Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Contaminación acústica provocada por perros en una propiedad adyacente
Exp: 09/98/M
Nº: 96
Ingurumena
2009ko otsailaren 5ean idazki bat sartu da erakunde honetan, Burutaingo bizilagun [?] jaunak izenpetua. Haren bidez, kexa bat aurkezten du bere etxebizitzan pairatzen dituen zaratengatik, hain zuzen ere ondoko jabetza batean dauden bi txakurrek sortuak.
Azaltzen du etxebizitza erosi zuenetik zaratak pairatu izan dituela, gau eta egun, eta horiek antsietate arazoak eta loa galtzea eragin dizkiotela. Txakurrak, dirudienez aske daude, eta kexa-egileak adierazitakoaren arabera, jabeek udako hilabeteak baizik ez dituzte herrian ematen.
Interesdunak egoera salatu du. Bestalde, baimendutakoa gainditzen duten sonometria batzuk egin dira.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zitzaion Anueko Udalari.
2009ko maiatzaren 6an, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, honakoa jaso zen:
“Burutaingo (Anue) bizilagun [?] jaunak idazki bat aurkeztu zuen udal honetan, eta haren bidez kexa bat aurkezten zuen bere etxebizitzan pairatzen dituen zaratengatik, hain zuzen ere ondoko jabetza batean dauden bi txakurrek sortuak.
Idazkiaren edukia kontuan hartuta, udal honek, ordenantzarik ez baitu horrelako zarata-kasuetan zer egin erregulatzen duenik, txakurren jabe [?] jaunarekin jarri zen harremanetan, eta hark adierazi zion prest zegoela bere finkan sortzen diren zaratak kontrolatzeko.”
Konstituzio Auzitegiko jurisprudentziak mugaturik utzi du zein diren pertsonen bizitzaren garapena nahasten duen faktore horrek (zarata edo kutsadura akustikoa) ukitzen dituen konstituzio-eskubideak. Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 46. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).
Paradigmatikoa da Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 23ko 16/2004 epaia, zeinak eskubide horiek erasan direla aitortzen baitu. Bertan honakoa ezartzen da: “Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2004 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez.
Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean”.
Epaiak honakoa gogorarazten du: “Gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi kalitatearen etengabeko asaldu iturria izan daiteke. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, luzaroan zarata maila handiaren eraginpean izateak pertsonen osasunean dituen eraginak azaleratzen dira (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorragoa).”
Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideen interpretazioari eta zaintzari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinara joaz, Konstituzio Auzitegiak honakoa baieztatzen du: “erabaki beharko dugu zarata maila handiak modu jarraituan pairatu behar izateak pertsonen osasuna arriskuan jartzen duenean, egoera horrek osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen (Konstituzio Auzitegiaren 15. artikulua) urratzea inplikatu ahalko duela. Izan ere, egia izanik ere osasunerako arrisku edo kalte guztiek ez dutela beraiekin ekartzen Konstituzio Auzitegiaren 15. artikuluaren urratzea, botere publikoen ekintza edo omisio baten ondorioz pertsona batek jasan beharreko saturazio akustikoko mailak osasuna modu larrian eta berehalakoan arriskuan jartzeko atalasea gainditzen duenean, Espainiako Konstituzioko 15. artikuluan bermatutako eskubidea erasanda geratu ahalko da.”
Auzitegiak honakoa esanez jarraitzen du: “Espainiako Konstituzioko 18. artikuluko eskubideei dagokienez, nabarmendu behar dugu Giza Eskubideen Europako Ituneko 8.1 artikuluak pertsona guztiek beren bizitza pribatua eta familiarra, bere bizilekua eta beren posta errespetatua izateko eskubidea aitortzen duen bitartean, Espainiako Konstituzioko 18. artikuluak berezko entitate berezitua aitortzen diela norberaren eta familiaren intimitaterako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubideei. Eskubide horietako lehenbizikoari dagokionez, nabarmendu behar dugu auzitegi honek zehaztu duela haren xedea pertsonen bizitzaren arlo bati dagokiola, hain zuzen ere besteren ezagutzatik nahiz hirugarrenen esku-sartzeetatik kanpo geratu behar dena, eta arlo horren mugapena nortasunaren garapen librearen arabera gauzatu behar dela. Irizpide horri jarraituz, ondorioztatu behar dugu arlo horietako bat bizilekuarena dela, horixe baita gizabanakoak, gizarteko usadio eta konbentzioetatik aske, bere askatasun intimoena gauzatzeko erabiltzen dutena (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: otsailaren 17ko 22/1984; urriaren 17ko 137/1985, eta maiatzaren 31ko 94/1999). Hori guztia gogoan edukita, honakoa ohartarazi behar dugu, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 119/2001 epaian adierazitakoari jarraituz: Inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaiztzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke.”
Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa, omisiozkoa edo are eraginkortasunik gabea ere erakusten dutenean.
Administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte (Espainiako Konstituzioko 53.1 artikulua).
Udalei funtsezko zeregina dagokie herritarren eskubide horiek babesteko eginkizunean. Zehazki, orain interesatzen zaigunari begira, honakoari erreparatu behar diogu: Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeak udalei ingurumena eta osasun publikoa babestearen arloko eskumenak aitortzen dizkie.
Gure foru araudiari dagokionez, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeko 34.1.b) artikuluak osasun publikoaren arloko eskumenak esleitzen dizkie udalei, horien artean zarataren nahiz bibrazioen osasun-kontrola. Horrekin batera, kontuan hartu behar da ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuak ezarritakoa. Izan ere haren menpean geratzen dira, oro har, pertsonei enbarazu egin edo pertsonen ongizaterako nahiz osasunerako arriskutsu gerta daitezkeen zarata edo bibrazioak sor ditzakeen zeinahi elementu.
Kontuan hartu behar da, halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea betetzeko beharra. Izan ere, hartan xedatutakoa bete beharko dute emisore akustiko guztiek, etxeko jarduerak kanpo direla, soilik sortutako kutsadura akustikoa udal ordenantzen eta tokiko usadioen araberakoa denean (2. artikulua); aipatu lege-arauak, oro har, udalei zehatzeko ahalmena aitortzen die (30.1 a).
Udalaren jarduera eza, Auzitegi Goreneko 3. Salaren 2003ko maiatzaren 29ko epaiak dioen bezala, utzikeriaz jokatzea da, Estatuko arauek udalei esleitutako ingurumenaren arloko eskumenei eta erantzukizunei dagokienez.
Organo administratiboen eskumenak ukaezinak dira (botereak eta betebeharrak dira aldi berean, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 12. artikuluaren indarrez); ildo beretik, adierazi beharra dago berrezartzeko eskumen batez baliatzean berandu edo pasibotasunez jokatzea printzipio horren arau-hauste larria dela, eta herritarren eskubide eta interes legitimoetan eragina duela (besteak beste, Konstituzio Auzitegiaren irailaren 25eko 136/1995 Epaia).
Zaraten arloari buruzko berariazko araurik ez izateak ez du justifikatzen administrazioak esku ez hartzea, jurisprudentziak behin eta berriz deklaratu duen bezala. Horri buruz, aipatu beharra dago Auzitegi Gorenaren 1992ko maiatzaren 14ko epaia, zeinak jotzen baitu udalak, Estatuko arauetan oinarrituta, behar adina ahalmen badituela zaratak muga jasangarri bateraino gutxiarazteko neurri zuzentzaileak exijitzeko, baita kasu zehatz hori berariaz aurreikusten duen ordenantza bat onetsi gabe ere; halaber, Gaztela-Mantxako Auzitegi Nagusiaren 2002ko apirilaren 10eko epaiak, irizpide bera erabiliz, adierazten du zaraten arloko udal ordenantzarik ez egotea inolako oztopoa ez dela udalaren betebehar eta eskumenei begira.
Hemen aztergai dugun espedientean, jakinarazi digutenaren arabera, behin gehiegizko zarata dagoela atzeman ondoren, eta gaiari buruzko udal ordenantzarik ez dagoenez, udala arazoa sortzen zuten animalien jabearekin jarri zen harremanetan, eta dirudienez hark zarata hori kontrolatzeko borondatea adierazi zuen.
Nabarmena da jarduera hori, azaldutako guztiaren ondorioz, nahikoa ez dela, zeren eta, azken batean, partikularraren borondatearen esku uzten baitu legezkotasunaren betetzea. Gehiegizko zarata atzeman ondoren (135/1989 Foru Dekretuaren arabera egindako neurketari buruzko akta baten bidez egiaztatu zen), udalak bere eskumenaz baliatu behar zuen eta botere publiko gisa zegozkion neurriak hartu behar zituen, hain zuzen ere arau indardunen eta, horrenbestez, bizilagunen konstituzio eskubideen betetzea bermatzeko beharrezkoak zirenak; bestalde, kasua bazen, arduraduna zehatu behar zuen.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Anueko Udalari gogoraraztea ingurumenaren arloko bere eskumenak eta erantzukizuna betetzeko legezko betebeharra duela, eta behar diren neurriak hartu behar dituela herritarren eskubideen babesa bermatzeko.
Bi hilabeteko epea ematea Anueko Udalari ebazpen hau onartu duela eta azaldutakoaren bidetik zer neurri hartu behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia