Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Maiatzaren 26ko 99/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 maiatza 26

Energia eta ingurumena

Gaia: Denegación de información medioambiental

Exp: 09/64/M

: 99

Ingurumena

AURREKARIAK

1. 2009ko urtarrilaren 28ko eta otsailaren 10eko idazkien bitartez, [?] jaunak kexa bat aurkeztu zuen Baztango Udalaren aurka, udal horrek ez diolako eman nahi izan ingurumen arloko informazio jakin bat.

Azaltzen du udalera jo duela eta eskatu duela bi proiektu kontsultatu ahal izatea (harria ateratzeko Pikota harrobia eta Arraiozko birziklatzeko planta), bai hitzez bai 2009ko urtarrilaren 21ean aurkeztutako idazkiaren bitartez.

Alabaina, Izquierdo jaunak zioen bezala, ez zaio bere eskubideaz baliatzeko biderik eman.

2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, aipatu Udalari informazioa eskatu genion.

2009ko maiatzaren 11n, herriko alkatearen idazki bat jaso dugu erakunde honetan, eta harekin batera gai horri buruzko apirilaren 1eko erabaki bat dator erantsita. Halaber, adierazten du aurretik interesdunak espedientea eskura izan zuela, zeren eta Iruritako zinpekoari ale bat eman baitzitzaion bizilagunei informazioa eman ahal izateko.

AZTERKETA

1. Uztailaren 18ko 27/2006 Legeak ingurumenaren arloko informazioa eskuratzeko, parte-hartze publikorako eta justiziara jo ahal izateko eskubideak arautu zituen, Europako Zuzenbidea garatuz.

Legeak aitortzen du herritar guztiek eskubidea dutela agintari publikoen eskuetan edo agintari publikoen izenean beste subjektu batzuen eskuetan dagoen ingurumenaren arloko informazioa eskuratzeko, horretarako interes jakin bat aitortzeko beharrik eduki gabe (3. artikulua). Horrenbestez, abiapuntuko baldintza da ingurumenaren arloko gaiek herritar guztiengan dutela eragina, eta herritarrek arlo horretan izan dezaketen esku-hartzerako ez dela beharrezkoa interes partikular edo zehatz bat izatea, Zuzenbide Administratiboaren beste arlo batzuetan, oro har, gertatzen den bezala.

Estatuko aipatutako legeak aurreikusten du herritarrek aukera izatea ingurumen arloko informazioen eskariak aurkezteko agintari publikoei (10. artikulua). Halakoetan, izan ere, administrazioak hasitako prozedura izapidetu eta berariaz ebatzi beharko du, eskatutako informazioa emanez edo, kasua bada, hura arrazoiak emanda ukatuz, legeak berak aurreikusitako salbuespenen bat gertatzen bada (13. artikulua); halaber, bidezkoak diren errekurtsoak adierazi beharko ditu (10.2 artikuluko azken lerrokada eta 20. artikulua). Prozedura hori, oro har, gehienez ere hilabeteko epean izapidetu eta ebatzi beharko da (aipatutako legeko 10.2 artikulua).

Herritarren aurkezturiko ingurumenaren arloko informazioen eskariak berariaz ebazteko beharra eta ebazpen hori epean emateko beharra, gainera, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluan xedatutakotik heldu den betebehar orokor baten berariazko adierazpen bat, arlo jakin bati dagokiona.

2. Hemen aztergai dugun kasuan, kexa-egileak adierazten du ahoz zein idatziz udalera jo zuela eta ingurumenaren arloko informazio jakin bat eskatu zuela.

Administrazioak igorritako dokumentazioak ez du egiaztatzen eskariari lege indardunetan ezarritako moduan erantzuna eman zaionik. Horri dagokionez, Baztango Udalak joan den apirilaren 1ean hartutako erabaki bat helarazi zaigu. Bertan, honakoa dio hitzez hitz:

?1. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren 2009ko urtarrilaren 30eko idazkia jaso dugula adieraztea.... bai eta [?] jaunak, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 31. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera aurkeztutako informazio eskaera ere.

2. Alegazioa aurkeztutakoei eta [?] jaunari Nafarroako Gobernuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak igorritako 2009ko urtarrilaren 30eko idazkia helaraztea; izan ere, idazki horretan adierazten da aurkeztutako dokumentazioa ez dela nahikoa eta aurretik Iruritako Ordoki ibarrari dagokionez Baztango Udal Planaren aldaketa bat izapidetu behar dela?.

Argi dago erabaki horren testuak, transkribaturiko edukiari erreparatuta, ez duela betetzen herritarrak ingurumenaren arloko informazioa eskuratzeko aurkeztu duen eskariaren ebazpen espresa emateko legezko betebeharra; izan ere, herritarrak, berak adierazitakoaren arabera ?eta Administrazioak ez du kontrakorik adierazi?, bi proiektu kontsultatu nahi zituen, eta haiei buruzko informazioa lortu (harria ateratzeko Pikota harrobia eta Arraiozko birziklatzeko planta).

Ezin dugu ulertu, ezta ere, Iruritako zinpekoari dokumentazio jakin bat helaraztea, herritarrei informazioa eman ahal izateko, eraginik duenik aurreko ondorioan, zeren eta kexa-egileak erabateko eskubidea baitu ingurumenaren arloko informazioa eskatzeko modu pertsonal eta zuzenekoan, eta, hori aintzat hartuta, Administrazioak hari berari eman behar dio erantzun espresa, noraino zabalagoko beste informazio bide batzuk erabiltzen diren kontuan hartu gabe.

EBATZI DUT:

1. Baztango Udalari gogoratzea legez ebazpen espresa eman behar diela herritarrek aurkezten dituzten ingurumen arloko informazio eskaerei, adierazitako moduan eta norainokoarekin, eta, zehazki, kexa-egileari egindako informazio-eskariari.

2. Baztango Udalari gomendatzea ezezkoa arrazoitzeko ezarri diren legezko arrazoiak ez dauden bitartean, interesdunaren asmoei baiezkoa eman diezaien, eta erraztasunak eman diezazkion ingurumenaren arloko informazioa eskuratzeko eskubidea gauzatu ahal dezan.

3. Bi hilabeteko epea ematea aipatu udalari ebazpen hau onartu duela eta azaldutakoaren bidetik zer neurri hartu behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, gure erakundea arautzen duen foru legeko 34.2 artikuluan moduan.

4. Interesdunari eta Baztango Udalari ebazpen hau jakinaraztea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia