Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Abono de antigüedad a docente interina
Exp: 10/121/F
Nº: 93
Funtzio Publikoa
2010eko otsailaren 15ean [?] andreak sinatutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, besteak beste, kexa bat aurkeztu zuen, Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legean ezarritakoaren babesean hirurtekoak aitortu eta ordaintzeko eskariari buruz Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuan aurkeztutako gora jotzeko errekurtso bat ez ebazteagatik.
Interesdunak –asmo hori baliatu nahi zuen unean administrazio-araubideko kontratua zeukan Hezkuntza Departamentuan– 2008ko otsailaren 4an aurkeztu zuen aipatu errekurtsoa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez ezetza eman zitzaiolako bere eskariari.
Bere errekurtsoa oinarritzeko, bitarteko funtzionarioei hirurtekoak aitortzeari buruz Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuko 25.2 artikuluan xedatutakoa aipatzen du, eta Foru Komunitateko Administrazioari eskatzen dio lege hori indarrean sartu zen egunetik hasita ordain diezazkion hirurtekoengatik dagozkion zenbatekoak.
Interesdunak azaltzen zuenez, kexa aurkezteko unean Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak ebatzi gabe zeukan errekurtsoa.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraituz, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betebehar horretarako gehieneko epe bat dago, eta epe hori, gora jotzeko helegiteen kasuetan, hiru hilekoa da (42.2 artikulua, 30/1992 Legeko 115.2 artikuluarekin lotuta dagoena).
Ezarritako epean berariaz ebazteko eta jakinarazteko betebehar hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean berretsi zen. Izan ere, 7. artikuluan aitortzen da herritarrek administrazio egokia izateko eskubidea, horren barne dela administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea.
Orain planteatu den kasu honetan agerikoa da Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak bere legezko betebeharra urratu duela eta, hortaz, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 7. artikuluak interesdunari aitortzen dion eskubidea kaltetu duela, errekurtsoa aurkeztu eta bi urte baino gehiago igarota ebatzi duelako errekurtsoa, ezarritako epea luzaz gaindituta. Ondorioz, erakunde honek legezko betebeharren gogorarazpena egin behar dio ezinbestean Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, hartu beharreko neurri eraginkorrak har ditzan herritarrek administrazio ona izateko duten eskubidea bermatzeko, besteak beste herritarren aferak arrazoizko epe batean aztertzekoa.
Planteatutako auziaren muinari dagokionez –hirurtekoak aitortu eta ordaintzea, Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuan xedatuarekin bat–, erakunde honen ustez, eginiko eskariari ezetza ematean ez dira urratu ordenamendu juridikoan aitortutako eskubideak.
Izan ere, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak dioenez, Nafarroako Foru Komunitatea, bere foru araubidearen arabera, ez dago behartuta Estatuko oinarrizko legedian funtzio publikoaren arloari buruz oro har ezarritakoa betetzera, hartan funtzionarioei aitortutako funtsezko eskubide eta betebeharrak soilik bete behar dituelako (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 49.1.b artikulua). Eskumen-berezitasun hori orobat zehazten da Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuan berean, estatutuko hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakori jarraikiz.
Horren arabera, Nafarroako administrazio publikoen esparruan aplikatu beharreko ordainsari-araubideak, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginak eta hura garatzen duen araudiak ezarriak, ez du zertan izan –eta hala da errealitatean– Foru Komunitate honetatik kanpo ezarritakoa, eta ezberdintasun hori, Konstituzioari jarraikiz, eskumen indardunen banaketa-sistemaren araberakoa da.
Auzi honi buruz emandako administrazio-egintzetan (Hezkuntza Departamentuaren ebazpenean eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren foru aginduan) adierazten dena da, laburbilduz, dagozkion ordainsariak ezartzearen ondorioetarako, funtzio publikoari buruz foru legedian ezarritakoa bete behar dela, eta kexa aurkeztu zen unean foru legediak ez zien antzinatasunaren saria aitortzen administrazio araubidean kontratatutako langileei (urtarrilaren 7ko 1/2002 Foru Dekretua).
Errekurtsoa ebatzi zuen foru aginduan adierazten den legez, Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ezartzen dituen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua onetsi zenetik aitzina, langile horiei antzinatasunaren saria aitortzen zaie, foru dekretu hori indarrean sartu zen egunetik aurrerako ondorio ekonomikoekin hain zuzen ere (hirugarren xedapen gehigarria). Arau-aldaketa horrek, ordea, ez dio eragiten kexa-egileak eginiko eskari zehatza dela-eta emandako ebazpenari.
Horrenbestez, erakunde hau ez dago ados Foru Komunitateko Administrazioak administrazio araubidean kontratatutako langileei hirurtekoak aitortu eta ordaindu behar izatearekin Langile Publikoen Oinarrizko Estatutua indarrean sartu zen egunetik aitzina, eta beraz, ez da bidezkoa horri buruzko inolako gomendiorik egitea.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela herritarrek aurkezten dituzten eskariak eta errekurtsoak horretarako ezarritako gehieneko epean ebaztera, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26eko 30/1992 Legeko 42. artikuluarekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 7. artikuluarekin bat.
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia