Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Maiatzaren 20ko 91/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 maiatza 31

Gizarte ongizatea

Gaia: Extinción de ayuda económica por sistuación de menores

Exp: 10/190/B

: 91

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2010eko martxoaren 5ean, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen du Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren aurka, iloba adingabeen ([?] eta [?]) egoerarengatik jasotzen zituen laguntza ekonomikoak eten baitira.

    Azaltzen du haurren eta jada adinduna den beste anaia baten gurasoak ezin direla haietaz arduratu (aitak abandonatu zituen eta amak gaixotasun larria dauka). Hori dela eta, betidanik amona izan da haiek aurrera ateratzen jardun duena.

    Adingabeen egoera dela-eta eta aitona-amonaren baliabideak eskasak direnez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak laguntza ekonomiko batzuk eman izan dizkie familia-batasunari eusteko, eta adierazi izan die laguntza horiek jasoko zituztela haurrak adindunak izan bitarte.

    Adierazitakoaren arabera, aurtengo urtarriletik laguntza horiek jasotzeari utzi diote, nahiz eta telefono bidez jakinarazi zitzaien 2010ean zehar haiek kobratzen jarraituko zutela. Alabaina, gero, kontrakoa adierazi diete, eta laguntza ekonomikoak kobratzeari utzi diote, nahiz eta haurrek oraindik ere 15 eta 17 urte izan.

    Kexa-egileak azaltzen du laguntzak ematea eragin zuen egoerak bere horretan dirauela, ez dagoela orain haiek ukatzeko arrazoirik eta egungo egoera etsigarria dela, oinarrizko beharrak asetzeko modurik ere ez baitago.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari.

Eskatutako txostena jaso ondoren, honakoa ageri dela atzeman dugu:

“[?] andreak [?] eta [?] iloba adingabeen egoera dela-eta erakunde horretan aurkeztutako kexari (10/190/B zenbakiko espedientea) erantzuteko honakoa adierazten dizut:

Idazkia Familia, Haurtzaro eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari helarazita, bera baita arlo horretan eskuduna, honakoa erantzun du:

Arartekoaren idazkia, non adingabeen amona eta familiaburua den [?] andrearen adierazpenak ageri diren, aztertuta, zenbait zehaztapen egin behar ditugu Familia, Haurtzaro eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiko Adingabeak Babesteko Atalak [?] (gaur egun, adinduna), [?] eta [?] adingabeak direla-eta izaniko esku-hartzearen nondik norakoak ezagutzera emateko.

2005eko uztailaren 20an, Familiako zuzendari nagusiaren 838/2005 Ebazpenaren bitartez, [?], [?] eta [?] adingabeak mantentzeko gastuetarako laguntza ekonomiko bat eman zuen, eta haren hartzaile amaren aldetiko amona [?] andrea izendatu zuen.

Ebazpen hori arrazoitzeko Familietan Hartzeko eta Adopzio Nazionalerako Bulegoak eman zuen txosten teknikoan, egiaztatzen da eta baloratzen da familiak Tuterako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen esku-hartzeen historial luzea duela, hain zuzen ere adingabe horiek eskolatzeko eta haiek familian integratzeko eta gizarteratzeko eta laneratzeko arloan, bai adingabeen kasuan, bai adingabeen kasuan bai adingabeak bizi diren familia guneko helduen kasuan ere.

Ebatzitako laguntza ekonomikoaren xedea zen adingabeen elikadurarako, jantzietarako eta eskolatzerako babesa ematea, eta, aldi berean, familiak baimena eman ziezaiela Tuterako oinarrizko gizarte zerbitzuetako eragile sozialei behar zen esku-hartze soziala egiteko. Horrek eskatzen zuen familiak konpromiso batzuk betetzea; besteak beste (orduko) hiru adingabeak egunero eskolatzea eta eskolara ez joateko joera guztiz amaitzea.

Inoiz ere ez zitzaion familiari agindu esparru horretako prestazio ekonomikoak jasoko zituztela adingabeak adindunak izan arte, zeren eta laguntza hori emateko baldintza ez baita haurrak adingabeak izatea, baizik eta haien babesgabetasuna edo bestelako aparteko eta presako egoerak, aplikatzekoak diren arauetan jasota ageri direnak. Laguntzak ematen dira edo babesgabetasuneko egoerari aurrea hartzeko edota egoera hori gutxitu edo deuseztatzeko.

Adingabeen egoera familia-harrera baten antzekoa zen, baina hura ez zen formalizatu hori egitea bideraezin bihurtzen zuten inguruabar batzuengatik.

Adingabeak ederki integratuta zeuden familiako sisteman. Denboran zehar, inoiz ere ez da adierazlerik ageri adingabeen osotasun pertsonala zalantzan jartzea edo arriskuan ikustea eragin dutenak, eta oso positibotzat baloratu zian da kide guztiek familia barrenean sustraituta egoteari buruz duten sentipena.

Laguntza ekonomikoa eman zen urte berean amaitu zen, urtetik urtera gertatu den bezala.

Tuterako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, familiaren jarraipena egiteko eta esku-hartzeko egin duen lanean, urtero informazioa gaurkotzen joan da, bai familiarentzat, bai Adopzio Nazionalerako eta Familietan Hartzeko Bulegoarentzat, adingabe horien espedientearen jarraipena egiten hasi denetik, beste laguntza ekonomiko bat jasotzeko eskaria baloratzeko nahiz adingabeak babesteko bestelako baliabideak ezartzeko, halakorik behar izanez gero.

Laguntzarako motibazioak 2006an, 2007an eta 2008an bere horretan jarraitu du. Urte horietan, izan ere, behar diren ebazpenak eman dira adingabeen mantenurako gastuak ordaintzeko; laguntza horrek, izan ere, hasiera eta bukaera ematen zen urte berean zuen. 2009. urtean, berriz, otsailaren 26ko 587/2009 Ebazpena eman zen, zeinaren bitartez [?] adingabearen laguntza amaiarazi zen, adinduna izatera iritsia baitzen. 621/2009 Ebazpenaren bitartez, berriz, urte bereko abenduaren 31ra arteko laguntza ekonomikoa eman zitzaien [?] eta [?] adingabeei.

2009. urtearen bukaeran bi adingabe horien egoerari buruz egin zen azterketak erakusten zuen [?] 2010ean adinduna izatera iritsiko zela eta ikasle-langile gisa joaten zela lantegi-eskolara, igeltserotzako modulura, eta 6 euroko beka jasotzen zuela lan egindako egun bakoitzeko lehenengo 6 hilabeteetan, eta 2010eko maiatzaren 1etik aurrera, berriz, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75 jasoko zituela; hau da, hilean 474,98 euro. Proiektuak 2011ko urriaren 31ra arteko iraupena du.

[?]k, bere aldetik, aurtengo maiatzean 16 urte beteko ditu. Ez da eskolatzearen baldintza, hasieratik ezarritakoa, betetzen ari. Dagokion ikastetxeak zenbait aldiz ahaleginak egin ditu “[?]” elkarteko bitartekarien bitartez, hura eskolara joan zedin. Halere, Hezkuntza Departamentuan eskolara ez joateari buruzko txostena jaso zen. Hori dela eta, ulertu beharra dago gaixotasun bat alegatzeak ez duela eskolara ez joatea justifikatzen.

Errealitate horri gehitu behar zaio ez dagoela arriskuan adingabeak beren familia giroan geratzea, eta familiaren egoera ekonomikoa ez dela horretarako baldintza izanen. Ez da atzeman adingabea babestearen arlotik heldutako laguntza bat emanez arindu litekeen babesgabetasun egoera bat dagoenik. Familia ingurunean familia-sistema mantentzen eta sostengatzen lagun dezaketen heldu ugari bizi dira, sistema horretan integratuta baitaude eta bertan bizi baitira.

Behar adina baliabide ekonomikoak ez izateak, berez, ez du justifikatzen adingabeen babeserako laguntza ekonomikoa ematea, baina beste arlo batzuk badaude non laguntza ekonomikoak eska baitaitezke.

Balorazio Batzordeak, zeina organo kolegiatu eskuduna baita babesgabetasuneko edo gatazka sozialeko egoera bat deklaratzeko beharrari buruz eta egoera horretan dauden adingabeentzat hartu beharreko babes neurriei buruz informatzeko, 2010eko urtarrilaren 8an eginiko bilkuran aztertu zuen eta eztabaidatu zuen [?] andreak eskatutako laguntza ekonomikoa ematea komeni zen. Batzorde horren ondorioa izan zen adingabe horien egoera 2005etik aldatua zela, eta ez zela haiek babesik gabe zeudenik atzematen. Eskatutako laguntza ez emateko Adopzio Nazionalerako eta Familietan Hartzeko Bulegoak eginiko proposamenaren aldeko txostena eman zuen batzordeak.

Hori guztia dela eta, Familia, Haurtzaro eta Kontsumo zuzendari nagusiaren otsailaren 17ko 250/2010 Ebazpenaren bitartez, ezezkoa eman zitzaion [?] andreak 2010. urterako eskatutako laguntza ekonomikoari.

Ebazpen hori behar bezala jakinarazi zitzaion interesdunari, eta 2010eko martxoaren 3an haren aurkako gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zen. Errekurtso hori, ordea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren apirilaren 8ko 106/2010 Foru Aginduaren bitarte ezetsi zen, azaldutako arrazoiengatik.

Familiari [?] andrearen iloba adingabeen inguruan gertatutako aldaketei eta erabakiei buruzko informazio zehatza eman zaio, eta Adingabeak Babestearen Atal honen menpekoak diren eta adingabeentzat egokienak izan diren laguntzak eta baliabideak ezarri dira”.

AZTERKETA

  1. Islatu den bezala, kexa-egileak, zeina adingabe batzuen amona baita, haien arretaz arduratu izan da, gurasoek, orain aztertzea ez dagozkigun arrazoiengatik, guraso-ahalari dagozkion betebeharrak betetzerik izan ez dutelako.

    Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak, egoera hori ezaguturik, egokitzat jo zuen bere garaian babes ekonomikoa ematea, espediente administratiboa osatzen duten zenbait ebazpenetan ageri den bezala, adingabeen mantenuaren gastuetan laguntzeko eta familia-unitatea zaintzeko.

    Familia, Haurtzaro eta Kontsumo zuzendari nagusiaren otsailaren 17ko 220/2010 Ebazpenaren bitartez, aurreko ekitaldiaren amaierara arte [?] eta [?] adingabeen egoerarengatik ematen zen laguntza ekonomikoari amaiera emateko erabaki administratiboa finkatu zen. Atzeman dugunaren arabera, ebazpen horretan honakoa esaten da:

    “[?] andreak laguntza ekonomiko bat eskatzeko eskabide bat aurkeztu zuen. [?] eta [?], 17 eta 15 urtekoak, familia zabalaren esparruan bizi diren adingabeak dira. Aitona-amonak, bere garaian, ez zuten egoera erregulatu nahi izan, amaren eta aitaren erreakzioaren beldur baitziren.

    Familia-harrera formalizatu ez zen arren, adingabeei eman zitzaien laguntza helburu jakin batzuekin eman zen. Helburu horiek ez dira betetzen ari, zeren eta adingabeen eskolatzea, gaur den egunean, ez baita modu sistematikoan burutzen ari. [?] ez da ikastetxera modu erregularrean joaten, nahiz eta lan egiteko adinean egon ez; horrenbestez, ulertzen dugu enplegu bilaketa aktiboaren esparrura bidera daitekeela. [?] derrigorrezko eskolatzearen adinean dago, baina askotan ez da eskolara joaten. Bi adingabeak salaketa bat aurkeztea ekarri zuen istiluren batean egon ziren sarturik.
    [?], anaia adindunak, 2008ko urtarrilaren 21ean 18 urte bete zituen, eta 2009ko otsailera arte laguntza ekonomikoa jasotzen jarraitu zuen.

    Urte hauetan, nabarmen geratu da familia zabalak zailtasunak dauzkala adingbeak zaintzeko familia-egituran dagoen egoera gatazkatsutik; egoera horrek, izan ere, berarekin ekarri du gazteek garapen emozional eta sozial egokia ez izatea. Amaren ezegonkortasun prozesuetan sarturik egin dira, une batzuetan harekin bizi izan baitira; izan ere, semeak harekin bizitzea da espero dena, etxebizitza bat eskuratzen duenean.

    Adingabeen adina dela eta, ondoriozta daiteke ez dagoela haurren babesgabetasun egoerarik, adingabeak familia-ingurunean zaintzeko aurreikusitako laguntza ekonomikoarekin arindu litekeenik”.

  2. Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeak, 34. artikuluan, adingabeak babesteko sistemak neurriak hartzea determinatzen duten egoerak jasotzen dira (arriskua eta babesgabetasuna). Horri dagokionez, arrisku egoerak dira norberaren, familiaren edo ingurunearen gorabeheren ondorioz adingabearen garapen pertsonalari edo garapen sozialari kalte egiten diotenak, adingabeen guraso, tutore edo zaintzaileek haiek arintzeko beren erantzukizunak osorik beren gain hartzen ez dituztenean edo ezin hartu dituztenean, babesgabetasuna adierazi beharrik ez badago eta legez tutoretza hartu beharrik ere ez. Administrazio publiko eskudunek esku hartuko dute zailtasunak baztertu, gutxitu edo ordaintzeko eta babesgabetasuna saihesteko.

    Bestalde, babesgabetasun egoera da adingabeak zaintzeko xedez legeek ezarririko babes betebeharra ez betetzeagatik, bete ezin izateagatik edo ongi bete ez izateagatik sorturikoa, adingabeak beharrezkoa zaien laguntza moral edo materialaz gabeturik suertatzen direnean.

    Argia dirudi Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren esku-hartzea, adingabeei dagokienez, babesgabetasuneko egoera bat atzeman zelako hasi zela, edo, gutxienez ere balizko egoera horri aurrea hartzeko, eta aukeratu zela adingabeak familia zabalean geratzea, haien mantentzerako laguntza ekonomiko bat emanez.

  3. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak azaltzen du eman izan den laguntza ekonomikoak xede eta helburu jakin batzuk zituela, baina gaur egun bere izateko arrazoia galdu duela; halere, hori egia izan badaiteke ere, egia da, era berean, ondorio horretara iristeko babes gisa erabiltzen diren egitateak, laguntza ezesteko ebazpenean jasotakoek, ez dutela pentsarazten departamentuaren jarduna determinatu zuen egoera desagertu denik.

    Bestalde, nabarmena dirudi, eta horixe adierazten dute Administrazioaren idazkiek berek ere, berez gertatzen ari den egoera harrerari dagokiona del (familia zabalaren modalitatean), baina dena delako arrazoiengatik harrera hori ez zela formalizatu.

    Eta egoera horri dagokionez, adierazi beharra daukagu ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duenak, harrerako familientzako prestazio ekonomiko bat aurreikusten duela, eta prestazio horrek prestazio ziurtatuaren izaera duela, eta hura eskuratu ahalko dela familia-unitatearen diru-sarrerak zein diren (nahiz eta erregulazio desberdina duen, laguntza aurreikusten da bai familia zabaleko harrerarako, bai kanpoko familia bateko harrerarako ere, eta haren xedea da errazago aurre egin ahal izatea egoera horretatik heldu diren gastuei).

  4. Gure irizpidearen arabera, baldin eta, gertatzen ari den bezala, adingabeen gurasoek beren betebeharrak bete ez eta gabezi hori familiako beste batzuen jardueraren bidez betetzen ari baldin bada, eta horixe da adingabe horien ongizaterako egoerarik gomendagarriena (eta horrelaxe dirudi, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak kasu honetan izandako jokabideari erreparatuta, zeren eta ez baitu beste inolako neurririk aurreikusi), arrazoizkoa da laguntza ekonomikoren bat aitortzea, zeina ederki izan bailiteke gizarte zerbitzuen zorroak familia zabaleko harrera kasuetan ziurtatzen zeren eta berez, Administrazioak aitortu bezala, egoera hau harrera mota horrekin parekatzeko modukoa baita.

    Erakunde honek ongi daki aldezten duen konponbidea ez dela heldu zorro horren aplikazio hutsetik (familia-harrera formalizaturik ez dagoelako), baina, egiaz, atzeman ditugun datu batzuek pentsarazi digute adingabeak babesteko sistemaren esku-hartzea determinatu zuen egoera, kasu honetan sostengu ekonomiko batean gauzatu zena, ez dela desagertu, eta lehenago emandako laguntza ukatzeko arrazoi gisa zehaztu diren arrazoiek ez garamatzate laguntza ukatzeko ondorio horretara.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari iradokitzea kexa-egileari nolabaiteko sostengu ekonomikoa eman diezaion, familia-unitatearen diru-sarreren arabera: egokia izan liteke familia zabaleko harrera-egoeretarako gizarte zerbitzuen zorroan aurreikusitakoa.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari iradokizun hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Kexa-egileari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia