik. Beraz, eman beharreko ebazpena zeinahi delarik ere, erakunde honek gogorarazi behar du legezko betebeharra dela prozedura albait azkarrena ebaztea.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari gogoraraztea bere legezko betebeharra dela garaiz eta forman aurkezten dizkioten eskabide guztiei erantzun espresa ematea, horien artean kexaren sustatzaileak aurkeztutakoari.

  2. Ekonomia eta Ogasun Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori. Nolanahi ere den, aurkeztutako eskabideei erantzun formala eman beharko die.

  3. Ebazpen hau Cintruénigoko Udalari eta [?] jaunari nahiz kexaren beste sustatzaileei jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia