Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Maiatzaren 20ko 90/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 maiatza 20

Función Pública

Gaia: Realiza funciones de nivel superior sin las contraprestaciones correspondientes

Exp: 10/271/F

: 90

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2010eko martxoaren 24an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurka, lan berdinak egiten dituzten beste langile batzuen ordainsariekin pareka dezaten eskatzeko.

    Azaltzen du Tafallako Larrialdi Zerbitzuen lan egiten duela. Zeladore lanpostua du, E mailakoa. 2009ko martxotik, larrialdi zerbitzuan erreformak egin ondoren, administrari laguntzaile baten eginkizunak esleitu dizkiote, D mailakoak, betiere zeladore eginkizunei ere eutsita.

    Azaltzen du Administrazioak gehitutako eginkizunak aitortzen dizkiola, zeren eta produktibitateko osagarri bat ordaintzen baitio. Hala eta guztiz ere, uste du D mailako lanpostuetan dauden administrari laguntzaileek baino eskubide ekonomiko eta laneko gutxiago dituela.

    Amaitzeko, eskatzen du bere ordainsariak eta lan baldintzak administrari laguntzaileenekin parekatzeko, eta aukera emateko D mailara sartzeko oposizio-lehiaketa murriztu baten bitartez.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkadan zehazteko, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari idazki bat igorri nion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. Osasuneko kontseilariak, joan den maiatzaren 4an, txosten bat igorri zuen. Hartan, ondokoa dio, hitzez hitz:

    2009ko uztailaren 27an, [?] jaunak eskabide bat aurkeztu zion (Doc 2009/347777 gisa erregistratu zen) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendariari, hiru gauza erreklamatzeko:

    1. Urtean 851,04 euro ordaintzea, Tafallako Larrialdietako Zerbitzuko administrari laguntzaile batek eta zeladore batek kobratzen dutenaren artean dagoen aldea baita, erreklamazio-egileari dagozkion antzinatasunarekin eta graduarekin.
    2. Hilero 10.13 euro ordaintzea produktibitate osagarrian, eta legezko atzeraeragina aitortzea, zeren eta uste baitu ordainsari hori txikiagoa zela egoera berean zeuden beste langile batzuek jasotzen zutena baino.

      Administrari laguntzaileen lanpostuetara sustapeneko txanda murriztuan joateko aukera ematea.

      2009ko azaroaren 13an, [?] jaunak gora jotzeko errekurtsoa (doc 2009/530725) aurkeztu zuen 2009ko uztailaren 27an aurkeztutako eskabidea administrazio-isiltasunez ezestearen aurka.

      2009ko azaroaren 27an, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko buruak errekurtsoa ebazteko behar zuen informazio guztia igortzeko eskatu zuen.

      2009ko abenduaren 15ean, eskatutako txostena eman zen. Hartan, izan ere, agertzera ematen da Langileria Zerbitzuko buruaren ekainaren 24ko 186/2009 Ebazpenaren bitartez, interesdunari aparteko produktibitate osagarri bat ordainduko zaiola, administrari laguntzailearen eginkizunak betetzeagatik, antolaketan izandako aldaketen eta sistema informatiko berriak sartzearen ondorioz.

      Produktibitate osagarri horren zenbatekoa hilean 126,13 eurotan finkatu da (urtean 1.513,36 euro); kopuru hori lortu da administrari laguntzaile baten urteko soldata gordinaren, 19.730 euro, eta zeladore baten urteko soldata gordinaren, 18.217 euro, arteko aldea zati 12 hilabete eginez.

      Txosten horrek berak hartutako erabakia oinarritzen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeari buruzko azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuko 24.2 artikuluan, zeinak hauxe baitio: “beste lanpostu bat betetzera pasatzen diren langileek beren lehenagoko ordainsariak jasoko dituzte, gehi osagarri bat, kasua bada, jatorrizko lanpostuko ordainsarien eta orain atxikita dagoen lanpostuaren ordainsarien artan dagoen aldea berdintzeko, gradua, antzinatasuna eta familiako laguntza alde batera utzita”.

      [?] jaunak aurkeztutako errekurtsoa Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren otsailaren 11ko 91/2010 Foru Aginduaren bitartez ebatzi zen (eranskin gisa gehitu dugu). Izan ere, errekurtso-egilearen asmo guzti-guztiak ezetsi zituen, bai produktibotasunaren osagarriaren kontzeptuan dauden ordainsari-aldeak ordaintzeari dagokionez, bai sustapen bidez administrari laguntzailearen lanpostuetara sartu ahal izateari dagokionez ere.

AZTERKETA

  1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren otsailaren 11ko 91/2010 Foru Aginduan –haren bidez ezetsi egiten da kexa-egileak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa, produktibotasunaren osagarriaren kontzeptuari zegozkion ordainsari-aldeak ordaintzeko eta sustapen bidez administrari laguntzaile lanpostuetara aurkeztu ahal izateko eskaria administrazioaren isiltasunaren bidez ezestearen aurkakoa–, Administrazioak aitortzen du [?] jaunari eta Tafallako larrialdi zerbitzuko gainerako zeladoreei emandako eginkizunak sistema informatikoak sartzeak antolamenduak ekarrarazi duen aldaketak justifikatuta daudela. Aipatutako foru aginduan gehitzen da larrialdi zerbitzuko plantilla, erreklamatzailearen eginkizun berak betetzen dituena, hauxe dela gaur egun: administrari laguntzaile finko bat... Horretatik ondorioztatzen da kexa-egileak, zeladore lanak egiteaz gainera, goragoko kategoria bateko lanpostu baten funtsezko eginkizunak betetzen dituela; hau da, administrari laguntzailearenak. Izan ere, haren ordainsari handiagoak eskatzen ditu.

    Zuzenbidearen printzipio orokor bat da, jurisprudentziak aitortua eta Nafarroako osasun administrazioak guztiz onartua, “eginkizun berari ordainsari bera dagokiola”. Hori dela eta, Oinarrizko Osasun Laguntzako Langileria Zerbitzuko buruaren ekainaren 24ko 186/2009 Ebazpenaren bitartez, erabaki zen kexa-egileari urteko 1.513,56 euro ordaintzea, administrari laguntzaile baten urteko soldata gordinaren, 19.730 euro, eta zeladore baten urteko soldata gordinaren, 18.217 euro aldea baita (hilero, 126,12 euro).

    Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak zeladore lanpostuaren urteko soldata gordina zein den jakiteko, hasierako soldata edo urteko oinarria ordainsari-kontzeptuak batzen ditu: 13.508’18 euro gehi % 35eko osagarria: 4.708’9 euro. Emaitza 18.217 eurokoa da. Eta administrari laguntzailearen urteko soldata gordina kalkulatzeko urtek oinarrizko soldataren ordainsari-kontzeptuak batzen ditu: 15.534’40 euro, gehi 1.035’02 euro destinoko osagarriarengatik, gehi 3.161’2 euro egiten duen lanpostu osagarria. Emaitza 19.730 euro da.

    Osasun administrazioak ordainsari-kontzeptu horiek, eta ez beste batzuk, hartzen ditu aintzat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeari buruzko azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuko 24.2 artikuluan adierazitakoa aplikatzeko. Aipatutako artikuluak hauxe dio: “Barne promozioan, zerbitzu eginkizunetan beste lanpostu batera pasatzen diren langileek eskubidea izanen dute aurretik zeukaten lanpostua gorde dakien, ez dute inongo aldaketarik izanen lehendik, izendatu aurretik, zeukaten araubide juridikoan, eta beren lehenagoko ordainsariak jasotzen jarraituko dute; horiezaz gainera, dena den, osagarri bat jasoko duten, kasuan kasu, jatorrizko lanpostuaren eta orain atxikita dauden lanpostuaren artean dauden desberdintasunengatik, betiere gradua, antzinatasuna eta familia-laguntza alde batera utzita, horietan ez baita aldaketarik izanen mailaz edo taldeaz aldatzeagatik”.

    Erakunde honen ustez, transkribatu berri dugun azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuko 24.2 artikulua zerbitzu-eginkizunen barne sustapeneko egoeretan da aplikatzekoa; hau da, funtzionario batek bere borondatez onartzen duenean zerbitzu-eginkizunetan kategoria handiagoko beste lanpostu baterako sustapenean parte hartzea, betiere sustapen hori arautzen duten baldintzetan. Aitzitik, kexa-egileari ezin zaio araudi hori aplikatu, zeren eta ez da sustapen batean sartu, ez zaio zerbitzu-eginkizunik aitortu eta ez da, ezta ere, beste lanpostu bati atxiki. Haren lanpostuak zeladorearena izaten jarraitzen du, baina administrari laguntzaile baten eginkizunekin, Administrazioak dauzkan egiturazko edo koiunturazko premien ondorioz; izan ere, Administrazioak, bere burua antolatzeko daukan ahalmenaz baliatuta, E mailako langile bati agintzen dio beste lan batzuk egin ditzan, D mailako lanpostu bati dagozkionak; horrenbestez, dagokion funtzionario-lanpostukoak baino goragoko mailakoak.

  2. Aztergai dugun kasuan azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 24.2 artikulua aplikatzeko aukera baztertuta, kexaren xedeari justizia auzitegien jurisprudentziak aitortutako printzipioa –besteak beste, Nafarroako Auzitegi Nagusiko lan arloko salak azaroaren 19ko 518/1997 epaian– aplikatu beharko zaio. Izan ere, hauxe dio epai horrek: “esleitutako kategoriaren eta egiaz langileak betetzen duen eginkizunaren arteko ordainsariaren aldeak exijitzen du erreklamatzen den ordainsariari dagokion goragoko kategoriaren funtsezko eginkizun guztiak edo haietatik gehienak egiazki, benetan eta modu errealean betetzea.”

    Osasun administrazioak aitortua duenez kategoriari dagozkion funtsezko eginkizunak bete egiten direla eta, horrenbestez, ordainsariaren aldea ordaintzeari ekin dionez, bidezkoa da aztertzea ea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak zuzen kalkulatu duen ordainsarien arteko aldea. Administrazioak ezarritako eta ordaindutako D eta E mailen ordainsarien arteko aldearen kalkulua zuzena da, baina, aurreko puntuetan adierazi denez, kalkulu horretatik hiru ordainsari-kontzeptu kendu dira; hauexek, hain zuen: lehengo biak familiako laguntza eta antzinatasuna, zeinek ez baitute diru-ondoriorik, kopuru bera baita funtzionarioa zein mailatan dagoen, eta hirugarrena, berriz, gradua, zeina desberdina baita mailaren arabera, zeren eta mailaren oinarrizko soldataren ehuneko jakin bat baita. Kexa-egileari, bosgarren gradua daukanez, E mailako oinarrizko soldataren %36 ordaintzen zaio, hau da, urtean 4.862,94 euro; baina jurisprudentziaren arabera dagokiona aplikatuz gero, D mailako oinarrizko soldataren % 36 jaso beharko luke, alegia, uretan 5.592,38 euro. Aldea, horrenbestez, 729,44 eurokoa da; alegia, kopuru hori gutxiago kobratzen du kexa-egileak.

    Azken batean, [?] jaunari administrari laguntzailearen eginkizunak betetzeagatik dagokion ordainsari-aldea urtean 2.243 eurokoa da, horixe baita aitortua daukan eta Administrazioak ordaintzen dion 1.513,56 euroko kopurua eta graduaren ordainari kontzeptuaren aldea batzearen emaitza.

  3. Administrari laguntzailearen lanposturako sustapen txanda murriztuari dagokionez, erakunde honek uste du Zuzenbidearen araberakoa dela Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren otsailaren 11ko 91/2010 Foru Aginduko laugarren puntuan jasotako erantzuna; izan ere, foru agindu horren bitartez ezetsi zen kexa-egileak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa, produktibitate osagarriaren kontzeptuari zegozkion ordainsari aldeak ordaintzeko eta administrari laguntzaile lanpostuetara sustapen txandan aurkeztu ahal izateko eskaria administrazio-isiltasunaren bidez ezestearen aurkakoa.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gogoraraztea legez kexa-egileari, produktibitate bereziaren kontzeptu gisa, soldata gordinen arteko aldeari dagokion zenbatekoa ordaindu behar diola, haren barne direla “E” eta “D” mailetako ordainsari kontzeptu guztiak; zehazki, urtean 729,44 euroko kopuru bat ordaindu beharko dio, zeina Osasun Administrazioak jada aitortutako 1.513,56 euroko kopuruari batuko baitzaio.

     

  2. Osasun Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen eta azaldutako norabidean neurriak hartzen dituen, edo, bestela, hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

     

  3. [?] jaunari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia