Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Maiatzaren 21eko 92/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 maiatza 21

Ogasuna

Gaia: Disconformidad con la documentación exigida como certificación de persona asistida para poder beneficiarse de la reducción en la declaración del IRPF

Exp: 09/780/H

: 92

Ogasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko azaroaren 11n, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean; haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean zegokion murrizpenaz baliatzeko exijitzen zitzaion dokumentazioarengatik (laguntza behar duen pertsonaren ziurtagiria).

    Azaltzen zuenez, 2008ko zergaldiari buruzko errenta-aitorpenean bere ama sartu zuen, [?] andrea, laguntza behar duen pertsona batengatiko murrizpenaz baliatu ahal izateko, zeren eta gutxieneko erretiroa jaso eta menpekoa baita. Hori dela eta, Delta testa aurkeztu zuen, hain zuzen ere apirilaren 6ko 126/1998 Foru Dekretuak aipatzen duena, baina gizarte-laguntzailearen eskuetatik pasa gabe.

    Nafarroako Zerga Ogasunetik jakinarazi zioten ezin zutela Delta testa ontzat eman baldin eta Gizarte Gaietako Departamentuan alta emanda ez bazegoen. Hala eta guztiz ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuan jakinarazi zioten Nafarroako Zerga Ogasuna dela Delta test horiei alta ematea debekatu diena, laguntza behar duen pertsona izateagatik erretiro-pentsio bat kobratzen duten pertsonen kasuan. Halaber, jakinarazi zioten antzeko kexa batzuk bazeudenez, pentsatu beharko luketela datozen aitorpenetan zein dokumentazio exijitu.

  2. Kexa aztertuta, erakunde hau arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean ezarritakoaren arabera, 2010eko azaroaren 27an gaiari buruzko txosten bana eskatu genien Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari.

2009ko abenduaren 21ean, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren txostena jaso genuen. Hauxe dio, hitzez hitz:

“Gure erregistroetan ageri denez, [?] andreak, 2009ko ekainaren 19an, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZa) 2008ko zergaldiko aitorpena aurkeztu zuen, baterako tributazioaren modalitatean.

Aitorpen horretan, gutxieneko familiarrarengatiko murrizpena aplikatu zitzaion, “laguntza behar duen pertsona” bat egoteagatik; izan ere, 2.200 euroko zenbatekoa jarri zen aitorpenaren programako eta inprimakiko 479. laukitxoan.

2009ko irailaren 9an, Nafarroako Tributu Ogasunak likidazio proposamena egin zuen, “laguntza behar duen pertsonarengatiko” murrizpenagatik jarritako zenbatekoa deuseztatuz.

2009ko urriaren 9an, [?] jaunak, [?] andrearen senarrak, likidazio proposamen horren aurkako alegazioak aurkeztu zituen, eta honako dokumentazioa aurkeztu zuen horretarako:

  • Abuztuaren 31ko 4065/2007 Ebazpena, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Mendekotasunaren arloko Laguntzaren zuzendariordearena, zeinaren bidez [?] andreari mendekotasun egoera aitortzen baitzaio, Autonomiarako eta Mendekotasunaren Laguntzarako Sistemaren arabera, honako gradu eta mailarekin: Mendekotasun larria, 2. mailakoa. Aitorpen horrek 2007ko apirilaren 22tik aurrerako eragina dauka.

  • 2008ko abenduaren 1eko galdera-sorta, normalean [?] andrea artatzen duen bigarren zabalguneko osasun etxeko sendagileak erantzundakoa, laguntza behar duen pertsonaren ziurtagiria oinarritzeko informazio fidagarria emate aldera.

Azaroaren 19an, Nafarroako Zerga Ogasunak ez zituenez aurkeztutako alegazioak onartu, 2008ko PFEZaren behin-behineko likidazioa jakinarazi zuen, honako arrazoiak emanez: “Laguntza behar duen pertsona izatea justifikatu beharra dago ekitaldi bakoitzerako Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak berariaz emanen duen ziurtagiri baten bitartez. Mendekotasunaren ziurtagiria ezin izanen da laguntza behar duen pertsonaren ziurtagiriarekin parekatu.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legeko Testu Bateginari buruzko ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuko 55.3 artikuluak gutxieneko familiarrarengatiko zerga-oinarriaren murrizpena arautu zuen.

Zehazki, “laguntza behar duen pertsonaren” gutxieneko familiarrari dagokionez, honakoa dio:

d) Subjektu pasiboak urtean 2.200 euro murriztu ahalko ditu pertsona lagundutzat jotzen den ahaide bakoitzeko, Gizarte Ongizate, Familia, Gazteria eta Kirol Departamentuak horretarako ezarri dituen irizpide eta baremoen arabera, eta aipatutako subjektu pasiboarekin bizi bada.

Murriztapena pertsona lagunduaren ezkontideak edo bikote iraunkorrak eginen du, edo, horrelakorik ez badu, mailaren arabera hurbilen duen ahaideak.

Murriztapen hori ezin izanen da aplikatu, lagundutako pertsonaren ahaideren batek pertsona horrengatik idatz-zati honen c) letran ezarritako gutxieneko familiarra aplikatzen duenean.

Lagundutako pertsona dela frogatu beharko da, Gizarte Ongizate, Familia, Gazteria eta Kirol Departamentuak ekitaldi bakoitzean emandako ziurtagiriaren bidez.

Transkribatutako arauan nabarmendu den bezala, “pertsona lagundua” den ahaideekin bizitzeagatik zerga-oinarrian murriztapena aplikatzeko behar-beharrezkoa da Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak emandako ziurtagiriaren bidez frogatzea kalifikazio hori.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ez du eskumenik baloratzeko ea bidezkoa den ala ez pertsona lagunduaren kalifikazioa ematea, baldin eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak, arloko eskumena harena baita, ziurtagiririk ematen ez badu.

Datozen urteetan aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez adierazi beharra dago PFEZri buruzko araudian ez dela aldaketarik egin gutxieneko familiarrarengatiko murriztapenaren esparruan. Halatan, kexaren xede den kasu honetan, interesduna bere amarekin bizi denez gero, kasua bada, aurrekoengatiko murriztapena eta ondoko murriztapenetako bat aplikatu ahalko ditu: Minusbaliotasunarengatiko gutxieneko familiarraren murriztapena edo pertsona lagunduarengatiko gutxieneko familiarraren murriztapena.

Hori dela-eta adierazi beharra dago ezen, aitorpenen erregistroan jasota ageri denez, [?] andreak, 2008aren aurreko urteetan, ez duela aplikatu pertsona lagunduarengatiko gutxieneko familiarra PFEZren zerga-oinarriaren murriztapenean, Nafarroako Arartekoaren idazkian esaten den legez, baizik eta aurreko ahaidearen minusbaliotasunarengatiko murriztapena.

PFEZren Erregelamenduko 50. artikuluko 2. idatz-zatiarekin bat (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretua), minusbaliotasun gradua frogatutzat emanen da baldin eta Foru Komunitateko Gizarte Ongizate Zerbitzuek, Migrazioen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak edo kasuan kasuko erkidegoko organo eskudunak ziurtatzen badute.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari informazioa berriz eskatuta, azkenik, 2010eko maiatzaren 5ean jaso genuen departamentu horren txostena. Ondokoa dio, hitzez hitz:

“Hirugarren adinekoen laguntza premia neurtzeko metodo ofiziala onesten duen apirilaren 6ko 126/1998 Foru Dekretuaren bidez arautu zen Nafarroako Foru Komunitatean bizikide zaintzaileentzako zerga-arinketarako eskubidea ematen duen “pertsona lagunduaren” kalifikazioa.

65 urtetik gorako pertsonen egoera baloratzeko erabilitako metodo bat zen, egoitza-tokiak hitzartzeko xedez batik bat (hartara, bi multzotan sartzen ziren: pertsona baliodunak edo pertsona lagunduak), hartara objektibotasunez ezarri ahal izanen baitzen laguntza-baliabide gehiago eta gutxiago behar zuten.

Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei kasu egiteko abenduaren 14ko 39/2006 Legea onestean, laguntza eta prestazio sistema bat ezarri da, gaur egun “mendekotasun egoera” deitzen den horretan dauden pertsona guztiei zuzendua, alde batera utzita zenbat urte dituzten. Mendekotasuna baloratu eta aitortzeko eta Mendekotasuna duten pertsonendako Banakako Arreta Programa prestatzeko prozedurak arautzen dituen urtarrilaren 19ko 6/2009 Foru Dekretuaren bidez indargabetu zen, berriz, arestian aipatutako apirilaren 6ko 126/1998 Foru Dekretuaren bidez onetsitako baremoa.

Apirilaren 20ko 504/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsitako baremoari jarraikiz egiten da gaur egun mendekotasunaren balorazioa. Halatan, laguntzen katalogo oso bat dago mendekotasuna duten pertsonen eskura; hor dira zuzeneko prestazioak (PFEZrik gabekoak) nahiz Gizarte zerbitzu orokorren zorroa arautzen duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan jasotzen diren zerbitzuak.

Alegia, zeharkako laguntza gisa araututa zegoen lehen 65 urtetik gorako pertsona lagundu gisa kalifikatutakoekin bizi diren ahaideei Foru Administrazioak emandako laguntza hori, eta orain, horren ordez, zuzeneko laguntzen sistema integral bat baliatzen da mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko. Hortaz, pertsona lagundu gisa kalifikatuekin bizi diren ahaideentzako murrizpena mantendu da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen Foru Legean, baina egoera hori iraungi eginen da mendekotasunerako laguntzen sistema berria ezartzen denean.

Hortaz, urtarrilaren 19ko 6/2009 Foru Dekretua, arestian aipatua, 2009ko otsailaren 10ean indarrean sartzearekin batera utzi zaio pertsona lagunduaren balorazioak egiteari, eta soilik egiten dira mendekotasuna duen pertsonaren balorazioak.

Orobat adierazi beharra dago badela beste kalifikazio bat, “ezgaitasuna duen pertsonarena”, abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren bidez onetsitako baremoaren arabera baloratua. Beste eskubide batzuk aitortzea dakar, eta Foru Administrazioaren kasuan, ondorio fiskalak ditu: 9.000 euro bitarteko kenkaria PFEZren likidazio-oinarrian, % 65etik gorako minusbaliotasun-gradua duten pertsonentzat.

AZTERKETA

  1. Kexa honen xedea da Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak ezberdin interpretatu eta aplikatu dutela pertsona lagunduarengatiko gutxieneko familiarraren murrizpena aplikatzeko eskatzen den dokumentazioa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen Foru Legearen Testu Bategineko 55.4 artikuluan ezarria; izan ere, horren ondorioz, Ekonomia eta Ogasun Departamentua ez da aipatu murrizpen hori aplikatzen ari.

  2. Ezer baino lehen adierazi beharra zaio kexa-egileari ezen, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak informatu digunez, aurreko ekitaldietan ez dela aplikatu pertsona lagunduarengatiko gutxieneko familiarraren murriztapena PFEZren zerga-oinarrian, baizik eta aurreko ahaidearen minusbaliotasunarengatiko murriztapena. Erakunde honen iritziz, hori logikoa da, zeren ehuneko 65etik gorako minusbaliotasun-gradua dutenen ahaideek murriztu ditzaketen zenbatekoak pertsona lagunduarengatik murriztu daitezkeenak baino handiagoak baitira.
  3. Kexaren xede den auziari dagokionez, hasteko eta behin adierazi beharra dago ezen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategineko 55.4 artikuluak ezartzen duenez, “subjektu pasiboak urtean 2.200 euro murriztu ahalko ditu pertsona lagundutzat jotzen den ahaide bakoitzeko, Gizarte Ongizate, Familia, Gazteria eta Kirol Departamentuak horretarako ezarri dituen irizpide eta baremoen arabera (...). Pertsona lagundua dela justifikatu egin beharko da Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak ekitaldi bakoitzean emandako ziurtagiriaren bidez.”

    Beraz, foru legeko artikulu horrek ezartzen duenaren arabera eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak bere txostenean adierazten duenaren arabera, pertsona lagundutzat jotzen den ahaide batekin bizitzeagatik zerga-oinarrian murriztapena aplikatu ahal izateko beharrezkoa da kalifikazio hori justifikatzea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak emandako ziurtagiriaren bidez. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak bere txostenean zehazten duenez, berriz, ezin dira berdintzat jo mendekotasun-ziurtagiria eta 55.4 artikuluak exijitzen duen pertsona lagunduarena.

    Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren txostenean ohartarazten da, berriz, pertsona lagunduaren kalifikazioa apirilaren 6ko 126/1998 Foru Dekretuaren bidez arautu zela (hirugarren adinekoen laguntza premia neurtzeko metodo ofiziala onetsi zen haren bidez), eta metodo hori erabiltzen zela 65 urtetik gorako pertsonen mendekotasun maila baloratzeko, egoitza-plazak hitzartzeari begira batik bat. Baina foru dekretu hori urtarrilaren 19ko 6/2008 Foru Dekretuaren bidez indargabetu zen (horren bidez, mendekotasun egoera baloratzeko eta aitortzeko prozedurak arautzen dira).

  4. Hortik ondorioztatzen da ezen, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategineko 55.4 artikuluaren arabera, pertsona lagunduarengatiko gutxieneko familiarraren murrizpena baliatu ahal izateko, ezinbesteko baldintza dela Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak emandako ziurtagiria, apirilaren 6ko 123/1998 Foru Dekretuan ezartzen dena, aurkeztea.

    Halere, metodo hori eta pertsona lagundua kalifikatzeko baremoa ezartzen zituen apirilaren 6ko 126/1998 Foru Dekretua indargabetu du mendekotasun egoera baloratzeko eta aitortzeko prozedurak ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 6/2009 Foru Dekretuak. Hortaz, foru dekretu hori indargabetuta dagoenez eta ez direnez egiten pertsona lagunduen balorazioak (soilik egiten dira mendekotasuna duten pertsonenak), Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak ez du ematen pertsona lagunduaren ziurtagiririk.

    Alegia, paradoxikoa bada ere, pertsona lagunduarengatiko gutxieneko familiarraren murrizpen fiskalak indarrean dirau, baina murrizpen hori baliatu nahi duten pertsonek ezin dute halakorik egin, ezin dutelako pertsona lagunduaren ziurtagiria aurkeztu.

  5. Alabaina, bi ziurtagiri horien edukia eta xedea ikusita (lehengoa, pertsona lagunduarena, eta oraingoa, mendekotasuna duten pertsonena), erakunde honen ustez, murrizpen fiskalaren ondorioetarako parekagarriak dira, halako moduz non mendekotasuna duen pertsonaren ziurtagiriak aurrekoa, pertsona lagunduarena, ordezka dezakeen, eta, are, ordezkatu behar duen.

  6. Izan ere, araudiaren arabera, mendekotasuna duen pertsonaren balorazioa egiteko egungo baremoak eta 65 urtetik gorako pertsonen mendekotasun mailaren balorazioa egiteko metodo iraungiak helburu bera dute: baloratzea ea pertsona bat bere kasa moldatzeko gai den ala, aitzitik, hirugarrenen laguntza behar duen.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatzea baliozkotzat har dadin mendekotasun-ziurtagiria, bi departamentuek, ados jarrita, ezartzen dituzten graduetan eta mailetan, pertsona lagunduarengatiko gutxieneko familiarraren murrizpena baliatu ahal izatearen ondorioetarako, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategineko 55.4 artikuluan jasotzen denari jarraikiz.

  2. Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari gomendatzea eman beharreko jarraibideak eman diezazkion Nafarroako Zerga Ogasunari, ofizioz berrikus dezan Margarita García Jáuregi andreak 2008ko zergaldian eginiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena, pertsona lagunduaren murriztapena onartzeko edo, harentzat onuragarriagoa baldin bada eta bete beharreko baldintzak betetzen baditu, aurreko ahaidearen minusbaliotasunarengatiko murriztapena.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan eta hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  4. Ebazpen hau jakinaraztea [?] andreari eta Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari, eta adieraztea honen kontra ezin dela errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia