Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Maiatzaren 25eko 98/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 maiatza 25

Osasuna

Gaia: Denegación de la prestación del servicio de transporte sanitario para el hijo menor de una persona parapléjica

Exp: 09/233/S

: 98

Osasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko martxoaren 31n, [...] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen osasun-garraioaren zerbitzua dela eta.

    Artatzan bizi den kexa-egileak azaltzen du paraplegikoa dela eta, hori dela eta, Osasun Departamentuak garraio-zerbitzua jartzen diola berak laguntza behar duenean ospitaleetara joan ahal izateko.

    [?] andreak dio 8 urteko seme baten ama dela, eta hark ospitale-laguntza behar duenean, ez zaiola garraio-zerbitzu horretarako eskubidea aitortzen. Kontuan izanda haurra bere kargu dagoela eta bera ezin dela berez baliatu joan-etorria egiteko, ulertzen du osasun-garraioaren zerbitzua zabaldu beharko litzatekeela semeak laguntza behar duen kasuetara ere.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txostena eskatu zitzaion Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari.

    2009ko maiatzaren 7an, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa azaltzen da:

    “Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa eta hura gaurkotzeko prozedura ezarri zituen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuko VIII. eranskinean ezarritakoaren arabera, osasun-garraioa ematea datza gaixoak toki batetik bestera eramatean arrazoi guztiz klinikoengatik, baldin eta gaixo horiek, beren egoerarengatik, garraiobide arrunta erabiltzerik ez badute.

    Osasun-garraioaren prestazioa gaixoaren joan-etorria dakarren osasun-arretaz arduratzen den fakultatiboak eskatu beharko du, betiere arrazoi kliniko soilei erreparatuta.

    Horren arabera, Prestazio eta Itun Zerbitzuaren iritziz, osasun-garraioa erabiltzea agintzeko oinarri bakarra gaixoaren osasun-egoera da, bai eta hark une jakin horretan garraiobide arrunta erabiltzeko ezintasuna.

    Anbulantzia bat erabiltzeko baimena ezin da faktore geografiko, familiar edo sozio-ekonomikoen araberakoa izan, baizik eta, arauak ezartzen duen bezala, gaixo batengan zuzeneko eragina duten arrazoi sanitarioen araberakoa.

    Erreklamazio-egileak nahi du osasun-garraioaren prestazioa 8 urteko bere semearentzat ere zabaltzea, baina hori ez dator bat legez ezarritako baldintzekin.

    Aurrekoa dela eta, ez da bidezkoa erreklamazio-egileak eskatutako prestazioa baimentzea.

AZTERKETA

  1. Jasota geratu den bezala, espediente honen jatorria da interesdunari, Artatzan bizi den pertsona paraplegikoa denari, ezezkoa eman zaiola osasun-garraioaren zerbitzua dezan bere seme adingabeak ospitale-laguntza behar eta ospitale-zentroetara joan behar duen kasuetan. Zerbitzu hori bai erabil dezake [?] andreak daukan gaixotasunarengatik eta garraiobide arruntak erabiltzerik ez duelako, betiere osasun-laguntza behar duena bera denean; osasun-garraioaren zerbitzua erabiltzeko baimenik ez zaio ematen, berriz, bere kargu duen semea ospitaleren batera eraman behar duenean.

  2. Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa ezarri zuen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuko VIII. eranskinean ezarritakoaren arabera, osasun garraioak erabilerraza izan behar du ezgaitasuna duten pertsonentzat. Osasun garraio hori datza gaixoak toki batetik bestera eramatean arrazoi guztiz klinikoengatik, baldin eta gaixo horiek, beren egoerarengatik, garraiobide arrunta erabiltzerik ez badute.

    Prestazio horren finantziaziorako eskubidea izanen dute pertsona gaixoek edo istripu bat izandakoek, baldin eta Osasun Sistema Nazionalaren osasun laguntza jasotzen badute eta ezintasun fisikoarengatik edo beste arrazoi guztiz kliniko batzuengatik garraio arrunta erabiltzerik ez badute osasun etxe batera joateko edo beren etxera joateko, kasuko osasun laguntza jaso ondoren, betiere premia hori justifikatzen duten arrazoiek beren horretan jarraituz gero. Lagunduta joan ahalko dira, gaixoaren adinarengatik edo egoera klinikoarengatik halakorik behar denean.

    Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak, txostenean adierazitakoari jarraituz, uste du prestazioa baimen daitekeela soilik gaixoarengan eragina duten arrazoi klinikoak daudenean; horrenbestez, haren arabera, ez da bidezkoa interesdunaren asmoa onartzea, azken horrek nahi baitu zerbitzu horretaz baliatu ahal izatea baita osasun-laguntza behar duena seme adingabea denean ere.

  3. Ulergaitz zaigu zergatik Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak eusten dion Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa ezartzen duen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren hitzez hitz esaten duenetik aldentzen den interpretazio horri, zeren eta, egiaz, errege dekretu horrek osasun-garraioaren prestazioa lotzen baitu gaixoarengan gertatzen diren arrazoi klinikoekin.

    Halere, arauaren hitzez hitzeko interpretazioez harantzago eta ikuspegi sistematikoago batetik, ezin ditugu ahaztu hau bezalako kasuetan gertatzen diren inguruabar bereziak. Izan ere, laguntza medikoa behar dutenak adingabeak diren kasu horietan eta adingabe horiek haiek zaintzen dituztenekin joan behar direnean, adingabe horiexengan du eragina gaixoari joan-etorrietarako garraiobide arrunta erabiltzea eragozten dion gaixotasunak.

    Baldin eta justifikatuta badago [?] andreak bere buruarentzat laguntza behar duenean osasun-garraioaren zerbitzua erabil dezan –paraplegikoa da eta, horrenbestez, bere egoeran ezin ditu garraiobide arruntak erabili joan-etorrietarako–, berdin arrazoizkoa da osasun-garraio hori eman dakion, laguntzaren premia duenean, 8 urteko bere semeari, amak, bere amatasunaren ondoriozko erantzukizunengatik, hura lagundu behar baitu.

    Gure iritziz, prestaziorako eskubidea determinatzen duen funtsezko baldintza betetzen da halakoetan (gaixotasunaren ondorioz, joan-etorrietarako garraiobide arrunta erabiltzeko ezintasuna), zeren eta haurrak osasun-laguntza behar duenean, nekez erabili ahal izanen ditu garraiobide arruntak bera laguntzen duen pertsonak ezin baldin baditu erabili. Eta ezintasun hori, kasu honetan gertatzen den bezala, gaixotasun batetik, eta ez beste arrazoi batzuetatik, heldu baldin bada, ez dugu inongo eragozpen juridikorik prestaziorako eskubidea aitor dakion.

  4. Are gehiago, egoki da esatea ezintasunen bat duten pertsonen aukera berdintasunerako, bereizkeriarik ezerako eta nonahi ibiltzeko aukerei buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legeak –politika publikoen multzoan eragiteko bokazioz onetsi zen, arlo honetan arau izan behar duen zeharkakotasunaren printzipioaren arabera– aurreikusten du ekintza positiboko neurriak hartuko direla, halakotzat ulertuta ezgaitasunen bat duten pertsonen desabantailei edo zailtasun bereziei aurrea hartzeko edo haiek konpentsatzeko laguntza berariazkoak (8. artikulua). Izan ere, legeak berak xedatzen duen bezala, ekintza positiboko neurriak laguntza osagarriak eta arau, irizpide eta praktika aldekoagoak izan ahalko dira (9. artikulua).

    Gure iritziz, aipatutako arauak, bai eta Espainiako Konstituzioko 9.2 eta 49. artikuluetan jasotako printzipio konstituzionalek, kasu honetan aplikatzekoa den berariazko arauaren –Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroari buruzko VIII. eranskina– interpretazio aldekoago bat egitea babesten dute eta gomendatzen dute, interesdunari osasun-garraioaren zerbitzua aitortu ahal izan dakion, osasun zentroetara bere seme adingabea lagunduz joan behar izaten duen kasuetan.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari iradokitzea ezen, kexa-egileak duen gaixotasunari erreparatuta, aitor diezaion osasun-garraioaren zerbitzuaz baliatzeko eskubidea baita bere kargura duen seme adingabea laguntzeko joan-etorrietarako ere, osasun-laguntza behar duena semea denean.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari erakunde honi jakinaraz diezaion ebazpen hau onartzen duen eta azaldutakoaren bidetik neurri egokia hartu duen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia