Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Maiatzaren 28ko 94/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 maiatza 28

Gizarte ongizatea

Gaia: Necesidad de vivienda o ayuda económica para acceder a una.Vive en un coche.

Exp: 10/278/B

: 94

Gizarte Ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2010eko martxoaren 25ean, [?] andreak kexa bat aurkeztu zuen, bizi duen premia-egoera dela eta.

    Azaltzen zuenez, ibilgailu batean bizi da orain dela astebete, bere etxea utzarazi ziotenetik. Bakarrik dagoela zioen, ez duela familiaren laguntzarik aurrera egiteko. Hori dela-eta, duela hilabete Alde Zaharreko Auzo Unitatera jo zuen, eta, han, gizarte-langileari bere egoeraren berri eman zion: laster kale gorrian egonen zen, eta ostatua behar zuen. Etxebizitzaren Arloko Gizarteratze Taldera igorri zuten, gizarte integrazioko etxebizitza bat alokairuan eska zezan. Etxebizitzaren Arloko Gizarteratze Taldeak [?] elkartera igorri zuen, eta handik [?] elkartera; azkenean, [?]-n bukatu zuen, baina han ere ezin izan diote lagundu.

    Hori dela eta, lehenbailehen ostaturen bat eman diezaioten eskatzen zuen, edo, bestela, ostatua ordaindu ahal izateko laguntza ekonomiko bat.

  2. Kexa jasota, Iruñeko Udalera jo nuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko. Apirilaren 28an, eskatutako txostena jaso zen erakunde honetan. Hartan, ondokoa adierazten da:

“Udalak (Gizarte Zerbitzuen eta Kirolen Alorra) pertsona horri zer laguntza eman dion jakite aldera Arartekoak egin digun eskaria ikusita, ondokoa adierazi beharra dago [?] andreak bizi duen egoerari buruz eta baliabideren bat esleitzeko aukerei buruz:

Gizarte Zerbitzuen eta Kirolen Alorreko baliabideek, programek edo/eta zerbitzuek [?] andrea artatu dute 2006tik hona. Ondoko esku-hartze alorrek aplikatu dizkiote baliabideak:

Laneratze arloan: [?] zentrora bideratzea; Gizarte Ongizate eta Kirol Alorreko Enplegu eta Laneratze Programen orientazioa eta esku-hartzea; erreferentziako auzo-unitatearen orientazioa eta jarraipena arlo horretan.

Ekonomiaren arloan: Aparteko laguntzarako eskaria oinarrizko altzarietarako, oinarrizko errenta izapidetzea oinarrizko beharrizanak asetzeko.

Etxebizitzaren arloan: [?] andreak 2006an azaldu zuen lehenengo aldiz Gizarte Zerbitzuetan zailtasunak zituela etxebizitzaren arloan. Harrezkero, arlo horri buruzko orientazioa eman zaio familia-unitateari, eta aktibatu egin dira dauden baliabideak, bai toki entitatean, bai Nafarroako Gobernuan bai arlo horretan lan egiten duen gizarte ekimeneko entitateetan ere.

Data horretan baliabideak edo/eta zerbitzuak aktibatu eta gero, eta familia unitateari zenbait aukera eskaini eta gero (alokairu partekatua, orientazioa, eta abar), [?] andreari babes ofizialeko etxebizitza bat esleitu zitzaion 2009an, baina galdu egin zuen aukera hori, ez zuelako lortu inolako banku-entitatek abalik ematea, nahiz eta horretan ahalegindu.

Halatan, Etxebizitzaren Arloko Gizarteratze Taldera bideratu ziren [?] andrea eta bere familia unitatea , etxebizitza arloko gizarteratze arloko prozesu horretan esku hartzeko, lagun egiteko eta orientatzeko xedez. Arlo horretan lan egiten duten gizarte ekimeneko entitateek ere orientatu zuten ([?] eta [?]).

Erreferentziako auzo unitatea, arestian aipatutako entitateekin batera, laguntza eta orientazioa ematen ari da familia unitateari etxebizitzaren arloan, eta zenbait aukera eskaini dizkio epe motzean (alokairu partekatua, alokairua ordaintzen laguntzeko emantzipazioko errenta) nahiz epe ertain eta luzean (gizarteratzeko alokairuko etxebizitza eskabidea) baliatzeko.

Azken horri dagokionez (gizarteratzeko alokairuko etxebizitza eskabidea), erreferentziako auzo unitateak kasuko gizarte-txostena egin du, [?]-ren bidez izapidetzeko. Familia unitatearentzako gutxieneko iraupen-sarrera batzuk ziurtatze aldera, berriz, oinarrizko errenta eskatu da.

Gizarte Ongizate eta Kirol Alorrak, azaldu bezala, familia unitate horri aplikatzen ahal zitzaizkion baliabide edo/eta zerbitzu guztiak aplikatu ditu, baina une honetan ez dago beste aukerarik epe motzean etxebizitzaren arloan aplikatzeko.

Halere, erreferentziako auzo unitatea [?] andrearen eta haren familia unitatearen esanetara dago, gizarte zerbitzuetako arloan orientazioa edo/eta aholkua emateko.”

AZTERKETA

  1. Interesdunak bere kexan planteatutako arazo nagusia bizi duen premia-egoera da; dioenez, etxebizitzarik ez duenez gero, bere ibilgailuan bizi da 2010eko martxotik hona.

  2. Iruñeko Udalak igorritako informazioa aztertuta ikusi da gizarte zerbitzuek jarduketak egin dituztela eta egiten ari direla interesdunak etxebizitza bat lor dezan. Hartara, epe motzera, alokairu partekatuan sartzeko aukera eskaini diote, edo, are, emantzipazio errenta bat eskatzeko aukera, alokairua ordaintzen laguntzeko. Txostenean adierazten den moduan, orobat izapidetu da oinarrizko errentaren eskaria. Epe luzera, berriz, gizarteratzeko alokairuko etxebizitza lortze aldera, auzo unitateak gizarte-txosten bat egin du, [?] elkartearen bidez izapidetzeko.

  3. Halere, nahiz eta zenbait zuzemen eta jarduketa egin, txostenean ez da jasota ageri horiek zer emaitza izan duten –antza denez, alferrekoak izan dira– eta zergatik gelditu diren ezerezean. Halatan, ezin da ahantzi kexa-egileak 2006an adierazi zuela etxebizitza bat behar zuela, eta premia horri ez zaio konponbiderik eman, 2010ean kolokatasun eta babesgabetasun egoeran jarraitzen baitu.

  4. Gauzak horrela, erakunde honek, interesdunak azaldutako beharrizan eta babesgabetasun egoera ikusita, Iruñeko Udalari gomendatu behar dio egin beharreko zuzemenak egin ditzan interesdunak bizi duen ostatu duin baten faltaren arazoa konpontzeko, behin-behinekoz bada ere, eta gizarteratzeko etxebizitza bat lortzeko aukera eman diezaion, edo Udalaren iritziz bideragarria den beste bat, eta presaz izapidetu ditzan kasuko laguntza ekonomikoak, haren eskubide izan daitezkeenak.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gomendatzea interesdunaren ostatuaren arazoa konpon dezan, behin-behinekoz bada ere, etxebizitza bat lortzeko aukera emanez eta legozkiokeen laguntza ekonomikoak lehenbailehen izapidetu ditzan, kasuko alokairua ordaintze aldera.

  2. Iruñeko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2010eko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.

  3. Erabaki hau Iruñeko Udalari eta kexa-egile [?] andreari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ezin dela ebazpen honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia